11. ALDIZKARIA - 2015eko urtarrilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

428E/2014 EBAZPENA, abenduaren 31koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, “Sarera isurketarik egiten ez duten energia berriztagarriak eta mikrosareak ezartzeko diru-laguntzen 2015eko deialdia” onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak energiaren arloan dituen helburuetako bat da energia berriztagarriaren ekoizpena sustatzea, lehiakorrak diren energia iturri guztiak baliatuz. Horrela ugariagoak izanen dira mix energetikoan leku garrantzitsua duten energia baliabide autoktono eta berriztagarriak.

Ildo horretatik, mikrosareek eta norberaren kontsumora bideratutako instalazioek interes berezia dute, energia berriztagarrien integrazioari laguntzen baitiote eta, kontsumo puntuetan bertan kokatzen direlarik, elektrizitatearen sorrerak ingurumenean duen eragina eta energiaren garraioak eta banaketak eragiten dituen galerak gutxitzen dituzte.

Deialdi honekin instalazio horiek sustatu nahi dira.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Sarera isurketarik egiten ez duten energia berriztagarriak eta mikrosareak ezartzeko diru-laguntzen 2015eko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. 2.000.000 euroko gastua baimentzea 2012tik 2014ra luzatutako Gastuen Aurrekontuko 180002 18330 7800 425200 “Energia berritagarrien sustapena. PO FEDER 2007-2012 Nafarroa” kontu-sailaren pareko den 2015eko ekitaldiko kontu-sailaren kargura, honela banaturik, jarduketa bakoitzerako:

NEURRIAREN KODEA

NEURRIA

RCSA KODEA

GUZTIRA

1

Inbertsioak mikrosareetan

4839

1.300.000

2

Inbertsioak, banaketa sarera isurketarik egiten ez duten eguzki-instalazio fotovoltaikoetan eta haize-energiako instalazioetan

4839

700.000

Neurri edo jarduketa mota bakoitzari erantzuteko gastu baimendua batetik bestera pasatzen ahalko da, erantzun beharreko mota bakoitzerako eskaera kopuruak halakorik eskatzen badu.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2014ko abenduaren 31n.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Iñaki Morcillo Irastorza.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Diru-laguntza honen xedea da Nafarroako III. Energia Planak, 2020ra artekoak, ezarri dituen helburuak lortzea, energia berriztagarrietako teknologia ezberdinen ezarpena bultzatuz.

Horretarako, diru-laguntzak jaso ditzaketen jarduketa hauek zehaztu dira (horien ezaugarriak deialdiaren II. eranskinean ageri dira):

KODEA

JARDUKETA

1

Inbertsioak mikrosareetan

2

Inbertsioak, banaketa sarera isurketarik egiten ez duten eguzki-instalazio fotovoltaikoetan eta haize-energiako instalazioetan

2. oinarria. Onuradunak.

Edozein pertsona fisiko zein juridiko, publiko edo pribatu, izan daiteke onuradun, baldintza hauek betez gero:

a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak. Betetzen direla egiaztatzeko, eskaeraren inprimakian dagoen “erantzukizuneko aitorpena” bete beharko da.

Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskaerak berarekin dakar departamentuari baimena ematea hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean.

b) Instalazioaren jabea izatea, energia zerbitzuen enpresek (EZE) egindako instalazioak izan ezik; izan ere, halako kasuetan jabetza enpresarena izanen da, baina laguntzaren onuraduna izanen da instalazioaren amaierako erabiltzailea.

Leasing bidez finantzatzen diren instalazioak sartzen ahalko dira, eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik kontratuaren hasieratik ordaintzen bada eta kontratuan konpromiso irmoa ageri bada, leasinga bukatzean aktiboa eskuratzeko.

3. oinarria. Diru-laguntza jasotzen ahal duten gastuak eta gauzatzeko epea.

1. Diru-laguntzen xede izanen dira II. eranskinean zehaztutako jarduketetan aipatzen diren inbertsioak, Nafarroan eginak betiere. Eranskin horretan zehazten dira diruz laguntzen ahal diren gehieneko kostuak, gutxieneko inbertsioa eta diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa.

2. Edonola ere, diruz lagundu daitekeen kostutzat jotzen da energia ekoizteko ezinbestean behar diren elementuetan egindako inbertsioen ondoriozkoa, bai eta ere zabalkunderako panela, horren beharra duten instalazioetan. Gai horretan desadostasuna badago, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak ezartzen duen irizpideari jarraituko zaio. Gainera, diru-laguntzen xede diren instalazioek merkatu prezioa baino altuagoa dutenean, zerbitzu horrek eskubidea izanen du gehieneko beste kostu batzuk aplikatzeko diru-laguntzetarako.

3. Instalazio guztietan, diseinuko edo ingeniaritzako lanei dagokien zenbatekoa ez da instalazioaren guztirako kostuaren %10 baino handiagoa izanen.

4. Inbertsioak egiteko epea 2015eko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 11ra artekoa izanen da, biak barne.

4. oinarria. Eskabideen aurkezpena eta eskaturiko dokumentazioa.

1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2015eko otsailaren 27an bukatuko da.

2. Ahal dela eskaerak telematikaren bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala beharko da.

Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahalko dira eskaerak.

3. Eskabidea laguntzen fitxan eskuratu daitekeen ereduaren araberakoa izanen da eta II. eranskinean jarduketa bakoitzerako zehazten den dokumentazioarekin batera aurkeztuko da.

4. Eskaerak ez baditu finkatutako baldintzak betetzen edo dokumentazioa osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio okerra zuzen dezala hamar egun balioduneko epean eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

5. oinarria. Diru-laguntza ematea.

1. Laguntza horiek norgehiagokako prozeduran emanen dira. Hartara, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak aurkeztutako eskaerak konparatuko ditu, haien artean lehentasuna ezartzeko, II. eranskinean jarduketa bakoitzaren baloraziorako ezarritako irizpideekin bat.

Diru-laguntza esleituko zaie balorazio handiena lortzen dutenei, bakoitzerako aurrekontuan dagoen kreditua amaitu arte, eta aukera egonen da batetik bestera kreditua pasatzeko, haietako bat agortzen ez bada.

2. Aipatutako zerbitzuak organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek diru-laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Horretarako bi hilabeteko epea izanen du gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

Epe horretan ebazpen espresik argitaratzen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, administrazio publiko ez diren interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

3. Diru-laguntzak emateko ebazpenak interesdunei jakinaraziko zaizkie Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es Interneteko atarian argitaratuz.

6. oinarria. Instalazioa egin izana frogatzea.

1. Diru-laguntza kobratzeko eskubidea lortzearren, onuradunak, laguntza emateko ebazpenean adieraziko den epean –inoiz ere ez 2015eko abenduaren 11a baino beranduago– instalazioa egin izana frogatu beharko du, dokumentazio hau 4. oinarrian adierazitako moduan aurkeztuta:

a) Instalazioari edo diruz lagundutako gastuari dagozkion fakturen fotokopiak (fakturak kontzeptuen arabera zehaztuta egonen dira), eta haiek ordaindu izanaren agirienak (banku-agiriak). Fakturak diru-laguntza eskatu duenaren izenean egonen dira, salbu eta energia zerbitzuen enpresek egindako instalazioak badira.

Jabe elkarteek egindako instalazioetan, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatu ahalko da, aurkeztutako dokumentazioa ikusita, argitzeko ordainketen eta gastuen trazabilitatea eta horrek diru-laguntzaren xedeko instalazioarekin duen lotura.

b) Instalazioaren argazkiak eta hura osatzen duten elementuena, formatu digitalean (CD edo DVD), edo posta elektronikoaren helbidearen bidez, kontzesioaren ebazpenean adieraziko baita.

c) Diruz laguntzen ahal den gastua 30.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman.

Onuradunak ez du aurreko lerroaldekoa bete beharko, baldin eta diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez badaude edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada.

d) Energia zerbitzuen enpresek egindako instalazioen kasuan, honako hauek ere aurkeztu eta bete beharko dira:

–Energia zerbitzuaren prezioaren kalkulu zehaztua.

–Energia zerbitzuaren prezioen taula, inbertsioa berreskuratzeko epea jasoko duena.

–Errendimendu energetikoaren kontratuetan edo aurreztea bermatzen duten kontratuetan, Aurreztea bermatzen duten zerbitzu energetikoen kontratuen erregistroan erregistratu beharko da kontratua. Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren bidez sar daiteke hara (www.navarra.es).

–Energiaren hornidura-kontratuetan: instalazioaren erabiltzailearekin sinatutako kontratuaren fotokopia, non argi eta garbi azalduko baitira eskaintzen diren baldintza ekonomikoak.

–Diru-laguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.

e) Funtsezkoa ez den aldaketarik bada azkenik gauzatu diren jarduketetan (diruz lagundu eta hasiera batean aurreikusi zirenekin alderatuta), onuradunak txosten labur bat aurkeztu beharko du, non aldaketa horiek azalduko baitira eta horien justifikazioa. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren iritziaren arabera, aldaketa horiek funtsezkoak badira, bidezkoa izanen da emandako diru-laguntzaren zenbatekoa doitzea edo hura kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzea.

f) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea” inprimakia (originala), laguntzen fitxan baitago, diru-laguntza zein kontutan sartu behar den jakiteko.

2. Orobat, onuradunek Energiaren eta Meategien Atalari jakinarazi beharko diote, beranduenez 2016ko otsailaren 28an, zein den instalazioaren erregistro zenbakia, zein lortzen baita instalazioaren ziurtagiria tramitatzean Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak abuztuaren 21ean emandako 181/2003 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera. Foru agindu horren bidez, behe tentsioko instalazioak abian jartzeko tramitazio administratiboan segitu beharreko prozedura ezarri zen.

3. Instalazioak leasing bidez finantzatzen badira, onuradunak azken kuotaren ordainketaren frogagiria aurkeztu beharko du, errentamendu finantzarioko kontratua bukatzen denean.

7. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak interesdunek aurkeztutako frogagiriak aztertuko ditu, eta ordaintzeko ebazpenaren proposamen arrazoitua igorriko dio Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari, non jasoko baita onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela.

2. Ebazpenean onartutako diru kopuru berbera ordaindu behar bada, ebazpena ez zaio interesdunari ohiko postaz jakinaraziko, Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es atarian baizik, laguntzen fitxan argitaratuta.

3. Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, gehienez ere 2015eko irailaren 30era arte, aurrekontuetan kreditu nahikoa ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

8. oinarria. Onuradunen betebeharrak, eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Onuradunak pertsona juridikoak badira, diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek telematikoki aurkeztuko dute diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, Nafarroako Gobernuak Interneteko Atarian (www.navarra.es) eskura duten ereduaren araberakoa.

Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko.

b) Diruz lagundutako jarduera egin dela 6. oinarrian ezarritako moduan eta epeetan frogatzea.

c) Deialdi honen 2. oinarrian jasotzen den salbuespenarekin, diru-laguntzaren xedeko instalazioen jabe izatea eta haiek abian mantentzea gutxienez ere bost urtez, laguntza ematen duen ebazpenetik hasita, leasing kontratuen kasuan izan ezik, orduan epea kontratua bukatzen den egunetik kontatuko baita.

d) Energia zerbitzuen enpresek egindako instalazioen kasuan, onuradunak EZEari diru-laguntzaren pareko zenbatekoa ordaindu izanaren bankuko frogagiria aurkeztu beharko du, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharretakoren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretakoren bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Gainera, emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, gehienez ere 2015eko irailaren 30era arte, aurrekontuetan kreditu nahikoa ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

3. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egiten ahal ditu; hain zuzen ere, diru-laguntzak jaso dituzten kontzeptuak benetan gauzatu direla egiaztatzeko, baita, funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

9. oinarria.–’’De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek eskabidearen inprimakian kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan jasotako beste “de minimis” laguntzak aitortuko dituzte.

10. oinarria. Diru-laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateraezinak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak berak ondasun berentzat emandako edozein diru-laguntzarekin.

Diru-laguntza bateragarriak direnean, beste entitate batzuek emanak izateagatik, diru-laguntza baten edo guztien zenbatekoak ezin du inola ere onuradunak egin beharreko jardueraren kostua gainditu.

11. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoak.

Oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

12. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es) jarriko ditu jendaurrean esleitutako diru-laguntzak, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Deialdi honen xede diren neurrien deskribapena

1. neurria. Inbertsioak mikrosareetan.

1.–Diru-laguntzaren xede diren instalazioak.

Energia banatua da kontsumotik gertu dauden puntuetan sortzen den energia, puntu horiek eskatutakoaren araberako kantitateetan sortua; horren parean dago energia zentralizatua, hau da, instalazio handietan sortu eta gero kontsumo puntuetara garraiatzen dena.

Mikrosarea da kargez, sortze banatuko elementuez, biltegiratzeko elementuez eta kontroleko eta kudeaketako elementu eta sistemez osatutako multzoa; horiek lotune beraren bidez daude sare elektrikoari lotuta, eta energia kudeatzeko estrategia bat dute atxikirik.

Diru-laguntza jasotzen duten mikrosareak iturri berriztagarrien bidez hornitu beharko dira, baina ez da baztertzen energia fosilak euskarri gisa erabiltzeko aukera, egoera zehatz batzuetan edo errentagarritasun ekonomikoari lotutako arrazoiak daudenean, betiere ongi justifikatu beharko direnak.

2.–Diru-laguntzaren zenbatekoa, diruz lagun daitekeen gehieneko kostua eta gutxieneko inbertsioa.

Diru-laguntzaren zenbatekoa izanen da inbertsiotik lagun daitekeen kostuaren %30ekoa; gutxieneko inbertsioa 30.000 eurokoa da, eta diruz lagun daitekeen gehieneko kostua 500.000 eurokoa. Diruz lagun daitezke bai energia berriztagarria sortzeko elementuak bai biltegiratzeko, kudeatzeko eta kontroleko elementuak.

3.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

Hona hemen diru-laguntza emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. Enpresa edo entitate mota: 20 puntu bitarte:

a) Mikroenpresa: 20 puntu.

b) Enpresa txikia: 15 puntu.

c) Enpresa ertaina: 10 puntu.

d) Enpresa handia: 5 puntu.

e) Enpresa bat ez den entitatea (esaterako, bizilagun elkartea): 10 puntu.

Ondorio horietarako, kontuan hartuko da mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoa.

2. Mikrosarean dauden energia sortzeko teknologiak (puntu honetan ez da aintzat hartuko banaketa sarera): 25 puntu bitarte.

a) Bat: 0 puntu.

b) Bi: 10 puntu.

c) Hiru: 20 puntu.

d) Lau edo gehiago: 25 puntu.

3. Mikrosarean dauden biltegiratze teknologiak (puntu honetan ez da aintzat hartuko banaketa sarera): 25 puntu bitarte.

a) Bat: 10 puntu.

b) Bi: 20 puntu.

c) Hiru edo gehiago: 25 puntu.

4. Mikrosarearen balorazio teknikoa, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak proposatua: 20 puntu bitarte.

5. Enpresako edo entitateko plantillan emakumezkoek egiten duten ehunekoa: 5 puntu bitarte. Irizpide hau proportzionalki baloratuko da aurkezten diren eskaeren artean; emakume ehunekorik handiena duen enpresa edo entitateari 5 dagokio eta emakume ehunekorik txikiena duenari 0. Ehuneko hori 2014ko azken hilabetekoa izanen da, eta kontuan hartuko da lanaldi murriztuak zenbatzean murrizketa koefizientea aplikatu beharko dela.

Enpresatzat jo ezin diren entitateen kasuan, 2,5 puntu emanen dira.

6. Enpresaren edo entitatearen plantillan, %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenen ehunekoa: 5 puntu bitarte. Irizpide hau proportzionalki baloratuko da aurkezten diren eskaeren artean; desgaitasuna duten pertsonen ehunekorik handiena duen enpresa edo entitateari 5 dagokio eta desgaitasuna duten pertsonen ehunekorik txikiena duenari 0. Ehuneko hori 2014ko azken hilabetekoa izanen da, eta kontuan hartuko da lanaldi murriztuak zenbatzean murrizketa koefizientea aplikatu beharko dela.

Enpresatzat jo ezin diren entitateen kasuan, 2,5 puntu emanen dira.

Berdinketa izanez gero, irizpide bakoitza emateko ordenaren arabera lortzen den puntuazioa nagusituko da. Berdinketak jarraituz gero, laguntzaren eskaera aurkeztean izan den hurrenkerari jarraituko zaio.

4.–Diru-laguntza eskatzeko behar diren agiriak.

a) Eskabidea, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko diru-laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa (www.navarra.es).

b) Aurreikusita dagoen jarduketa zehazten duen memoria:

–Egungo egoera eta lortu nahi den egoera.

–Elektrizitatea sortzeko elementuen eta sistemen deskribapena.

–Elektrizitatea biltegiratzeko elementuen eta sistemen deskribapena.

–Kontroleko sistemen eta metodologiaren deskribapena.

–Kronograma.

c) Aurrekontua.

d) Enpresa bat bada, enpresaren tamainaren deklarazioa, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko diru-laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa (www.navarra.es).

e) Interesekoa izan daitekeen beste edozein dokumentu.

Instalazioa energia zerbitzuen enpresa batek egiten badu, energia zerbitzuen gaineko aurrekontratuaren kopia aurkeztu beharko da; kontratua enpresak eta instalazioaren erabiltzaileak sinatua izan behar du.

Dokumentazioa agiri bereizitan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela (esate baterako, “Aurrekontua”).

2. neurria. Inbertsioak, banaketa sarera isurketarik egiten ez duten instalazio fotovoltaikoetan eta haize-energiako instalazioetan.

1.–Diru-laguntzaren xede diren instalazioak.

Instalazio fotovoltaikoak eta haize-energiako instalazioak diruz laguntzen ahalko dira, baldin eta egiten den instalazioak ez badu aukerarik sortutako energia banaketa sarera isurtzeko, sistemak energia elektrikoa metatzen ahalko duela.

Aplikatzekoa den araudiak xedatzen duenaren arabera tramitatuko dira instalazio hauek, eta hori, diru-laguntzen deialdi hau idazteko unean, hauxe da: ITC-BT40 Jarraibide Tekniko Osagarria, Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoan dagoena (abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretuaren bidez onetsia).

Eguzki instalazio fotovoltaikoak:

–Diruz laguntzen ahalko dira, baldin eta ez badira nahitaezkoak Eraikuntzaren Kode Teknikoa aplikatuta.

Nolanahi ere, Eraikuntzaren Kode Teknikoari jarraikiz elektrizitatea ekoizteko instalazio fotovoltaikoa egitea beharrezkoa den proiektuetan, eskatzen den gutxienekoa baino potentzia nominal handiagoa badu instalazioak, eskatzen den gutxieneko horretatik gora instalatzen den potentziari instalazio osoaren kostutik dagokion zati proportzionala lagunduko da diruz.

–Potentzia 100 W eta 100 kW artekoa izan beharko da.

Haize-energia sortzeko instalazioak:

–100 kW-ko gehieneko potentzia, guztira.

2.–Diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz laguntzen ahal den gehieneko kostua.

Bi instalazio mota horien kasuan, diru-laguntzaren zenbatekoa laguntzen ahal den kostuaren %20koa izanen da, eta gehienez ere diruz lagun daitekeen kostua 150.000 eurokoa da.

3.–Eskabideak baloratzeko irizpideak.

Hona hemen diru-laguntza emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. Enpresa edo entitate mota: 30 puntu bitarte:

a) Mikroenpresa: 30 puntu.

b) Enpresa txikia: 20 puntu.

c) Enpresa ertaina: 10 puntu.

d) Enpresa handia: 5 puntu.

e) Enpresa bat ez den entitatea (esaterako, bizilagun elkartea): 15 puntu.

Ondorio horietarako, kontuan hartuko da mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoa.

2. Zer erlazio dagoen sorpeneko instalazioaren potentziaren (inbertsorearen potentzia, Pins) eta banaketa sareak emandako potentzia kontratatuaren (Pcont) artean: 40 puntu bitarte.

a) Banaketa sarera jo ezin duen instalazioa: 40 puntu.

b) Pins > Pcon: 25 puntu.

c) Pins ≤ Pcon: 10 puntu.

3. Jendarteratzea: 10 puntu bitarte.

a) Lokal edo lur publikoetan ezarritako instalazioa: 10 puntu.

b) Beste batzuk: 0 puntu.

4. Enpresako edo entitateko plantillan emakumezkoek egiten duten ehunekoa: 10 puntu bitarte. Irizpide hau proportzionalki baloratuko da aurkezten diren eskaeren artean; emakume ehunekorik handiena duen enpresa edo entitateari 10 dagokio eta emakume ehunekorik txikiena duenari 0. Ehuneko hori 2014ko azken hilabetekoa izanen da, eta kontuan hartuko da lanaldi murriztuak zenbatzean murrizketa koefizientea aplikatu beharko dela.

Enpresatzat jo ezin diren entitateen kasuan, 5 puntu emanen dira.

5. Enpresaren edo entitatearen plantillan, %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenen ehunekoa: 10 puntu bitarte. Irizpide hau proportzionalki baloratuko da aurkezten diren eskaeren artean; desgaitasuna duten pertsonen ehunekorik handiena duen enpresa edo entitateari 10 dagokio eta desgaitasuna duten pertsonen ehunekorik txikiena duenari 0. Ehuneko hori 2014ko azken hilabetekoa izanen da, eta kontuan hartuko da lanaldi murriztuak zenbatzean murrizketa koefizientea aplikatu beharko dela.

Enpresatzat jo ezin diren entitateen kasuan, 5 puntu emanen dira.

Berdinketa izanez gero, irizpide bakoitza emateko ordenaren arabera lortzen den puntuazioa nagusituko da. Berdinketak jarraituz gero, laguntzaren eskaera aurkeztearen hurrenkerari jarraituko zaio.

4.–Diru-laguntza eskatzeko behar diren agiriak.

a) Eskabidea, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko diru-laguntzen fitxan eskuratzen ahal den eraduaren araberakoa (www.navarra.es).

b) Aurreikusita dagoen jarduketa zehazten duten memoria:

–Egungo egoera eta lortu nahi den egoera.

–Elektrizitatea sortzeko elementuen eta sistemen deskribapena.

–Elektrizitatea biltegiratzeko elementuen eta sistemen deskribapena, halakorik baldin badago.

–Kronograma.

c) Aurrekontua.

d) Enpresa bat bada, enpresaren tamainaren deklarazioa, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko diru-laguntzen fitxan eskuratzen ahal den eraduaren araberakoa (www.navarra.es).

e) Interesekoa izan daitekeen beste edozein dokumentu.

Instalazioa energia zerbitzuen enpresa batek egiten badu, energia zerbitzuen gaineko aurrekontratuaren kopia aurkeztu beharko da; kontratua enpresak eta instalazioaren erabiltzaileak sinatua izan behar du.

Dokumentazioa agiri bereizitan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela (esate baterako, “Aurrekontua”).

Jendarteratzeko panelak.

Kasu guztietan, instalazioa publikoa ibiltzen deneko lokal edo lur batean badago kokatuta, energia berriztagarriaren iturria zein den jendarteratzen duen panela izan beharko du. Kanpoan badago kokatuta, eragile meteorologikoen indarrari modu iraunkorrean aurre egiteko moduko diseinua izan beharko du.

Panel horrek adieraziko du zein den ekoizten den energia, bai denbora errealean, pantalla baten bidez, bai urtean izanen den ekoizpenaren kalkulua (eta horrek ingurumenean eta arlo ekonomikoan suposatzen duena) azalduta. Jendeak ikusteko eta jendea hurbiltzeko moduko lekuan ipiniko da.

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak emanen du kartelaren diseinua, diru-laguntza emateari buruzko ebazpenean adieraziko den posta elektronikoko helbidearen bidez, eta zerbitzu horren ikus-onespena beharko da, inprimatu eta paratu aurretik. Nahitaez izan beharko du “Laguntzailea” hitza eta horren ondoan Nafarroako Gobernuaren logotipoa; diru-laguntza emateari buruzko ebazpenarekin batera emanen da horren irudiaren artxiboa. Euskararen erabilerari dagokionez, aplikatzekoa den araudian xedatua beteko da.

Panel horri dagokionez, diruz laguntzen ahal den zenbatekoak ez du gaindituko instalazioaren kostu osoaren %10, eta kostuaren %75 lagunduko da diruz.

Iragarkiaren kodea: F1500039