11. ALDIZKARIA - 2015eko urtarrilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

428E/2014 EBAZPENA, abenduaren 31koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, biomasa erregai gisa erabiltzen duten instalazio termikoetan inbertsioak egiten dituzten toki entitateentzako diru-laguntzen 2015eko deialdia onesten duena.

Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Planak helburu du energia berriztagarriaren produkzioa sustatzea, energia mota hori lehiakorra denean energia iturri guztiak baliatuz. Horrela ugariagoak izanen dira eskualdeko mix energetikoan leku garrantzitsua duten energia baliabide autoktono eta berriztagarriak. Energia iturri horien artean, biomasa nabarmentzen da, abantaila handiak baititu ekonomiaren, ingurumenaren eta sozioekonomiaren aldetik, haren erabilerari lotuak.

Deialdi honen asmoa da biomasa erregai gisa erabiltzen duten instalazio termikoak sustatzea toki entitateen esparruan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Biomasa erregai gisa erabiltzen duten instalazio termikoetan inbertsioak egiten dituzten toki entitateentzako diru-laguntzen 2015eko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimendu da:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA KODEA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

180002-18330-7609-425200 [PEP: E-14/000094-01]: Energia berriztagarriak sustatzea toki entitateetan. Nafarroako EGEF 2007-2013 Programa Eragilea. Enpleguaren Mahaia

4833

2015

1.000.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Haren kontra, Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2014ko abenduaren 31n.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Iñaki Morcillo Irastorza.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Diru-laguntza honen xedea da erraztea toki entitateek biomasa erregai gisa erabiltzen duten instalazio termikoak gauzatzea, Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Planak ezarritako helburuekin bat.

2. oinarria. Entitate onuradunak.

Biomasa termikoko instalazioetan inbertsioak egiten dituzten Nafarroako toki entitateak izanen dira diru-laguntza hauen onuradunak.

3. oinarria. Biomasa termikoko instalazioak.

1. Honako hauek izanen dira diru-laguntzaren xede:

a) Energia termikoa sortzeko biomasa erregai gisa erabiltzen duten instalazioak, haien errendimendua gutxienez %85ekoa bada.

b) Erregai hori erabiltzen duten klimatizazio sareak ezarri edo handitzea, eta halakotzat hartuko dira energia termikoa eta/edo etxeko ur beroa zenbait eraikinetara banatzen duten sareak.

2. Sistema sortzaileari dagokionez, bi instalazio mota bereizten dira diruz laguntzeko:

–Galdara automatikoak: %90etik gorako errendimendua izan beharko dute. Galdara automatikotzat jotzen da piztu, elikatu, garbitu eta errautsa ateratzeko sistemak, gutxienez ere, automatizatuta dituena.

–Erregai mota anitzeko galdarak (hainbat motatako biomasa erabiltzen dutenak), egurra gasifikatzeko galdarak, pellet berogailuak edo aurreko puntuan aipatutako sistema guztiak automatikoak ez dituzten galdarak.

Ekipamendu horiek fabrikatzailearen gomendioei jarraikiz eta dagokien araudia betez instalatu beharko dira.

Gehienez ere 100 W laguntzen ahal dira diruz berotzen den m² bakoitzeko.

70 kW-etik gorako potentzia duten instalazioetan, sortutako energia termikoa neurtzen duen sistema jarri beharko da nahitaez, eta gomendagarria da potentzia txikiagoko instalazioetan.

400 kW-eko potentzia edo handiagoa duten instalazioetan, nahitaezkoa izanen da partikulak arazteko sistemak instalatzea, emisioak Instalazio termikoen erregelamenduan xedatutik gorakoak izan ez daitezen.

3. Beroa banatzeko sareei dagokienez, eraikinetatik kanpokoak baino ez dira diruz lagunduko. Bezeroei zerbitzua egiteko harguneetan egindako inbertsioak diruz laguntzen ahal dira baldin eta haien kostua laguntza eskatzen duenak hartu badu bere gain.

4. oinarria. Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

1. Energia ekoizteko, hau da, beroa sortzeko, behar diren elementuetan egindako inbertsioen ondoriozko kosturako bakarrik emanen da diru-laguntza. Beroaren sareen kasuan, halaber, zentral sortzailetik kontsumo puntuetara arteko banaketa sarea laguntzen ahal da diruz. Gai horretan desadostasuna badago, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak ezartzen duen irizpideari jarraituko zaio.

2. Betiere, diru-laguntza jaso dezaketen inbertsio eta gastuek 1.500 eurotik gorakoak izan beharko dute (BEZa kanpo).

Diseinuko edo ingeniaritzako lanetarako diruz laguntzen ahal den zenbatekoa ez da instalazioaren guztirako kostuaren %10 baino handiagoa izanen.

5. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Instalazioaren kostuak izan dezakeen diru-laguntzaren %30 izanen da diru-laguntzaren zenbatekoa, ondotik adierazten diren gehieneko kostuak kontuan hartuta:

99 kW arteko instalazioak

Pelletak:

–Lehen 20 kW-ak: 600 euro/kW

–21 kW-etik 50 kW-era bitarte: 400 euro/kW

–51 kW-etik 99 kW-era bitarte: 200 euro/kW

Ezpalak: %20 gehiago

100 kW-etik aurrerako instalazioak

Pelletak: 400 euro/kW

Ezpalak: 500 euro/kW

350.000 euro

2. Aurrekoa gorabehera, diru-laguntzen xede diren instalazioek merkatu prezioa baino prezio altuagoa dutenean, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak eskubidea izanen du gehieneko beste kostu batzuk aplikatzeko diru-laguntzetarako.

6. oinarria. Eskabideen aurkezpena eta eskatutako agiriak.

1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2015eko otsailaren 27an bukatuko da.

2. Eskaerak telematikaren bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala beharko da.

3. Eskaera laguntzen fitxan eskura daitekeen ereduaren araberakoa izanen da, eta harekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira:

a) Aurreikusitako jarduera zehazten duen memoria: egungo egoera, lortu gogo den egoera, kronograma.

b) Sistema sortzailearen deskribapena: potentzia, erregaia, biltegia, erregaiaz hornitzeko aurreikusten den modua, erregulazio sistema, eta abar.

c) Aurrekontua.

d) Klimatizazio sareak ezarri edo handituz gero, sarearen planoak.

e) Interesekoa izan daitekeen beste edozein dokumentu.

Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, nork bere izena behar bezala dakarrela (esate baterako, “Memoria”, “Aurrekontua”, eta abar).

4. Eskaerak ez baditu finkatutako baldintzak betetzen edo dokumentazioa osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio okerra zuzen dezala hamar egun balioduneko epean, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela. Errekerimendu hori eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta laguntzen fitxan argitaratuko.

7. oinarria. Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak.

1. Diru-laguntza hau norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Hala, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak eskaerak ebaluatu eta diru-laguntza esleituko die, aurrekontuan dagoen kreditua amaitu arte, jarraian zehazten diren balorazio irizpideen arabera puntuazio handiena lortzen dutenei:

1. Energia zerbitzuen enpresa batekin (EZE) egindako kontratuaren esparruko inbertsioak: 40 puntu bitarte.

a) Aurreztea bermatzen duen kontratua: 40 puntu.

Aurreztea bermatzen duen kontratua izateko, EZEaren diru-sarrera guztiak edo haien zati bat lotuko zaizkio bezeroaren instalazioetan energia aurrezteko neurriak hartzearen ondorioz lortzen den aurrezteari. Aurrezte hori urtero kalkulatuko da, egiaztatzeko eta neurtzeko prozedura baten bidez.

b) Energiaz hornitzeko kontratua: 20 puntu.

Energiaz hornitzeko kontratua izateko, bezeroak EZEarekin kontratu bat sinatuko du energiaren hornidura egiteko, ezarritako eperako, saltzeko prezioa txikiagoa izanik ohiko enpresa merkaturatzailearekin ordainduko zukeena baino.

c) Inbertsioak ez badira egiten EZE batekin egindako kontratu baten bidez: 0 puntu.

2. Instalazio mota: 35 puntu bitarte.

a) Galdara automatikoa + beroaren sarea: 35 puntu.

b) Erregai mota anitzeko galdara + beroaren sarea: 25 puntu.

c) Galdara automatikoa: 15 puntu.

d) Erregai mota anitzeko galdara: 5 puntu.

e) Beroaren sarea: 0 puntu.

3. Teknologia noraino ezarri den: 15 puntu bitarte.

a) Diruz laguntzen den instalazioa toki entitateko lehen biomasa instalazioa bada: 15 puntu.

b) Lehen instalazioa ez bada: 0 puntu.

4. Toki entitatearen biztanle kopurua: 10 puntu bitarte.

a) 1.000 biztanletik behera: 10 puntu.

b) 1.001etik 10.000 biztanlera bitarte: 5 puntu.

c) 10.001 biztanletik gora: 0 puntu.

Horretarako, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren otsailaren 10eko 60/2014 Foru Aginduan xedatutakoa hartuko da aintzat; agindu horrek Nafarroako kontzejuetako biztanleen zifrak, 2013ko urtarrilaren 1ari dagozkionak, ofizialtzat jotzen ditu.

2. Berdinketa izanez gero, irizpide bakoitza emateko ordenaren arabera lortzen den puntuazioa nagusituko da. Berdinketak jarraituz gero, laguntzaren eskaera aurkeztearen hurrenkerari jarraituko zaio.

8. oinarria. Diru-laguntza ematea.

1. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak eskaerak oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia da organo eskuduna, diru-laguntza nori eman ebazteko. Ebazpena eman eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) argitaratzeko gehieneko epea bi hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik.

Epe horretan ebazpenik argitaratzen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan.

9. oinarria. Instalazioa, gastuak eta ordainketak egin direla justifikatzea.

1. Diru-laguntzaren xedea beteta, entitate onuradunak aurkeztu beharko du, kontzesioaren ebazpenean zehazten den epearen barnean (eta ezin da 2015eko abenduaren 11 baino beranduago izan), ondoko dokumentazioa, 6.2 oinarrian zehazten den moduan:

a) Diruz lagundutako inbertsioen fakturen fotokopiak eta horiek ordaindu izanaren ordainagiriei dagozkienak. Fakturak eta haien ordainketak 2015eko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 11ra bitartekoak izanen dira. Fakturak diru-laguntza eskatu duenaren izenean egonen dira, salbu eta energia zerbitzuen enpresek egindako inbertsioak badira. Berrikuspena errazteko, fakturen zerrenda bat aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.

b) Instalazioaren argazkiak eta hura osatzen duten elementuenak. Formatu digitalean (CD edo DVD) igor daitezke, edo kontzesioaren ebazpenean adieraziko den posta elektronikoaren helbidera, betiere espedientearen zenbakia zehaztuz.

c) Zerbitzu energetikoen kontratu bat egin bada, halaber, ondokoa aurkeztu edo bete beharko da:

–Energia zerbitzuaren prezioen taula, inbertsioa berreskuratzeko epea jasoko duena.

–Errendimendu energetikoaren kontratuetan edo aurreztea bermatzen duten kontratuetan, Aurreztea bermatzen duten zerbitzu energetikoen kontratuen erregistroan erregistratu beharko da kontratua. Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren bidez sar daiteke hara (www.navarra.es).

–Energiaz hornitzeko kontratuetan: instalazioaren erabiltzailearekin sinatutako kontratuaren fotokopia, non argi eta garbi azalduko baitira eskaintzen diren baldintza ekonomikoak.

d) Funtsezkoa ez den aldaketarik bada azkenik gauzatu diren jarduketetan (kontzesioaren ebazpenean hasiera batean aurreikusi zirenekin alderatuta), onuradunak txosten labur bat aurkeztu beharko du, non aldaketa horiek azalduko baitira eta horien arrazoi frogatuak emanen. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren iritziaren arabera, aldaketa horiek funtsezkoak badira, bidezkoa izanen da emandako diru-laguntzaren zenbatekoa doitzea edo hura kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzea.

e) Diru-laguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.

2. Orobat, instalazioa egin dela frogatzeko, onuradunak Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari jakinarazi behar dio, beranduenez 2016ko otsailaren 28an, zein den haren erregistro zenbakia, zein lortzen baita instalazioaren ziurtagiria tramitatzean Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren urriaren 1eko 424/2009 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat (edo hura ordezten duen arauarekin bat). Foru agindu horren bidez, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua (EITE) garatzeko arauak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean.

10. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak interesdunek aurkeztutako frogagiriak aztertuko ditu, eta ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari, non jasoko baita onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela.

2. Esleitutako kopuruaren eta ordaindu beharrekoaren artean alderik ez dagoela jasotzen duten espedienteei dagozkien ebazpenak ez zaizkie interesdunei ohiko postaz jakinaraziko, baizik eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es atariaren bitartez, laguntzen fitxan argitaratuta.

3. Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, 2015eko irailaren 30ean beranduenez, kreditu nahikoa ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

11. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduera egin dela 9. oinarrian ezarritako moduan eta epean frogatzea.

b) Instalazioaren jabeak izatea, energia zerbitzuen enpresek egindako inbertsioetan izan ezik, eta diru-laguntzaren xede diren instalazioak martxan edukitzea 5 urtez gutxienez, ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera.

c) Inbertsioak energia zerbitzuen enpresek egiten dituztenean, laguntzaren onuradunak EZEari diru-laguntzaren pareko zenbatekoa ordaindu izanaren bankuko frogagiria aurkeztu beharko du, laguntza ematen duen ebazpena argitaratu eta bi hilabeteko epean.

d) Halaber, onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharretakoren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretakoren bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egiten ahal ditu; hain zuzen ere, diru-laguntzak jaso dituzten inbertsioak benetan gauzatu direla egiaztatzeko, baita, funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

12. oinarria. Diru-laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateraezinak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak berak ondasun berentzat emandako edozein diru-laguntzarekin.

Diru-laguntza bateragarriak direnean, beste entitate batzuek emanak izateagatik, diru-laguntza baten edo guztien zenbatekoak ezin du inola ere onuradunak egin beharreko jardueraren kostua gainditu.

13. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

14. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es) jarriko ditu jendaurrean esleitutako diru-laguntzak, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1500040