11. ALDIZKARIA - 2015eko urtarrilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2014ko abenduaren 23an hartua. Honen bidez “Lekarozko Aroztegia jauregiaren inguruneko turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren plana” Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzen da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen ondorioetarako. Sustatzailea Palacio de Arozteguía SL da.

I.–Jarduketaren xedea eta deskribapen laburra.

Planean jasoa dago hotel, kirol eta egoitza eremu bat garatzea. Hartan ostatu hartzeko eskaintza oso espezializatua izanen da, honako hauek izanen dituena: hotel-bainuetxe-spa bat eta golf zelai bat, 9 zulotakoa, eta golfeko eta lorazaintzako eskolak. Lekarozko (Baztan) Aroztegia jauregiaren ingurunean izanen da, Lekarozko eta Elizondoko hiriguneen artean, N-121-B errepidearen iparraldean (Irurita-Elizondo saihesbidea).

Proposameneko eremuak 448.650,40 metro koadroko azalera du guztira (45 Ha bat guztira), eta hartan hiru eremu desberdin planteatzen dira: hotelari, kirolari eta egoitzei dagozkienak.

Kirol eremuan golf zelai bat izanen da, 9 zulotakoa, praktiketarako zelai bat, golf eskola bat eta lorazaintzako beste bat, haiei lotutako instalazioekin. Antolamenduko iparralde-hegoaldeko zerrenda nagusian garatuko da eremu hau, ingurune honetan aldapa txikiena duten lurretan. Gaur egun, funtsean, larreak daude bertan.

Hotel eremua da inguruneko muina. Golf zelaiaren erdigunean dagoen lurzati batean kokatuko da, eta, beraz, aurreikusitako antolamenduaren erdigunean. Hotel bat izanen du, eta hari lotutako instalazioak/eraikinak. Aroztegia jauregia zaharberritu nahi da, eta hotel-bainuetxe-spa baten beharrei egokitu: 4 izarrekoa izanen da, 135 gela arteko edukiera izanen du, bai eta kalitate handiko jatetxe bat ere, ekitaldiak eta biltzarrak hartzeko gaitasuna izanen duena.

Antolamenduko hiru zona bereizitan garatzen da egoitza eremua: ipar-mendebaldeko izkina, ipar-ekialdeko izkina eta hego-ekialdeko izkina. Eremu horietako bakoitza egoitzarako zenbait lurzati/unitate morfologikotan banatzen da, 228 etxebizitza hartzeko osotara (nolanahi ere, egoitzarako unitate morfologikoren batean gutxi gorabeherakoa da etxebizitza kopurua). Aurreikusitako etxebizitzen tipologia eta eraikinen solairu kopurua honako hauek dira: familia bakarreko etxebizitzetan eta binakako etxeetan behe solairua + 1 + estalpea, eta etxebizitza kolektiboetan (blokeetan), behe solairua + 2.

Eremurako sarbide gisa, bi lotura eginen dira N-121-B errepideko biribilguneetara (Irurita-Elizondo saihesbidea), zehazki Lekarozko hirigunerako eta enpresen campuserako biribilgunera eta Elizondoko ekialderako biribilgunera.

Hornidura ez da sare orokorretik eginen, baizik, akuiferoetatik, putzuak irekiaz. Horietatik ura ponpatu daiteke biltegi batera eta edateko uraren tratamendurako estazio batera, biltegiratzeko eta edateko ur bihurtzeko.

Plana lau fasetan gauzatzea aurreikusten da: lehenbizikoan hotela, golf zelaia eta egoitzarako lurzatiren bat eginen da. Gainerako faseetan Lurzoruaren Foru Bankuaren lurzatia (2. fasea) eta egoitzarako gainerako lurzatiak egonen dira.

II.–Gogoetak, aukeratutako antolamendu tresnari dagokionez eta udalez gaindiko izaera emateko inguruabarrei dagokienez.

Nafarroako Foru Komunitatean golf zelaiak jartzeko lurraldearen eta hirigintzaren arloko baldintzak arautzen dituen martxoaren 30eko 128/1992 Foru Dekretuak ezartzen du golf zelaiak jartzeko prozedura, egoitzarako eremuekin batera aurreikusten diren kasuetan. Aipatutako foru dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoarekin bat, golf zelaiak jartzeko prozedura, egoitzarako eremuekin batera aurreikusten direnean, behar den udal eremuko planeamendua garatuz egin behar da, edo, behar denean, udalez gaindiko planeamendua garatuz.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoarekin bat (42.1 artikulua), udalez gaindiko plan sektorialen xedea da antolatzea, beren tamaina, garrantzia edo ezaugarri bereziak direla medio, beraiek hartzen dituzten udalerriez gaindiko eragina duten jarduketak, etxebizitzaren alorrekoak, ekonomikoak edo plan eta politika publikoak garatzekoak.

Bada, arauen testuinguru honetan eta jarduketa honen helburuak eta xede turistikoa kontuan hartuz, jarduketa gauzatzeko, udalez gaindiko Plan Sektorialaren figura aukeratu da. Horrekin bat, sustatzaileak justifikaziorako atal bat garatu du, oinarri harturik arrazoi funtzionalak eta jarduketaren garapen turistikoa, eta hartan honako inguruabar hauek jaso dira, udalez gaindiko izaeraren deklarazioa arrazoitzeko:

a) Aurreikusitako jarduketak udalez gaindiko eremu batean ukitzen du lurraldearen antolamendua, hartzen duen lurraldea ardazten eta egituratzen baitu, baina, era berean, balio du Nafarroako Gobernuak turismoaren arloan dituen politika sektorialak garatzeko eta gauzatzeko, hori baita Foru Komunitatearen jarduera ekonomikoetako bat, bai eta garapenekoa eta Estatuan eta nazioartean hedatzekoa ere.

Beraz, Komunitatean turismoa garatzeko eta sustatzeko politika sektoriala garatzeko eta gauzatzeko balio du (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 42.4.a) artikulua).

b) Jarduketa hau Udalez gaindiko Plan Sektoriala deklaratzea –hain zuzen ere turismo sektorea Komunitatearen ikuspuntutik bulkatzeko estrategia bat garatzeagatik, eta udalerri zehatz batean zentraturik ez egoteagatik– beharrezkoa da lurraldean behar bezala txertatzeko, izan ere foru Administrazioak turismoaren arloan egindako plan eta estrategiekin justifikatzen da, bai eta 128/1992 Foru Dekretuan ere (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 42.4.b) artikulua).

Gainera, halako tamainako instalazio batek nazioarteko marka baten lankidetza eskatzen du, hotela destino berezitu gisa eratzen du, bere kokapen zehatza aise gaindituz, Baztan eta Nafarroa ezartzen ditu nazioarteko turismoaren panoraman, eta ateak irekitzen dizkie mundu mailako bidaia-antolatzaile nagusiei.

Horregatik, ezin ukatu da jarduketa honen eraginak Baztan gainditzen duela, turismoko garrantziarengatik eta dituen ezaugarri bereziengatik, eta horrek eskatzen du gutxienez ere udalez gaindiko ikuspegi batekin gauzatzea, eta ikuspegi hori bat dator, bestalde, 128/1992 Foru Dekretuko determinazioekin.

Lurraldeko eragina, funtsean, estrategikoa eta sozioekonomikoa da. Hau da, ekarpena egiten die Nafarroako Lurralde Estrategiari eta Nafarroa Atlantikoko Lurralde Antolamenduko Planari. Halaber, eragin nabarmena du inbertsioan, enpleguan, Nafarroako erakargarritasuna sendotzean eta eskualdeko beste azpiegitura batzuen aprobetxamenduan.

Gogoeta hauek aintzat harturik, oroitarazi behar litzateke ezen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 6. artikuluak honako hau ezartzen duela: “Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumenak dauzkaten administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan eta foru lege honetan aurreikusitako moduan eta irispenarekin, lurraldea antolatzeko jarduera eta hirigintza jarduera garatzeko ekimen pribatua erraztu eta sustatu behar dute”.

Oso ongi uler daiteke lankidetza horren forma eta irismena gauzatzeko, behinik behin, jasotako proposamena publikoki tramitatu behar dela, izan ere ekarpen nabarmena egiten baitio Nafarroako lurraldearen estrategia garatzeari.

Lurraldearen garapeneko alderdi horiek bereziki tratatzen dira Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak UPSa aztertzeko eskatutako bi txostenetan.

III.–Proiektua nola txertatzen den Nafarroako Gobernuaren turismo politikan eta haren eragin sozioekonomikoa.

Turismo, hotel, kirol eta egoitza proiektu honek Nafarroako Gobernuaren turismoko egiturazko politikekin duen koherentziari dagokionez, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak, 2014ko azaroaren 7an, proiektuaren honako balorazioa egin du:

“2012an abiarazi zen Nafarroako Turismoaren Plan Integrala, eguneratzen zituena Marketin Turistikoaren Plan Integrala eta Nafarroako Produktu Turistikoaren Garapenerako Plana.

Plan berriak turista potentzialaren azterlana egiten du Estatuko merkatuetan, eta nabarmentzen du bisitariek Nafarroari buruz duten ikuspegia aldatu egin dela. Gaur egun, Nafarroa, lehenik, naturarekin eta gastronomiarekin lotzen da. Nabarmentzen da zerbitzuen kalitateak duen garrantzia, eta erkidego honek gogobeterik uzten ditu bisitariak. Azpimarratzeko kontua da, zeren, Estatuko eta atzerriko turisten artean, Nafarroa baitago gogobetetasun maila handiko eskualdeen artean.

Gehien nabarmentzen diren alderdien artean daude, sanferminez gain, natura, gastronomia, kultura eta Done Jakue bidea.

Produktu turistiko zehatzei dagokienez, Plan Integralak honako kategoria hauek identifikatzen ditu oinarrizko zutabe gisa:

–Kultura turismoa.

–Natura (ekoturismoa).

–Landa turismoa.

–Gastronomia eta ardoak.

–Festak eta tradizioak.

Testuinguru honetan, ulertzen da ezen aurkeztutako turismo proiektuak konpartitzen dituela Nafarroako Turismoaren Plan Integraleko balioak eta printzipioak, eta Planean identifikatzen diren turismoko produktu nagusiak bulkatzen dituela. (...).

Horregatik, aipatutako turismo arloko alderdiei dagokienez, proiektuaren balorazioa positiboa da ezinbestean, eskualdeko eta Nafarroako turismorako.”

Bestalde, Nafarroaren Garapen Sozietatea SAk (SODENA) azterlan bat egin du, non agertzen baitu proiektu honek duen eragina, bai eragindako gastu mailari eta Nafarroako Ogasunean izanen duen eraginari dagokienez bai enpleguaren sorreran, hain inportanta baita krisi garai honetan.

Azkenik, aztertzeko ea proiektuak zer eragin izanen duen eskualdeko langabezian osotara eta emakumeenean, Nafarroako Lurralde Behatokiari eskatu zaio azterketa bat egin dezala, oinarri harturik Nafarroako Lurralde Estrategiaren jarraipen-adierazleen sistema. Horrenbestez, honako hau ikusi da: Baztango eta Malerrekako (16 udalerri) azpieremuetan, langabezian osotara eta emakumeen langabezian izanen duen eragin positiboa oso ikusgarria da: %12,0tik %10,2ra eta %13,5etik %10,1era pasatuko lirateke, hurrenez hurren.

IV.–Lurralde antolamenduari buruz kontuan hartu beharrekoak.

Nafarroako Lurralde Estrategiaren (NLE) ikuspuntutik, ezaugarri hauetako proiektu batek txertatze positiboa du landa eremuen (bereziki eremu atlantikoan) lurralde garapenerako seinalatzen diren bi aukera handitan, hots, honako hauetan:

–“Natura eta kultura ondarea adimentsuki ustiatzea, enplegua sortzeko jardueren euskarri gisa, babestu beharreko balioak errespetatuz betiere.

–Landa ekonomia dibertsifikatzea eta demografia finkatzea, eta, horretarako, besteak beste, bigarren etxebizitzen merkatua bulkatzea bilatzen da.”

Indarreko Lurraldearen Antolamenduko Planaren (LAP) ikuspuntutik, hots, LAP2-Nafarroa Atlantikoaren ikuspuntutik, eremua haren zati baita, proposatutako jarduketak, oro har, laguntza ekartzen dio Lurralde Garapeneko Eredua (LGE) garatzeko lau ardatz estrategikoetako bakoitzari, eta horrek berarekin dakar Nafarroako Lurralde Estrategian deskribatutako Lurralde Garapeneko Eredua zehaztea. Nolanahi ere, honako hau ere ikusten da:

a) Natura eta kultura ondarea: UPSa osatu egin behar da, eremua gurutzatzen duten errekastoak txertatuz, baita horien urek har ditzaketen eremuak ere, kontuan harturik LAP2-k PN3 eta PN5 eranskinetan eskatzen dituen irizpideak; zehazki:

–Ibai bideak antolamenduaren egiturazko elementu gisa integratzea, parke, ibilbide natural, kirolgune... gisa, betiere uraren kalitatea eta funtzio ugariak murrizten dituzten eraikuntzako elementurik gabe.

–Ibai eta sakanak gurutzatzen dituzten azpiegiturek gaitasun nahikoa izan beharko dute, uraren eta ingurumenaren funtzionaltasuna errespetatzeko eta etendurarik ez sortzeko.

Eta paisaiaren antolamenduari eta kultura ondarearen babesari dagokienez –horrela justifikatzen baita tokiko identitate-irudiari eustea eta guneko morfologia- eta paisaia-balioak zaintzea–, egonlekuaren profil urbanoaren azterketa/ikuspegi bat erantsi behar da, baita eremutik kanpo ikusgarritasun handiena duten puntuetatik begiratzeko pertzepzio bat ere, trantsiziorako konponbide egokiak gehitu ahal izateko. Azterketa horrek bere baitan izan beharko lituzke ingurune fisikoaren argazki panoramikoak, proposatutako jarduketen simulazioekin.

b) Komunikazioak, garraioa eta azpiegiturak: mugikortasun jasangarria sustatzeari dagokionez, ikusten da ezarritako irizpideak eta neurriak justifikatu behar dituela UPSak, bermatzeko herritarrek sarbidea izanen dutela azpiegitura egokien bidez, printzipio hauek oinarri harturik: ekitate soziala, lurralde ekitatea eta pertsonen eta ondasunen segurtasuna. Halaber, joan-etorri horiek ingurumenean ekarritako eragina murriztu behar da.

Ildo horretan, irizten da trafikoko azterlana handitu egin behar dela, mugikortasun azterlan bat erantsiz, non oinezkoen eta bizikleten ibilbideak ere aurreikusiko baitira, herrietako oraingo eta aurreikusitako ibilbideekin lotura izanen dutenak, eta bermatuko dutenak eskualde osora iritsi ahal izatea, bereziki hurbilen dauden hirigune eta zerbitzuetara.

Orobat, UPSa LAP2ko irizpideekin osatu beharko da (65. eta 77. artikuluak). Horiek ezartzen dute ezen sektore urbanizagarri berri baterako telekomunikazioen sareak edo hoditeriak aurreikusiko direla, eta hirigintzako planeamenduan eta, kasua bada, lurraldeko planeamenduan behar diren determinazioak sartuko direla energia jasangarritasunari buruz, energia beharrak murritz daitezen bai hiri eremuan bai eraikinetan –batez ere etxebizitzetan–, hau da, berokuntza, hozkuntza edo argiteria beharrak, eta, hala, energia eskaera jaits dadin.

V.–Hirigintzari buruz kontuan hartu beharrekoak.

V.1.–Aurrekariak.

Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren irailaren 13ko 162/2010 Foru Aginduaren bidez, behin betiko onetsi zen Baztango Udal Plana Lekarozko “Aroztegia jauregia” alderdian aldatzeko espedientea. Aldez aurretik Baztango Udalaren eta Palacio de Arozteguía SLren artean hitzartu zen. Foru agindu hori 2010eko urriaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Aldaketa hori baliogabetzeko epaia eman zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Epai hori ez da irmoa, Auzitegi Gorenean errekurritua baitu (Administrazioarekiko Auzien Salan) Palacio de Arozteguía SL enpresak. Epai horren zergatia izan zen Auzitegiak kontuan hartu zuela ezen tramitatutako aldaketan sartutako lurren zati bat 2005eko sute batek ukitu zituela.

Baztango udal planaren aldaketaren xede den eremuaren zati handi batean, orain sustatzaileak Udalez gaindiko Plan Sektorial (UPS) hau aurkeztu du.

V.2.–128/1992 Foru Dekretua.

“Planak mugatutako eremuaren justifikazioa” jaso behar du UPSak (128/1992 Foru Dekretuaren 5. artikulua).

Gainera, PD04 eta PD05 lurzatiak sartzea justifikatu behar da. Horien kokapenak eta morfologiak baldintzatu egiten dute proposameneko hirigintzako antolamenduan egiazki integratu ahal izatea.

Integrazioari eta sarbideari dagokienez, Ingurumen ondorioen azterlanean esaten den bezala, eremuko erliebea gorabeheratsu samarra da, eta gehieneko desnibela kasik 70 metrokoa da. Nolanahi dela ere, bideen profilak bakarrik agertzen ditu UPSak, baina aldapa irakurtezinekin, eta antolamenduaren ondoriozko sekzio bakarra erakusten du. Hala, UPSaren planoetan sartu behar dira lurren mugimenduak eta proiektatutako sestrak, halako moduz non behar bezala aztertzen ahalko baitira aurreikusitako antolamenduko ukipen topografikoak eta sortuko diren lurren mugimenduak.

Bestalde, 128/1992 Foru Dekretuak exijitzen duen moduan, proposamenaren plano bat aurkeztu beharko da, aurreikusitako jarduketa guztiak islatzen dituena, eraikuntzakoak eta eraikuntzakoak ez direnak (berdeguneak, golf zelaiko zuloak eta urmaelak, aparkalekuak, ibai parkea, eraikuntzak, bideak –espaloiak barne–, merenderoa, garbitokia, kiroletarako gunea...).

Hori dena, halaber, araudian islatu beharko da. Horregatik, behar diren determinazioak sartu behar dira, jarduketa guztiak paisaian behar bezala integra daitezen, eta, bereziki, behar bezala txerta daitezen ezpondak eta eustormak, urbanizazioaren eta/edo eraikuntza proiektuaren ondoriozkoak.

85/1995 Foru Dekretuaren 19. artikuluan xedatutakoarekin bat, UPSak bermatu eta ebatzi beharko ditu oinezkoentzako eta bizikletentzako loturak, honako hauen artekoak: batetik jarduketa bera eta bestetik Lekarozko, enpresa esparruko eta Elizondoko hiriguneak.

128/1992 Foru Dekretuaren 4. artikuluan exijitutakoarekin bat, UPSak determinazio zehatzak izan behar ditu bide publikoen jarraitutasuna bermatzeko, baita jarduketak eteten dituen lurzatietarako sarbideen jarraitutasuna bermatzeko ere.

V.3.–Ekipamenduetarako eta zerbitzuetarako eremuak.

Ekipamenduetarako eremuei dagokienez, honako hau ikusten da:

–Aparkalekuak: UPSak ez du aparkatzeko tokirik erreserbatzen golf zelaiaren erabiltzaileentzat. Erabilerarik handieneko baldintzetarako justifikatu beharko da erreserba hori.

Antolamenduko planoek agertu beharko dituzte “oinezkoentzako, ibilgailuen trafikorako eta aparkalekuetarako azalera zolatuak, aparkatzeko toki kopurua eta eremu libreetarako, kirolerako eta berdegune eta zuhaiztietarako azalerak, xehakatuz zein diren elementu horiek okupatzen dituzten azalerak (128/1992 Foru Dekretuaren 5 c) artikulua). Bereziki, hotelerako eta golf zelairako aparkalekuak agertu beharko dira.

–Berdeguneak: kudeaketa planoan, sistema orokorrari dagokion berdegune hau golf zelaiko zati gisa irudikatzen da, eta hori argitu egin beharko da.

–Lurzoruaren Foru Bankua: Etxebizitza Zerbitzuaren txostenean adierazten den bezala, justifikatu behar da ezen Lurzoru Publikoaren Foru Bankurako den udalez gaindiko ekipamenduetarako lurzatiak bere baitan har dezakeela dagokion eraikigarritasuna, baldintza arruntetan, etxebizitza babestuak eraikitzeko, edo, bestela, aurreikusitako lurzatia ordezkatu eginen da, baldintza hori betetzen duen beste batekin.

V.4.–Lurzoru urbanizagarriaren jabeek dituzten betebeharrak.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 25. eta 100. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, memoriarko 4. puntua aldatu egin behar da, halako moduan non argi geldituko baita salbuespenekoa dela hirigintzako aprobetxamendua lagatzeko betebeharra horrela betetzea, ordezko zenbateko bat eskudirutan ordainduz, betiere behar den kudeaketa hitzarmena izenpeturik Udalaren eta ukitutako jabeen artean.

V.5.–Beste batzuk.

UPSa ondokoetako ohar eta gogoetei jarraikiz osatu beharko da: hirigintza orokorreko araudia, hirigintzako araudi partikularrak, ordenantzak, planoak eta bestelakoak, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusiaren 2014ko abenduaren 12ko txostenean jasotakoak.

VI.–Txosten sektorialak.

VI.1.–Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusia. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua.

2014ko urriaren 23an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak nahikotasun txostena eman du, agiria jendaurrean jartzeko.

VI.2.–Kultura Zuzendaritza Nagusia. Vianako Printzea Erakundea. Ondare Arkitektonikoaren Atala.

Ondare Arkitektonikoaren Atalak, 2014ko urriaren 3an, honako hau adierazi du txosten bidez: “... hiru eraikinak, hots, Aroztegia jauregia, Aroztegia etxea eta San Martzial ermita, ez daude sarturik Baztango hirigintzako planeamenduko katalogoan.

Hala ere, agerikoa da ibarreko eta Nafarroako ondare arkitektonikoaren zati direla. Horregatik, Nafarroako Ondare Arkitektonikoaren Inbentarioan sarturik daude, 8311., 8312. eta 8313. fitxekin (erantsi dira). Horietako bi, jauregia eta ermita, aldez aurretik jaso dira Nafarroako Monumentuen Katalogoan (V* liburukia, 394. eta 397-398. orrietan) eta beste argitalpen batzuetan. Jauregiak badu armarria, interes kulturaleko ondasun izaera duena.

UPSean ez da agertzen eraikin horiei buruzko determinaziorik, eta hotel jarduerarako erabiliko direla adierazten da.”

Txosten honetan aipatutakoari jarraikiz, UPSean sartu beharko dira higiezin horiek (Nafarroako Ondare Arkitektonikoaren Inbentarioan sartuak) eta ingurua zaintzeko eta babesteko egokienak diren babes neurriak.

VI.3.–Sustapen Departamentua. Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.

UPSaren aldeko txostena eman du Zuzendaritza Nagusi horrek, 2014ko urriaren 9koa. Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak izaera orokorreko zenbait determinazio ezartzen ditu, honako hauei buruz: sarbideen zabalera, drainatzeak, sainaleztapen bertikala eta horizontala eta zalapartaren azterlana.

Bestalde, Zainketa Zerbitzuak honako determinazio hauek ezartzen ditu:

a) Biribilgunetik Lekaroza sartzeko adarraren diseinua bakarra izanen da, eta saihesbideko beste bi adarrekiko distantziakidea, Elizondora sartzeko eta handik ateratzeko biribilgunean aurreikusi den bezala.

b) Proiektatzen den elkarguneak betiere gaur egunko finketarako zerbitzua errespetatuko du.

c) Aroztegia jauregiko inguruneko eraikuntza proiektuak biribilguneen argiztapen egokia jasoko du.

d) Biribilguneetatik sartzeko mugimendua lehenetsiko da barneko bideetako gainerako mugimenduen aurretik, biribilguneen barneko trafikoa ez eragozteko, eta behar bezala seinaleztatu beharko da.

e) Bizitegi multzoaren urbanizazio proiektuaren aurretik gauzatu behar da elkarguneak eraikitzeko proiektua.

f) Teknikari eskudun batek idatziko du bide sareko loturak egiteko proiektua, indarreko arauekin bat.

g) Sustatzaileak Herri Lan Zuzendaritza Nagusi honetan aurkeztu beharko du proiektua, gauzatu aurretik, goitian adierazitako determinazioekin bat, hark onets dezan, bidezkoa bada.

h) Errepide sarearen zati izanik, proiektua idazteko, lanak gauzatzeko eta argiztapenaren mantentze-lanetarako gastuak sustatzailearen kargura izanen dira.

VI.4.–Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua. Herrilurren Atala.

Herrilurren Atalaren 2014ko irailaren 30eko txostenak dio badela Baztango Udalaren jabetzakoa den herri lurzati bat (510. lurzatia, 16. poligonoa, 170 metro koadrokoa).

VI.5.–Nafarroako Larrialdietako Agentzia. Babes Zibilerako Zuzendaritza.

Erakunde honen 2014ko irailaren 17ko txostenetik aipatzekoak dira oihaneko suteen arriskuarekin lotutako determinazioak. Besteak beste, bermatu beharko da jabegoaren barnean badela perimetroko babes zerrenda bat, 30 metro zabalekoa, urbanizazioaren, eraikinaren edo instalazioaren inguruan, eraikineko edo pertsonentzako instalazioko kanpoko mugatik neurtuta. Hartan ez da landaretza lehorrik izanen, eta zuhaitzez garbia egonen da. Ahal den guztietan, landaretza nagusiaren altuera halako zortzi izanen da gutxienez zerrenda hori.

Orobat, adierazten du zer ezaugarri izan behar dituzten zerbitzurako azpiegiturek arrisku handiko eremuetan.

VI.6.–Etxebizitza Zerbitzua.

Etxebizitza Zerbitzuak, 2014ko urriaren 21eko txostenean, eta etxebizitza babestuetarako erreserbarekin loturik, esaten du ezen sustatzaileak aurkeztutako justifikazioa onargarria izanik ere –hartan arrazoitzen da Baztanen badela horrelako etxebizitzen eskaintza nahikoa 10 edo 12 urterako–, erreserba horretatik salbuetsi ahal izatea Baztango Udalari eskatu behar diola, kasua bada.

Bestalde, txostenean esaten denez, justifikatu behar da ezen Lurzoru Publikoaren Foru Bankurako den udalez gaindiko ekipamenduetarako lurzatiak bere baitan har dezakeela dagokion eraikigarritasuna, baldintza arruntetan, etxebizitza babestuak eraikitzeko, edo, bestela, aurreikusitako lurzatia ordezkatu eginen da, baldintza hori betetzen duen beste batekin.

VI.7.–Kantauriko Ur Konfederazioa.

2014ko urriaren 3ko txostenean, Konfederazioak ondorioztatzen du behar bezala justifikaturik dagoela UPSaren ondoriozko ur beharrei erantzuteko baliabideen jatorria, baina, nolanahi ere, Kantauriko Ur Konfederazioan tramitatu beharko direla agiriko ibilguak babestuko dituzten kontzesio administratiboak.

Gainera, txostenak bi ondorio hauek ere agertzen ditu:

–Ibilguen zortasun eremutik (5 m) kanpora jarri beharko direla lurzatien itxiturak, eta

–O.03 planoan “ur babestuak” izenarekin markatutako eremua hiri lorzoru gisa edo lurzoru urbanizagarri gisa ez hartzea nahasgarria dela.

VI.8.–Telekomunikazioetako Estatu Idazkaritza.

Ohar berezi gisa, Telekomunikazioetako Estatu Idazkaritzak, 2014ko abuztuaren 19an, adierazi du hirigintzako plangitzarako tresna ez datorrela bat telekomunikazioetako araudi sektorialarekin, telekomunikazioetako operadore zehatz bati egiten diolako aipamena, zuzenean edo zeharka.

VI.9.–Nafarroako Toki Azpiegiturak SA.

NILSAk, 2014ko urriaren 8ko txosten bidez, adierazi du kontu berezia izan behar dela sareak guztiz bereiziak eta estankoak egiteko, izan ere euri garaian hoditeria instalazioak saturatu samar izaten dira.

VI.10.–Bestelakoak.

2014ko uztailaren 31n, halaber, txostenak eskatu zitzaizkien honako hauei: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzua, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua, Osasun Departamentuko Obra eta Azpiegituren Zerbitzua, eta Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kirol Azpiegituren eta Instalazioetako Segurtasunaren Zerbitzua.

Orain arte eman diren txostenetako ondorioak kontuan hartuko dira, garaia denean, espedientearen azken ebazpenari buruzko proposamenean.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2014ko abenduaren 16ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Sustapeneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. “Lekarozko Aroztegia jauregiaren inguruneko turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren plana” Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen ondorioetarako. Sustatzailea Palacio de Arozteguía SL da.

2. Sustatzaileari adieraztea ezen, espedientea ebatzi aurretik, erantzuna eman eta espedientea osatu beharko duela erabaki honetan jasotako irizpideekin.

3. Orobat, espedientea tramitatzean emandako txostenetan xedatutakoa beteko du sustatzaileak.

4. Udalez gaindiko proiektu sektoriala jendaurrean jartzea berrogeita bost eguneko epean eta, aldi berean, entzutea ematea Baztango Udalari.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Sustapen Departamentuaren bulegoetan (Alondegi kalea, 1-1. solairua; 31002 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Era berean, agiria kontsultatu daiteke, Sustapen Departamentuko web orriaren “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalean: “http://www.navarra.es/home_es/Gobierno+de+Navarra/Organigrama/Los+departamentos/Vivienda+y+Ordenacion+del+Territorio/Acciones/”.

5. Halaber, espedientea jendaurrean jartzea epe berean, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako, indarra duten legezko zehaztapenekin bat.

Ondorio horietarako, Ingurumen ondorioen azterlana interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (González Tablas kalea, 7, 31005 Iruña).

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Erabaki hau igortzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalera eta Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusira, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Ondare Arkitektonikoaren Atalera eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusira, Sustapen Departamentuko Etxebizitza Zerbitzura, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Osasun Departamentuko Obra eta Azpiegitura Zerbitzura, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kirol Azpiegituren eta Instalazioetako Segurtasunaren Zerbitzura eta Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zerbitzura.

8. Erabaki hau jakinaraztea Sociedad de Desarrollo de Navarra SAri (SODENA), Nafarroako Lurralde Behatokiari, Kantauriko Ur Konfederazioari, Telekomunikazioetako Estatu Idazkaritzari, Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri, Baztango Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko abenduaren 23an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1417624