109. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN (ELORTZIBAR)

Aldaketa, Hilerriko zerbitzuak egiteko tasak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena 11. ordenantza

Noain Elortzibarko Udalak, 2015eko martxoaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa, Hilerriko zerbitzuak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean. 11. ordenantza.

Erabaki hori 2015eko 55. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 23an.

Argitaratu zenetik 30 eguneko epea iragan baita inork espedientearen kontrako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, Udalak, 2015eko maiatzaren 6an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi du. Hona hemen testu osoa:

Argitara ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Noain Elortzibarren, 2015eko maiatzaren 8an.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.

11. UDAL ORDENANTZA, HILERRIKO ZERBITZUAK EGITEKO
TASAK ARAUTZEN DITUENA. TESTU BERRIA
11. ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Hilerriko berariazko zerbitzuak egitea, horra zergapeko egintza.

Subjektu pasiboa

3. artikulua. Zerbitzua eskatzen duen pertsona natural edo juridikoak ordaindu beharko du dagokion tasa, subjektu pasibo gisa.

Zerga-oinarria eta tarifak

4. artikulua. Ordenantza honen tarifen eranskinean jasotako kopuruei jarraikiz, ondotik zehaztuko diren kontzeptuei dagozkien zerbitzu moten arabera finkatuko da zerga-oinarria:

1. epigrafea.–Ehorzketak, eta ehorzteko eskubideak.

2. epigrafea.–Hobitik ateratzea.

3. epigrafea.–Gorpuzkinak hilerrian berean lekualdatzeko eskubideak.

4. epigrafea.–Panteoietarako lurren eta horma-hilobien kontzesioa.

5. artikulua. Zerbitzuaren prestazioa eskatzen den puntuan sorraraziko dira tasak.

Tarifen errekarguak eta murriztapenak

6. artikulua. Hilerri honetako beste hilobi batzuetatik atera eta horma-hilobi batean berriz ere ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak bertze hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

Gorpuzkinak hilobitik ateratzeko gutxieneko epea 10 urtekoa izanen da Noainen.

7. artikulua. Hilotzak nahiz gorpuzkiak erretzetik sortutako errautsek gorpuzkinak hobiratzerakoan hartzen duten tratamendua izanen dute ordenantza honi dagokionez.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Hilotzak hilerriraino eramateaz arduratzen diren ehorzketa enpresek, Udalean hartarako dagoen bulegoan likidatuko dituzte bidezko diren ehorzketa eskubideak, haien ordainketa agiria emanen zaielarik. Hilerriko kargudun, enplegatu edo arduradunak eskatuko du erakuts dakion behar den gordekina, gorpua bertaratzen denean. Salbuetsirik daude ezinbertzeko premia izan edo udal bulegoetan jaiegun denean gertatzen diren kasuak; horrelakoetan enplegatuak datuak jaso eta dagokion bulegoari igorriko dio informazioa, dagokion ordainarazpenari bertatik bide eman dakion.

9. artikulua. Garbiketa zerbitzua edo gorpuzkinak eramatekoa hartzeko interesik duenak Udalean dagokion bulegora jo beharko du eta hantxe eskatu, behar diren eskubideak ordainduz, eta bidezko den ordainagiria luzatuko diote. Hilerriko kargudun, enplegatu edo arduradunak eskatuko du erakuts dakion behar den agiria, gorpua bertaratzen denean.

10. artikulua. Urtero, eta urte bakoitzeko urtarrilaren lehena erreferentziatzat hartuz, udal hilerrian dauden horma-hilobi, panteoi eta hilobi guztien errolda edo zentsua eginen da.

Arau-hausteak eta zehapenak

13. artikulua. Arau-hausteei, tributuei eta zehapenei dagokien orotan, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

XEDAPEN OSAGARRIAK

14. artikulua. Arau honetan aurreikusten ez den orotan hilerriko erregelamendua eta hilotzen gaineko osasungarritasunari buruzko xedapenak izanen dira arau osagarriak.

ERANSKINA

Hilerriko zerbitzuak egiteko tasak arautzen
dituen ordenantzaren tarifak

I. epigrafea.–Ehorzketak, eta ehorzteko eskubideak

–Lurrean: 246,19 euro.

–Horma-hilobian: 147,69 euro.

–Panteoian: 182,15 euro

–Kolunbarioan: 73,84 euro.

II. epigrafea.–Hobitik ateratzea

–Lurrean: 196,94 euro.

–Horma-hilobitik: 102,61 euro.

–Panteoian: 102,61 euro.

–Kolunbariotik: 56,38 euro.

III. epigrafea.–Lekualdatze eskubideak (ez da ez hobitik ateratzea ez ehorzketa kobratuko)

–Lurrean: 246,19 euro.

–Horma-hilobian: 147,69 euro.

–Panteoian: 182,15 euro.

–Kolunbarioan: 73,84 euro.

IV. epigrafea.–Horma-hilobian, panteoian, lurrean eta kolunbarioetan ehorzteko kontzesioak

A) Panteoiak:

–Lurraren kontzesioa panteoirako, 49 urterako, beste 50erako luzatzen ahal dena Noain Elortzibarko Udaleko osoko bilkurak erabakitzen duena ordainduta: 2.512,71 euro.

B) Horma-hilobiak.

–Aldi baterako lagapena (10 urte): 246,19 euro.

–10 urteko 1. luzapena: 344,23 euro.

–10 urteko 2. eta azken luzapena: 344,23 euro.

C) Lurpeko hilobiak.

–Aldi baterako lagapena (10 urte): 492,30 euro.

–10 urteko luzapen bakarra: 738,44 euro.

D) Kolunbarioak.

–Aldi baterako lagapena (10 urte): 98,46 euro.

–10 urteko luzapen bakarra: 98,46 euro.

Iragarkiaren kodea: L1507220