109. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IGANTZI

Hilerria eta hilobien banaketa arautzen dituen ordenantza
Behin betiko onespena

Udalak, 2014ko abenduaren 11n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Igantziko hilerria eta hilobien banaketa arautzen dituen ordenantza.

Ordenantza horren hasierako onespena 2015eko 36. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 23an, eta 30 egun balioduneko epea inork erreklamaziorik egin gabe iragan denez, behin betikoz onetsirik gelditu da. 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, testua osorik argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Igantzin, 2015eko maiatzaren 28an.–Alkate udalburua, M. Lourdes Ibarluzea Irureta.

IGANTZIKO HILERRIA ETA HILOBIEN BANAKETA ARAUTZEN DITUEN ORDENANZA

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4, 25 eta 26. artikuluekin, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29. artikuluekin eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 100. artikuluarekin bat, Udalari dagokio hilerriaren kudeaketa, Udalarena baita, bertze administrazio publiko batzuen berezko eskumenak ukatu gabe.

2. artikulua. Hilobiak 20 urtetarako emanen dira, familiaren egoera zein den eta bizilekua non duten kontuan hartuta.

3. artikulua. Panteoi eta hilobien kontzesio-hartzaileek behar bezain garbi eta apain eduki beharko dituzte.

Apirilaren 30erako, ekainaren 30erako eta urriaren 30erako garbitu beharko dituzte urtero. Hala egiten ez bada Udalak garbituko ditu subsidiarioki, eta kontzesio-hartzaileek 10,00 euro ordaindu beharko dituzte udal diruzaintzan hilobi edo panteoi bakoitzeko, ekainean, irailean eta azaroan.

4. artikulua. Ordenantza honek aipatzen dituen kontzesioengatik, kontzesio-hartzaileek 100,00 euroko tasa ordainduko dute hilobi bakoitzeko. Udaleko diruzaintzan ordainduko dute; aurten egin ere. Halaberean, panteoien erabiltzaileek 150,00 euroko tasa ordaindu beharko dute, 20 urteko epe bererako.

5. artikulua. Hilobiak eraiki, zaharberritu edo moldatzeko, baimena eskatu beharko zaio aitzinetik Udalari. Obra horiei dagokienez, baldintza hauek aplikatuko dira:

–Materialak: hilobi eta panteoiak estaltzeko, harri naturalak, kareharriak eta hareharriak onartuko dira.

Akabera leunduko hareharri edo harri konposatuak, hala nola granitoa, ez dira komenigarritzat jotzen.

–Altuera, sestratik: hilobien tapakiaren akabera gehienez ere 25 zentimetro goitituko da sartzeko korridorearen kotatik (hilobiaren oina), eta 35 zentimetro, berriz, burualdean.

–Hilarriak: hilobiaren burualdean paratzen diren hilarriek 90 zentimetro baino gutiagoko altuera izanen dute korridorearen sestratik, eta 60 zentimetro zabal izanen dira gehienez.

Kontzesio-hartzaileek egin behar diren lanei buruzko dokumentazioa zehatza aurkeztu beharko dute, neurriak, materialak eta kokapen zehatza azalduz, obretarako baimena eskatzearekin batera.

Lanak bukatutakoan tokia garbitu eta obra-hondakinak bildu beharko dituzte.

6. artikulua. Loreak landatzen ahalko dira, baina interesdunak egoera onean eduki beharko ditu.

7. artikulua. Hilobi berean debeku da hilkutxa bat bertzearen gainean paratzea.

8. artikulua. Hilobien kontzesiorako eskubidea izateko, beharrezkoa da eskatzailea Igantziko udalerrian erroldaturik agertzea, gutxienez ere, hiru urtez segidan, edo Igantzin jaioa izatea eta hilobi libreak egotea.

9. artikulua. Emakidak eta aprobetxamenduak iraungi ahalko dira honako arrazoi hauengatik:

–Hilerria desagertzeagatik.

–Interes publikoagatik.

–Ehorzketa gehiago egiteko hilobi berriak egiteko.

Epea iraungi ondoren gorpuak hobietatik ateratzeko ez da beharrezkoa abisurik ematea.

10. artikulua. Lurzoruen emakidak ez du salmentarik eraginen. Emandako lurzoruetako hilobietan jarritako elementuek ez dute ekarriko disposizio egintzarik.

11. artikulua. Hilobia saltzea edo eskubideak eskuz aldatzea debekatua dago. Emandako epea bukatu edo utzi ondoren lurra Udalari bueltatuko zaio.

12. artikulua. Emandako epe legala pasa ondoren, gurutze eta antzeko sinboloak iraungi eginen dira, modu ordenatuan bilduko dira eta denbora bat pasatakoan obra-hondakindegira botako dira.

13. artikulua. Handitutako eremuan eginen diren ehorzketak lerroen ordenari jarraituz eginen dira.

14. artikulua. Debekatua dago edozein motatako animaliak sartzea hilerrira.

15. artikulua. Udalak leku zibil bat bereiziko du kanposantuan.

Iragarkiaren kodea: L1508266