109. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

208E/2015 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez hasiera batez onesten da Erripagañako (lehen Ripagaina) Udalez gaindiko Plan Sektorialaren I. Banaketa Eremua Birzatitzeko Proiektuaren Aldaketa, plan horretako AR-1eko Konpentsazio Batzordeak sustatua, eta zenbait lurzati ukitzen dituena, barneko urbanizazioari dagokionez (“garaje estaltzea”), Iruñeko, Burlatako, Eguesibarko eta Uharteko udal mugapeetan.

Lurraldearen antolamendurako tresna gisa indarrean dago Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren Aldaketa, Gobernuaren 2010eko maiatzaren 17ko Erabakiaren bidez onetsia. Hori egin da, besteak beste, Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak Hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen lehen xedapen iragankorraren 1. atalean ezarrita dagoenaren babesean (2010eko 68. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 4koa).

Planeamendua exekutatzearen arloan, Erripagaña osoan, Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren I. Banaketa Eremua Birzatitzeko Proiektuko Aldaketa Orokorra, eremu horretako Konpentsazio Batzordeak sustatua, da araua eta hura, era berean, 2010eko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren Aldaketaren menpe dago.

Aldaketa honako honetan datza, bakar-bakarrik: “urbanizazio orokorreko espazioak (lurzati pribatuen barnekoak, baina, Udalez gaindiko Plan Sektorialaren arabera, azaleran erabilera publikoko gisa kalifikatuak) exekutatzeko betebeharra lotzea lurzati pribatuei berei, barneko urbanizazio bat balitz bezala; eta espazio horien urbanizazioa exekutatzeko betebeharra pasatzea, Konpentsazio Batzordetik lurzatien jabeengana, betiere toki entitateen aurrean bermatuz exekuzio horiek eginen direla lehen aldiz okupatzeko lizentzia lortu aurretik.

Hala, ukitutako lurzatiei erregistroko karga berri bat ezartzen zaie; hortaz, espazio horiek duten azalerako erabilera publikoko zortasun iraunkor eta doakoaz gain, jabeak beste betebehar bat izanen du, alegia, bere kargura exekutatzea lurzatiaren barneko urbanizazioa, betiere eraikinak lehen aldiz okupatzeko lizentzia eskatu aurretik.

Bestalde, espedientera gehitu da udal mugapea aldatu zaien lurzatien taula, maiatzaren 14ko 41/2014 Foru Dekretuaren arabera, haren bidez ebazten baita Iruñeko, Burlatako, Uharteko eta Eguesibarko udal mugapeak aldatzeko espedientea.

Birzatiketa proiektu honen tramitazioa eta onespena Sustapen Departamentuari dagozkio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 43.1.d) artikuluarekin bat, udalez gaindiko plan sektorial bat gauzatzeko tresna delako.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zerbitzuak egindako txostena ikusirik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 151. eta 76. artikuluetan xedatutakoarekin bat, eta Sustapen Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen martxoaren 20ko 21/2013 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hasiera batez onestea Erripagañako (lehen Ripagaina) Udalez gaindiko Plan Sektorialaren I. Banaketa Eremua Birzatitzeko Proiektuaren Aldaketa, plan horretako AR-1eko Konpentsazio Batzordeak sustatua, eta zenbait lurzati ukitzen dituena, barneko urbanizazioari dagokionez, Iruñeko, Burlatako, Eguesibarko eta Uharteko udal mugapeetan.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzutea ematea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta 20 egun iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Sustapen Departamentuaren bulegoetan (Alondegi kalea, 1-1. solairua; 31002 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Gainera, agiria Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, baita Sustapen Departamentuaren webgunearen “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

3. Ebazpen hau jakinaraztea sustatzaileari eta espedienteak ukitutako titularrei, Iruñeko, Burlatako, Eguesibarko eta Uharteko udalei, Iruñeko 7. Jabetza Erregistroari eta Agoizko 1. Jabetza Erregistroari, behar diren ondorioetarako.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 13an.–Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.

Iragarkiaren kodea: F1507423