106. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Udal ordenantza, Kultura, hezkuntza, kirol, gazteria, laguntza,
giza eta gizarte xedeetarako ematen diren diru-laguntzak
arautzen dituena. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2015eko martxoaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Kultura, hezkuntza, kirol, gazteria, laguntza, giza eta gizarte xedeetarako ematen dituen diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza (2015eko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 27an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriobeitin, 2015eko maiatzaren 7an.–Alkatea, José M.ª Irisarri Ollacarizqueta.

ORDENANTZA, BERRIOBEITIKO UDALAK KULTURA, HEZKUNTZA, KIROL, GAZTERIA, LAGUNTZA, GIZA ETA GIZARTE XEDEETARAKO EMATEN DITUEN DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

Publikotasuna, tratu berdintasuna eta kongruentzia dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak, Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordeztu beharrez laguntza ekonomikoak ematea eta sustatzea arautzen dituenean.

Xedapen horiek betetzeko, ezinbestekoa da udal arau batzuk jartzea, diru-laguntzak emateko prozedura arautu eta ezartzearren; batetik, aipatutako legeari jarraituko zaio, nahitaez bete beharrekoa baita.

Horrenbestez, Berriobeitiko udalerrian egiten den jarduera guztia hartu gogo du bere baitan udal ordenantza honek, baita Administrazioaren jarduera guztietan agintzen duten printzipio nagusiak ere. Printzipio horietako batzuk dira objektibotasuna eta eragimena, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 3. artikuluan aipatuak; orobat, diru-laguntzak emateko jarduerari dagokionez, arestian aipatu berdintasunean, publikotasunean eta kongruentzian oinarrituta, baita gardentasunean eta objektibotasunean ere.

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek diru-laguntzak emateko irizpideak eta prozedura finkatzea du xede, Berriobeitiko udalerriaren esparruan, eta baldintza berak bermatzea herritar eta entitateei onura publiko edo interes sozialeko helburu zehatz bati erantzuten dioten zerbitzu eta jardueretarako laguntzak eskuratzeko.

2. artikulua. Udalak pertsona edo entitate publikoei nahiz pribatuei dirua zein gauzak emateari esaten zaio diru-laguntza, horren xedea baldin bada onura publiko edo interes sozialeko jarduerak bultzatu edo sustatzea, hala nola bekak, primak, laguntzak, eta laguntza pertsonal, material eta ekonomikoa dakarten gainerako xedapen guztiak.

Printzipio orokorrak

3. artikulua. Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honek aipatzen dituen laguntzak:

1. Publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna, bereizkeria eza eta kontrola.

2. Eraginkortasuna, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzean.

3. Eragimena, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

4. artikulua. Diru-laguntzen xedeko alor baten edo gehiagoren gainean onesten diren oinarrietan aurreikusitako irizpide, xede eta prozedurei begiratuta eman beharko dira diru-laguntzak.

Oinarriak onetsi aitzin, aginduzkoa izanen da xede horretarako dirua aurreikustea aurrekontuetan.

Onuradunak

5. artikulua. Hona nor diren diru-laguntzak eskatzen ahal dituztenak:

a) Irabazi asmorik gabeko entitate, erakunde eta elkarteak, udalerrian egoitza edo ordezkaritza iraunkorra dutenak.

b) Pertsona fisikoak, jende talde baten ordezkari gisa, baldin eta udalerrian bizi badira, eta ekimenak berariazkoak eta irabazteko asmorik gabeak badira.

Diru-laguntzak arautzen dituzten oinarriek ezarri ahal izanen dutenez, diru-laguntza publikoak entitate laguntzaile baten bidez ematen ahalko zaizkie onuradunei. Hala bada, lankidetza hitzarmena eginen da Udalaren eta entitate laguntzailearen artean, eta hartan arautuko dira entitateak bere gain hartzen dituen baldintzak eta betebeharrak. Hitzarmen horrek ez du inondik ere lau urte baino gehiago iraunen.

Diruz lagundu daitezkeen jarduerak

6. artikulua. Diru-laguntza bil dezakete eskaera egiten den urte berean Berriobeitiko udalerriaren barrenean egiten diren jarduera programatuek, arlo hauetakoak badira:

–Kultura.

–Hezkuntza.

–Kirolak.

–Gazteria.

–Gizarte laguntza.

–Giza laguntza eta/edo garapenerako lankidetza programak hirugarren munduko herrietan.

–Interes sozialeko jarduerak egiten dituzten entitate irabazi asmorik gabeendako laguntzak.

–Herritarren entitate eta talde irabazi asmorik gabeendako laguntzak, herritarren partaidetzaren arloan.

Banakako ebaluazioaren sistema hautatzen denean diru-laguntza emateko, haren gaineko araudi berariazkoak irizpideak ezartzen ditu eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera diru-laguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko. Espedienteak aurkeztu ahala tramitatu eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.

7. artikulua. Ezin izanen dira diruz lagundu honako hauek:

a) Udalerriaren lurralde esparrutik kanpo egiten diren jarduerak.

b) Lokalak moldatzea edo eraikinetako bertze edozein esku-hartze.

c) Ondasun higiezinen erosketa.

d) Funtzionamenduaren ondoriozko gastuak (alokairua, telefonoa, argia etab.).

Prozedura

8. artikulua. 1. Orokorrean, diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

Prozeduraren laburpena.

Ordena: 1. Jarduketa: diru-laguntzetarako deialdia argitaratzea. Non: Udaletxeko oholean, Kontzejuen oholetan. Noiz: urtarrilaren 1etik hasita, otsailaren 15a arte, azken egun hori barne.

Ordena: 2. Jarduketa: eskabideak eta 11. artikuluko agiriak hartzea. Non: Udalean. Noiz: deialdia argitaratzen denetik apirilaren 15a arte, azken egun hori barne.

Ordena: 3. Jarduketa: ebazteko proposamena. Noiz: ahalik eta arinen.

Ordena: 4. Jarduketa: Udalaren behin-behineko ebazpena, eta argitalpena. Non: Udaletxeko oholean, Kontzejuen oholetan. Noiz: maiatzaren 15a baino lehen.

Ordena: 5. Jarduketa: erreklamazioak. Non: Udalean. Noiz: 15 egunean, behin-behineko esleipena argitaratzen denetik.

Ordena: 6. Jarduketa: Udalaren behin betiko ebazpenak eta argitalpena. Non: Udaletxeko oholean, Kontzejuen oholetan. Noiz: hilabete baino lehen, erreklamatzeko epea bukatzen denetik.

Ordena: 7. Jarduketa: berraztertzeko errekurtsoa Udalari zuzendua. Gora jotzeko errekurtsoa. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Non: Udalean. Nafarroako Gobernua. Administrazioarekiko Auzien Epaitegia.

Ordena: 8. Jarduketa: diru-laguntza ematea, aldez aurretik dokumentazioa aurkeztuta. Non: Udalean. Noiz: dokumentazioa egiaztatzen denean.

Udalak zenbateko bat finkatuko du urtero aurrekontuan, diru-laguntza bil dezaketen jardueretarako.

Diru-laguntzak eman aitzin, organo eskudunak diru-laguntzetarako deialdia egin beharko du, eta haiek arautzeko oinarriak onetsi.

Aurrekontuan dagoen dirua aurkeztu diren eskaeren artean banatuko da, honako hauek kontuan hartuta: deialdiaren oinarrietan aipatzen den jarduera arlo edo esparrua, lortu nahi diren xedeak eta horretarako aurrekontuan dagoen kontu-saila. Biltzen diren inguruabarrak aztertu ondoan emanen da, zenbateraino eta zer ehunekotan laguntzen ahal diren zenbatetsi ondoan.

2. Nolanahi ere, bertze diru-laguntza batzuk modu zuzenean ematen ahalko dira, horretarako egiaztatzen diren arrazoiak interes publiko, sozial, ekonomiko, hezkuntzako, kultural, zientifiko, humanitario edo bertzelakoak direnean, baldin eta, hartzailea dela-eta, ez badago lehia publikorako aukerarik, diru-laguntzaren xedea aurrera eramateko onuradun bakarra edo onuradun talde bakarra dagoelako. Betiere, 0 - 3 urteko haur eskolei ematen zaizkien laguntzak kontzesio zuzeneko diru-laguntzatzat hartuko dira.

Kasu hauetan ematen diren diru-laguntzak ere zuzenekoak izanen dira:

a) Udalaren aurrekontuan berariaz aurreikusita daudenean.

b) Lege mailako arau batek agintzen badio Administrazioari diru-laguntza emateko edo zenbat eman behar duen.

c) Diru-laguntzaren izaeragatik edo helburuagatik lehiaketa publikoaren deialdirik behar ez denean, edo izaeragatik nahiz helburuagatik publikotasunaren tramitea betetzea ezinezko bada, gauzatzeko gaitasuna duen onuraduna bakarra delako.

d) Gizarte ongizateko laguntzak; hala nola, larrialdi sozialeko laguntzak eta banakoendako gizarte laguntzak. Jantokiko beketarako laguntzek beren ordenantza izanen dute.

Atal honi jarraikiz ematen diren diru-laguntzak gauzatzeko, erabaki edo lankidetza hitzarmenak eginen dira. Haietan diru-laguntzak arautzeko oinarriak ezarriko dira, ordenantza honetako aurreikuspenekin bat, publikotasunaren eta lehiaren printzipioei dagozkienetan izan ezik.

9. artikulua. Osoko Bilkura da ordenantza honetan aipatu deialdiaren oinarriak onetsi, argitaratu, zuzendu, luzatu edo deuseztatzeko organo eskuduna, baita diru-laguntzak ematea edo ukatzea erabakitzeko ere eta haien zenbatekoa zehazteko, behar den informazio batzordeak txostena egin ondoan.

10. artikulua. Udalak urtero onetsi eta argitaratuko ditu diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak, urtarrilaren 1etik otsailaren 15era, azken egun hori barne.

Deialdi bakoitzeko epean aurkeztu beharko dira gauzatu gogo diren diru-laguntzak eskuratzeko eskaerak. Deialdia argitaratzen den egunetik apirilaren 15a arte, azken egun hori barne, aurkeztuko dira urtero eskaera horiek.

Zuzeneko kontzesioak direlako epe zehatza ez duten diru-laguntzak direnean, eskabideak aurkezteko epea irailaren 30ean bukatuko da, urtero.

11. artikulua. Laguntzen eskatzaileek, eskabidearekin batean, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

Programa zehatza eta guztirako aurrekontua, egin gogo diren jardueren arabera banatua, haietarako eskatzen baita diru-laguntza.

Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak

12. artikulua. Deialdiaren oinarriak onestean finkatzen diren irizpide berariazkoez gain, honako hauek jotzen dira diru-laguntzak emateko irizpide objektibo orokortzat:

a) Jardueraren interes orokorra Berriobeitiko Udalarentzat.

b) Biztanleriaren partaidetza aktiboa programa hauetan, eta jardueren eragina gizartean.

c) Prestakuntza edo hezkuntza alderdiei mesede egitea, herritarren bizi kalitatea hobetzea baldin bada ondorioa.

d) Proiektua zer esparrutan garatuko den, horrexen baldintzetara egokitzea gizartearen, kulturaren eta abarren aldetik.

e) Jarduerak Berriobeitiko herritarren eskura izatea eta iritzi publikoa sentsibilizatzen laguntzea.

f) Boluntarioek parte hartzea proiektua edo jarduera gauzatzen.

g) Antzinatasuna Berriobeitiko erroldan.

h) Gisako jardueren urritasuna.

i) Oinarrizko kirola eta kultura sustatzea.

j) Diru-laguntzarik gabe nekez gauza litezkeen interes orokorreko jarduerei laguntza ematea.

k) Proiektuan ingurumenaren, gizartearen edo genero berdintasunaren ikuspegia txertatzea.

l) Antzinatasuna eta eskarmentua, gisako proiektuetan.

m) Eskatzailearen gaitasun teknikoa nahiz antolaketarako eta kudeaketarako gaitasuna.

13. artikulua. Dagokion informazio batzordeak eskaerak aztertuko ditu eta, ondoren, txostena aurkeztuko dio Osoko Bilkurari. Horrek ebazpena emanen du eta diru-laguntza onartuko, biltzen diren inguruabarrak azterturik, kasu bakoitzean zenbateraino eta zer ehunekotan laguntzen ahal den zenbatetsi ondoan. Deialdi bakoitzaren oinarri partikularretan adieraziko da gehieneko zenbatekoa.

Onuradunen betebeharrak

14. artikulua. Hauek dira onuradunen betebeharrak:

–Diru-laguntza jasotzeko oinarri den xedea betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo portaera izatea.

–Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta diru-laguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

–Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere; bertzetik, lehenagoko jarduketen ondorioz eskatzen ahal zaion informazio guztia ematea.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

–Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egitean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak izatea.

–Egiaztatze eta kontrol ahalmenak erabili ahal daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, diru-laguntzak arautzeko oinarrietan eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.

–Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, bildutako diru-laguntzak itzultzea.

–Diruz lagundutako jarduerak, aurreko urteko urriaren 1etik deialdiaren urteko irailaren 30a bitarte egin beharko dira.

15. artikulua. Entitate laguntzaileak, onuradunak eta diru-laguntzen xedearekin edo haren justifikazioarekin ikusteko duten hirugarrenak beharturik daude Udalaren kontrol organoen lana erraztera, baita kontrol organo eskudunek finantzen egiaztatze eta kontrolaren arloan egin ditzaketen gainerakoak ere, bereziki uztea kontrolaren eta segimenduaren xedeko dokumentazioa aztertzen eta lokaletan sartzen.

Emandako diru-laguntza guztiek baldintza bera dute: jarduera Berriobeitiko Zendeako Udalak emandako diru-laguntzarekin egin dela adieraztea dokumentazioan eta inprimatutako publizitatean. Udal honek diruz lagundutako jardueren propagandan, iragarkien testua ele bitan izanen da, gazteleraz eta euskaraz. Horretarako, Euskara Zerbitzuaren laguntza jasoko dute behar duten elkarteek.

16. artikulua. Jarduera baterako diru-laguntzaren eskabidea aurkezte hutsak berarekin dakar ordenantza hau eta diru-laguntza emateko oinarriak ezagutzea eta onartzea.

17. artikulua. Ordenantza honetako betebehar eta aginduak ez betetzeak diru-laguntza itzuli beharra ekar dezake. Erabaki hori organo emaileak hartuko du, espedientea ireki ondoan. Hartan, zentro kudeatzailearen proposamen arrazoituarekin batean, bidezko diren txosten eta frogak aurkeztuko dira, baita onuradunaren alegazioak ere, halakorik bada. Espedientea hiru hilabetean ebatzi beharko da.

Justifikazioa eta kobrantza

18. artikulua. Ordenantza honetako aginduei jarraikiz emandako diru-laguntzak biltzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da Herriko Etxean:

a) Egindako jardueraren memoria zehatza.

b) Eskabidea, entitateko buruak edo behar bezala egiaztatutako eskuordetzea duenak sinatua, alkateari idatzia, diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.

c) Fakturak, diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko dutenak.

d) Jarduerak sortutako gastuen zerrenda eta dokumentazio inprimatua.

e) Bertze entitate publiko nahiz pribatuek emandako diru-laguntzen zerrenda.

19. artikulua. Aitzineko artikuluan aipatu fakturek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izatea.

b) Diru-laguntza eman den urteko data edukitzea, edo aitzineko urteko laugarren hiruhilekokoa. Jarduera puntuala baldin bada, aipatu jarduerari dagokion data.

c) Hartzailearen nortasun agiri nazionala edo lizentzia fiskalaren zenbakia edukitzea.

d) Etxe hornitzailearen zigilua eta izenpea edukitzea.

e) Eskabidea egitean aurkeztutako aurrekontuarekin bat etortzea.

20. artikulua. 18. artikuluan aipatzen diren frogagiriak eskabidearekin batera aurkeztuko dira. Behar den batzordeak aztertuko du espedientea, eta onesteko eta ordaintzeko proposatuko dio Osoko Bilkurari. Onestea eta ordaintzea, bidezko bada, Alkatetzari dagozkio; betiere, egin beharreko gastua bere eskumenen barrenean badago. Dena dela, diru-laguntza benetako gastuetaraino murritz dadin proposatzeko ahalmena beretzat gordeko du.

21. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikatzekoak izanen dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, hari buruz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamendua eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1507036