106. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

165E/2015 EBAZPENA, maiatzaren 5ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Irañetako udal mugapean enduro kirola praktikatzeko ibilbide bat egokitzeko proiekturako. Sustatzailea Rubén Baraza Vitoria da.

2014ko urriaren 17an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko E) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Hona hemen proiektaturiko jarduketa: lurraren goiko geruza profilatzea (5-10 cm), 2-3 metro zabal eta 2 kilometro luze den zirkuitu osoan. Zirkuitua Irañetako 2. poligonoko 59. lurzatian dago (Irañetako Udalaren herrilurrak), A-10 autobiako obretako lurra pilatzeko erabilitako lursail batean, jadanik lehengoratua dagoena. Ibilbidearen ingurua %75ean hesitua dago, eta metro bateko altuerako elorrizko edo alanbrezko hesiarekin osatzea proposatu da. Hesia zurezko zutoin batzuei atxikiko zaie; beraz, ez du zimendurik beharko. Ez da beharrezkoa aparkalekurik egitea. Sarbide gisa, zirkulatzeko moduko legarrezko pista bat erabiliko da.

Proiektua “Irañetako Mendia” izeneko onura publikoko mendi baten eremuan kokatzen da (Nafarroako Onura Publikoko Mendien Katalogoaren 500 kodea), “Urbasa-Andia” Zainketa Bereziko Eremuaren barrenean. Espedienteari 2014ko abuztuaren 24ko txostena atxiki zaio. Txosten horretan, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiko Habitaten Atala eta Oihanak Kudeatzeko Atala proposamenaren alde agertzen dira, baina ingurumenean integratzeko neurri batzuk proposatzen dituzte. Herrilurren Atalak 2015eko martxoaren 6an egin zuen horren gaineko txostena.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak egindako txostenean, proposamenaren alde agertu da, espedienteko txostenetako azalpenak kontuan hartuta.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1.–Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Irañetako udal mugapean enduro kirola praktikatzeko ibilbide bat egokitzeko proiekturako. Sustatzailea Rubén Baraza Vitoria da.

2.–Neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da baimena:

–Trazaduraren diseinuaren planta orain dagoenaren bidetik joanen da, okupazioa nabarmen aldatu gabe.

–Birprofilaketaren sakonera, barreneko kabailoien diseinua eta saneamendu lanak zehaztean ahaleginak eginen dira maila handieneko eremuetan (>10%) higadura ez handitzeko, izan ere, eremu horiek dira landare-lur gutxien daukatenak eta higadura arriskua handienekoak; materialak pistaren kanpoalderantz errestan eramatea ere saihestuko da.

–Gehienez bi metro zabal izanen da, eta metro batetik beherako zabalerako zerrenda batean sastrakak kentzea onartzen da, pista erabiltzeko behar-beharrezkoa dena baino ez.

–Ez da beharrezkotzat jotzen ura bideratzeko obrarik egitea putzuak sor daitezkeen tokietan, izan ere, toki horietan intereseko landareak hazten dira eta ez dira oztopo eskaeraren xedeko jarduera praktikatzeko.

–Ez da aurreikusi errodadura-geruza bat osatzea pistaren gainean zagorrekin edo antzekoekin. Zirkuitua oso-osorik hesituko da, eta baimenik ez duten pertsonen sarbidea galarazteko sistema bat ezarriko da.

–Instalazioetako lurrak herrilurrak direnez, Udalak lur horiek desafektatzeko onarpena lortu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bitartez, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 16/1990 Foru Legearen 140. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

3.–Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6.–Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Irañetako Udalari, Basozaintzari (4. barrutia, Ultzama-Arakil aldea) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 5ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1506883