102. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

303E/2015 EBAZPENA, apirilaren 24koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez Esako Hirigintzako Planaren Ingurumen ondorioen adierazpena egiten da, eta ingurumenaren aldetik egokia dela adierazten. Esako Udalak sustatu du.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B) 1. atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

2013ko irailaren 17an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Esako lurraldea okupatzeko estrategiaren eta ereduaren dokumentazioa ikusirik, txostena egin zuen, hirigintzako udal plana eta haren Ingurumen ondorioen azterlana prestatzean ingurumen arloan kontuan hartu beharreko alderdiei buruz.

Geroago, Esako Udalak, 2014ko otsailaren 6an eginiko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen hirigintza plana; 2014ko 62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 1ean, argitaratutako iragarkiaren bidez eman zitzaion hasiera jendaurreko epeari. Aldi horretan ez zen ingurumenari buruzko alegaziorik aurkeztu.

1993. urtetik indarrean ziren Arau Subsidiarioak aldatzen dira Esako Hirigintzako Planaren bidez, eta bidezko da, martxoaren 22ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoaren arabera, eguneratzea eta hirigintzako legedira egokitzea, bereziki, lurzoru urbanizaezinari dagokionez. Aurreko planeamenduan ez zegoen xehetasun azterlanik lurzoru mota horri eta bere babes araubideari buruz, eta orain zuzendu egin da hori.

Hirigintzako Udal Planaren eta Ingurumen ondorioen azterlanaren laburpena eranskinean dago.

Landa lurzoruaren antolamendua egiteko, lurzoru urbanizaezineko hainbat azpikategoria esleitzen zaizkie lurralde eremu homogeneoei, kontuan harturik naturaren, paisaiaren, kulturaren, nekazaritzaren edo basoen aldetik dituzten balioak.

Bi korridore ekologiko garrantzitsuk ardazten dute udalerria: Leire mendilerroak eta Aragoi ibaiak. Iparraldean Leireko mendilerroa dago, eta haren malkarrak Esara jaisten dira. Malkar horiek paisaiaren, faunaren eta floraren aldetik duten balioa aitortzen du planak, izan ere, eremu babestu bat da, honako hauetan sartua: Natura 2000 Sarean (Leireko mendilerroa-Arbaiungo arroila BILa), Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu batean (ZEPA B-121) eta Paisaia Natural batean. Gainera, mendilerro horretako aldapan dagoen Leireko monasterioak balio historikoa, kulturala eta erlijiozkoa ekartzen dio eremu guztiari. Paisaia Berezi eta Kultura-intereseko Ondasun gisa aitortzen da enklabe hau, eta horietan sartu dira, halaber, ehun urtetik gorako arteak eta erkametzak, monasteriorako bidean eta Erronkariarren Errege Altxonbidean daudenak han-hemen.

Udalerriko hegoaldean, Aragoi ibaiak presatik aterata sortzen duen dinamikak ezartzen ditu landa lurzoruaren ezaugarriak eta baldintzak. Ibaia hegoalderantz biratzen da, Sarda eta Paco de la Padul mendilerro txikien arteko igarobide naturalean barna, eta, hala, bere ibarrak dira udalerriko leku zelai bakarrak, eta aldian behin urpean gelditzen dira. Mendilerro horiek udalerria ixten dute hegoaldean, eta haien maldetan baso-erabilera finkatu da, behin nekazaritza abandonaturik eta larre, ipurudi, ezpeldi eta artadien inguruko sasidi bihurturik.

Ingurumen ondorioen azterlanak ekartzen duen alderdi positiboetako bat da udalerriaren azterketa eta paisaiaren aldeko balorazioa. LAP 4an identifikatutako paisaiez gain, identifikatu dira Paisaia Hondatuak (urtegiaren ingurua eta Lasaitasuna urbanizazioaren gaineko aldeko malda) eta Udalaren Intereseko Paisaiak; azkeneko horien artean, nabarmentzen dira, paisaiaren hauskortasun handiarengatik, Leire monasterioaren nekazaritza-lurzoruak (El Pullizal alderdia).

Antolamendurako proposamena eta lurzoru urbanizaezinaren sailkapena bateragarriak dira dauden balioekin, eta babesa bermatzen da.

Lurraldeko ukipen nagusiak, lurraldearen konektagarritasunean eragina dutenak, A-21 autobia eta Esako urtegiaren handitzea dira: udalaren esparrua gainditzen dute jarduketa horiek, baina udalerriaren etorkizuna baldintzatzen dute neurri handian. Ukipen akustikoei dagokienez, bi jarduketek berekin dakarte NA-2420 ez izatea Aragoirekiko komunikazio bide nagusia; hala, herriaren kalitate akustikoa nabarmen hobetuko da.

Etxebizitza-eremuetarako proposamena hiriguneko lur mugakideetan zentratzen da batez ere, gehienbat nekazaritzako laboreetarako erabiliak; hortaz, ingurumeneko eta paisaiako eragina txikia eta bateragarria izanen da. Iparraldean, etxebizitza-eremuak bateragarriak dira, akustikaren aldetik, A-21 autobiaren ukipenekin, eta hala justifikatzen da planaren dokumentazioaren zati den Azterlan Akustikoan. Hegoaldean eta hego-ekialdean kokatzen dira garapen handienak; han eraikitako guneen bazterrak eta paisaia aztertu dira kanpoko aldetik, udalerriaren irudia aintzat hartuz urbanismoaren diseinuaren elementu garrantzitsua den aldetik.

A-21 autobiara sartzeko ingurunean (garapen eredua babesteko lurzorua) aukeren eremu bat ezartzeko proposamenari dagokionez, jadanik hondatuta dauden eremuak okupatzea lehenetsi beharko litzateke, sasi eta abarizti tokiak okupatu eta eraldatu aurretik.

Antolamendurako eta garapenerako proposamen bakar bat ere ez da sartzen urpean geldi daitezkeen edo arriskuko eremuetan.

Aurreikusi diren bideen artean, nabarmentzen da Xabierko errepidea eta A-21 autobia lotzen dituen bide berria. Horren bidez Esatik igarotzen den trafikoaren zati bat arinduko da. Proposamen hori Costera del Campo alderdian barna doa, eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren menpe jarriko da. Hartan, erabakiko da zein den trazadurarik egokiena ikuspuntu teknikotik eta ingurumenekotik. Intereseko ibilbideei dagokienez, planak adierazten du beharrezkoa dela bide berri bat egitea urtegiko iparraldeko bazterrean, Done Jakue bidearen Aragoiko tartearen alternatiba gisa.

Agiri guztiak azterturik, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Esako Hirigintzako Planaren aldeko txostena eman du, zenbait baldintza ezarrita.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea Esako Hirigintzako Planaren alde. Esako Udalak sustatu du.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau ematen da baldin determinazio hauek betetzen badira:

–Leire mendilerroa-Arbaiungo arroila BILaren eta Aragoi ibaiko erdiko tarteak BILaren muga berriak sartzea.

–El Pullizal alderdiko nekazaritza-lurzoruen paisaien hauskortasunari erantzutea Leireko monasterioaren ingurunean, araudi egoki baten bidez. Indarra egin beharko litzateke inguruneko egungo baldintzei eusteko, eraikuntza jarduerak saihestuz, edo kontuan hartzea lehengoratu beharreko erkameztitzat hartzeko aukera.

–Garapen eredua babesteko lurzoruan, jadanik hondatutako eremuen okupazioa lehenestea, sasi eta abarizti tokiak okupatu eta eraldatu aurretik.

–Paisaiari buruzko azterlanean eta Ingurumen ondorioen azterlanean iradokitako neurriak sartzea araudian.

–Lurzoru urbanizaezinaren grafismoa hobetzea, halako moduz non ibai-sarea osotasunean ikusten ahalko baita.

–Kontuan harturik ezaugarri homogeneoak, baratzeen erabilerei eta urpean gelditzeko aukerari dagokienez, Aragoi ibaiko eskuineko bazterrean (El Soto aderdia), arauetan emanen zaion tratamenduan espazio homogeneo gisa hartu beharko litzateke.

–Azkenik onesten den hirigintza proposamenera egokitzea zonifikazio akustikoa.

–Agiri independente batean, adieraziko da nola sartu diren Ingurumen eraginaren adierazpen honetako baldintzak kartografian eta Hirigintzako Udal Planean.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Esako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko apirilaren 24an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

ERANSKINA

Hirigintzako Udal Planaren
eta Ingurumen ondorioen azterlanaren laburpena

Esako Hirigintzako Udal Planean egindako analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udal mugape osoa ukitzen dute, hau da, 22,22 km².

1993ko martxotik aurrera indarra izan duten Arau Subsidiarioak ordezten ditu Esako Hirigintzako Udal Planak, planeamendurako tresna den aldetik. Hortaz, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen arabera eguneratu eta egokitu du hirigintzaren arloko araudia.

Hirigintza Planak helburu du, besteak beste, lurralde eremuak babestea, kontuan izanik ingurumen, kultur eta historia ezaugarriak, eta horietako bakoitzerako ezartzen ditu jardueren arauak eta honda ditzaketen erabilerak. Beste helburu bat da komunikabideak hobetzea, eta, udalerriaren garapen ekonomikorako, Iruña-Jaka A-21 autobia ondotik igarotzen dela baliatzea, baita hiri-egituraren garapena ere. Horretarako, oraingo hiri-ehundura mantenduko eta hobetuko da, printzipio orokor hauek oinarritzat hartuz: trinkotasuna, efizientzia energetikoa, erabileren konplexutasun funtzionala, gizarte kohesioa eta modu orekatuan erantzutea lurzoruen eskaerei, izan etxebizitzetarako, jarduera ekonomikoetarako nahiz ekipamenduetarako.

Proposatutako hiri ereduak oraingo hiri egiturari eusten dio, eta ezartzen du koherenteki garatuko dela, zirrikituak edo inguruko espazioak betez. Udalerria handitzeko eremu naturalak dira horiek, eta beren ezaugarria da lur lau samarrak izatea, nagusiki nekazaritza eta abeltzaintzakoak. Hiri lurzoru finkatu gabea eta lurzoru urbanizagarria antolatzeko proposamenean 178 etxebizitza planteatu dira, hirigunea zabaltzeko hiru eremutan:

–Iparraldean, Esako zeharkalearen iparraldean, herriaren hasieraren eta eliza berriaren artean. Arau subsidiarioetan jadanik aurreikusia zegoen eremu hori, baina exekutatzeko sistema zaila zuen, eta orain erraztu egin da.

–Hego-ekialdea. Errepidetik hegoalderako eremua, kiroldegiaren paretik mendiraino. Proposamen honen bidez, oraingo zeharkalea kale bihurtuko da, oinezkoendako pasealekua izanen duena.

–Hegoaldea. Oraingo hirigunearen hegoaldeko eremua, Xabierko errepidearen, ermitaren eta hilerriaren artean.

Antolamendu xehakatua egiteko (lurzoru urbanizagarriaren kasuan) beharrezkoa da egoki diren plan partzialak egitea.

Nahiz eta ez dirudien behar adinako eskaera dagoenik industria jarduerak ezartzeko, A-21 autobia udalerritik igarotzeak ematen duen aukera baliatuta, bada eremu bat errepidearen hegoaldean, Esako loturaren ondoan. Komunikabide onak ditu, eta ostalaritzako jarduerak ere har litzake. Eremu hau garapen eredua zaintzeko lurzoru izateko gelditzen da.

Hirigintza zerbitzuen nahikotasuna aztertuta, ondorioztatzen da Esako udalerriak gaur egun badituela urez, saneamenduz eta argindarrez hornitzeko zerbitzuak, egungo eskariari erantzuteko baldintza egokietan. Aurreikusitako garapen berrien aurrean, urbanizazio proiektu berriek kontuan hartu beharko dute eskariaren handitze hori.

Lurzoru urbanizaezinarekin loturik, eta kontuan harturik Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen azpikategoriak, jarduerak eta erabilerak arautzeko arau batzuk ezarri dira.

Babestu beharreko lurzoru urbanizaezinaren barnean honako hauek identifikatzen dira: Leire mendilerroa-Arbaiungo arroila BILa (ES-0000125), Aragoi ibaiko erdiko tarteak izeneko BILa (ES-2200030), El Facero Onura Publikoko Mendia, ibaien ingurunea eta oraingo azpiegiturak (errepideak eta Erronkariarren Errege Altxonbidea), kultur balioko lurzoruak (Leireko San Salbatore monasterioa Kultura Intereseko Ondasunaren ingurunea eta aztarnategi arkeologikoak), paisaiaren aldetik baliotsuak diren lurzoruak (LAP 4ko “Leireko mendilerroko paisaia naturalean” adierazitako Babes Bereziko Eremuak sartu dira, baita Leire monasteriaren inguruneko Paisaia Berezia ere), arriskuei aurrea hartzeko lurzoruak –urak har ditzakeen guneak izateagatik– eta Aragoiko Done Jakue bidea.

Gorde beharreko lurzoru urbanizaezinean sartzen dira ingurumeneko balioa duten lurrak edo ustiapen naturalerako balioko lurzoruak, dela basoaren, nekazaritzaren nahiz abeltzaintzaren aldetik, baita azpiegituretarako, tokiko jardueretarako edo proposamenetarako erabiliko direnak ere. Halaber, kategoria honetan sartzen dira paisaiaren aldetik udalerriarentzat interesekoak diren lurzoruak. Horien barnean sartzen dira Leire mendilerroa-Arbaiungo arroila BILetik hegoaldera gelditzen diren zuhaiztiak, urtegiaren inguruko zuhaiztiak eta urtegia bera.

Arriskuei dagokienez, Esan arriskuei aurrea hartzeko unitate bat identifikatu da, izan ere Aragoi ibaiko 500 urtean behingo birgertatze aldiaren mugaren barnean dago; horretarako, 1:25.000 eskalako azterlan hidrologikoa egin da.

lEAren deskribapena

Ingurumen ondorioen azterlanean udalerriko ingurumen arloko azterketa, diagnosia eta balorazioa jaso dira eta horren barrenean ingurune fisikoaren datuak agertzen dira, honako hauei buruzkoak: klimatologia, geologia eta litologia, eta lur azaleko sare hidrografikoa. Sare horren barrenean daude Aragoi ibaia eta erreka sare txiki bat (El Regallón eta El Paco errekak iparraldean eta Salinasko erreka hegoaldean). Airearen kalitateari dagokionez, udalerria maldan eta haizeen norabidean egonik, kokapena ontzat har daiteke, baina hego-ekialdeko haizeak Zangozako paper fabrikaren emisioak ekar ditzake.

Azterketa bioklimatikoa eta geobotanikoa oinarri hartuta, eskualde mediterraneoetatik eurosiberiarretara doan trantsizioko eremu honetan berezkoa den landarediaren serie eta geoserieak identifikatu dira: erkameztiak eta artadiak ipuruekin, abariztiekin, sastrakekin eta larreekin, Leire, Solano eta Refoya mendilerroetan. Zuhaizti berezi gisa, Fraxinus angustifoliako lizardia dago, La Padul alderdian.

Batasunaren Intereseko Habitaten Espainiako inbentarioaren arabera, honako hauek identifikatu dira Esako udal mugapean: Ibai ibilgu kantauriar-piriniarretako zuhaixka landareak (3240), Ipuruen zuhaixkadiak eta zuhaiztiak (5210), Sahasti eta makaldi mediterraneoak (92A0), Erkametzen baso iberiarra (9240) eta Quercus ilex eta Q. rotundifoliako basoak (9340).

Nafarroako Landare Espezie Mehatxatuen Katalogoan dauden espezieei dagokienez, udalerrian honako espezie hauek inbentariatu dira: Genista balanse europaeus, Minuartia rostrata, Genista florida subsp. polygaliphylla eta Valeriana longiflora.

Bertako topografiak baldintzatu ditu egungo erabilerak, eta ezaugarri hauek dituen lurraldea taxutu du: aldapa txikiena duten lurrak landu dira, lehorreko laborea da funtsean, eta horien artean nabarmentzen dira neguko zerealak eta, gutxiago, olibadiak eta almendrondo sailak. Udalerriaren hegoaldean, Aragoi ibaiaren ondoan, ureztalur txiki bat dago, baratzeekin.

Ingurumeneko inbentarioan Onura Publikoko Mendi bat identifikatu da (El Facero) eta Erronkariarren Errege Altxonbidea. Horren denaren osagarri, udalerriari buruzko beste analisi bat egin da, sozioekonomikoa eta populazioari buruzkoa, baita ondare kultural eta arkeologikoaren inbentario bat ere, bere baitan dituena Leire monasterioa, aitortutako Kultura Intereseko Ondasuna, eta herrirako mugarri historikoa den Erronkariarren Zubia, erabat hondatua.

Planaren proposamenen ondoriozko eraginak identifikatu eta baloratzen ditu azterlanak, inguruneko zenbait osagairen gaineko ingurumeneko ukipenak aztertuz, eta ondorioztatzen du Udal Plan Orokorra aplikatzea orokorki ona dela, zeren hartan bermatzen da ingurumeneko balioen babesa, hirigintza-garapen jasangarria sustatzen da –oraingo eta etorkizuneko erabileren arteko oreka ezarriz–, baliabideen kontsumo txiki samarra bermatzen da lurzoru urbanizagarriak handitzerakoan eta horrekin lotutako azpiegiturak ezartzerakoan, eta egitura trinkoagoa ezartzen da, gizarteari dagokionez.

Bestalde, inpaktuen eragile diren foku nagusien artean, Ingurumen ondorioen azterlanak identifikatzen ditu A-21 autobia eta Esako urtegia handitzeko obrak. Hala ere, adierazten du ezen autobia abiarazteak on egin diola Esako hiriguneari, zeharkaletik trafikoa kendu duelako.

Zaratak eragindako ukipenak ebaluatzeko, zarataren gaineko azterlan bat egin da, non egiaztatzen baita kalitate akustikoaren helburuak betetzen direla eta udalerriaren zonifikazio akustikoa egin dela, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezarri bezala. Hirigunearen iparraldean etxebizitzak egitea proposatu da, A-2 autobiatik hurbil (UE-3 eta S1 eta S2 unitateak), eta bateragarritzat jo da proiektatutako antolamendua, autobiaren eta hirilurren koten desberdintasunarengatik (10 bat metro direla kalkulatzen da) eta dauden hesi akustikoengatik.

Ingurumen ondorioen azterlanaren barnean Paisaiaren Azterlan bat dago, eranskin gisa; hartan, identifikatzen dira jarduketen kokapenekin lotutako paisaiaren inpaktuak eta paisaiaren aldetik udalerrian kalitate handiena duten eremuak, ikusgarritasun planoak oinarritzat hartuz. Paisaiaren analisi horren ondorioz, Leire monasterioaren Inguruneko Paisaia Bereziaz eta Leire Mendilerroko Paisaia Naturalaz gain –LAP 4an aipatua–, Paisaia Hondatu gisa identifikatu dira urtegiaren ingurunea eta Lasaitasuna urbanizazioaren gaineko aldeko malda. Udalerriaren ekialdera, bat egiten dute udalaren intereseko paisaiek eta ingurumen balioko lurzoruek, eta planak beharrezkotzat jotzen du monasterioaren inguruneko produktibitate ertaineko nekazaritza-lurzoruak babestea, paisaiaren aldetik hauskorrak baitira. El Pullizal bidearen bi aldeetan dauden lurrei dagozkie eremu horiek.

9. kapituluak neurri orokor batzuk garatzen ditu, ingurunearen gaineko eraginak ahalik eta txikienak izan daitezen, eta zenbait prebentzio neurri ere, urbanizazio berrietako lanen fasean hartu beharko direnak.

Iragarkiaren kodea: F1506429