102. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

186/2015 FORU AGINDUA, maiatzaren 15ekoa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean 2015eko urtarrilean, otsailean eta martxoan eurite, elurte eta uholdeen kalteak jasan dituzten udalerrien zerrenda onesten duena.

2015eko lehen hiruhilekoan ohi baino askoz ere euri gehiago egin du Nafarroako Foru Komunitatean. Horri hainbat elur-erantsi gehitu zaizkio, ondorioz intentsitate desberdineko hiru uholde eragin dituena otsailaren bukaeran eta otsailean.

Egoera larriena otsailaren bukaeran gertatu zen. Goiko eta tarteko kotetan elur kantitate handia zegoen, eta, otsailaren 24an, euri dezente egiten hasi zuen (arroen goialdeetan 30-40 litro metro koadroko), tenperatura aski baxuekin.

Otsailaren 25ean, asteazkenarekin, euri asko bota zuen, 100 metro koadrotik gora kota altuetan eta 30-40 Iruñerri aldean, eta Nafarroako Erriberan ere egin zuen euria. Tenperaturak goiti egin zuenean, botatako euriari, izugarrizko ur-erauntsia izan ez bazen ere, urtutako elurra gehitu zitzaion. Fenomenoa, gainera, ibai guztien arroetan gertatu zen aldi berean, eta horrek larriagotu egin zuen egoera. Nafarroako ibaien kontrol-estazio guztiak, Ebroko Ur Konfederazioarenak zein Nafarroako Gobernuarenak, aurrealertan edo alertan egon ziren aldi berean, bai Bidasoan, bai Ebroren ezkerraldeko ibai-adar handietan (Ega, Arga eta Aragoi, eta haien errekak ere). Egia esan, Esako eta Itoizko urtegien ijezketa-lanagatik izan ez balitz, uholdea askoz ere handiagoa eta larriagoa izanen zen, urtegiek 700 m³ uretik gora xurgatu baitzuten segundoko.

Espainiako Gobernuak, martxoaren 6ko 2/2015 Errege Lege-dekretuaren bidez, premiazko neurriak hartu ditu aipatu egunetan Ebroren arroko ibaiek gainezka egitean uholdeek sortutako kalteak konpontzeko. Hain zuzen ere, horixe da jarduketa multzoaren helburua.

Apirilaren 17ko IMT 673/2015 Aginduaren bidez erabaki zen zein udalerritan aplikatuko diren aipatu errege lege-dekretuan aurreikusitako neurriak.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak txosten bat egin du, eta bertan adierazi du, bere eskumenaren eremuan duen informazioari jarraikiz, zer udalerrik sufritu dituzten uholdeen kalteak.

Bestalde, Nafarroako Larrialdietako Agentziak udalerri zerrenda bat egin du, ibai-arroen arabera ordenatua. Bertan udalerri hauek sartu ziren, aforo estazioek emandako balioetatik ateratako datuak eta suhiltzaileen esku-hartzea kontuan hartuta bi zirkunstantzia hauek bete badira betiere: urteko lehenbiziko hiru hilabeteetan noizbait ere ur etorri arruntak bi urte eta erdiko birgertatze-aldiko ur etorria gainditu izana, eta kalte materialak gertatu izana.

Ondorioz, bidezko da 2015eko urtarrilean, otsailean eta martxoan Nafarroako Foru Komunitatean eurite, elurte eta uholdeen kalteak jasan dituzten udalerrien zerrenda bat onestea, aipatu datetan deskribatutako fenomenoek eragindako kalteen ondorioak arintzearren Nafarroako Gobernuak diru-laguntzak aplika ditzan.

Toki Araubideko Foru Batzordeak aldeko txostena egin zuen foru aginduaren proiektuari buruz.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren ekainaren 22ko 11/2012 Foru Dekretuak emandako eskudantziez baliatuz (horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen esparrua ezarri ziren), eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuari loturik,

AGINDU DUT:

1. 2015eko urtarrilean, otsailean eta martxoan Nafarroako Foru Komunitatean eurite, elurte eta uholdeen kalteak jasan dituzten udalerrien zerrenda hau onestea, aipatu datetan deskribatutako fenomenoek eragindako kalteen ondorioak arintzearren Nafarroako Gobernuak diru-laguntzak aplika ditzan:

Abartzuza, Aberin, Allin, Allo, Altsasu, Ameskoabarren, Andosilla, Antzin, Arakil, Aranaratxe, Arano, Arantza, Areso, Arguedas, Aria, Aribe, Arruazu, Atarrabia, Atetz, Azagra, Azkoien, Azuelo, Bakaiku, Barañain, Barasoain, Barbarin, Barillas, Baztan, Beintza-Labaien, Bera, Beraskoain, Berbintzana, Bidaurreta, Buñuel, Burlata, Cabanillas, Cadreita, Cárcar, Cascante, Castejón, Cintruénigo, Corella, Cortes, Deierri, Deikaztelu, Elizagorria, Ergoiena, Esteribar, Etxarri, Etxarri Aranatz, Etxauri, Ezkabarte, Ezkurra, Faltzes, Fontellas, Funes, Fustiñana, Galar, Gares, Garralda, Goizueta, Iguzkitza, Imotz, Iruña, Iturmendi, Itza, Lakuntza, Lantz, Larraga, Larraun, Legaria, Leitza, Lekunberri, Lerga, Lerin, Lesaka, Lizarra, Lodosa, Longida, Los Arcos, Mendabia, Mendaza, Mendigorria, Metauten, Milagro, Mirafuentes, Miranda Arga, Morentin, Mues, Murieta, Nazar, Oko, Olazti, Oltza, Orbaizeta, Orbara, Oteitza, Otsagabia, Piedramillera, Puiu, Ribaforada, San Adrián, Sartaguda, Sorlada, Sunbilla, Tafalla, Tirapu, Torralba del Río, Txulapain, Tutera, Uharte, Uharte Arakil, Uxue, Urdiain, Valtierra, Viana, Zabaltza, Zare, Ziritza, Zúñiga.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea Administrazio Publikoek haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezaketela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 15ean.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

Iragarkiaren kodea: F1507491