1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
185/2015 FORU AGINDUA, maiatzaren 13koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Foru Komunitatean, 2015eko urtarrilean, otsailean eta martxoan izandako euri eta elur jasek eta uholdeek ukitutako pertsona fisiko eta juridikoek izan ditzaketen zerga salbuespenak ezartzen dituena, baita salbuespen horiek aplikatu dituzten udalerrietan egin beharreko konpentsazioak ere.
Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 10eko 11/2009 Foru Legeak uholdeek, haizete indartsuek eta beste fenomeno natural batzuek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoentzako laguntza eta onurak ezartzen ditu, eta 2. artikuluan zehazten du une bakoitzeko eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak, foru agindu baten bidez, prestatuko duela udal eta herritar kaltetuen zerrenda, izan ditzaketen laguntzekin batera. Orobat, 3. artikuluan ezartzen du foru agindu horretan zehaztuko direla foru legean aurreikusitako laguntza edo/eta konpentsazio eskaerak aurkezteko epeak, betebeharrak eta baldintzak.
Foru agindua Gobernu Kontseiluak egiten duen lehenbiziko bilkuran berretsi beharko du.
Gaia dela-eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak du aipatutako eskumena, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren ekainaren 22ko 11/2012 Foru Dekretuan aurreikusitakoaren ondorioz, horren bidez ezarri baitziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen esparrua.
Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 10eko 11/2009 Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak izanen dira beti, ordena horretan, baita Estatuan edo Europar Batasunean antzeko egoeretarako izan daitezkeen beste laguntza batzuenak ere.
Ondorio horretarako, foru legea garatuko duten foru aginduek osagarritasun eta subsidiariotasun hori izanen dute kontuan, eta, hortaz, onuradunek, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, polizen titular diren aseguru konpainietan tramitatu beharko dituzte konpentsazioak, eta, bidezkoa bada, Estatuko zein Europar Batasuneko administrazioei eskatu dagozkien laguntzak.
Martxoaren 6ko 2/2015 Errege Lege-dekretuaren bidez, presako neurriak hartu dira 2015eko urtarrilean, otsailean eta martxoan izandako uholdeek eta euriak, elurrak eta haizeak sortutako kalteak konpontzeko.
Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 10eko 11/2009 Foru Legea aplikatuz, bidezko da Nafarroako Foru Komunitatean, 2015eko urtarrilean, otsailean eta martxoan euri eta elur jasek eta uholdeek ukitutako pertsona fisiko eta juridikoek izan ditzaketen zerga salbuespenak eta konpentsazioak ezartzea.
11/2009 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan aurreikusitako udal zergen hobariak ekitaldi honetan emanen direnez, hobari horien konpentsazioa, behin eta berriz aipatutako foru legearen 6. artikuluan ezarritako moduan, 2015eko eta hurrengo aurrekontu ekitaldietan gauzatuko da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Foru aginduaren proiektuak aldeko txostena lortu du Toki Araubideko Foru Batzordearen eskutik 2015eko apirilaren 20an egindako bilkuran.
Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak emandako eskudantziak aplikatuz, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren ekainaren 22ko 11/2012 Foru Dekretuari (horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen esparrua ezarri ziren) eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuari loturik,
AGINDU DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitatean, 2015eko urtarrilean, otsailean eta martxoan izandako euri eta elur jasek eta uholdeek ukitutako udalerrien hurrengo zerrenda onestea, urriaren 30eko 11/2009 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako:
Antzin, Andosilla, Arakil, Arano, Arantza, Arguedas, Arruazu, Atetz, Azagra, Azuelo, Barbarin, Baztan, Beintza-Labaien, Bera, Berbintzana, Buñuel, Cabanillas, Cadreita, Cárcar, Castejón, Corella, Cortes, Lizarra, Ezkurra, Faltzes, Fontellas, Funes, Fustiñana, Goizueta, Iguzkitza, Txulapain, Elizagorria, Legaria, Leitza, Lekunberri, Lerga, Lerin, Lesaka, Lodosa, Longida, Los Arcos, Mendabia, Mendaza, Mendigorria, Milagro, Mirafuentes, Miranda Arga, Mues, Murieta, Nazar, Otsagabia, Oko, Olazti, Azkoien, Ribaforada, Zare, San Adrián, Sartaguda, Sunbilla, Tutera, Uxue, Valtierra, Viana, Deierri eta Zabaltza.
2. Foru agindu honen 1. atalean aipatutako udalerrietako ondasun higiezinen titular diren pertsona fisikoak edo juridikoak, hartan adierazitako gertaeren ondorioz kalteak jaso badituzte, lurralde kontribuzioa ordaintzetik salbuetsita egonen dira, gertaera horiek izan diren ekitaldian eta kaltetutako higiezin horiei dagokienez, eta kontzeptu horregatik ordaindutakoa itzultzeko eskatzen ahalko dute.
3. Foru agindu honen 1. atalean aipatutako udalerrietan jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, hartan adierazitako gertaeren ondorioz kalteak jaso badituzte, jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita egonen dira, gertaera horiek izan diren ekitaldian eta kaltetutako jarduerari dagokionez, eta kontzeptu horregatik ordaindutakoa itzultzeko eskatzen ahalko dute.
4. Foru agindu honen 1. atalean aipatutako udalerrietan eraikuntzak, instalazioak eta obrak dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, hartan gertaeren ondorioz kalteak jaso badituzte, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita egonen dira gertaera horiek izan diren ekitaldian, zergaren xedeko instalazio, eraikuntza eta obra kaltetu den portzentaje berean, eta kontzeptu horregatik ordaindutakoa itzultzeko eskatzen ahalko dute.
5. Foru agindu honen 2., 3. eta 4. ataletan aurreikusitakoaren arabera zerga-salbuespenak aplikatu eta dirua itzultzearen ondorioz toki entitateek jasotzen ez dituzten zergako diru-sarrerak konpentsatuko ditu Nafarroako Gobernuak, 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Toki entitateendako konpentsazioak toki tributuetako hobariengatik” izeneko 780001 78100 4609 942300 kontu-sailaren kargura, eta 2016ko, 2017ko, 2018ko eta 2019ko ekitaldietako aurrekontuetan horretarako gaitzen diren kontu-sail baliokideen kargura. Izan ere, kontu-sail horiek handituko dira aitortzen diren edo aitortu asmo diren obligazioen muga berdindu arte, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 47.1.e) artikuluan ezarritakoaren arabera.
6. Izenpetutako aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak dira laguntza hauek, ordena horretan, baita martxoren 6ko 2/2015 Errege Dekretuak aipatzen dituen laguntzenak eta Europar Batasunak onesten ahal dituenenak ere.
Kontzeptu horiengatik jasotakoa ez da inoiz izanen eragindako kalteen guztirako zenbatekoa baino handiagoa.
7. Foru agindu honetan aurreikusitako zerga-salbuespenak eskuratu nahi dituzten pertsona fisiko eta juridikoek eskaera egin beharko dute, zeinek bere udalean, 2015eko urriaren 31 baino lehen.
Horretarako, eta kaltea izan zen egunean ukitutako ondasunak aseguratuak ez bazeuden, honako aitorpena erantsi beharko zaio eskaerari:
–Kaltea izan zen egunean ukitutako ondasuna aseguratu gabe zegoela dioen erantzukizuneko aitorpena.
–Teknikari kualifikatu baten txostena, izandako kaltea identifikatu eta zenbatesten duena. Txosten horren ordez, kaltetutako ondasun higiezinetan eragindako gastuen fakturen kopia eta hori ordaindu izana frogatzen duen dokumentua aurkez daitezke.
–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizuneko aitorpena.
Kaltea izan zen egunean aseguratuak zeuden hiri-ondasun higiezinak ukitu badira, honako dokumentazio hau erantsi beharko zaio eskaerari:
–Baimen espresa, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak dagokion udalari eman diezaion kalteen tasazioari eta dagokion kalte-ordainari buruzko informazioa.
–Baimen hori eransten ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
- Kaltetutako ondasunentzat izenpetutako polizen kopia.
- Perituaren tasazioa, aseguratutako ondasunetan izandako kalteei eta dagokion kalte-ordainari buruzkoa.
–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteengatik jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizuneko aitorpena.
Kaltea izan zen egunean aseguratuak zeuden landa-ondasun higiezinak ukitu badira, honako dokumentazio hau erantsi beharko zaio eskaerari:
–Baimen espresa, Agrosegurok dagokion udalari eman diezaion kalteen tasazioari eta dagokion kalte-ordainari buruzko informazioa.
–Baimen hori eransten ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
- Kaltetutako ondasunentzat izenpetutako polizen kopia.
- Perituaren tasazioa, aseguratutako ondasunetan izandako kalteei eta dagokion kalte-ordainari buruzkoa.
–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizuneko aitorpena.
8 Foru agindu honetan aurreikusitako zerga onurak aplikatzen dituzten udalek Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian aurkeztuko dute konpentsazio eskaera, azaroaren 9ko 325/1998 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako epean eta baldintzetan (dekretu horren bidez toki tributuetan zerga-onurak onestearen ondorioz toki entitateek eskatu dituzten konpentsazio ekonomikoen eskaerak tramitatzeko prozedura onetsi zen). Eskaerarekin batera, honako hauek jasoko dituen ziurtagiria aurkeztuko dute:
–Eskaerak foru agindu honetan ezarritako epean aurkeztu izana.
–Foru agindu honetan aipatutako gorabehera meteorologikoen eta eragindako kalteen arteko erlazioa.
–Egin beharreko zerga-salbuespena eta jasotako laguntzak eta kalte-ordainak ez direla kalteen balioa baino handiagoak.
9. Foru agindu hau Gobernu Kontseiluak egiten duen lehen bilkuran aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuak berrets dezan.
10. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezaketela administrazio publikoek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
Iruñean, 2015eko maiatzaren 13an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.
Iragarkiaren kodea: F1507492