95. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IGANTZI

Deialdia, taxi lizentzia esleitzeko

Igantziko Udalak, osoko bilkuran, erabaki du taxi lizentzia bat lehiaketa baten bidez esleitzeko deialdia onestea.

Eskaintzak aurkezteko epea iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturalera bukatuko da, eta azken eguna larunbata edo udal bulegoei dagokienez lanegun ez dena baldin bada, orduan hurrengo lehen lanegunean izanen da, hura balioduna bada.

Igantzin, 2014ko maiatzaren 6an.–Alkatea, M. Lourdes Ibarluzea Irureta.

TAXI LIZENTZIA ESLEITZEKO AGIRIA

Agiri honen helburua da taxi lizentzia bat lehiaketa bidez esleitzea, bidaiarien hiri barneko eta hiri arteko garraio zerbitzua emateko gidaria duten alokairuko automobil arinetan, agiri honetan ezarritako irizpideekin bat.

Lehenbizikoa.–Tramitazioa, prozedura eta hautapen sistema.

Espediente honek tramitazio arrunta izanen du eta norgehiagoka esleituko da, esleipenerako zenbait irizpideri jarraikiz.

Bigarrena.–Eskabideen aurkezpena.

1.–Interesdunek taxi lizentziarako eskabideak oinarri hauetan (II. eranskina) azaltzen den eredua erabiliz aurkeztuko dituzte, Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu ere, bulego orduetan, edo bertzenaz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz.

Hirugarrena.–interesdunak.

1. Baldintza hauek betetzen dituen edonor aurkezten ahal da:

–Baldintza orokorrak.

Eskabideak aurkezteko baldintza orokorrak honako hauek dira:

a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estatu kide bateko herritarra, edo, Espainian dauden atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzko legedian xedatutakoarekin bat, garraio zerbitzua nork bere izenean egin ahal izateko beharrezkoak diren baimenak edo laneko baimenak edukitzea.

b) Hemezortzi urte beteak izatea, eta Zirkulazio Kodeak edo indarra duten legeek jarduera honetarako ezartzen dutena ez gainditzea.

c) B-1 motako gidabaimena izatea.

d) Eritasun infekto-kutsagarririk ez izatea, ez eta lanbidean normal aritzea eragozten edo zailtzen duen eragozpen fisikoren bat ere.

e) Aurrekari penalik ez izatea.

f) Administrazio publikoekin kontratuak egiteko debekurik ez izatea, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 30/2007 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

–Baldintza berariazkoak.

Eskabideak aurkezteko berariazko baldintzak honako hauek dira:

a) Beharkizun guztiak beteko dituen turismo kategoriako ibilgailu bat jartzeko konpromisoa.

b) Ibilgailuaren antzinatasuna ez da urtebete baino gehiago izanen hasierako matrikulazioaren datatik hona.

c) Langile guztiek euskaraz ahoz nahiz idatziz jakitearen ziurtagiria.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Lizentzien eskatzaileek frogatu beharko dute zerga betebehar hauek eta Gizarte Segurantzakoak beteak dituztela:

a) Prozedura honetan parte hartu ahal izateko ezinbertzekoa izanen da frogatzea, Udal Administrazioak emandako ziurtagiri baten bidez, Udal Administrazioko zerga betebeharrak eta Ogasun Publikokoak beteak dituztela.

b) Eskatzaileek konpromisoa hartzen dute turismo kategoriako ibilgailu bat jartzeko; ibilgailuak gehienez ere urte bat izanen du hasierako matrikula egunetik hasita. Konpromisoa hartzen dute, halaber, urteek aitzina egin ahala Udalak beharrezkotzat jotzen dituen baldintzak onartzeko, betiere baldintza ekonomikoak egokiak badira.

Bertze baldintzaren bat ezarri ahal izateko, taxi lizentziaren esleipen-hartzaileak aurkezten ahal dituen datu ekonomikoak hartuko dira kontuan.

c) Zerbitzuan eragin daitezkeen kalteengatiko erantzukizun zibila estalita izatea, indarra duen araudian ezarritako moduan.

Borzgarrena.–Esleitzeko prozedura nola gauzatuko.

1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauen iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Proposamenak aurkezteko epea amaiturik, tenorez eta moduz aurkeztu direnak aztertuko dira, eta ediktuen oholean onartu eta baztertuen zerrenda jarriko da ikusgai, interesdunek bidezko iruditzen zaiena alega dezaten beren eskubideen alde, 8 eguneko epean.

3. Aitzineko baldintzan aipatu epea bukatzen denean, eskaerak organo eskudunari (Alkatetza) bidaliko zaizkio. Alkatetzak, aztertu ondoren, proposamena eginen dio batzordeari, eta hasiera batean onetsiko da; esleipen-hartzaileari jakinaraziko zaio, honako hauek aurkez ditzan 90 eguneko epean: gehienez ere urte bat izanen duen ibilgailuaren dokumentazioa, erantzukizun zibileko asegurua eta esleipenerako beharrezkoak diren betebehar guztiak. Dokumentazioa aurkeztu ondoren, behin betiko esleipena eginen da.

Seigarrena.–Esleitzeko irizpideak.

1. Bidaiariak garraiatzeko zerbitzuan gutxienez ere urte bateko esperientzia duten gidariak: 0,25 puntu urte bakoitzeko; 2 puntu gehienez.

2. Gidabaimena eskatzen den mailakoa baino altuagoa izatea: puntu 1.

3. Herriko bizilaguna izatea, gutienez ere hiru urtez erroldatua: 10 puntu.

4. Langabezian egotea gehienez ere 14 punturekin baloratuko da, sailkapen hauen arabera:

–Familia unitateko kide guztiak 2 urtez edo gehiago langabezian egotea: 8 puntu.

  • Seme edo alaba adingabe 1 bere kargu: puntu 1.
  • 2 seme edo alaba adingabe bere kargu: 2 puntu.
  • 3 seme edo alaba adingabe bere kargu: 3 puntu.

–Familia unitateko kide bat 2 urtez edo gehiago langabezian egotea: 2 puntu.

  • Seme edo alaba adingabe 1 bere kargu: puntu 1.
  • 2 seme edo alaba adingabe bere kargu: 2 puntu.
  • 3 seme edo alaba adingabe bere kargu: 3 puntu.

–Familia unitateko kide guztiak 6 urtetik 2 urtera bitarte edo gehiago langabezian egotea: 4 puntu.

  • Seme edo alaba adingabe 1 bere kargu: puntu 1.
  • 2 seme edo alaba adingabe bere kargu: 2 puntu.
  • 3 seme edo alaba adingabe bere kargu: 3 puntu.

–Familia unitateko kide bat 4 hilabetetik 2 urtera bitarte langabezian egotea: puntu 1.

  • Seme edo alaba adingabe 1 bere kargu: puntu 1.
  • 2 seme edo alaba adingabe bere kargu: 2 puntu.
  • 3 seme edo alaba adingabe bere kargu: 3 puntu.

–Familia unitateko kide guztiak 4 hilabetetik 2 urtera bitarte lan ezengonkortasunean egotea: 5 puntu.

  • Seme edo alaba adingabe 1 bere kargu: puntu 1.
  • 2 seme edo alaba adingabe bere kargu: 2 puntu.
  • 3 seme edo alaba adingabe bere kargu: 3 puntu.

–Familia bateko kide bat 2 urtez edo gehiago lan ezengonkortasunean egotea (kontratuak eta tartean langabezia aldiak): puntu 1.

  • Seme edo alaba adingabe 1 bere kargu: puntu 1.
  • 2 seme edo alaba adingabe bere kargu: 2 puntu.
  • 3 seme edo alaba adingabe bere kargu: 3 puntu.

5. Behar bereziko egoera, gizarte zerbitzuek egiaztatua: 5 puntu.

6. Zerbitzuari buruz aurkeztu beharreko proiektua: 7 puntu.

7. Ibilgailuaren baldintza erantsiak (ahalmena eta egokitzeko elementuak): 5 puntu.

Zazpigarrena.–Egiaztapena.

1. Egiaztapena eginen da lan kontratuak, Gizarte Segurantzako inskripzioa eta kotizazioa eta lizentzia eman zuen Udalak luzatutako ziurtagiriak aurkeztuz, eta modu frogagarrian agertuko dira agiri horien hasiera data, bukaera data eta aldi bakoitzeko kotizazioari lotutako jarduera.

2. Eskatzaileek beren inguruabar pertsonal eta profesionalen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte, bai eta agiri honen hirugarren baldintzan ezarritako berariazko baldintzak ere.

3. Ateratzen den behin-behineko esleipen-hartzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu hiru hilabeteko epean:

–Garraioan aritzean sor daitezkeen kalteetarako erantzukizun zibileko aseguruaren fotokopia.

–Ibilgailuaren dokumentazioa, 7 eserleku eta gehienez ere urte bateko antzinatasuna izateko baldintzak beteta.

–BPT gidabaimena.

Zortzigarrena.–Esleipen-hartzaileen betebeharrak.

8.1. Lizentzien behin-behineko hartzaileek ezarri diren baldintza guztiak betetzen dituen ibilgailua funtzionamenduan jarri beharko dute laurogeita hamar eguneko epean, lizentzia ematen den egunetik hasita (justifikatutako arrazoiren bat izan ezean) eta, hala egiten ez badute, lizentzia iraungitzat joko da eta puntuaziorik handiena duen bigarrenari esleituko zaio zerbitzua.

Bederatzigarrena.–Espedientearen ebazpena.

Espedientearen gaineko ebazpena osoko bilkurak emanen du, izangaien behin betiko zerrenda argitaratu eta lau hilabeteko epean.

Hamargarrena.–Zerbitzuaren aurkezpena.

Lizentziaren hartzailea behartuta dago zerbitzua dagokion ibilgailuarekin ematera, laurogeita hamar egun naturaleko epean, lizentzia lortzeko honako baldintza hauek bete ondoren:

a) Aseguruaren kopia konpultsatua eta jardueraren legezkotasuna frogatzen duten agiriak aurkeztea. Aipatu epean aurkezten ez baditu, eskubide guztiak galduko ditu.

Esleipen-hartzaileak 24 orduko telefonoa izan behar du zerbitzuan.

Hamaikagarrena.–Lizentzien titularraren eskubideak eta betebeharrak.

Lizentzien titularraren eskubideak eta betebeharrak agiri honetatik eta Igantziko Udalak emandako lizentziatik sortzen direnak dira, baita aplikatu beharreko legediaren ondoriozkoak ere.

Lizentziaren esleipen-hartzaileak berak ustiatu behar du lizentzia edo, bertzenaz, kontrataturiko soldatapeko gidari batekin batera (tokiko gidabaimena izan behar du eta Gizarte Segurantzan afiliatuta egon), eta ibilgailua baimendu den zereginerako erabili. Ezarri diren baldintzak betetzen ez dituzten soldatapeko langileak kontratatzen badira, lizentzia baliogabetu eta kendu eginen da.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ..................................................................., karrika: ................................., udalerria: ....................................., NANa: ........................., telefonoa: .............................

ADIERAZTEN DU:

Alokairuko automobil arinetan bidaiarien hiri garraioko zerbitzua egiteko taxi lizentzia bat lehiaketa bidez esleitzeko deialdia ikusirik, deialdi horretan parte hartu nahi dudala.

Osoki onartzen dudala lehiaketa hori arautzen duen baldintza-agiria.

Lehiaketa arautzen duten administrazio baldintzen agirian eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala eta, horretarako, jatorrizko agiri hauek edo kopia konpultsatuak aurkezten ditudala:

1.–NANa edo, atzerritarra izanez gero, agiri baliokidea.

2.–Indarra duen legediak bidaiarien garraio publikorako automobilak gidatzeko eskatzen duen gidabaimena.

3.–Zerga betebeharrak eguneratuak ditudala frogatzen duen ziurtagiria.

4.–Udal Administrazioarekiko zerga betebeharrak eguneratuak ditudala frogatzen duen ziurtagiria.

5.–Erroldaren ziurtagiria.

6.–Bidaiarien garraio zerbitzuan esperientzia izatea frogatzen duen ziurtagiria (horrelakorik bada).

7.–Langabezia egoera frogatzen duen agiria (horrelakorik bada).

Horrenbertzez,

ESKATZEN DUT:

Igantziko Udaleko taxi lizentzia emateko lizitazio prozeduran onartua izatea.

Nire erantzukizunpean adierazten dut ez nagoela bateraezintasun edo ezintasun egoeretakoren batean, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legearen 49. artikuluan eta Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 10eko 5/1985 Lege Organikoaren 159.b) eta 178.2.d) artikuluen arabera.

Iragarkiaren kodea: L1406531