94. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

113/2014 FORU AGINDUA, maiatzaren 6koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, martxoaren 10eko 257/2011 Foru Agindua aldatzen duena (foru agindu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan ordutegia apurka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak onetsi ziren).

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren martxoaren 10eko 257/2011 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan ordutegia apurka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak onetsi ziren. Hartan, oro har, ezartzen da eguneko lanaldiak 7 ordu eta 20 minutu izanen dituela, zati bat finkoa izanik eta bestea malgua: finkoa 9:00etatik 14:30era izanen da, eta malgua 7:30etik 9:00etara eta 14:30etik 17:00etara.

Zenbait lanpostutan, beren ezaugarriak direla eta, dedikazio esklusiboko osagarria dute plantilla organikoan, edo lanaldia luzatzearena, zeren maiz egin behar izaten baitute oro har ezarritakoaz bestelako lanaldi bat. Horregatik, beharrezkotzat jo da orokorki ezarritako ordutegi malgutasuna aldatzea, langile horien lanaldiaren zehaztasunak biltzeko.

Foru agindu honen edukia Mahai Orokorrean negoziatu da erakunde sindikalekin, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 83.6.h artikuluarekin bat.

Horrenbestez, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren martxoaren 10eko 257/2011 Foru Agindua aldatzea (horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan ordutegia apurka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak onetsi ziren), hots, 1. A) atalari lerroalde bat eranstea, honako testu hau izanen duena:

“Dedikazio esklusiboko osagarria edo lanaldia luzatzearena duten postuetako langileei ez zaizkie aplikatuko ordutegiko zati malgurako ezarritako mugak.”

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2014ko maiatzaren 6an.–Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1406638