93. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 15a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA

Ediktua. 798/2010 prozedura arrunta

María Ángeles Ederra Sanz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako idazkaria.

Aditzera ematen dut: 798/2010 administrazioarekiko auzi-errekurtsoan epaia eman da eta irmo geratu da. Hona hemen horren idazpurua eta epaitza, hitzez hitz:

“195/2014 epaia.

Francisco Javier Fernández Urzainqui jauna, Alfonso Otero Pedrouzo jauna, Miguel Ángel Abárzuza Gil jauna.

Iruñean, 2014ko apirilaren 4an.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatutako magistratu jaunek osatuak, 798/2010 errekurtsoaren autoak aztertu ditu. Honako honen aurka sustatu zen errekurtsoa: intereseko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek Auzako Kontzejuaren mugapean herriko jabari publikoaren aprobetxamendu bereziagatik ordaindu beharreko tasa arautzen duen ordenantza fiskala (2010eko 71. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 11n). Ondokoak izan dira alderdiak: errekurtsogilea, Vodafone España, S.A., Carlos Hermida Santos prokuradore jaunak ordezkatua eta Javier Gutiérrez Viloria legelari jaunak zuzendua, eta demandatua, Auzako Kontzejua, autoetan agertu ez dena.

Epaitza:

Partez baiesten dugu telefonia mugikorreko entitate errekurtsogileak prozesuan duen ordezkariak jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, demandatuak onetsitako udal ordenantzaren aurkakoa. Ordenantza horrek zerbitzuak eta hornidurak ustiatzen dituzten enpresek herriko jabari publikoaren zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu bereziengatik ordaindu beharreko tasak arautzen ditu, eta epai honetako idazpuruan berariaz zehaztu da. Horrenbestez, ordenantzaren zati hauek deuseztatzen ditugu:

a) Ordenantzaren 3. artikuluko lehen lerroaldeko azken tartekia. Horren arabera, tasa horren subjektu pasiboak dira aurreko atalean aipaturiko telefonia mugikorreko enpresak, bai hornidurak egiteko erabiltzen diren sareen titularrak badira, bai, sare horien titularrak izan gabe, sareak erabiltzeko, haietara iristeko edo elkar lotzeko eskubideen titularrak badira.

b) Ordenantzaren 5. artikulua, tasa finkatzeko aplikatu behar den zenbatekoa ezartzeko sistema edo prozedura jasotzen duena.

Ez da bidezkoa kostuak inori berariaz ezartzea.

Beraz, epai honen bidez, hori erabaki, agindu eta sinatzen dugu (epaiaren ziurtapena autoei erantsiko zaie). Epaiaren kontra kasazio errekurtsoa jar daiteke Sala honi berari zuzendua, hamar eguneko epean.

Eginbidea: Iruñean, 2014ko apirilaren 8an. Nik, María Ángeles Ederra Sanzek, idazkariak, egina, adierazteko gaurko egunean epai hori eman didatela, behar bezala sinatuta, alderdiei jakinarazpena egiteko eta legez ezarritako publikotasuna emateko, eta autoei hitzez hitzeko ziurtagiria erantsi diedala eta jatorrizkoa artxibatu dudala. Fede ematen dut”.

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2 eta 107.2 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, honako hau egin eta sinatzen dut.

Iruñean, 2014ko maiatzaren 2an.–Salako idazkaria, María Angeles Ederra Sanz.

Iragarkiaren kodea: J1406386