93. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

18E/2014 EBAZPENA, apirilaren 28koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2014. urteko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioek lan esanguratsua egiten dute Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan.

Parte-hartze hori hedatzen da eskola-dinamika bultzatzera bideratzen diren hezkuntzako eta kulturako jarduerak programatu eta antolatzera, ikasleen gurasoen elkarte eta federazioen bidez, baita ikastetxeetako hezkuntza-lanetan beren parte-hartzea sustatzera ere, esate baterako gurasoen prestakuntzarako jarduerak eta parte-hartzea bultzatzekoak, besteak beste.

Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu du onestea Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2014ko deialdia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2014ko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea. Oinarriak ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondotik adierazten den gehieneko gastua baimentzea 2014rako luzatu den 2012ko gastuen aurrekontuaren kargura:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

45.000

425005/42110/4819/324200

2014

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari, Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Hezkuntza Departamentuko kontu-hartzaile delegatuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Eskolatze Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2014ko apirilaren 28an.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.

OINARRI ARAUTZAILEAK ETA ERANSKINAK

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2014. urteko deialdia

Nafarroako Foru Komunitateko ikasleen gurasoen elkarteen federazioak jarduerak egitea bultzatu eta sustatu beharraz jabeturik, Hezkuntza Departamentuak laguntzak emateko 2014ko deialdi hau argitaratu du. Hauek dira deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea ikasleen gurasoen elkarteen federazioek antolatzen dituzten hezkuntzako eta kulturako jardueren programazioa eta antolaketa finantzatzeko laguntzak emateko.

2. Helburua.

Laguntzen helburua da eskola-dinamika bultzatzea ikasleen gurasoen elkarteen federazioen jardueraren bidez eta federazioek ikastetxeetako hezkuntza-lanetan parte har dezaten sustatzea.

3. Onuradunak.

Deialdi honetan parte hartzen ahal dute legearen arabera eratutako Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioek, betiere Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan inskribatuta baldin badaude.

4. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen jarduerak.

4.1. Federazioek honako jarduera hauek aurkezten ahalko dituzte, diruz laguntzen ahal diren jarduera gisa: gurasoen prestakuntza jarduerak, parte-hartzea sustatzekoak, berdintasunerako hezkuntzari eta bizikidetza baketsuaren garapenari lotutako informazio eta prestakuntza ekintzak, ingurumen hezkuntza, kontsumo arduratsua, aurrezki eta eraginkortasun energetikoa, hondakinen ingurumen kudeaketa zuzena eta abar, baita federazioek antolatu eta zuzentzen dituzten eta federazioko kideei, elkarteei eta hezkuntza komunitateko gainerako kideei zuzenduta dauden edozein jarduera ere.

4.2. Ezin izanen dira diruz lagundu giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetza balioak errespetatzen ez dituzten jarduerak, herritarrentzat iraingarriak izaten ahal diren, haien duintasuna urratzen duten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikurrak edo elementuak agertzen dituztenak, edo jarduera eta argitalpen politikoak.

5. Eskaera aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Erregistroan edo Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean aipatutako bideetako edozein erabiliz, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2009 Foru Dekretuak ezartzen duen bezala.

6. Aurkeztu beharreko agiriak.

6.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten federazioek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Behar bezala betetako eskabidea, II. eranskineko ereduari jarraikiz.

b) Laguntzen xede diren jarduera guztien deskribapena, III. eranskineko ereduaren araberakoa.

c) Deialdi honetara aurkezten diren jarduera guztien zerrenda-laburpena, IV. eranskineko ereduaren arabera.

d) Laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskabide-orria, banketxeak behar bezala betea, Nafarroako Gobernuari laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada, edo aurreko urteetako laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada. Eskabide-orria Interneten eskura daiteke, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm.

6.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski izan ez edo deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, gehienez ere 5 egun balioduneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko eskatzen ahalko zaie laguntzak eskatzen dituztenei, eta ohartaraziko zaie hala egin ezean ezetsi eginen dela beraien eskaera.

7. Balorazioa eta laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

7.1. Federazio eskatzaile bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, onartzen diren eskaeren kopuruaz gainera, honako hauek ere hartuko dira kontuan: federazio bakoitzari atxikitzen zaizkion elkarteen kopurua, kidetuta dauden familien kopurua eta egindako jardueren kopurua.

7.2. Ondorio horietarako, irizpide hauek kontuan hartuko dira:

a) Federazioentzat bideratutako diru guztiaren %15 zati berdinetan banatuko da onartutako eskaeren artean.

b) Diru guztiaren %25, federazio bakoitzean federatutako elkarteen kopuruaren arabera.

c) Diru guztiaren %30, federazio bakoitzaren elkarteetako familien kopuruaren arabera.

d) %30, federazio bakoitzak 4. oinarrian ezarritakoari loturik egindako jarduerengatik aurkeztutako gastuaren arabera.

8. Diru-laguntzak emateko prozedura.

Norgehiagokako prozedura erabiliko da laguntzak emateko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17 artikuluan aurreikusitako moduan.

9. Prozedura tramitatu eta instruitzeko organoak.

9.1. Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzua izanen da instrukzio organoa.

9.2. Balorazio batzorde batek aztertuko ditu aurkezten diren laguntza eskaerak. Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

–Epaimahaiko burua: Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.

–Batzordeko kideak: Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko bi teknikari.

9.3. Batzordeak aurkeztutako eskaerak baloratuko ditu, eta dagokien puntuazioa emanen die, 7. oinarrian ezarritako irizpideen arabera.

9.4. Behin-behineko balorazioa eta kalkulu horren oinarria osatzen duten datuak Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan argitaratuko dira, eskatzaileek behar diren egiaztapenak egin ditzaten. Behin-behineko balorazioan okerren bat atzematen badute, eskatzaileek behar den erreklamazioa egiten ahalko dute balorazioa argitaratu eta hiru eguneko epean.

10. Ebazpena.

10.1. Aurreko oinarrian ezarritako epea iragan ondoren, eta behin-behineko balorazioaren aurkako erreklamazioak aztertu ondoren, halakorik bada, balorazio batzordeak behin betiko balorazioa eginen du eta Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura bidaliko du. Zerbitzu horrek laguntzak emateko behin betiko proposamena goiko unitatera bidaliko du.

10.2. Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari dagokio deialdia ebaztea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 132/2011 Foru Dekretuaren bidez esleitutako eskumenen ondorioz.

10.3. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo hiru hilabetean berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaerak ezetsi egin direla ulertuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 23. artikuluan xedatu bezala.

11. Jakinarazpena eta errekurtsoak.

11.1. Prozeduraren gaineko ebazpena administrazio prozedura arautzen duen legerian ezarritako moduan jakinaraziko zaie eskatzaileei.

Halaber, Hezkuntza Departamentuak deialdi honen ebazpena Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan argitaratuko du, eta bertan agertuko dira laguntza hauen onuradun diren federazioen zerrenda, bakoitzari ordaindu beharreko dirua eta baztertu diren federazioen zerrenda, halakorik bada, baztertzeko arrazoiak azalduta.

11.2. Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

12. Laguntzaren ordainketa eta justifikazio ekonomikoa.

12.1. Finantzatzeko moduko gastu justifikatua.

Gastu justifikatutzat joko da, diru-laguntza ordaintzeari begira, diruz lagundutako ekintza edo jarduerarako gastua, betiere 2014ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era bitarte egin eta ordaindu bada.

12.2. Diru-laguntzaren ordainketa.

Diruz laguntzen den jarduera bakoitzari dagokion diru-laguntza kobratzeko, entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio instrukzio organoari, 2014ko azaroaren 15a baino lehen:

a) Egindako jardueraren azalpen memoria edo txosten labur bat, aurreikusitako helburuak zenbateraino lortu diren baloratuta. Memoria horri elementu material edo grafikoak (argazkiak) erantsi beharko zaizkio, Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jardueren berariazko erreferentzia azalduta. Bereziki, diru-laguntzaren xedeko jarduerari buruzko sustapen edo informazio agirien ale bat erantsi beharko da eta, halakorik bada, kartelaren, liburuxkaren, triptikoaren edo edozein publizitate euskarriren ale bat ere. Argitalpenak diruz laguntzen direnean, horien aleak ere erantsiko dira.

b) Gastua justifikatzeko kontua. Kontua V. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, jardueran egindako gastuak bilduko ditu eta, horietako bakoitzerako, hartzekoduna, zenbateko osoa eta ordainketaren data adieraziko ditu.

c) Aipatu kontu horrekin batera, hantxe adierazitako gastuak justifikatzen dituzten faktura jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira, baita ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak ere.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz luzatuko dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZ, faktura luzatzen deneko eguna, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, aplikatu den Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa) eta luzatzailearen sinadura.

Ez da inolaz ere onartuko ordainagiririk eta/edo kutxako tiketik.

d) Laguntza hartzen duen entitateko idazkariaren ziurtagiria, entitateko buruak ontzat emana, non entitateak ekitaldi horretan organo ofizial edo pribatuetatik harturiko bestelako laguntzak azalduko baitira, horrelakorik bada.

13. Bateraezintasuna.

Diru-laguntza hau bateraezina izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, Espainiakoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bestelako diru-laguntzekin.

14. Onuradunen betebeharrak.

Hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Diru-laguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

b) Diruz lagundutako jardueraren edo proiektuaren publizitate eta hedatze lan guztietan diru-laguntzaren jatorria adieraztea. Ildo horretan, elkarteek sustatzen dituzten eta deialdi honen arabera emandako laguntzak jaso dituzten programetan, argitalpenetan, iragarkietan eta abarretan Nafarroako Gobernuak babestuta daudela adierazi beharko da. Aipamen hori Hezkuntza Departamentuaren jarraibideen arabera egin beharko da.

c) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari.

e) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

g) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

15. Gardentasun-betebeharrak.

Entitate onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa hain justu, betiere Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta honako bi inguruabar hauek ematen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren zehaztearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala bada, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

Aipatu inguruabarrak gertatzen badira, gardentasunerako betebeharraren mende dauden entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu ondoren aurkeztuko da Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabete batekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez eskura egonen da Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskatutakoa gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean ondoz ondoko diru-laguntzak jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzean, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

16. Ikuskapena eta kontrola.

Hezkuntza Departamentuak eskubidea du edozein motatako argibide osagarriak eskatu eta diruz laguntzen diren jardueren ikuskapena eta kontrola egiteko.

Bere eskumenen esparruan, Hezkuntza Departamentuak federazio eskatzaileei ofizioz eskatzen ahalko die dokumentazio osagarria aurkezteko, federazioa osatzen duten elkarteen kopuruari eta elkarturiko familiei dagokienez horiek ematen dituzten datuen egiazkotasuna eta, hala denean, horiek ordaintzen dituzten kuotak egiaztatzeko.

Horregatik, deialdira aurkezten diren federazioek dokumentazio hori izan eta, hala denean, eman beharko diote Hezkuntza Departamentuari, egiaztapen eta kontrol jarduketak izan baititzakete.

17. Betebeharrak ez betetzea eta laguntza itzultzea.

Deialdiaren oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntza zertan erabili den ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak edo gezurrezko datuak emateak laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko dute, baita ordainketaren dataz geroztikako berandutza-interesak ordaintzea ere, hala badagokio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluak ezarritakoaren arabera kalkulatuak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutako gainerako erantzukizunak ezertan galarazi gabe (hurrengo deialdietan parte hartzeko eskubidea galtzea, besteak beste).

18. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratzen edo jakinarazten denetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

19. Aplikatu beharreko legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

II. ERANSKINA

Ikasleen gurasoen elkarteen federazioek laguntza jasotzeko eskabidea, 2014. urterako

Federazioaren izena:

Helbidea: ........................................ Telefonoa:

Herria: .............................................. Posta kodea:

Jakinarazpen elektronikoa (Posta Zerbitzuak emandako helbide elektronikoa badu) Bai Ez.

Baiezkoa bada, helbidea idatzi:

IFK/IFZ: ..................................... Erregistro zk.:

Federazioko burua: ......................................... Telefonoa:

Afiliatutako elkarteen kopurua:

Federazioak ordezkatzen dituen guraso elkarteetako familien kopurua: ...................................................................................................................

Ezaugarri horiek dituen federazioak eskatzen du Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteentzako laguntzen 2014. urteko deialdian parte hartzea.

Federazioak bere erantzukizunpean deklaratzen du Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan diru-laguntzak jasotzeko ezarritako debeku egoera batean ez dagoela.

Federazioko lehendakariak ziurtatzen du deialdi honetan aurkeztu diren jarduerak kudeaketa batzordeak onetsi dituela eta, halaber, ziurtatzen du eskabidean ageri diren datuak egiazkoak direla.

....................... (e)n, 2014ko ...................aren ........(e)an
FEDERAZIOKO LEHENDAKARIA
(Sinadura eta zigilua)

III. ERANSKINA

Jardueren azalpen txostena

Jardueraren izena:

Jardueraren azalpena:

Hartzailea:

Parte-hartzaileen kopurua:

Lortu nahi diren helburuak:

Jarduerak egiteko egunak (adierazi eguna, hilabetea, urtea, edo aldizkakotasuna):

Egiteko tokia:

Jardueraren arduraduna:

Gastuen aurrekontua (kontzeptuak zehaztu):

1.–Kontzeptua:

Zenbatekoa:

2.–Kontzeptua:

Zenbatekoa:

3.–Kontzeptua:

Zenbatekoa:

GUZTIRA

Oharrak:

....................... (e)n, 2014ko ...................aren ........(e)an

(Oharra: jarduera bakoitzeko bat bete).

IV. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarte eta federazioen aldeko laguntzetarako deialdian aurkeztutako 2014ko jardueren zerrenda-laburpena

1.–Jardueraren izena:

Zenbatekoa:

2.–Jardueraren izena:

Zenbatekoa:

3.–Jardueraren izena:

Zenbatekoa:

4.–Jardueraren izena:

Zenbatekoa:

5.–Jardueraren izena:

Zenbatekoa:

6.–Jardueraren izena:

Zenbatekoa:

7.–Jardueraren izena:

Zenbatekoa:

8.–Jardueraren izena:

Zenbatekoa:

9.–Jardueraren izena:

Zenbatekoa:

10.–Jardueraren izena:

Zenbatekoa:

11.–Jardueraren izena:

Zenbatekoa:

12.–Jardueraren izena:

Zenbatekoa:

13.–Jardueraren izena:

Zenbatekoa:

ZENBATEKOA, GUZTIRA

....................... (e)n, 2014ko ...................aren ........(e)an
FEDERAZIOKO LEHENDAKARIA
(Sinadura eta zigilua)

V. ERANSKINA

Gastua frogatzeko kontua

Diruz lagundutako jarduera:

DOKUMENTU ZK.

HARTZEKODUNA

ZENBATEKOA

ORDAINKETA
DATA

1

2

3

4

5

6

...

KOSTUAK, GUZTIRA

Iragarkiaren kodea: F1406705