93. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Baratze ekologikoak erabiltzeko erregelamendua.
Behin betiko onespena

2014ko 53. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, martxoaren 18an, jendaurrean egon da baratze ekologikoak erabiltzeko erregelamenduaren espedientea. Tramite hori bukatu denez inork alegaziorik edo erreklamaziorik aurkeztu gabe, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz aldaketa hori behin betikoa bilakatu da.

Horren kariaz, argitara emanen da honela aldaturiko testu arautzailea:

EGUESIBARKO BARATZE EKOLOGIKOAK
ERABILTZEKO ERREGELAMENDUA

1. Lurzatiaren esleipen-hartzaileak ezin du haren egitura aldatu, ezta haren mugak ere horma, zur, plastiko eta abarrekin. Ezin du, halaber, esleitu zaion lurretik edo lurzatitik haratagoko deus landu edo okupatu.

2. Baratzea titular bakarrari esleituko zaio eta horrek ezin izanen du lagatu, eskualdatu edo alokatu.

3. Lurzatia baratzeko laboreak edo loreak izateko soilik izanen da, modu ekologikoan landuz, eta espresuki debekatuta dago hazi transgenikoak eta nekazaritza ekologikoaren arloan indarra duen legediak baimendu gabeko belar-hiltzaileak, pestizidak eta ongarri kimikoak erabiltzea. Erakunde ziurtatzaileak edo Udalak egindako kontrolek lurzatiren batean aipatu produkturik antzematen badute, haren esleipena gal daiteke.

4. Galarazia dago faunarentzako segadak edo hautapenik gabeko harrapatze metodoak erabiltzea, baita amu pozoituak ere.

5. Galarazia dago baratzean zuhaitz espezieak lantzea.

6. Galarazia dago lurzatian elementu arrotzik jartzea, hala nola etxolak, eserlekuak, barbakoak, zoladurak, tresnak edo paletak gordetzeko kutxak eta abar. Galarazia dago, orobat, tokiko estetika aldatzen duen edozein material pilatzea edo uztea.

7. Makina motordunen erabilera, motoaitzurrena eta abarrena, adibidez, lurzati barnean, honela dago arautua:

7.1. Lorezaintza Zerbitzuak baratzeetan erabiltzeko dituen makina motordunak (motoaitzurrak) erabiliko dira. Baratzeen esleipen-hartzaileen eskura egonen dira aipatu Zerbitzuari aldez aurretik eskatuta.

7.2. Eremuan den eraikinean eginen da eskabidea, horretarako dagoen inprimakia erabilita.

7.3. Lorezaintza Zerbitzuak jendaurrean paratuko ditu erabiltzaileek eskatutako eta haiei emandako orduak.

7.4. Lorezaintza Zerbitzuak nahitaez azalduko dio erabiltzaileari makinen funtzionamendua haiek erabiltzea eskatzen duen lehen aldian.

7.5. Makinen arazoak erabiltzaileak azalduko ditu, erabili eta itzultzen dituenean.

7.6. Arazoak makinak oker eta ausarkeriaz erabiltzeagatik badira, erabiltzaileak konpondu beharko ditu. Lorezaintza zerbitzuak zehaztuko du inguruabar hori.

7.7. Makinen mantentze lanak eta egoera ona (gasolina, olioa...) Udalaren Lorezaintza Zerbitzuaren ardura izanen dira.

8. Galarazia dago landare igokariak paratzea, edo ondoko lurzatietan sartu edo bertan itzala egin dezaketen elementuak.

9. Egindako laboreak norberaren kontsumorako izanen dira. Beraz, galarazia dago haien salmenta.

10. Galarazia dago animaliak baratzeetara eramatea edo bertan edukitzea, horretarako prestatutako lekuetan izan ezik.

11. Jardueraren ardura duen erakundeak ezarritako instalazioak ireki eta ixteko ordutegia bete beharko dute esleipen-hartzaileek.

12. Baratzea lagatzeko epea bukaturik, parte-hartzaile bakoitzak hutsik eta garbi utziko du bere baratzea.

13. Erabiltzaileak lurzatia landu egin behar du.

Baratze bat abandonatutzat hartuko da, sartutako laboreak ez direla zaintzen garbi ikusten denean edo azaleraren %50 basabelarrek hartzen dutenean edo izurrite edo bizkarroiek, hainbeste izanik, ondoko lurzatietako laboreen osasuna arriskuan jartzen dutenean.

Baratze bat abandonatua dagoenean erabiltzaileak, abisua jaso, eta zazpi egun natural izanen ditu behar bezala lantzeko. Bestela, sastrakak garbituko dira eta erabiltzaileak ez du eskubiderik izanen erreklamatzeko. Urte berean bi aldiz abandonatzen bada, lagapena bertan behera utziko da. Era berean, justifikatu gabe (edo arduradunen ustez arrazoi eskasak emanda) bi hilabete baino gehiagoan baratzea abandonatzeak baratzea galtzea ekarriko du.

14. Gaizki erabiltzeagatik kaltetu, matxuratu, desegin edo galdutako ondasun edo tresnak konpontzeko edo berriz jartzeko konpromisoa hartzen dute esleipen-hartzaileek.

15. Esleipen-hartzaileek ura eta ematen zaien edozein elementu erabiltzearen inguruan arduradunek ezartzen dituzten arauak betetzeko konpromisoa hartzen dute.

16. Esleipen-hartzaileek konpromisoa hartzen dute antolatzaileek ematen dizkieten jarraibideak betetzeko, ordena eta baratzeen funtzionamendu egokia ziurtatze aldera.

17. Zentro kudeatzaileak emandako egiaztagiria eraman beharko dute erabiltzaileek. Baratze bakoitzean zenbait lagun egon daitezke, baldin lurzatiaren titularrak identifikatuak badauzka.

18. Udalak aldian-aldian ikuskapenak eginen ditu lurzatietan. Aurreko arauak edo horietatik eratorritakoak ez direla bete ikusten bada, araua bete behar dela adieraziko zaio erabiltzaileari. Adierazpen horiek bi aldiz eginen dira gehienez. Horiek iraganik, arau-hausteak jarraitzen badu, Udalak bukatutzat joko du baratzearen esleipena.

19. Esleipen-hartzaileek konpromisoa hartzen dute lurzatian sortutako hondakin organikoak kudeatzeko. Baratzeen eremuan jarriko den konpostaje komunitarioko gune batera eramanen dituzte. Gune horietan sortzen den konpost edo ongarri organikoa nahi duten esleipen-hartzaileei emanen zaie.

20. Lurzati bakoitzari esleitu zaion bakarkako etxoletan, norberaren tresnak edo beste elementuak baizik ezin dira gorde. Udalak beretzat gordetzen du etxolak ikuskatzeko eskubidea, beharrezkoa denean.

Sarrigurenen, 2014ko apirilaren 29an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria.

Iragarkiaren kodea: L1406237