93. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

115/2014 FORU AGINDUA, maiatzaren 9koa, Barneko kontseilariak emana, abenduaren 20ko 267/2013 Foru Agindua aldatzen duena. Horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2014ko lan egutegia onetsi zen.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari aditzera eman dio ezen, osasun laguntzako zerbitzu arrunten nahiz larrialdietakoen antolaketa dela-eta, Iruñerriko hainbat herritan beharrezkoa dela herriko festengatik jaieguntzat hartzen den eguna Iruñeko udalerrian arrazoi horrengatik jaieguntzat hartzen den egun bera izatea.

Foru agindu honen edukia Mahai Orokorrean negoziatu da erakunde sindikalekin, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 83.6.h artikuluarekin bat.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra. Abenduaren 20ko 267/2013 Foru Aginduaren 1. artikulua aldatzea. Horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2014ko lan egutegia onetsi zen.

Abenduaren 20ko 267/2013 Foru Dekretuaren 1. artikuluari 3. idatz-zatia erantsi zaio. Hona hemen testua:

3. Herriko festei dagokien jaieguna dela-eta, aurreko idatz-zatitik salbuetsiko dira Antsoainen, Barañainen, Berriozarren, Atarrabian, Burlatan, Zizur Nagusian, Zizurren, Mutiloan eta Sarrigurenen osasun etxe edo herriko kontsultategi batean aritzen diren langileak, Iruñeko udalerrirako kontzeptu horrengatik jaieguntzat ezarri den jaiegun bera izanen baitute (hau da, uztailaren 7a).

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko maiatzaren 9an.–Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1406880