88. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

FC296/2014 EBAZPENA, apirilaren 22koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiak emana, enpresa-proiektu berrien hasierako gastuei laguntzeko 2014ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateak 2013-2015eko ekintzailetza plana du, ekintzailetzari lotutako politiketan zer bideri jarraitu adierazten duena. Nafarroan sortu eta sendotutako enpresen kopurua handitzea du helburu plan horrek, enplegua sortu eta, horrenbestez, garapen ekonomikoa eta soziala ekartzearren.

Aipatu planaren ekintzetako bat laguntza bat sortzea da, enpresa bat sortzeko hasierako tramiteen zenbateko ekonomikoaren adinakoa. Beraz, ekintza horretan ezarritakoari jarraituz, hasierako gastu horiei laguntzeko deialdi hau onetsi da; zehazki, enpresa eraketaren eskritura publikoa egilesteko gastuei eta merkataritza erregistroan inskribatzekoei.

Orobat, Nafarroako Gobernuak 2013ko uztailaren 3an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiari 2014ko enpresa-proiektu berrien hasierako gastuei laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidean.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Enpresa-proiektu berrien hasierako gastuei laguntzeko 2014ko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 35.000 euroko gastua baimentzea, ebazpen honetatik sortutako konpromisoetarako, 2014ra luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuetako “Ekintzailetza plana. ETEen lehiakortasuna sustatzea” izeneko 125003 16510 7709 467300 kontu-sailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2014ko apirilaren 22an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusia, María Jesús Valdemoros Erro.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Ekintzailetza Nafarroan sustatzea dute helburu laguntza hauek; horretarako, diru-laguntzak emanen dira enpresa-proiektu berrien tramitazioko hasierako gastuetarako, hala nola, eraketa eskriturarako eta Merkataritza Erregistroan inskribatzeko gastuetarako.

2. oinarria. Onuradunak.

Pertsona fisikoak zein juridikoak izan litezke onuradunak, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Egoitza eta helbide fiskala Nafarroan dituen enpresa berria sortzea.

Ondorio horietarako, hau da enpresa berri bat: eraketa-eskritura, pertsona juridikoen kasuan, edo langile autonomoen araubide bereziko alta, pertsona fisikoen kasuan, 2013ko urriaren 1etik 2014ko irailaren 30era bitarte egiten denean.

Aurrekoa gorabehera, ondorio horietarako, lehendik jarduera bat egiten zuten langile autonomoak ere har litezke enpresa berritzat, betiere epealdi horretan hasierakoaz besteko jarduera ekonomikoen zergako (JEZ) epigrafe batean hartzen badute alta.

Ez dira inola ere enpresa berritzat hartuko baldin eta eskatzaileek edo sozietate eskatzaileko bazkide edo kideren batek sektore berean sailkatutako edozein jarduera egin badute, nork bere kontura, zuzenean edo beste sozietateren batean parte hartuz, aipatu epea hasi aurreko hiru urtean.

b) Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionaleko (CNAE 2009) edozein sektoretan sartutako jarduera ekonomiko bat garatzea, “Ausazko jokoak eta apustuak” izan ezik (CNAE 2009ko 92. epigrafea).

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluak onuradun izateko ezarritako debekurik ez urratzea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizuneko aitorpenaren bidez egiaztatuko da hori.

Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta dauzkala frogatzeko, eskabidean interesdunari jakinarazten zaio baimena ematen diola departamentuari egoera hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza emateko ebazpen proposamena egiten denean.

3. oinarria. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Enpresa eratzeko eskriturari eta Merkataritza Erregistroan inskribatzeari dagozkienak dira diruz laguntzen ahal diren gastuak, haiek 2013ko urriaren 1etik 2014ko irailaren 30era bitarte, egun hori barne, eginak izanik.

Ondorio horietarako, ordainketa epe horren barrenean egin denean ulertuko da gastua egina dagoela. 8. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, onuradunek 2014ko urriaren 10a bitarteko epea izanen dute gastu eta ordainketa horiek justifikatzeko.

2. Diru-laguntzaren zenbatekoa dirua jaso dezaketen gastuen %100 izanen da, eta, gehienez ere 700 euro onuradun bakoitzeko.

4. oinarria. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2014ko irailaren 1ean bukatuko da.

2. Ahal dela, eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala beharko da.

Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahalko dira eskaerak.

3. Eskabideak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko (www.navarra.es) laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa izanen baita, informazio hau izanen du:

a) Garatu beharreko jarduera azaltzen duen memoria.

b) 3. oinarrian adierazitako epeko gastuen zerrenda zehatza.

c) Hartutako de minimis laguntzei buruzko erantzukizuneko aitorpena, baita helburu bererako lortutako beste diru-laguntza batzuei buruzkoa ere, halakorik bada.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzen dituela azaltzen duen erantzukizuneko aitorpena.

4. Eskabidea ondoko dokumentazioarekin batera aurkeztuko da, eta, eskabidea bide telematikotik egiten bada, dokumentuek eskaneatuta, bereizita eta izen batekin behar bezala identifikatuta egon beharko dute:

a) Lan-bizitzari buruzko txostena, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak emana, sozietateko bazkide edo partaide bakoitzarena.

b) Lehenago inoiz ez bada Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso, “Transferentzia bidez kobratzeko eskabidearen” jatorrizko inprimakia, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) eskuratzen ahal dena.

c) Aurreko ataleko b) letran aipatzen den gastuen zerrenda justifikatzeko, ordainketaren dokumentuak eta fakturen fotokopiak aurkeztu beharko dira, gastuak eginak badira, eta aurrekontua, aurreikusitako gastuak badira.

5. Eskaerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, edo aurkeztu beharreko dokumentazioa osorik ez badago, zuzentzeko eskatuko zaio enpresari, eta ohartaraziko zaio ezen, ezarritako epean egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, eta, ondorioz, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

5. oinarria. Banakako ebaluazioa.

Eskaeretako bakoitza bereiz aztertuta erabakiko da diru-laguntza hau ematea edo ez; horretarako, eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Beraz, aurrekontuko dirua bukaturik, ezetsi eginen dira gainerako eskabideak.

6. oinarria. Diru-laguntza ematea.

1. Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu; horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko dio enpresari, eta adieraziko dio eskaerari ezarritako epean erantzuten ez badio eskatutako laguntzak ukatzen dituen ebazpena emanen duela.

Eskaeretako bakoitza aztertu ondoren, Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta, bertan, onuradunek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko da.

2. Diru-laguntza esleitu eta, hala balegokio, ordaintzeari buruz ebazteko eskumena Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako epea berariazko ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, administrazio publiko ez diren interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

7. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuari zuzenduta, interesdunek telematikoki aurkeztuko dute diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, Nafarroako Gobernuak Interneteko Atarian (www.navarra.es) eskura duen ereduaren araberakoa.

Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) 8. oinarrian ezarritako moduan egin eta justifikatu beharko dituzte diru-laguntzaren xedeko jarduerak.

c) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

8. oinarria.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. Diru-laguntzaren helburua bete eta gero, onuradunek, 2014ko urriaren 10a baino lehen, egin dituzten gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte. Horretarako, agiri hauek aurkeztuko dituzte 4. oinarrian adierazitako moduan:

–“Jarduketaren eta gastuen justifikazioa” izeneko inprimakia, Nafarroako Gobernuaren Interneteko www.navarra.es atariko laguntzen fitxan eskuragarri dagoena.

–Fakturen eta ordainketak frogatzeko agirien kopiak.

–Sozietatearen eraketa eskrituraren kopia.

–JEZeko altaren frogagiria, eta ordaindu izanaren ziurtagiria.

2. Frogagiriak aztertuta, Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela egiaztatzen duen txostena aurkeztuko da; besteak beste diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu dutela egiaztatuko dute.

9. oinarria. Diru-laguntzen bateraezintasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

1. Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, diru-laguntzaren xedeko gastu beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

2. Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan.

Horretarako, interesdunek eskabidearen inprimakian kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan jasotako beste “de minimis” laguntzak aitortuko dituzte.

10. oinarria. Oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek –ez administrazio publikoek–, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, araudia argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

11. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoarekin bat, Berrindustrializazioaren, Lehiakortasunaren eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1406221