1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
14E/2014 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, enpresen gizarte erantzukizuna sustatzeko laguntzen deialdia onesten duena.
Nafarroako Gobernuaren 2008ko abenduaren 22ko Erabakiaren bidez onetsi zen enpresen gizarte erantzukizuna Nafarroako Foru Komunitatean eragin, sustatu eta bultzatzeko programa orokorra. Programa horretan bildutako jarduketa bideetako bat enpresei ematen zaizkien laguntzak dira enpresen gizarte erantzukizuna sustatzeko.
Halaber, Nafarroako Gobernuak, 2009ko apirilaren 6ko Erabakiaren bidez, laguntza horiek banakako ebaluazioaren bitartez tramitatzea baimendu zuen, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedaturikoarekin bat.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. 2014. urteko laguntzen deialdia onestea enpresen gizarte erantzukizuna sustatzeko.
2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 93.400 euroko gastua baimentzea, deialdi honetatik sortutako konpromisoetarako, 2014ra luzatutako 2012ko Gastuen Aurrekontuko “Enplegu plana. Enpresen gizarte erantzukizuna sustatzeko programa” izeneko 190000 19000 4709 494100 kontu-sailaren kargura.
AURREKONTUKO KONTU-SAILA | RCSA KODEA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
190000-19000-4709-494100: Enplegu plana. Enpresen gizarte erantzukizuna sustatzeko programa | 4587 | 2014 | 93.400,00 |
Baimendutako gastutik, hauek dira ekintza bakoitzerako diru kopuruak: 25.000 euro, diagnostikoak egiteko; 42.000 euro, jarduketa planak egiteko; 9.600 euro, iraunkortasun txostenak prestatzeko, eta 16.800 euro, hobekuntza zikloak prestatzeko. Ekintzetako batean funtsik gelditzen bada, eskaerak aurkezteko epea bukatuta dela, beste batean erabiliko dira, eskaeraren hurrenkerari zorrotz jarraituz.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2014ko apirilaren 29an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. oinarria.–Xedea.
Enpresen gizarte erantzukizuna (EGE) Nafarroako Foru Komunitateko enpresetan bultzatzeko xedea dute laguntza hauek, “InnovaRSE” metodologiaren araberako diagnostikoak, jarduketa planak, iraunkortasun txostenak eta hobekuntza zikloak prestatuz.
EGEren definizioa, Europako Batzordearen arabera, “enpresen erantzukizuna da, gizartean duten eraginari buruz”. Legeria aplikagarria eta solaskide sozialen arteko hitzarmen kolektiboak errespetatzea aldez aurreko baldintza da erantzukizun hori betetzeko. Gizarte erantzukizuna guztiz bereganatzeko, enpresek, alderdi interesdunekin eskuz esku lan eginez, gizarte, ingurumen eta etika arloko kezkak, giza eskubideen errespetua eta kontsumitzaileen kezkak integratuko dituen prozesua aplikatu behar dute haien enpresa eragiketetan eta oinarrizko estrategian.
2. oinarria.–Aholkulariak baimentzea.
1. Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak aholkulari gisa baimendutako pertsonen zerrenda bat prestatuko du, diru-laguntzaren xedeko jarduketak egiteko; haiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Enpresentzako kontsulta edo aholku lanetan edo enpresa kudeaketan hiru urteko esperientzia izatea.
b) Helbidea Nafarroan duen enpresa edo entitate batean jardutea, kontsulta eta aholku lanetan.
c) “InnovarSE” metodologia erabiltzeko baimenduta egon izatea deialdiaren aurreko hiru urtean.
d) “InnovarSE” metodologia behin gutxienez ere aplikatu izatea.
e) Laguntzak eskatzeko epea, 5. oinarrian adierazitakoa, hasi aurretik Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak emanen duen “InnovarSE” metodologia eguneratzeko saioan parte hartzea.
2. Baimen hori eskuratu nahi duten interesdunek 10 egun naturaleko epea izanen dute eskatzeko, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Horretarako, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.navarra.es) zerbitzuan katalogoan eskura dagoen eskabidea beteta helbide honetara beharko dute igorri: ayudas.trabajo@navarra.es.
3. Baimentze prozesua eginik, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoari dagokion fitxan argitaratuko da baimendutako aholkularien zerrenda, eskatzaileek baimendutako norbait aukera dezaten diruz lagundutako jarduerak egiteko.
3. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.
1. 2014an, “InnovaRSE” metodologiari jarraituz egiten diren diagnostikoak, jarduketa planak, iraunkortasun txostenak eta hobekuntza zikloak dira diru-laguntzaren xede, baldintza hauek betez gero:
a) Diagnostikoen bidez, enpresa onuradunak gauza izanen dira EGEri dagokionez beren egoera atzemateko eta enpresaren politikan gizarte erantzukizunaren printzipioak aplikatzeko jarraitu behar diren bideak planteatzeko.
b) Aldez aurreko diagnostikotik abiatuta, enpresaren EGE hobetzeko garatu beharreko ekintzak zehazteko balio behar dute jarduketa planek. Laguntza hauek eskuratzeko, aholkulari baimendu batek egindako EGE diagnostiko bat dutela frogatu beharko dute enpresek.
c) Iraunkortasun txostenei esker, InnovaRSE metodologiaren araberako jarduketa plana egina duten enpresek beren kudeaketaren gardentasuna erakusteko baliabide zehatza izanen dute. Txosten horretan sartzen dira erakundeak garapen iraunkorrarekin lotuta egiten duen jardueraren neurketa, zabalkundea eta kontu ematea, barne eta kanpoko interes taldeen aurrean.
d) Hobekuntza zikloak diagnostikoa berrikusteko modua izanen da –lortutakoa eta lortzeko dagoena berrikusten da– iraunkortasun txostena egina duten enpresentzat, baita beste jarduketa plan bat ere, non hobetu beharreko beste eremu batzuk, helburuak eta hartu beharreko neurriak proposatzen baitira.
e) Diagnostiko bati, jarduketa plan bati, iraunkortasun txosten bati edo hobekuntza ziklo bati bakarrik emanen zaio diru-laguntza enpresa bakoitzeko.
f) Aholkulariak laneko denbora bat frogatu beharko du, 25 ordukoa gutxienez diagnostikoa egiteko, 50 ordukoa jarduketa plana prestatzeko, 15 ordukoa iraunkortasun txostena prestatzeko eta 60 ordukoa hobekuntza ziklo bat egiteko.
2. Lanen kostuaren %100 (BEZa kanpo) diru-laguntza jaso dezakeen gastutzat hartuko da. Laguntza, gehienez ere, 1.000 eurokoa izanen da diagnostiko bakoitzeko, 2.000 eurokoa jarduketa plan bakoitzeko, 600 eurokoa iraunkortasun txosten bakoitzeko eta 2.400 eurokoa hobekuntza ziklo bakoitzeko.
4. oinarria.–Onuradunak.
1. Honako baldintzak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira onuradunak:
a) Nafarroan kokatuta izatea.
b) Eskaera aurkezten den unean 5 langile, gutxienez, izatea.
c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekurik ez urrratzea.
Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egiten den unean Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak dituela frogatzeko, interesdunak baimena emanen dio eskabidean laguntzak kudeatzen dituen organoari datu horiek biltzen dituzten erregistroak kontsultatzeko.
d) Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluko aplikazio eremuan sartuta dauden enpresek erregistro horretan inskribatuta egon beharko dute.
2. a), b) eta c) letretako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskabidean datorren erantzukizuneko aitorpena erabiliko da. Gainerako baldintzak ofizioz egiaztatuko dira.
3. Aholkularitzako enpresak ezin dira laguntzen onuradunak izan, deialdi honetan ezarritako baimentze prozesuan parte hartu duten aholkulariak badituzte, ezta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko sozietate publikoak ere.
5. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
1. 2014ko ekainaren 6an hasiko da eskaerak aurkezteko epea, 08:00etan, eta 2014ko ekainaren 16an bukatuko da. Aipatu egun eta orduen aurretik edo ondotik aurkezten diren eskaera guztiak epetik kanpo egonen dira.
2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala beharko da.
Sinadura elektronikoaren titularrak du erantzukizuna, eskaeran emandako datuak egiazkoak izan daitezen.
3. Eskaerari “Enpresa zuzendaritzaren konpromisoa” izeneko dokumentua erantsi beharko zaio, zerbitzuen katalogoko fitxan eskura baitaiteke, diruz lagundutako jarduketak abian jartzeko.
6. oinarria. Diru-laguntza emateko prozedura.
Diru-laguntza hau banakako ebaluazioko araubidearen bidez esleituko da; horregatik, eskaerak aurkezteko ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Aurrekontuetan behar adina dirurik ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.
7. oinarria.–Diru-laguntza ematea.
Lan Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari; horretan agerraraziko da onuradunek laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
Diru-laguntza emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez, eskaera aurkezten denetik hasita.
Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Diru-laguntza jasotzen dutenek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek telematikoki aurkeztuko dute, diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, Nafarroako Gobernuak Interneteko Atarian (www.navarra.es) eskura duen ereduaren araberakoa. Horretarako, Erregistro Orokor Elektronikoa erabiliko dute, eta Lan Zerbitzura zuzenduko dira.
Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
b) Diruz lagundutako jarduera 9. oinarrian ezarritako moduan eta epean egin izana frogatzea.
c) Behar izatera, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea diru-laguntzari uko egiten diotela eta uko egitearen arrazoiak azaltzea.
d) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko baldintza orokorrak betetzea.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
9. oinarria.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.
1. Onuradunak jarduketa gauzaturik, 2014ko urriaren 24a arte, egun hori barne, izanen du epea 5. oinarrian adierazitako moduan dokumentazio hau bide telematikoan aurkezteko:
a) Justifikazioko inprimakia, 5. oinarrian adierazitako Internet helbidean eskuratzen ahal dena.
b) Diagnostikoaren, jarduketa planaren, iraunkortasun txostenaren edo hobekuntza zikloaren ale bana, euskarri digitalean.
c) Egindako gastuaren eta ordainketaren frogagiriak.
2. Frogagiriak aztertuta, Lan Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela egiaztatzen duen txostena aurkeztuko da; besteak beste, diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu dutela egiaztatuko dute.
10. oinarria.–Diru-laguntzen bateraezintasuna eta “de minimis” laguntzak.
1. Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, helburu berbererako emandako beste laguntza batzuekin.
2. Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
Horretarako, interesdunek eskabidearen inprimakian kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan jasotako beste “de minimis” laguntzak aitortuko dituzte.
11. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
12. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Lan Zerbitzuak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es) jarriko ditu jendaurrean esleitutako diru-laguntzak, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: F1406255