88. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

RIBAFORADA

Ribaforadan enplegua, autoenplegua eta jarduera ekonomikoak sendotzeko 2014ko ekitaldiko laguntzen deialdia

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 221. artikulutik 223.era bitartekoetan azaltzen da toki entitateek zer baldintzatan gauza dezaketen sustapen ekintza.

Ribaforadako Udalak, Industria-Ondare eta Ogasuneko Zinegotzigoen bitartez, jarrera ekintzailea sustatu nahi du, enplegua eta autoenplegua eragin eta bulkatu eta jarduera ekonomikoak sendotzen lagundu, horretarako laguntzak emanez autonomo gisa ezartzen diren pertsonei edo hobekuntzarako inbertsioak egiten dituzten beren konturako langileei. Horiek horrela, osoko bilkuran 2014ko otsailaren 27an hartutako erabakiaren bidez, onetsi egin da Jarrera ekintzailea sustatzeko, enplegua eta autoenplegua eragiteko eta bulkatzeko eta jarduera ekonomikoa sendotzeko laguntzen deialdia.

2014ko ekitaldiko udal aurrekontuan “Tokiko sustapena, industria eta ondarea” izeneko kontu-saila dago, 20.000 eurokoa, bi fasetan banatua: 10.000 euroko lehenengo fasea, bigarren fasera handitu daitekeena zenbateko berarekin.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du; horren arabera, besteak beste, beharrezkoa da diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak ezartzea.

Ribaforadan, 2014ko apirilaren 23an.–Alkatea, Jesús María Rodríguez Gómez.

RIBAFORADAN JARRERA EKINTZAILEA SUSTATZEKO, ENPLEGUA ETA AUTOENPLEGUA ERAGITEKO ETA BULKATZEKO ETA JARDUERA EKONOMIKOA SENDOTZEKO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Oinarri hauen helburua eta xedea da diru-laguntzak ematea Ribaforadan (Nafarroa) enplegua sortu eta sendotzeko ekimenetarako.

2.–Onuradunak.

Herrian erroldatuta daudenak eta/edo helbidea bertan dutenak izan daitezke onuradun, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Ribaforadan autonomo gisa ezartzea. Horri dagokionez, JEZeko alta eguna izanen da jardueraren hasierako eguna.

b) Jada autonomoak izanik eta/edo Ondasun Erkidegoetakoak edo Sozietate Zibiletakoak, jarduera hobetzen laguntzen duten inbertsioak egitea.

c) Merkataritzako sozietate txikiak (S.L., S.L.L. etab.), 5 langile baino gutxiagokoak eta 500.000 eurotik beherako fakturazioa dutenak.

3.–Zenbatekoa.

Onuradun bakoitzeko eta kontzeptu guztiengatik gehienez emanen den laguntza 2.000 eurokoa (bi mila euro) izanen da.

Salbuespen bat dago: onuraduna eskubide osoko bazkidea denean legez eratutako elkarte batean, eta elkarte horrek xede badu Ribaforadako lurraldean turismoa sustatzea eta garapen sozio-ekonomikoa bultzatzea, sozietatearen egoitza Ribaforadan (Nafarroa) izanik, aukera izanen du ordenantza honen 10. puntuan aipatu zenbateko bakoitzari %25 gehitzeko, guztira 2.500 euro (bi mila eta bostehun euro) gainditu gabe.

4.–Onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntza hauen onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak eta deialdi honetan ezarritako gainerakoak bete beharko dituzte.

Gainera, bereziki, gutxienez ere bi urtez diru-laguntza edo laguntza kobratzeko oinarria izanen den jarduera egin beharko dute, eta Gizarte Segurantzan edo horren baliokidean kideturik egon eta diru-laguntzaren xede izan diren aktibo finko materialak mantendu. Hori bete ezik, salbu eta onuradunak ezin izan duela bestela jokatu frogatzen duenean, kobratutako diru-laguntzak itzuli beharko dira, bi urteak bete arte falta den denborari dagokion proportzioan.

5.–Laguntzak emateko prozedura eta ebazpena.

Eskabideak aurkezten diren ordenan ebatzi eta tramitatuko dira espedienteak, banakako ebaluazioaren araubidean, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.

Ribaforadako Udalak, Industria eta Ondareko Zinegotzigoaren bitartez, deialdian ezarritako irizpideen arabera aztertuko ditu eskaerak eta haiei erantsitako dokumentazioa; horretarako, beharrezkoak iruditzen zaizkion argibide osagarri guztiak eskatu ahalko ditu.

Ebaluazioa buruturik, instrukzio organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta hartan jaso behar da onuradunek diru-laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Ebazpena gehienez ere bi hilabetean emanen da eskaeraren aurkezpenaren egunetik hasita.

6.–Diru-laguntzen bateragarritasuna eta gutxieneko laguntzen izaera.

Deialdi honetako diru-laguntzen xede diren jarduerak bateragarriak dira edozein administrazio, entitate edo pertsonak xede berarekin emandako beste diru-laguntza batzuk hartzearekin, baina jasotako diru-laguntzen zenbatekoa, guztira, ez da inoiz izanen diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

7.–Diru-laguntza eskatzeko betebeharrak eta haien frogabideak.

Diru-laguntza eskatu ahalko dute onuradun izan daitezkeen pertsonek eta entitateek, oinarri hauen 2. puntuan xedatutakoarekin bat, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Herrian erroldatuta egotea eta/edo negozioaren helbidea bertan izatea.

b) Helbide fiskala eta negozioa herrian izatea eta, horretarako, Ribaforadako Udaleko JEZean alta emanda egotea.

c) Ogasunarekin, Gizarte Segurantzarekin eta Ribaforadako Udalarekin dituzten betebeharrak eguneratuak izatea.

d) Behar diren obra lizentziak, jarduera sailkatuen lizentzia etab. eskatuak eta ordainduak izatea.

e) Proiektuaren bideragarritasun txostena izatea, bai teknikoa bai ekonomiko-finantzarioa.

8.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

Diru-laguntza bildu ahalko dute diruz laguntzen den jardueraren ezaugarriekin bat heldu diren gastuek. Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Benetan egindako gastutzat joko da deialdi honetan ezartzen den justifikazio epea bukatu baino lehen ordaindu dena.

Diruz laguntzen ahal diren kostuak:

a) Web orriak egitea. %50eko diru-laguntza emanen da, gehienez ere 400 euro (laurehun euro).

b) Bai ekintzailea/k bai langileak enpresa jarduerarekin zerikusia duten ikastaro, mintegi eta jardunaldietara joatea. Ez da diru-laguntzarik emanen masterrak egiteko. %50eko diru-laguntza emanen da, gehienez ere 250 euro (berrehun eta berrogeita hamar euro) parte-hartzaile batengatik eta behin bakarrik.

c) Inbertsio txikiak, azpiegiturak hobetzera bideratuak, baita establezimenduaren irudia hobetzera ere. Esate baterako: pintura, altzari berriak, zaharberritze obra txikiak, barneko eta kanpoko errotulazioak, eta erakusleihoak berritzea. %50eko diru-laguntza emanen da, gehienez ere 1.000 euro (mila euro).

d) Establezimenduko kontsumoak (argia, ura eta gasa) murriztera bideratutako inbertsioak. Esate baterako: argiak kontsumo baxukoez ordeztea, tenporizadoreak eta termostatoak jartzea, deskarga dualeko sistema duten zisternak jartzea, ura aurrezten duten txorrotak paratzea, hondakinak bereizten dituzten ontziak jartzea, ozonizatzaileak instalatzea, kontsumoak murriztera bideratutako obrak. %50eko diru-laguntza emanen da, gehienez ere 500 euro (bostehun euro).

e) Lanpostuak sortzea. Sortzen den lanaldi osoko lanpostu mugagabe bakoitzeko, ekintzailearena berarena ez dena, 750 euroko (zazpiehun eta berrogeita hamar euro) diru-laguntza emanen da. Honako hauek kontratatzen badira: 45 urtetik gorako langileak, edo %35eko desgaitasuna edo handiagoa dutenak legez onarturik, edo kontratazioaren unean NEZan enplegu eskatzaile gisa inskribatuta daudenak eta langabe gisa urtebeteko antzinatasuna edo handiagoa dutenak, diru-laguntza 1.000 eurotara (mila euro) igoko da. Kontratuak lanaldi osokoak ez direnean, zati proportzionalari emanen zaio diru-laguntza.

f) Inbertsioak etiketak jartzeko sistemetan, kodeen irakurleetan, balantza elektronikoetan eta salmenta puntuko terminaletan. %50eko diru-laguntza emanen da, gehienez ere 250,00 euro (berrehun eta berrogeita hamar euro).

Kontzeptu horietatik guztietatik BEZa salbuetsiko da.

9.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

Interesdunen eskaera deialdiari erantsitako eredu normalizatuaren araberako eskabidearen bidez eginen da (I. eranskina), eta eskatzaileak sinatu behar du.

Deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo lehen egun baliodunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta haren indarraldia bukatu arte iraunen du.

Proposamenak Ribaforadako Udaleko Erregistroan aurkeztu beharko dira.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak baimendutako erregistro ofizialetako batean aurkezten bada proposamena, egintza horren berri eman beharko zaio Udalari, proposamenak aurkezteko epearen barnean, Ribaforadako Udalera bidalitako telefax edo telegrama bidez.

Horren berri eman ezean, proposamena ez da onartuko. Dena den, aipatutako epea iragan eta hamar egun naturaleko epean proposamenik jasotzen ez bada, ez da inola ere onartuko.

10.–Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

a) Eskabidea, Ribaforadako Udalari zuzendua (I. eranskina).

b) Pertsona fisikoen NANaren eta enpresaren IFKren fotokopia, bidezkoa bada.

c) Gizarte Segurantzarekin, Ogasun Publikoarekin eta Ribaforadako Udalarekin dituzten betebeharrak eguneratuak izatearen ziurtagiria.

d) Erantzukizuneko aitorpena, onuradun izateko baldintza orokorrak betetzen direla dioena (I. eranskina).

e) Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak inolako debeku kausarik ez duela dioena (I. eranskina).

f) Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako diru-laguntzen zerrenda. Eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua zehaztu behar dira. Deialdi honetan parte hartzeko garaian beste erakunde batzuen ebazpenaren zain dauden laguntza eskaeren berri ere eman behar da (I. eranskina).

g) Helbideratzeko bankuko datuen ziurtagiria.

h) Jarduera berrien kasuan, proiektuaren bideragarritasun txostena, bai teknikoa bai ekonomiko-finantzarioa. Hasita dauden jardueren kasuan, egitekoak diren jarduketak eta horien helburua azalduko dituen memoria.

i) Erroldaren ziurtagiria.

j) Egoitza-baimena, egoiliar berrien kasuan.

k) Enplegua sortzearen ondoriozko diru-laguntza eskatuz gero, TC2 eredua (enpresako langileen kopurua) eta diru-laguntzaren xede den lan kontratua.

l) Jatorrizko agiriak eta frogagirien kopiak: fakturak eta ordainagiriak, kronologikoki ordenatuak. Ez da eskura egindako ordainketarik onartuko.

n) Ribaforadako lurraldean turismoa sustatzeko eta garapen sozio-ekonomikoa bultzatzeko xedea duen legez eratutako elkartea dela eta sozietatearen egoitza Ribaforadan (Nafarroa) duela frogatzen duen ziurtagiria.

Ordainduta dauden fakturak aurkeztu behar dira diru-laguntzarako. Epeka zatitutako fakturak badira, ezarritako epeen barneko data duten gastuetarako emanen da diru-laguntza.

Udalak edozein dokumentazio eskatu ahalko du, argigarria bada edo espedientea ebazteko interesekoa.

11.–Eskabideen akatsak zuzentzea.

Ordenantza honetan azaltzen diren dokumentu eta frogagirietako bat aurkezten ez bada, espedientea tramitatzen ari den organoak interesdunari jakinaraziko dio hamar egun naturaleko epea duela agiri horiek aurkezteko, eta hori egin ezean eskabidea tramitatzeko eskubidea galduko duela eta besterik gabe eskaera artxibatu eginen zaiola.

12.–Ebazteko eta jakinarazteko epea.

Ebazpena ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, behar den eskaera aurkezten denetik hasita. Aurkeztutako eskaerak ebaztea alkateari dagokio, Industria eta Ondareko Batzordeak egin beharrekoa eta loteslea den txostena jaso ondoren.

13.–Jakinarazteko edo argitaratzeko bidea.

Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat jakinaraziko zaie eskatzaileei.

14.–Laguntzak deuseztatzea, arau-hausteak eta zehapenak.

Diru-laguntzen onuradunak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean arau-hauste administratiboei buruz ezarritako erantzukizunen eta zehapen araubidearen mende egonen dira.

Deialdi honetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, datuak ezkutatzen badira, datu faltsuak edo desitxuratuak ematen badira, edo laguntzak emateko erabakigarriak diren egitate eta inguruabarrak egiaztatzeko lanak oztopatuz gero, emandako onurak deuseztatuko dira, eta gainera:

a) Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan itzuli beharko da jasotako dirua, baita eskatu ere legezko korritua gehi %25, diru-laguntza ordaindu edo kontura eman zenetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den eguna arte.

b) Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira eta, beraz, premiamenduzko administrazio prozeduraren bidez eskatu ahalko dira.

c) Lau urte iraganda preskribatuko da itzulketa aitortu edo likidatzeko Administrazioak duen eskubidea.

d) Itzulketa eskatzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

Ez-betetze kasuetan, behar den espedientea tramitatuko da, kontraesanaren eta frogaren printzipioen araberakoa, eta interesdunari entzunaldia emanen zaio, egoki juzgatzen dituen alegazioak egin eta frogak aurkez ditzan. Udalaren Gobernu Batzarra izanen da diru-laguntzak bertan behera utzi edo deuseztatzeko organo eskudun bakarra. Oinarri hauetan biltzen ez den orotan, indarra duen legerian xedatuak aginduko du.

15.–Ordaintzeko modua.

Onuradunak diru-laguntza justifikatu eta gero ordainduko da, aldez aurretik itzulketaren bidezkotasunari buruzko ebazpena emanda. Behar bezala justifikatzen ez bada edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusten diren inguruabarretako bat gertatzen bada, diru-laguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da.

16.–Jardueraren finantzaketa publikoaren publizitatea.

Diru-laguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera diru-laguntzaren xede diren programa, jarduera, inbertsio edo jarduketak Ribaforadako Udalak finantzatu dituela.

Onuradunak jarduera hedatzeko hartuko dituen neurriek bat etorri beharko dute diruz lagundutako xedearekin, hala formari nola iraupenari dagokienez; horiek horrela, ondoko bideak hartzen ahal ditu hedapenak: Ribaforadako Udalaren erakundearen irudia txertatzea, edota jardueraren finantzaketa publikoa agerian uzten duten testuak paratzea, karteletan, material inprimatuetan, baliabide elektroniko eta ikus-entzunezkoetan edota komunikabideetan egindako aipamenetan.

17.–Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betez, eskatzaileek emandako datuak Ribaforadako Udalaren titulartasuneko fitxategi automatizatu batean sartu ahalko dira.

Eskatzaileek, halaber, fitxategian sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubidea erabili ahal izanen dute Udalaren erregistro orokorrean.

18.–Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkeztu ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

I. ERANSKINA

Ribaforadan jarrera ekintzailea sustatzeko, enplegua eta autoenplegua eragiteko eta bulkatzeko eta jarduera ekonomikoa sendotzeko laguntzen deialdia

Eskabidea eta aitorpenak

Izena: ................................. Helbidea: ...............................................

NANa: ............... Telefonoa: ................ E-maila: ................................

Honako hau ordezkatuz:

Izena edo sozietatearen izena: .............................................................. IFK edo NANa: ......................... Jardueraren kodea-EJSN: ...................... Helbidea: ................ Kalea.....................................................................

Poligonoa: .................. Kudeatzailearen izena: ............................. Telefonoa: ................../..................

Faxa: ........... E-maila: .................. Web orria: ....................................

Behean sinatzen dudan honek eskatzen dut eskaera honi dagokion deialdian onar nazazuen.

Aditzera ematen dut eskabidean dauden datuak egiazkoak direla eta deialdian eskatzen diren baldintzak biltzen ditudala. Hitza ematen dut deialdiko betebehar guztiak beteko ditudala eta eskabide honetan dauden datu guztiak agiri bidez frogatuko ditudala.

Aditzera ematen dut ez dudala inolako debeku kausarik eta deialdi honen aurreko bi urteetan ez dudala honelako jarduerarik ez gisakorik nire kontura egin.

Lortutako diru-laguntzei buruzko aitorpena.

Lortutako diru-laguntzei dagokienez, aitortzen dut:

Ez dudala eskabide honen xederako inolako diru-laguntzarik jaso beste administrazio publiko batzuetatik, Espainiako zein nazioarteko entitate publiko, entitate pribatu edo partikularrengandik.

Eskabide honen xederako ondoko diru-laguntza hauek jaso ditudala beste administrazio publiko batzuetatik, Espainiako zein nazioarteko entitate publiko, entitate pribatu edo partikularrengandik:

ENTITATEA

LAGUNTZA MOTA

ESKATUTAKO KOPURUA

EMANDAKO KOPURUA

–Datuak eguneratzeari dagokionez.

Hitz ematen dut aitorpen honetan aipatutako diru-laguntzetan gertatzen den edozein aldaketa udal honi jakinaraziko diodala, idatziz, 15 eguneko epean, haien jakinarazpena jasotzen dudanetik hasita. Orobat, diru-laguntza eskatu diedan beste entitate publiko guztiak ere jakinaren gainean jartzeko konpromisoa hartzen dut. Halaber, jarduera abian jarri eta hurrengo 18 hilabeteetan gertatzen den edozein aldaketaren berri emanen dut, eta litekeena da diru-laguntza aldatu edo itzuli behar izatea, baldin eta jardueraren itxiera ezinbestekoa ez bada.

 Ribaforadan, .....(e)ko ..........aren .......(e)(a)n

Eskatzailearen sinadura

Iragarkiaren kodea: L1406097