88. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ELIZAGORRIA

Hirigintzako tramitazioen tasak eta Udalaren ingurumen arloko baimenen tasak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Elizagorriko Udalak, 2014ko otsailaren 21ean egin osoko bilkuran, aho batez erabaki zuen hasiera batean onestea Hirigintzako tramitazioen tasak eta Udalaren ingurumen arloko baimenen tasak arautzen dituen ordenantza.

Iragarkia toki entitate honen iragarki oholean argitaratu da, baita 2014ko 45. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, martxoaren 6an. Horren ondotik jendaurrean egoteko epea iragan da, inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, erabakia behin betikoa bilakatu da, eta ordenantzaren testu osoa argitara ematen da, ondorio juridikoak izan ditzan.

Elizagorrian, 2014ko apirilaren 16an.–Alkatea, Máximo López Caro.

HIRIGINTZAKO TRAMITAZIOEN TASAK ETA UDALAREN INGURUMEN ARLOKO BAIMENEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12. eta 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordainarazpen hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da hirigintzako edozein jarduketa tramitatzeari dagozkion zerbitzu tekniko edo administratiboak ematea, hirigintzako jarduketa edo ingurumena babesteko jarduera sailkatuetan aritzeari buruzkoak udal mugapearen edozein tokitan egiten direnean, hala lur pribatuan nola publikoan.

3. artikulua. Tasa hauei loturiko udal ekintza hirigintzako jarduketa hauetan gauzatzen da:

a) Obra lizentziak tramitatzea.

b) Udal Planeko aldaketa puntualak tramitatzea.

c) Plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak tramitatzea.

d) Lerrokaduren azterlan osagarriak edo xehetasun azterlanak tramitatzea.

e) Unitateen mugapenak eta erabilera aldaketak tramitatzea.

f) Lur banantzeak tramitatzea.

g) Birzatiketak edo kudeaketarako bestelako bitartekoak tramitatzea.

h) Urbanizazio proiektuak tramitatzea.

i) Hirigintza arloko kontsultak.

j) Alderdi batek eskaturik abiarazitako aurri espedienteak.

k) Jarduera lizentzia eta irekitzeko lizentzia ematea.

l) Emandako lizentzien aldaketak.

m) Lurzoruari eta hiri antolamenduari buruzko legeriak eskatzen dituen hirigintzako lizentziak ematea edo kontrolatzeko administrazio jarduerak egitea, lizentzia eskatu beharrean erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu behar denetan.

n) Establezimenduak irekitzeko lizentziak ematea edo kontrolatzeko administrazio jarduerak egitea, lizentzia eskatu beharrean erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu behar denetan.

ñ) Eta, oro har, aurrekoetan sartzen ez den hirigintzako edo udal ingurumen arloko edozein tramitazio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak edo Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak babestua baldin bada.

Ordaindu beharra

4. artikulua. Hirigintzako edo ingurumeneko tramitazioa eskatzen den unean sortzen da tasa ordaindu beharra.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Honako hauek ordaindu beharko dute: pertsona naturalek nahiz juridikoek, herentzia banatu gabeek, ondasun elkarteek, eta nortasun juridikorik ez dutelarik, hirigintzako edo ingurumeneko tramitazioa eskatzen duten beste entitateek, unitate ekonomikoa edo ondare banandua osatzen dutenak.

Tarifak eta karga-tasak

6. artikulua. Hirigintzako edo ingurumeneko aholkularitzaren txostenek eta prentsan argitaratzen diren iragarkiek zer kostu duten, horrenbeste izanen dira aplikatu beharreko tarifak, tasak eta karga-tasak, ordenantzaren 3. artikuluan aipatzen diren hirigintzako jarduketei dagokienez.

Alkatetzak eginen du tasen behin betiko likidazioa, eta behar den osoko bilkuran emanen dio horren berri Udalbatzari.

Tramitazioa

7. artikulua. Hirigintzako edo ingurumeneko tramitaziorako eskari orok berarekin beharko ditu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak edo Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak aipatzen dituzten edukia eta xedapenak.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Planeamendurako espedienteak tramitatzeko arduradunek, udal teknikarien aldeko txostena hartu ondotik, likidatzeko bulegoari igorriko dizkiote espedienteak. Bulego horrek likidazioa eginen du, eta bertan honako hauek aipatuko ditu: subjektu pasiboaren izena, tasa zer kontzepturen arabera likidatzen den, tasaren tarifa eta zenbatekoa.

9. artikulua. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesdunari jakinaraziko zaio, erregelamenduzko epean tasak ordain ditzan.

Azken xedapen bakarra.–Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

Iragarkiaren kodea: L1405913