88. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

37/2014 FORU AGINDUA, apirilaren 16koa, Osasuneko kontseilariak emana, 1. motako Diabetesak jotako Nafarroako Herritarren Erregistroa sortu eta arautzen duena eta dagokion datu pertsonalen fitxategia sortzen duena.

Nafarroako Ospitaleguneko Endokrinologia Zerbitzuak proposatuta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak txosten bat egin du, eta bertan adierazi 1. motako Diabetesak jotako Herritarren Erregistroa eta dagokion datu pertsonalen fitxategia sortu beharra dagoela.

Diabetes Mellitusa osasun publikoko lehentasunezko arazo bat da eta, beraz, esku hartzeko estrategia egokiak eskatzen ditu, bai eritasunaren prebentzioari eta osasunaren sustapenari dagokienez, bai osasun baliabideen kudeaketari eta jarduketen ebaluazioari dagokienez. Plangintza egoki bat eritasunaren gaineko informazio zehatz eta fidagarria erabiliz soilik lor daiteke. Horregatik, ezinbestekoa da 1. motako Diabetesak jotako Herritarren Erregistroa sortzea, Nafarroako Ospitaleguneko Endokrinologia Zerbitzuari atxikia, eritasunak sortzen dituen arazoak ezagutu eta ikertzeko eta, hala, eritasun horren inguruan osasun arloko jarduketa plan egokiak diseinatu ahal izateko.

Alde horretatik, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 8. artikuluan ezartzen du osasun informazioari buruzko sistema antolatu bat izan behar dela oinarria osasun plangintza eta ebaluazioari lotutako jarduerentzat. 23. artikuluan eransten du administrazioek erregistroak sortuko dituztela eta hainbat egoera ezagutzeko beharrezko diren informazio analisiak prestatuko dituztela, haietatik osasun arloko agintariek esku hartzeko ekintzak presta ditzaten.

Diabeteseko estrategia, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak 2006an onetsia, Osasun Sistema Nazionalaren kalitate planaren barrenean sartzen da, eta osasun sistemaren kalitatea hobetzea du helburu. 2012an, diabeteseko estrategia eguneratzeko dokumentua aurkeztu zen, Diabetes Mellitusak Espainian duen eragin gero eta handiagoa bigundu, pazienteen bizi kalitatea eta esperantza hobetu eta hilkortasuna gutxitzearren. Dokumentu horretan hainbat ekintza lerro ezarri dira, helburuak eta ebaluaziorako adierazleak barne.

Diabetes moten artean 1. motakoa nabarmentzen da; kopurutan txikia bada ere (guztiaren %5 inguru), ondorio kualitatibo garrantzitsuak ditu, eria intsulinaren menpe dagoelako bizirik iraun ahal izateko, eta bizitzaren lehen etapetan sortzen den eritasun horrek pazienteengan izan ohi duen iraupen luzeagatik.

Nafarroan 1. motako Diabetesak jotako Herritarren Erregistroa onestearekin eritasuna aztertzeko eta pazienteei osasun arreta emateko aukera sortzen da, eta lagungarria izan daiteke osasun sistema hobetzeko, eritasun horrek eragin handia baitu hartan.

Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuaren bidez arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esku dauden datu pertsonaleko fitxategi informatizatuak. Foru dekretu hori aldarrikatu zen egunean zeuden fitxategiak datuen tratamendu automatizatuko fitxategi pertsonal gisa onetsi ziren, eta erantsitako dokumentuaren zerrendan agertu ziren. Foru dekretu horren 2. artikuluak ezartzen du fitxategi berriak foru agindu baten bidez sortuko direla, eta fitxategiaren ardura duen unitatea zein departamenturen menpe edo zein departamenturi atxikirik dagoen, haren kontseilariak emanen duela foru agindu hori.

Aurrekoarekin bat, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 10/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin ere bai, bidezkoa da 1. motako Diabetesak jotako Nafarroako Herritarren Erregistroa izeneko datu pertsonaleko fitxategia sortzea.

Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak aurkeztutako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea eta helburua.

1.1. Foru agindu honek 1. motako Diabetesak jotako Nafarroako Herritarren Erregistroa sortu eta arautzea du xede, eta horren helburua informazio sistema integratu bat izatea da osasun arreta ebaluatzen laguntzeko eta eritasunaren ikerketa epidemiologikoa eta klinikoa indartzeko.

1.2. Halaber, foru agindu honen bidez datu pertsonalen fitxategi bat sortzen da, 1.motako Diabetesak jotako Nafarroako Herritarren Erregistroa izenekoa, eranskinean ezartzen diren ezaugarriak dituena.

2. artikulua. 1. motako Diabetesak jotako Nafarroako Erregistroaren atxikipena.

Nafarroako Ospitaleguneko Endokrinologia Zerbitzuari atxiki zaio 1. motako Diabetesak jotako Nafarroako Erregistroa, hark bildu eta prozesatuko baitu erregistroa eguneratuta edukitzeko behar den informazioa.

3. artikulua. Erregistroaren helburuak.

1. motako Diabetesak jotako Herritarren Erregistroak helburu hauek ditu:

–Eritasunaren eragin, prebalentzia, erikortasun eta hilkortasunari buruzko informazioa ezagutu eta aztertea, baita haren banaketa geografikoa ere.

–Arrisku taldeak identifikatzea, eta osasun laguntzako eta prebentzioko jarduerak planifikatu eta ebaluatzea.

–Azterlan epidemiologikoak eta eritasunaren oinarrizko ikerketa eta ikerketa klinikoa bultzatzea.

–Informazio garrantzitsua profesionalen artean eta, oro har, herritarren artean zabaltzea.

–Informazioa normalizatzea, nazioko zein nazioarteko jarraibide homologatuen arabera.

4. artikulua. Informazioaren berri ematea.

Nafarroako Foru Komunitatean dauden eta 1. motako diabetesak jotako pazienteak diagnostikatu, tratatu edo/eta haiei jarraipena egiten dieten zentro eta establezimendu guztiek, publikoek zein pribatuek, Nafarroan bizi diren pazienteei buruzko informazioa eman beharko diote 1. motako Diabetesak jotako Herritarren Erregistroari. Horretarako, zentroek informazio hori emateko arduraduna izendatzen ahalko dute, eta haren berri emanen diote Erregistroari, aldez aurretik.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko apirilaren 16an.–Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.

ERANSKINA

Fitxategiaren izena:
1. motako Diabetesak jotako Nafarroako Herritarren Erregistroa

a) Helburua eta erabilera aurreikusiak:

–1. motako Diabetes Mellitusaren inguruko osasun laguntza planifikatu eta ebaluatzeko beharrezkoa den informazioa sortzea.

–Eritasunari buruzko ikerketa eta zaintza epidemiologikoa erraztea.

b) Ukitutako pertsonak edo taldeak:

1. motako diabetesa diagnostikatua duten eta Nafarroan bizi diren pazienteak.

c) Datuen jatorria eta haiek biltzeko prozedura:

Datuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko administrazio datu-baseetatik eta pazientearen historia klinikotik lortuko dira, baita Nafarroako Foru Komunitateko osasun zentro eta zerbitzu pribatuek emandako datu-baseetatik ere.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta jasoko diren datu pertsonalak:

Identifikazio datuak:

–Eriaren deiturak eta izena.

–Nafarroako identifikazio-kode pertsonala (CIPNA).

–Osasun Sistema Nazionaleko identifikazio-kode pertsonala (CIP-SNS).

–Pazientearen helbidea.

–Telefonoa.

–NANa/IFZ.

–Historia klinikoaren zenbakia.

Ezaugarri pertsonalen gaineko datuak:

–Jaioteguna.

–Sexua.

–Herrialdea.

–Bereziki babestutako beste datu batzuk: aurrekariak, diagnostikoak, proba osagarrien emaitzak, tratamendua eta eritasunaren bilakaera.

e) Datu pertsonalak lagatzea:

Ez da daturik lagako.

f) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa:

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritza.

Osasun Departamentua.

g) Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideaz baliatzeko nora jo:

Nafarroako Ospitaleguneko Endokrinologia Zerbitzua.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua. Osasun Departamentua.

h) Tratamendu sistema: fitxategi automatizatua.

i) Segurtasun neurriak.

Hartzen diren segurtasun neurriak goi mailakoak dira.

Iragarkiaren kodea: F1406085