Iragarkia
86. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 6a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
65E/2014 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitatean langileak, batez ere langabeak, eta Gazteen Bermearen kolektibokoak kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza ekintzak finantzatzeko diru-laguntza publikoak emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onesten dituena.
Enplegurako lanbide prestakuntzak langile guztiei, direla landunak, direla langabeak, lan merkatuaren beharrekin bat datorren prestakuntza ematea xede du, enpresen lehiakortasunaren betebeharrak betetzen dituena eta, horrekin batera, langileen lanbide sustapena eta garapen pertsonala lortzeko nahiak asetzen dituena, lanbideetan modu kualifikatuan aritzeko eta lana aurkitzeko gaitasunak emanez.
Enplegurako lanbide prestakuntza lehentasunezko balore estrategikoa da aldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozialeko prozesuetan eta, beraz, enpleguan eta gizarte kohesioan egonkortasuna lortzeko funtsezko lanabesa.
Enplegurako lanbide prestakuntzaren ekimen bat da eskaintzako prestakuntza. Prestakuntza mota horren barruan, besteak beste, langileak, batez ere langabeak, kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza ekintzak daude.
Bestalde, 2013ko otsailaren 7ko eta 8ko Europako Kontseiluak, gazteen egoera latza eskualde jakin batzuetan aitortuta, gazteen enplegurako ekimen bat proposatu zuen, gazteen langabezia %25etik gorakoa duten Europako eskualdeen onurarako.
Gazteen Bermeak helburu du 25 urtetik beherakoek lan eskaintza ona, etengabeko hezkuntza, ikastun gisako prestakuntza edo praktikaldia jasotzea lau hilabeteko epean, hezkuntza formala bukatu edo lanik gabe gelditzen direnetik aurrera.
Horrenbestez, deialdi honetan pizgarriak sartu dira Gazteen Bermearen kolektiboko pertsonen kontratazioa errazteko.
Nafarroako Gobernuak, 2014ko otsailaren 26an egindako bilkuran, erabaki zuen Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea banakako ebaluazioaren araubidean diru-laguntza publikoak eman ditzan, Nafarroako Foru Komunitatean langileak, batez ere langabeak, kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza ekintzak finantzatzeko. Diru-laguntzek 300.000 euroko gastu baimendua dute.
Horrenbestez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren batzorde iraunkorrak aldeko txostena eman ondoren, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz (martxoaren 20ko 19/2013 Foru Dekretuak aldatu zuen foru dekretu hori).
EBATZI DUT:
1. 2014ko ekitaldirako diru-laguntza publikoak emateko deialdia onestea, Nafarroako Foru Komunitatean langileak, batez ere langabeak, eta Gazteen Bermearen kolektibokoak kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza ekintzak finantzatzeko.
2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honi atxikirik daude.
3. 300.000 euroko gastua baimentzea 2014ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Enplegu Plana. Enplegu konpromisoko eta hainbat taldetarako prestakuntza ekintzak” izeneko 170002/15200/4709/242104 kontu-sailaren edo hura ordezten duenaren kargura, betiere aurrekontuan diru erabilgarririk badago.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2014ko apirilaren 4an.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, María Isabel García Malo.
I. ERANSKINA
Kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza ekintzetarako laguntzak emateko deialdiaren oinarriak
1.–Xedea eta helburua.
1.1.–Oinarri hauen xedea da diru-laguntzak emateko prozedura arautzea, Nafarroako Foru Komunitatean langileak, batez ere langabeak, eta Gazteen Bermearen kolektibokoak kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza ekintzak finantzatzeko. Gazteen Bermearen kolektiboan 25 urtetik beherako gazte langabetuak daude, betiere prestakuntzako prozesu batean ez badaude.
1.2.–Deialdi honen bidez emanen diren diru-laguntzen helburua izanen da langileak kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza ekintzak finantzatzea, betiere lan merkatuaren beharrekin bat badatoz eta enpresen produktibitatearen eskaerak eta langileen lanbide sustapena eta garapen pertsonala lortzeko nahiak asetzen badituzte.
1.3.–Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren fitxategiko espezialitateekin lotutako eta lotu gabeko prestakuntza ekintzak lagunduko dira diruz, 300 orduz gehienez ere. Lehenbiziko 100 orduak %100 finantzatuko dira, hurrengo 100 orduak %70 eta azken 100 orduak %50. Bigarren tarteko %70eko finantzazioari %10 gehituko zaio azkenean kontratatzen den Gazteen Bermearen kolektiboko pertsona bakoitzeko.
1.4.–Aplikaziorako lurralde eremua Nafarroako Foru Komunitatea izanen da. Prestakuntza ekintzak urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik urte bakoitzeko azaroaren 30era bitartean eginen dira.
2.–Diru-laguntzen zenbatekoak.
2.1.–Deialdi honetan aurreikusitako ekintzak 2014ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Enplegu Plana. Enplegu konpromisoko eta hainbat taldetarako prestakuntza ekintzak” izeneko 170002/15200/4709/242104 kontu-sailaren edo hurrengo urteetan hura ordezten duenaren kargura finantzatuko dira, betiere aurrekontuan diru erabilgarririk badago.
2.2.–Prestakuntza ekintza bakoitzagatik eman beharreko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa zehazteko, 1.3 oinarrian xedatutakoa eta deialdi honen II. eranskineko modulu ekonomikoak hartuko dira kontuan. Kalkulu horren ondorioetarako, gehienez ere 15 ikasle hartuko dira kontuan.
3.–Entitate onuradunak.
3.1.–Honako hauek jasotzen ahalko dituzte oinarri arautzaile hauetan aurreikusten diren laguntzak: Nafarroako Foru Komunitatean dauden enpresek, haien elkarteek edo bestelako entitateek, prestakuntza jasotzen duten langileak kontratatzeko konpromisoa (deialdi honetan ezarria) hartzen badute.
3.2.–Enpresek, haien elkarteek edo bestelako entitateek prestakuntza ekintzak emateko behar den ekipamendua izan beharko dute, enpresek beraiek langileak kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza ekintzak ematen badituzte.
3.3.–Enpresa publikoak ezin daitezke oinarri hauetan araututako laguntzen onuradun izan.
3.4.–Enpresak ezin daitezke laguntzen onuradun izan langileen kopuru osoa gutxitu badute oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko sei hilabeteetan.
3.5.–Enpresak, haien elkarteak edo bestelako entitateak ezin daitezke laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako egoeretako batean badaude.
4.–Kontratatzeko konpromisoa.
4.1.–Prestakuntza ekintza bakoitza bukatzen duten pertsonen %60, gutxienez, kontratatuko beharko ditu entitate onuradunak, zuzenean edo haren kide edo elkartuen bidez.
4.2.–Kontratazioa prestakuntzako bigarren egunetik aurrera egin beharko da, hiru hilabeteko epearen barruan (prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita). Nafarroako Enplegu Zerbitzuak epe hori luzatzen ahalko du, entitate onuradunak eskaera arrazoitua egin ondoren.
4.3.–Lan kontratuak lan arloko araudiarekin bat etorriko dira eta, ahal bada, mugagabeak izanen dira. Bestela, gutxienez sei hilabeteko kontratuak izanen dira, lanaldi osokoak, edo horien baliokideak lanaldi partzialean, eguneko lanaldia %50ekoa dela, gutxienez ere.
5.–Prestakuntza ekintzetako parte-hartzaileak eta egiaztagiriak.
5.1.–Deialdi honetan adierazitako prestakuntza jardueretan honako hauek parte hartzen ahalko dute, deialdian ezarrita dauden baldintzetan:
a) Langabeek, inskribatuta badaude Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentzietan lan-eskatzaile gisa.
b) Kolokako enplegua duten landunek. Ulertuko da pertsona batek kolokako enplegua duela lanbide arteko gutxieneko soldatatik beherako soldata duenean.
Langileek Nafarroan kokatuta dauden zentroetan eman beharko dituzte zerbitzuak.
Langilea prestakuntzaren hasieran zein lan egoeratan dagoen, horren arabera joko da lanean ari den edo lanik gabe dagoen.
5.2.–Ebazpen honetan araututako prestakuntza ekintzetan, honako hauek ezin izanen dute parte hartu:
a) Administrazio eta enpresa publikoetako landunek.
b) Honako enpresa hauetako landunek: diru-laguntzaren enpresa onuradunak; diru-laguntza eskatu duten enpresa elkarteetako edo bestelako entitateetako enpresak; eta diru-laguntza emateko oinarri izan ziren konpromisoak (langileak kontratatzekoak) zuzenean hartu zituzten enpresak (kolokako enplegua duten landunak salbu).
5.3.–Parte-hartzaileak aukeratzeko arduraduna diru-laguntzaren onuraduna edo/eta prestakuntza ekintzak ematen dituen entitatea izanen da, objektibotasunaren eta berdintasunaren irizpideei jarraikiz eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin batera.
5.4.–Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan behar dute, eta haiek aprobetxatu. Honako hauek dira baztertuta gelditzeko arrazoiak:
a) Arrazoitu gabeko hiru hutsegite baino gehiago hilabete batean.
b) Prestakuntza ekintza ez aprobetxatzea.
c) Prestakuntza ekintzaren garapen arrunta trabatzea.
d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekiko, ikaskideekiko edo prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko langileekiko.
e) Prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.
5.5.–Entitate onuradunak bertaratze ziurtagiria emanen dio prestakuntza ekintza bukatu duen parte-hartzaile bakoitzari (ikastaroko ikastorduen %75 gutxienez), eta egiaztapen diploma bat, berriz, prestakuntza ebaluazio positiboarekin gainditu duen parte-hartzaile bakoitzari. Bi agirietan honako hauek agertu beharko dute, gutxienez ere: ekintzaren izenak, zentro gauzatzaileak, prestakuntzaren edukiek, zein egunetan egin den eta zenbat prestakuntza ordu jaso diren.
Aurreko lerroaldean aipatu diren egiaztagiriek, gutxienez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren logotipoa erakutsi beharko dute, toki ikusgarri batean. Logotipo hori ez da inolaz ere izanen entitate sustatzaile nahiz antolatzailearen ikurra baino txikiagoa. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.
Ziurtagiriak edo diplomak parte-hartzaileei emateko edo igortzeko gehieneko epea bi hilabetekoa da, parte hartu duteneko prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik aurrera.
6.–Prestakuntza ekintzak.
6.1.–Prestakuntza ekintzak presentzialak izanen dira eta haien helburua izanen da langileen lanbide trebetasunak eta kualifikazioak hobetzea eta lanbideko eguneratzea eta espezializazioa bultzatzea.
6.2.–Prestakuntza ekintzatzat hartzen da lanbide gaitasunak, teorikoak eta/edo praktikoak, eskuratzera bideratzen dena. Ekintzak unitate pedagogiko batean egituratua egon beharko du eta berezko helburuak, edukiak eta iraupena eduki beharko ditu, parte-hartzaile guztientzat berdinak.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren fitxategiko espezialitateekin lotutako prestakuntza ekintzak, kasuan kasuko espezialitateari dagokion prestakuntza programan ezarritakoarekin bat garatuko dira.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren fitxategiko espezialitateekin ez lotutako prestakuntza ekintzen kasuan, entitate onuradunak ezarriko du kasuan kasuko prestakuntza programa.
6.3.–Prestakuntza ekintzaren iraupena, eguneko, ez da inoiz 8 ordu baino luzeagoa izanen, eta asteko, ez 40 ordu baino luzeagoa.
6.4.–Prestakuntza ekintzetan taldeak eratu beharko dira, gehienez ere taldeko 25 parte-hartzailerekin.
6.5.–Ez dira prestakuntza jarduketatzat hartuko informazio edo zabalkundeko jarduerek, beren helburua prestakuntza prozesu baten garapena ez bada, hala nola jardunaldiak, azokak, sinposioak eta kongresuak.
6.6.–Deialdi honetan aipatzen diren prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonek lanetik kanpoko praktika profesionalak egiten ahalko dituzte Praktika horietan parte hartzen dutenek asegurua izan beharko dute, prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenen baldintza berberetan.
Prestakuntza jarduera egin bitartean nahiz jarduera hori bukatu ondoren gauzatzen ahal dira praktikak. Praktikak jarduera bukatu ondoren hasten badira, ez dira 30 egunetik gora iraganen jardueraren bukaera eta praktiken hasieraren artean. Haien iraupena izanen da haiek sortzen dituen ikastaroaren iraupenaren %20tik %100era bitarte, eta ezin da 20 ordutik beherakoa izan.
Praktikak hasi baino lehen, idazki bat aurkeztu beharko da Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, honako datu hauekin: parte-hartzaileen izen-abizenak, iraupena, ordutegia eta praktikak lanez kanpokokoak direla dioen ohartarazpena. Praktikaldi horiek izan ditzaketen gastuak enpresaren kargura izanen dira. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak informazio hori Lan Ikuskatzailetzara igorriko du.
7.–Eskabideak, agiriak eta horiek aurkezteko epea.
7.1.–Eskaerak egiteko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen dituen eredua erabiliko da.
Eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko erregistro orokorrean aurkeztuko dira, baita erregistro elektronikoen bidez nahiz lan agentzietan ere. Eskabideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aipatu erregistro eta bulegoetan ere aurkez daitezke.
7.2.–Eskabideak urtean zehar aurkezten ahalko dira, kontuan harturik 1.4 oinarrian ezarritakoa.
7.3.–Enpresek, haren elkarteek edo bestelako entitateek eskaera partekatu bakarra aurkeztuko dute, diru-laguntzaren xede diren prestakuntza ekintza guztietarako.
Eskaerak egiteko, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen duen eredua erabiliko da, eta enpresen, haien elkarteen edo bestelako entitateen legezko ordezkariak edo ordezkariek behar den moduan sinatuta aurkeztuko dira.
7.4.–Entitate eskatzaileak erantzukizuneko aitorpen hauek sinatuko ditu:
a) Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatu egoeretakoren batean ez dagoela dioen aitorpena (egoera horiek onuradun izatea galaraziko liokete).
b) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako bestelako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen gaineko aitorpena.
a) eta b) letretan aurreikusitako aitorpenek eskabidea sinatzen den unean hartuko dute indarra.
7.5.–Diru-laguntzen eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira, jatorrizko agirien edo behar bezala konpultsatutako kopien bidez:
a) Entitate eskatzailearen nortasuna frogatzen duten agiriak, eraketa eskrituraren, estatutuen eta erregistroko inskripzioaren kopien bidez, salbu eta lehenagotik Nafarroako Enplegu Zerbitzuan badaude.
b) Eskaera egiten duen lege ordezkari baimenduaren identifikazioa eta sinadura. Ordezkaritza hori notario-ahalordearen bidez edo zuzenbidean onartzen den beste edozein baliabideren bitartez frogatuko da, eta horrekin batera NANaren fotokopia eta jakinarazpenetarako helbidea aurkeztuko dira.
c) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zor guztiak kitatuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria.
d) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.
e) Transferentzia bidezko ordainketarako eskabidea, behar bezala betea, diru-laguntza, ematen baldin bada, ordaindu ahal izateko.
f) Prestakuntza proiektua justifikatzeko memoria.
g) Prestakuntza ekintza bakoitzerako berariazko agiriak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak horretarako banatuko dituen inprimakietan behar bezala beteak.
h) Diru-laguntzaren xede diren prestakuntza ekintza guztien laburpen zerrenda.
7.6.–Halaber, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurkezten diren eskaeren gainean ebazteko behar dituen argibide eta agiri osagarri guztiak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.
8.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.
8.1.–Diru-laguntzarako eskabidea aurkeztu ondoren, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei 10 eguneko epea emanen zaie, idazkia jaso eta biharamunetik hasita, behar diren argibideak edo agiriak aurkez ditzaten, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.
8.2.–Ez dira tramitera onartuko deialdian ezarritako epean aurkezten ez diren eskabideak; horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.
9.–Organo eskudunak eta diru-laguntzak emateko prozedura.
9.1.–Langileak kontratatzeko konpromisoak dituzten prestakuntza ekintzen programazioak finantzatzeko diru-laguntzak, banakako ebaluazioko araubidean emanen dira, Nafarroako Gobernuak hartutako erabaki baten bidez baimenduta, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.
9.2.–Espedienteak tramitatu eta ebazteko, sarrera egunaren hurrenkerari jarraituko zaio, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean. Enpresei, haien elkarteei eta bestelako entitateei emanen zaie diru-laguntza, betiere ebazpen honetan ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte eta ebazpenean ezarritakoarekin bat langileak kontratatzeko konpromisoa sinatuta badute.
9.3.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xedeko eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.
9.4.–Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanerako Prestakuntza Zerbitzuari dagokio.
9.5.–Espedientea ikusirik, instrukzio organoak behin betiko ebazpen proposamena eginen du, behar bezala arrazoitua, Zerbitzuko zuzendariak ontzat emana, eta onetsitako prestakuntza ekintzak biltzen dituen eranskina gehituko du.
Instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusirik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak espedientearen gaineko ebazpena emanen du.
9.6.–Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkeztu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.
9.7.–Prestakuntza ekintzetan emandako denborak eta programatutako ordu guztiek bat eginen dute. Salbuespenez, programatutakoak baino ordu gutxiago ematen ahal dira prestakuntza jardueretan, entitateak aurretik eta behar bezala justifikatuta eskatu badu eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak horretarako baimena eman badu.
9.8.–Hasiera batean onartutako prestakuntza ekintzak, azken zehaztapenari dagokionez, ez dira itxiak. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baimena ematen ahalko du ekintza horien ordez beste batzuk egiteko. Baimen hori lortzeko, entitate onuradunak idatziz egin beharko du eskaera, ordezpenerako arrazoiak emanez. Horrekin batera, ordeztu beharreko prestakuntza ekintza bakoitzeko beste fitxa bat aurkeztuko da, kasuan kasuko edukiarekin. Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko da, eta horrek ez du inolako gehikuntzarik eraginen hasiera batean emandako diru-laguntzan.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak eskatzen diren ordezpenei buruzko ebazpena emanen du, gehienez ere 15 eguneko epean, eskaera egin eta biharamunetik hasita. Aipatu epea organo emaileak ezer ere adierazi gabe bukatzen bada, baimena emantzat joko da.
10.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Deialdi honetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:
10.1.–Deialdi honetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenentzako doakotasuna errespetatzea.
10.2.–Diru-laguntzaren sarrera eta prestakuntza ekintzen exekuzio gastuak kontabilitateko kontu bereizietan edo berariazko epigrafe batean identifikatzea, guztietan “enplegurako prestakuntza” erreferentzia jarrita.
10.3.–Diru-laguntza zein prestakuntza jardueratarako eskatu den, hura egitea deialdi honen baldintza eta beharkizun formal eta materialei jarraikiz, baita diru-laguntza emateko oinarri izan ziren onespen baldintzekin bat ere.
10.4.–Deialdi honen babesean kontratatutako langilea gutxienez sei hilabetez enpleguan mantentzea, lanaldi osoko kontratua sinatzen denetik, edo horren denbora baliokideaz lanaldi partzialean, eguneko lanaldia %50ekoa dela, gutxienez ere. Edozein arrazoi dela-eta langileak enpresa uzten badu, bere ordez diruz lagundutako prestakuntza jaso duen beste ikasle bat kontratatu beharko du onuradunak 15 egun naturaleko epean, dagokion enplegu agentziaren bidez. Lerroalde honetan xedatutakoa betetzen ez bada, 18. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.
10.5.–Prozedura instruitzeko eta prestakuntza ekintzak gauzatu eta likidatzeko fasean behar diren argibide eta agiriak aurkeztea, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea parte-hartzaileak prestakuntza ekintzetara agertu direla frogatzen duten agiriak, parte-hartzaileek sinatuak eta ezarriko diren gutxieneko betebeharren arabera.
10.6.–Deialdi honetako prestakuntza jardueretan parte hartzen dutenentzat, onuradunek asegurua izanen dute jardueren ondoriozko arriskua estaltzeko, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatuz edo, horrelakorik izan ezean, horren berme gutuna, estaldura hau izanen duena, gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren orduetan gertatutako edozein istriputarako; horren barnean, bisitak egiteko irteera baimenduak eta parte-hartzailea bere ohiko bizilekutik ikastaroa ematen deneko tokira joateko behar den denbora (edozein lokomozio-bidetan); gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta gutxienez ere 72.000 eurokoa baliaezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek ikastaroan, bisitetan eta irteeretan eta in itinere joan-etorrietan sortzen badira.
10.7.–Bertaratze ziurtagiria ematea prestakuntza ekintzaren parte-hartzaile bakoitzari, edo aprobetxamendua egiaztatzen duen diploma bat, deialdi honetan ezarritako moduan.
10.8.–Diru-laguntza emateko betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta diru-laguntza emateko arrazoia izan den jarduera egin dela eta haren kostuak frogatzea.
10.9.–Administrazio eskudunari diru-laguntzaren xede diren jarduerak finantzatzen dituzten beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu dituztela jakinaraztea, harturiko funtsen aplikazioa frogatu baino lehen.
10.10.–Prestakuntza ekintzak ebaluatu, kontrolatu eta begiratzeko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta kontrol organoek sustatzen dituzten jarduketak onartu eta haiei modu aktiboan laguntzea, eskatzen dituzten argibide eta agiri guztiak noiznahi emanez.
Horretarako, prestakuntza ekintzak abian jarri, gauzatu eta justifikatzeko prozesuari buruzko dokumentazioa eta informazioa (parte-hartzaileek jasotzen ez dituzten bertaratze ziurtagiriak eta egiaztapen diplomak barne) zentroan gorde beharko da, ikuskapen eta kontrolaren eskura, gutxienez, lau urtez. Epe hori onuradunak diru-laguntzaren frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean hasiko da.
Epe hori bukatu gabe beren jarduera bertan behera uztea edo desegitea erabakitzen duten entitateek entitatean gorde diren agiri horien kopia igorri beharko diote organo eskudunari.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egokiak iruditzen zaizkion informazio eta agiriak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.
10.11.–Eskaeran edo eskaerak tramitatzeko eta diru-laguntzak emateko organo eskudunei aurkeztutako agiri edo ziurtagirietan gezurrezko daturik ez ematea.
10.12.–Deialdi honen babeseko ekintzen informazio eta publizitate jardueretan agertaraztea haiek finantzaketa publikoa izan dutela eta, horrekin batera, diru-laguntza zein administraziok eman duen.
Entitate onuradunak bere jakinarazpen, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan gutxienez Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian eta inolaz ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino neurri txikiagokoa. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.
Ez da diruz lagunduko atal honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez dituen materiala.
10.13.–Onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen, prestakuntza ekintzen garapenean hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratazioa egiten bada osorik edo partzialki.
10.14.–Gardentasunerako betebeharrak.
10.14.1.–Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa hain justu, betiere Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta honako bi inguruabar hauek ematen badira:
a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Ondorio horietarako, bi baldintza horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek ondotik zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute, entitatearen legezko ordezkariak sinatua, modu telematikoan Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzenduta, hilabeteko epean diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarri bezala:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren zehaztearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.
10.14.2.–Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak ematen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.
11.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.
11.1.–Deialdi honetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan eta aplikatzekoak diren beste arauetan ezarritakoa kontuan hartuta gauzatuko ditu onuradunak (edo berak azpikontratatutakoak) prestakuntza ekintzak. Azpikontratazioari dagokionez, 16. oinarrian xedatuari jarraituko zaio.
11.2.–Entitate onuradunek garatu behar duten prestakuntza ekintza bakoitzaren “hasierako jakinarazpen” bat igorriko diote Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, ekintza bakoitza hasi baino bi egun lehenago, gutxienez ere. Jakinarazpen horretarako, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eskura dagoen eredu normalizatua erabiliko da.
Jakinarazpena egin ondotik ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, ekintza hasteko data baino lehenago, salbu eta tokiaren, egunaren nahiz ordutegiaren aldaketa edo ekintza etetea eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuak eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza gauzatzen ari dela gertatzen bada.
11.3.–Halaber, prestakuntza ekintza hasi eta hirugarren eskola eguna arteko epean, hori barne, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari honako dokumentazio hau igorri beharko zaio:
a) Edukien programaren laburpena.
b) Ikastaroa hasten duten parte-hartzaileen zerrenda.
Zerrenda horretan azalduko da parte-hartzaileek prestakuntzaren hasieran zer lan egoera duten, hau da, landunak ala langabeak diren. Zerrenda horren kopia kontrol organoen esku utzi beharko da egun horretatik aurrera.
c) Ikastaro bakoitzeko prestatzaileen fitxa, eredu normalizatuan, datatua eta sinatua.
Hirugarren eskola egunera bitarte emandako orduak prestakuntza ekintzaren orduen %25 baino gehiago badira, dokumentazio hori bidali beharko da prestakuntzaren %25 hori bete baino lehen. Dokumentazioa bidaltzea ontzat emanen da baldin eta ehuneko hori gainditzen den eskola egunera bitarte bidaltzen bada.
Onartutako ikasle bakoitzaren fitxa, datatua, sinatua eta osorik betea, fitxarako behar diren agiriekin batera, Nafarroako Enplegu Zerbitzura bidali beharko da, prestakuntza jardueraren orduen %25 igaro ondoko bigarren egunera bitarte.
Oinarri honetan ezarritako epeetan jakinarazi ezik, ulertuko da prestakuntza ekintza ez dela burutu, diru-laguntzaren likidazio ekonomikoaren ondorioetarako, salbu eta jakinarazpena epean ez bada egin ezinbesteko arrazoiengatik, behar bezala frogatuta.
12.–Prestakuntzaren kontrola, ebaluazioa eta jarraipena egiteko plana.
12.1.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bere eskumenen barnean, arau honen bidez diruz laguntzen diren ekintzen ebaluazio, kontrol eta jarraipen eginkizunak burutzen ahalko ditu. Horretarako, entitate onuradunei edozein agiri eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz eginkizun horiek betetzeko bidezkoa bada.
Era berean, gauzatutako prestakuntza guztiaren kanpoko ebaluazioa egiten ahalko du Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, etengabeko prestakuntzaren azpisistema hobetzeko xedearekin.
12.2.–Entitate onuradunak, prestakuntza ekintza bakoitzaren azken likidazioarekin batera, eginiko ekintzaren memoria-ebaluazio bat aurkeztuko du. Ebaluazio-memoria horretan ikastaro bakoitza deskribatu eta ebaluatuko da, prestakuntza ekintzaren identifikazio datuak adierazita: entitate onuraduna, ikastaroaren zenbakia eta haren izena.
12.3.–Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako “Kalitatea ebaluatzeko galdetegia” erabiliko da, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak horretarako ezarritako eredu normalizatuan.
13.–Diru-laguntzaren ordainketa.
Diru-laguntza ordaintzeko, prestakuntza ekintzak eta haiek sortutako gastuak likidatu eta ekintzak egin direla justifikatu behar da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Onuradunak gardentasunerako betebeharra bete behar badu, 10.14.1 oinarrian ezarritako dokumentazioa oinarri berean agertzen den epean eta eran aurkeztu izana frogatu beharko du, edo Foru Komunitateko Administrazioaren zein organori aurkeztu dion adierazi, organo horrek emandako diru-laguntzaren onuradun izateagatik. Informazio hori eman izana ez da frogatu beharrik izanen, hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuta bada.
Betebehar hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza ez da ordainduko, aurrerakinak barne.
14.–Kostuak justifikatzeko jarraibideak, eta diru-laguntzen likidazio ekonomikoa.
14.1.–Emandako diru-laguntzen likidazio ekonomikoa 1.3 eta 2.2 oinarrietan xedatutakoari jarraikiz eginen da, ohartaraziz ordainketan prestakuntza bukatu duten parte-hartzaileak bakarrik hartuko direla kontuan.
14.2.–Prestakuntza egin ondoren, diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztearen ondorioetarako, parte-hartzaile baten prestakuntza bukatutzat emateko, prestakuntza ekintzako orduen %75ean, gutxienez ere, parte hartu behar izanen du.
Parte-hartzaileren batek prestakuntza jarduera uzten badu haren iraupenaren lehenbiziko %25ean, beste pertsona batzuk sar daitezke hartan, joandakoen ordez.
Pertsona langabeen kasuan, lana lortzeagatik prestakuntza ekintza utzi behar izan dutenek ekintza hori bukatu dutela ondorioztatuko da, baldin eta prestakuntza ekintzaren %25 egin badute gutxienez. Horretarako, ezin dira 15 egun natural baino gehiago pasa langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua hasten duen egunera arte.
14.3.–Egindako prestakuntza ekintza bakoitzaren diru-laguntzaren azken likidazioa egiteko, hura hasi zela behar den unean jakinarazi bada, entitate onuradunak hiru hilabeteko epean, gehienez ere, aurkeztu beharko du diru-laguntzaren justifikazioa, prestakuntza ekintza hori bukatu ondoko hurrengo egunetik aurrera.
Aurrekoa gorabehera, urte bakoitzeko abenduaren 31 izanen da azken eguna gastuen aitorpena eta ikastaroen azken likidazioa eta gastuen aitorpen sailkatua aurkezteko, hurrengo atalean aurreikusitakoak.
Diruz laguntzen ahalko dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren izaerarekin lotura duten gastu errealak, deialdian ezartzen den justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu eta justifikatu direnak, fakturen edo froga balio bera duten kontabilitate agirien bidez.
14.4.–Aurreko atalean aurreikusitako ondorioetarako, onuradunak, ezarritako baldintzak bete dituela eta diru-laguntza emateko ebazpenean ageri ziren helburuak lortu dituela frogatzeko, agiri hauek aurkeztuko ditu:
a) Egindako prestakuntza ekintza bakoitzagatik, gastuen aitorpena, ikastaroen azken likidazioa eta gastuen aitorpen sailkatua, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen duen ereduaren arabera, behar bezala beteak eta entitate onuradunaren legezko arduradunak sinatuak. Horrek bere gain hartuko du aurkezten diren datuen egiazkotasunaren erantzukizuna eta konpromisoa hartuko du administrazioak eskatzen dizkionean, agiri horietan ematen diren datuak abalatzen dituen kontabilitate dokumentazioa aurkezteko eta hark bidezkotzat jotzen dituen argibide osagarriak emateko.
Gainera, aurkeztu beharko ditu egindako lan bakoitzean emandako denboraren agiriak, egin dituen pertsonak sinatuak, irakastorduetatik kanpo prestakuntzan, tutoretzan eta ebaluazioan egiazki emandako orduak frogatuko dituztenak; eta ikastaroa zuzentzen, kudeatzen, hautatzen eta administratzen aritzeagatik emandako orduen kopurua ere bai.
b) Ikastaroa bukatu duten parte-hartzaileen zerrenda.
c) Asistentzia kontrolaren jatorrizko agiria, prestakuntza saio bakoitzean parte hartu dutenen sinadurak biltzen dituena, eredu normalizatuan, prestakuntza irakasle edo arduradunak sinatua.
d) Egindako ikastaro bakoitzeko ikaskuntza prozesuaren eraginkortasunaren ebaluazio-memoria, prestakuntza entitateak sinatuta eta zigilatua.
e) Bertaratze ziurtagiria edo aprobetxamendu diploma eman zaien ikasleen zerrenda, non haiek hartu izanaren agiria edo banatu dela frogatzen duen agiri fede-emailea agertuko baita.
f) Material didaktikoa eman zaien ikasleen zerrenda, non banatutako materiala eta haiek hartu izanaren agiria edo banatu dela frogatzen duen agiri fede-emailea agertuko baitira.
g) Egindako publizitatea (egunkarietako iragarkiaren fotokopia edo beste sistema bat).
h) Prestakuntza ematen dutenen zerrenda (izen-deiturak, NANa, Gizarte Segurantzako zenbakia), haietariko bakoitzak egiatan emandako ordu kopurua adieraziz.
i) Ikastaroa emateko erabili diren baliabide tekniko eta materialen zerrenda (ikasgelak, instalazio edo gela osagarriak, proiektorea, telebista, eta abar).
14.5–Kostuak honela justifikatuko dira: auditorearen txostena aurkeztuta edo fakturen eta frogatzeko balio duten bestelako agirien bidez, jatorrizkoa zigilatu ondoren, funtsak ongi erabili direla frogatzeko adinako zehaztasunaz. Horiek entitate onuradunean gordailutuko dira. Zigilatzeak gutxienez ere argibide hauek bildu beharko ditu:
“Nafarroako Gobernuak enplegurako prestakuntzaren esparruan emaniko diru-laguntzaren kargura, ............... urteko deialdiko ..... zenbakiko ikastarorako, honako zenbatekoa justifikatzen da: .......... euro.”
14.6.–Eskuarki onartzen diren kontabilitate arauekin bat, kostuak kargu agirien bidez frogatzea ontzat emanez gero, agiri horiek gastuaren edo haren egozpenen frogekin batera gorde beharko dira.
Azpikontratazioen kasuan, azpikontratistek egiten dituzten fakturak gastuen adierazpena eta azken likidazioa izeneko agiriko atalen arabera sailkatu beharko dira, eta prestakuntza ekintza bakoitzari egotzitako kostuak identifikatu.
Kontratistek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, laguntza ematekoa, alegia.
14.7.–Diruz laguntzen ahal den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obren exekuzioak sortutako kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipamenduko ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuek sortutako gastuen kasuetan, onuradunak gutxienez ere hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa kontratatu baino lehen, salbu eta, diruz laguntzen ahal diren kostuek izandako ezaugarri bereziren bat dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada. Diru-laguntzaren justifikazioarekin batera edo, hala bada, diru-laguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira eskaintzak. Haien arteko hautapena efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz eginen da, eta memoria batean justifikatuko da espresuki, proposamen ekonomiko onuragarriena hautatu ez bada.
14.8.–Prestakuntza jarduerak diru-laguntzaz gain berezko funtsekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, justifikazioan funts horien zenbatekoa, jatorria eta diru-laguntzen xede diren jardueretan nola aplikatu diren frogatu beharko da.
14.9.–Aurkeztutako agiriak justifikatzeko aski ez badira, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onuradunari atzemandako akatsak jakinaraziko dizkio, 10 eguneko epean zuzen ditzan.
14.10.–Azken frogagiriak aztertu ondoren, Prestakuntza Zerbitzuak prestakuntza ekintzaren espedientea amaitu eta azken likidazioa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, Zerbitzuko zuzendariak ontzat emanda.
Instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusirik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak espedientearen gaineko ebazpena emanen du.
15.–Langileak kontratatzeko konpromisoa bete dela egiaztatzea.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du langileak kontratatzeko konpromisoa bete dela.
Horretarako, honako hau eginen da:
a) Gutxienez zenbat parte-hartzaile kontratatu behar diren ezarriko da, honela kalkulatuta: prestakuntza ekintza bukatu dutenen %60, beheko osoko zenbakira biribilduz.
b) Egiaztatuko da kontratazioak 4.2 eta 4.3 oinarrietan ezarritakoa errespetatuz egin direla.
c) Aurrekoa bete ez bada, 18. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du langileak kontratatzeko konpromisoa bete dela eta hartu ziren gainerako betebeharrak mantentzen direla.
16.–Azpikontratazioa.
16.1.–Entitate onuradunak osorik edo hein batean, behingoz bakarrik eta oinarri hauetan ezarri bezala, prestakuntza jarduera azpikontratatzen ahalko du. Onuradunak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleren bat kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko.
Nolanahi ere, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizuna hartuko du bere gain administrazio publikoaren aurrean, eta berak zein azpikontratistak bermatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak behar bezala betetzea.
Behin ere ez da azpikontraturik eginen hirugarrenekin, haren edukiari balio erantsia gehitu gabe jardueraren kostua handitzen bada.
Azpikontratatuak izateko, prestakuntza zentro eta entitateek prestakuntza emateko behar den ekipamendua izan beharko dute.
16.2.–Azpikontratazioa onuradunari lotutako entitateekin egiten bada, ondoko egoera hauek gertatu beharko dira:
–Kontratazioa merkatuko baldintza normalen pean egitea.
–Aldez aurretik organo emailearen baimena eskuratzea.
16.3.–Hirugarrenekin itundutako jarduera diru-laguntzaren %20 baino handiagoa denean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, kontratua agiri idatzi baten bidez formalizatu beharko da eta organo emaileak aldez aurretik baimendu beharko du. Ezin izanen da, inolaz ere, kontratu bat zatikatu haren zenbatekoa gutxitzeko eta baldintza hori betetzea saihesteko.
16.4.–Oinarri honen bigarren eta hirugarren ataletan aipatutako organo emaileak aldez aurretik eman beharreko baimenari dagokionez, espresuki eman ahal izanen da diru-laguntza emateko ebazpenaren bidez, edo baimena eskatu eta biharamunetik 15 eguneko epean igorritako ebazpenaren bidez. Aipatu epea organo emaileak ezer ere adierazi gabe bukatzen bada, baimena emantzat joko da.
16.5.–Edonola ere, onuradunei eta kontratistei aplikatzekoak izanen dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 11/2005 Lege Orokorraren 26. artikuluan ezartzen diren betebeharrak.
17.–Prestakuntzaren barne kontrola.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontroleko jarduketa hauek egiten ahalko ditu:
a) “Denbora errealeko” jarduketak. Bertan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta egiten den bitartean, froga fisikoak eta lekukoenak erabiliz, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta prestatzaileei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, teknikoki egiaztatzeko prestakuntza ekintza nola egin den, haren edukia, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Halaber, argitalpenetan eta bestelako komunikabideetan agertuko da ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzatuta egin direla.
b) “Ex post” jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egiten ahalko dira, entitate onuradunei, prestakuntzako arduradunei, ikasleei eta/edo prestatzaileei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, besteak beste, honako hauek egiaztatzeko:
–Prestakuntza ekintzak egin ote diren.
–Parte-hartzaileen benetako kopurua.
–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma ematea eta bertan Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren logotipoa identifikatzea.
–Prestakuntzaren kostuak frogatzea: haien kontabilizazioa eta ordainketa, kontuan hartuta indarra duen araudian ezartzen diren betebeharrak.
18.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzen itzulketa.
18.1.–Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako beharkizunak eta emate-ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak diru-laguntza osorik edo hein batean kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du, edo, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako diru-laguntza osorik edo hein batean itzultzea, ondoriozko berandutza-interesekin batera (ordainketa agindu eta itzulketa bidezkoa dela erabakitzen denera bitartekoak).
18.2.–Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:
A.–Prestakuntza ekintzan:
a) Ez-betetzea erabatekoa bada:
Diru-laguntza eman zen helburuei dagokienez edo justifikazioaren betebeharrari dagokionez ez-betetzea erabatekoa bada, emandako diru-laguntzaren %100 itzuli beharko da. Orobat, ez-betetzea erabatekotzat hartuko da, baldin eta diruz lagundutako jardueran ez bada helburuen %35 bete, honela neurtuta: prestakuntza orduen kopurua bider prestatutako pertsonen kopurua.
b) Ez-betetzea hein batekoa bada:
Diru-laguntza eman zen helburuei dagokienez edo justifikazioaren betebeharrari dagokionez ez-betetzea hein batekoa bada, emandako diru-laguntza hein batean itzuli beharko da. Aurreko lerroaldean aipatutako adierazlea %35etik %75era bitarte bete bada, diru-laguntzari ez-betetzearen portzentaje hori kenduko zaio, betiere gastuak behar bezala justifikatu badira.
B.–Kontratazio fasean:
a) 4.1 oinarrian agertzen den konpromisoa betetzen ez bada, diru-laguntza murriztuko da proportzionaltasun irizpide bat aplikatuz, kontuan harturik kontratazioaren %60ri diru-laguntzaren %100 dagokiola.
b) 10.4 oinarrian ezarritako betebeharra betetzen ez bada, bidegabeko kaleratze batengatik, emandako diru-laguntzaren %100 itzuli beharko da.
c) 10.4 oinarrian ezarritako betebeharra betetzen ez bada, aurreko atalean adierazitako arrazoia ez bezalako beste arrazoi batengatik, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua ez-betetze mailaren araberakoa izanen da. Ondorio horietarako, aurreikusitako helburuen %75, gutxienez ere, lortzen direnean, betebeharrak ia osorik bete direla iritziko zaio.
18.3.–Halaber, emandako diru-laguntza osoa itzuli beharko da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak ezartzen dituen betebeharrak betetzen ez badira.
18.4.–Aurreko lehenengo puntuan dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean ofizioz hasiko da dirua itzultzeko prozedura, ezarritako prozedurarekin bat eta, bidezko bada, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
18.5.–Atal honetan ezarritako itzuli beharrak ez du galarazten Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean diru-laguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei buruz ezarritakoa.
19.–Prestakuntza ekintzak baliozkotzea.
Diruz laguntzen ahalko dira Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena eman baino lehen hasitako ekintzak, betiere deialdiko baldintza guztiak betetzen badituzte.
Diru-laguntzak ematen dituen ebazpena jakinarazten zaion egunerako ekintza bukatu bada, onuradunak hiru hilabeteko epean aurkeztuko ditu agiri guztiak, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita. Aurrekoa gorabehera, urte bakoitzeko abenduaren 31 izanen da azken eguna gastuen aitorpena eta ikastaroen azken likidazioa eta gastuen aitorpen sailkatua aurkezteko, hurrengo atalean aurreikusitakoak.
Diru-laguntzak ematen dituen ebazpena jakinarazten zaion egunean ekintza oraindik ez bada bukatu, oinarri hauetan orokorrean ezartzen diren epeak aplikatuko dira.
20.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
Onuradunek diru-laguntzaren xedeko jarduerak finantzatzen dituzten beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu badituzte, betiere prestakuntza ekintzaren gastuaren %100 gainditu gabe, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko diote, hartutako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
21.–Datuak babestea.
21.1.–Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.
21.2.–Entitate eskatzaile, onuradun eta parte-hartzaileen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan oro har ezartzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira interesdunak.
22.–Aplikatu beharreko arauak.
22.1.–Oinarri hauetan aipatzen den deialdian parte hartzeak berarekin dakar oinarriok oso-osorik eta bete-betean onartzea.
22.2.–Deialdi honetan ezarrita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legean, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan eta martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduan (abuztuaren 2ko ESS/1726/2012 Aginduak aldatua) xedatutakoari ere.
23.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Prestakuntza Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Atarian (www.navarra.es), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea.
24.–Errekurtsoak.
Oinarri arautzaile hauen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
II. ERANSKINA
Kostuak eta moduluak
Eranskin honek bi atal dauzka:
Lehen atala.–Finantzatzen ahal diren kostuak.
Bigarren atala.–Gehieneko modulu ekonomikoak.
Lehen atala.–Finantzatzen ahal diren kostuak.
1. Prestakuntza jardueraren zuzeneko kostuak:
a) Barruko eta kanpoko prestatzaileen ordainsariak, eta horien barnean sartzen ahal dira soldatak, gizarte aseguruak, dietak, lokomozio-gastuak eta, oro har, prestakuntza jardueren parte-hartzaileak prestatzen, tutorizatzen eta ebaluatzen aritzen diren prestatzaileei dagozkien kostu guztiak.
Ikastaroak prestatu eta ebaluatzeagatik emanen den diru-laguntza, orokorrean hartuta, ikastaroa emateko onartzen den zenbatekoaren %20koa izanen da gehienez.
Gastu horiek jardueran emandako orduen arabera behar bezala sailkatuta aurkeztu beharko dira.
b) Erabilitako tresna didaktikoak eta plataforma teknologikoak amortizatzeko gastuak, kontabilitateari buruzko arauetan onetsitako amortizazio irizpideen arabera kalkulatuak, eta prestakuntza ekintzak burutzeko alokairuen edo errentamendu finantzarioaren gastuak, interesak izan ezik.
Gastu horiek prestatzaileen eta prestakuntza ekintzen arabera behar bezala sailkatuta aurkeztu beharko dira eta, ekipamenduak banaka erabiliz gero, bukatzen duten parte-hartzaileen kopuruaren arabera egotziko dira; bestela, erabili zireneko orduen arabera.
c) Baliabide didaktikoen gastuak eta/edo material didaktikoak erostekoak eta prestakuntza ekintzak egiteko ondasun suntsigarrien gastuak, barnean direla babes eta segurtasunerako materialak.
Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera behar bezala sailkatuta aurkeztu beharko dira eta, ekipamenduak banaka erabiliz gero, bukatzen duten parte-hartzaileen kopuruaren arabera egotziko dira; bestela, erabili zireneko orduen arabera.
d) Alokairu gastuak, finantza-errentamendua, interesak izan ezik, eta prestakuntza egiteko erabilitako ikasgela, tailer eta gainerako eremuen amortizazioarenak.
Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera behar bezala sailkatuta aurkeztuko dira eta ekintzak dirauen aldirako egotziko dira.
e) Parte-hartzaileen istripu aseguruaren gastuak.
Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera sailkatuta aurkeztu beharko dira eta parte-hartzaileen kopuruaren arabera egotziko dira. Poliza kolektiboen kasuan, kostua banatzean aintzat hartuko da prestakuntza ekintza haren iraupena, eta iraupen horrekiko kostu proportzionala esleituko zaio.
f) Prestakuntza ekintzak antolatu eta zabaltzeko publizitate gastuak.
Gastu horiek prestakuntza ekintzaren arabera behar bezala sailkatuta aurkeztu beharko dira.
2. Prestakuntza ekintzari lotutako kostuak:
a) Barruko zein kanpoko laguntzako langileen kostuak eta prestakuntza jarduera kudeatu eta burutzeko behar diren guztiak.
b) Diruz lagundutako jarduerari zuzenean lotutako finantza gastuak, hura behar bezala prestatu edo burutzeko ezinbestekoak badira. Bankuetako kontuen zor interesak ezin izanen dira diruz lagundu.
c) Bestelako kostuak: argia, ura, berokuntza, mezuak, posta, garbiketa, zaintza eta lehen aipatu ez diren bestelako kostuak, prestakuntza ekintzari lotuak.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 28. artikuluaren 9. idatz-zatiarekin bat, onuradunak zentzuz dagokion zatian egotzi beharko dizkio kostu horiek diru-laguntzaren xede den ekintzari, onartu ohi diren kontabilitateko irizpide eta arauei jarraituz, betiere, kostu horiek jarduera egiazki egiten den aldiari dagozkion heinean.
Betiere, kostu lotuak eta zuzeneko kostuak egiazkoak izanen dira, egiazki egin, pagatu eta fakturen edo frogatzeko balio bera duten kontabilitate agirien bidez frogatzen direnak.
Ikastaro bakoitzerako azkenean pagatu beharreko zenbatekoa kontrol finantzarioaren eta deialdiko baldintzen emaitzen ondoren finkatuko da. Prestakuntza ekintzari lotutako kostuak jarduera osoaren kostuen %10 izanen dira gehienez ere. Portzentaje hori handitzen ahalko da, %15 arte, prestakuntza jarduera azpikontratatzen ez badu diru-laguntzaren onuradunak.
Kontzeptu partzialen kostuaren batura kapitulu bakoitzaren kostu osoa da, eta bi kapituluen kostuaren baturak ikastaroaren gastu justifikatuak osatzen ditu.
Prestakuntza zentroaren legezko arduradunak bere sinadura eta zigilua ezarriko ditu Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen dituen gastuen adierazpeneko eta ikastaroko azken likidazioko agirietan eta gastuen frogagirien zerrendan. Horrekin, datuen egiazkotasunaren gaineko erantzukizuna bere gain hartuko du eta, gainera, konpromisoa hartuko du Administrazioari, hala eskatzen zaion unean, agiri horietan agertzen diren datuak abalatzeko kontabilitateko dokumentazioa eta hark bidezkotzat jotzen duen informazio osagarria ere emanen diola.
Bigarren atala.–Gehieneko modulu ekonomikoak.
Deialdi honetako diru-laguntzen xede diren ikastaroak finantzatzeko ematen diren laguntzak likidatzeko aplikatzen ahal diren gehieneko modulu ekonomikoak (parte-hartzailearen eta prestakuntza orduaren araberako kostua) prestakuntza mailaren arabera ondoren ezartzen direnak izanen dira:
IKASTARO MODALITATEA | PRESTAKUNTZA MAILA | |
Oinarrizkoa | Goikoa | |
Presentziala | 8 euro | 11 euro |
“Oinarrizko maila” modalitateak oinarrizko trebetasun eta kualifikazioak garatzeko gaitasuna ematen du, eta aplikatuko da ematen den prestakuntza zeharkako gaien edo gai orokorren arlokoa denean. Aldiz “Goiko maila” aplikatuko da espezializazioa dakarten gaiak daudenean, edo programazio edo zuzendaritza gaitasunak garateko gaitasuna ematen duenean.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak esleituko die maila prestakuntza espezialitateei. Esleipen horrek diru-laguntzaren gehieneko kostua ezarriko du, sailkapenaren eta ordu kopuruaren arabera, eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren fitxategiko espezialitateekin parekatuz eginen da.
Iragarkiaren kodea: F1405295
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
