83. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

229/2014 EBAZPENA, apirilaren 16koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzen dituzten laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta 2014ko deialdia onesten dituena, Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien Programa Nazionalaren barrenean.

Nekazaritzako produktuen merkatu antolakunde bateratua sortzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 55. artikuluak eta Batzordearen apirilaren 29ko 917/2004 Erregelamenduak (EE) adierazten dute ezen, erlezaintzako produktuak ekoizteko eta merkaturatzeko baldintza orokorrak hobetu beharrez, estatu kideek 3 urteko programa nazionalak ezar ditzaketela erlezaintzaren sektorerako (erlezaintzako programak). Batzordearen erabakiaren bidez onesten dira programa horiek.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamenduarekin bat, erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko Espainiak 2014-2016 hirurtekorako aurkeztutako programa, Batzordearen 2013ko abuztuaren 12ko exekuzio erabakiaren bidez onetsi zen. Haren helburu nagusiak dira sektorearen profesionalizazioa finkatzea eta modernizazio handiagoa lortzea, azken teknika eta aurrerapen zientifikoak erabiliz. Gainera, ekoizpen eta merkaturatze sistemak hobetu nahi dira eta merkatu berriak ireki, hori guztia kalitatezko produktu batekin.

Erlezaintzako programa aplikatzeko maila administratibo egokiena autonomia erkidegoena da; izan ere nekazaritzako eta abeltzaintzako eskumenak autonomia erkidegoei transferituta daude eta, beraz, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio erlezaintzako produktuen produkzioa eta merkaturatzea hobetzeko programa aplikatzea. Hala ere, nazioko agintaritza eskudunak koordinaziorako esparru bateratu eta adostua ezarriko du.

Martxoaren 26ko 519/1999 Errege Dekretuak erlezaintzarako laguntzen araubidea erregulatzen du urteko programa nazionalen barrenean.

Araudi horrekin bat, bidezkoa da 2014-2016 hirurtekoan erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzen arauak onestea eta 2014ko deialdia egitea.

Erlezaintzako programak aplikatzearen kostua Europar Batasunak eta Nafarroako Foru Komunitateak erdi bana kofinantzatuko dute.

Merkatuen Erregulaziorako Atalaren txostena ikusita, non proposatzen baita erlezaintzako laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta 2014ko deialdia onestea, Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien Programa Nazionalaren barrenean.

Ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzen dituzten laguntzak emateko 2014 oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den bezala.

2. Ebazpen honen II. eta III. eranskinak ere onestea, laguntzak eskatzeko eredua eta gardentasunaren betebeharra aitortzeko eredua ezartzen dituztenak, hurrenez hurren.

3. Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien Programa Nazionalaren barnean erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzen 2014ko deialdia onestea.

4. 50.000 euroko gastua baimentzea deialdi horretarako. Horietatik, 25.000 euro 2014ra luzatutako 2012ko Nafarroako Gastuen Aurrekontuko “Eztiaren ekoizpena eta merkaturatzea hobetzea (NBEUF)’’ izeneko 710001-71230-4700-414212 kontu-sailaren kargura izanen dira, eta 25.000 euro, berriz, “Erlezaintzako laguntza berariazkoa. - 1234/07 E. 108. artikulua - 2014ko programa” izeneko 050215062320017 NBEUF lerroaren kargura.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2014ko apirilaren 16an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Guembe Cervera.

I. ERANSKINA

Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien Programa Nazionalaren barnean erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzen 2014ko deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea eta aplikazio eremua.

Ebazpen honen helburua da Nafarroako Foru Komunitatean oinarri arautzaileak ezartzea, erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzak emateko 2014an, Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien Programa Nazionalaren barnean.

Bigarrena.–Diruz laguntzen ahal diren jarduerak eta gastuak.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduan xedaturikoarekin bat, laguntza lerro hauetan sarturiko jarduera edo inbertsioak izan daitezke laguntzen xede, helburu hauek dituztenak:

a) “Laguntza teknikoa erlezainentzat eta erlezainen elkarteentzat”.

1. Erlezainen elkarteetako erlezainei informazioa eta laguntza teknikoa emateko teknikariak eta espezialistak kontratatzea (aholkularitza orokorra ekoizpenaren, merkataritzaren eta laborategiaren arloetan).

2. Erlezainentzako prestakuntza ikastaroak, erlezainen elkarteetako teknikari eta espezialisten eta kooperatibetako erlezaintza laborategietako langileen etengabeko prestakuntza.

3. Zabalkunde teknikorako sistemak.

b) “Erlauntzaren erasoen eta gaixotasunen kontrako borroka, bereziki barroasiaren kontrakoa”.

1. Barroasiaren kontrako tratamendu kimioterapikoak, Botiken eta Osasun Produktuen Agentzia Espainiarrak baimenduak.

2. Barroasiaren kontrako tratamenduak, Botiken eta Osasun Produktuen Agentzia Espainiarrak baimenduak, erlezaintza ekologikoarekin bateragarriak.

3. Erlezaintzako osasun defentsarako elkarteak sustatu eta sortzea, edo barroasiaren kontra horien parekoa den figura.

4. Erlauntzen gainelikadura eta ezkoa berritzea. Laguntza hau b) lerroko 1. eta/edo 2. neurrien onuradun diren erlezainei soilik ematen ahalko zaie, baldin eta 1. eta 2. neurrietako eskaerei erantzuteko behar finantzarioak betetzen badira.

c) “Transhumantzia arrazionalizatzea”.

1. Erlauntzen eta koadroen identifikazioa.

2. Erlauntzak garraiatu eta maneiatzeko baliabideak erosi, zaindu eta hobetzea (garabiak, estaldura sareak, erlauntzak aldatzea lore bakarreko eztiak lortzeko, eztia ateratzeko sistema mugikorrak eta trashumantzia errazteko beste lanabes eta ekipamendu batzuk).

3. Kokalekuak, bideak eta bidexkak hobetu eta egokitzea.

4. Erlauntzen beren kalteen eta erantzukizun zibilaren aseguruak (baldin eta polizetan ez badira jasotzen Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen sisteman sartutako bermeak). Salbuespenez, erantzukizun zibileko aseguruen diru-laguntza jaso ahalko da erlauntz egonkorretarako.

5. Bertako arrazetako erreginak batera haztea, galtzen direnak ordezteko.

d) “Erlezaintzako produktuen analisirako laborategiak sostengatzeko neurriak, erlezainei laguntzeko haien produktuak merkaturatzen eta balioztatzen”.

1. Erlezainek eta erlezainen elkarteek agintaritza eskudunak onartutako laborategietan egiten diren analisi zerbitzuak kontratatzea.

2. Erlezainen elkarteen laborategiak sustatu eta sortzea.

3. Eztiaren azterketa fisikokimikorako aparatuak eta beste material batzuk erostea.

Hirugarrena.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Onuradun bakoitzak jasoko duen laguntzaren zenbatekoa ateratzeko, diruz lagundutako jarduketa lerro bakoitzak jasotakoa elkartuko da. Lerro bakoitzerako ezarritako laguntza mailak hauek dira:

–Prestakuntza eta laguntza teknikoko jardueretarako eskatutako gastuaren %95.

–Erlauntzaren kontrako gaixotasunen eta erasoen kontra (batik bat barroasiaren kontra) borroka egiteko jardueretarako eskatutako gastuaren %90.

–Trashumantziaren arrazionalizaziorako eskatutako gastuaren %55.

–Erlezaintzako produktuen analisirako eskatutako gastuaren %55, erlezainei laguntzeko haien produktuak merkaturatzen eta balioztatzen.

2. Diruz laguntzen ahal diren jardueretan egindako gastuen zenbatekoaren gainean kalkulatuko da gastua, BEZa sartu gabe.

Laugarrena.–Onuradunak eta betebeharrak.

1. Laguntza horien onuradun izan daitezke laguntza eskatu aurreko urteko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Nafarroako Foru Komunitateko Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dauden banakako erlezaintza ustiategien titularrak.

2. Onuradun izan daitezke, halaber, berezko nortasun juridikoa duten elkarte ezagunenak, betiere, gehienbat aurreko puntuan ezarritako baldintzak betetzen dituzten erlezainek osatuak badira. Betiere, laguntzak Foru Komunitateko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan izena eman duten bazkideendako izanen dira bakarrik.

3. Erlezain bakoitzak jarduketa bakar baterako laguntza baizik ez du jasoko ustiategi bakoitzean, dela berak bakarrik, dela kooperatiba nahiz erakunde ezagun bateko kide den aldetik.

4. Erlauntz abandonatuen eta erlauntz hilen titularrek ez dute laguntzak jasotzeko eskubiderik izanen.

5. Programa Nazionaleko laguntzak lortu ahal izateko, halaber, betebehar hauek izanen dituzte erlezainek:

a) Barroasiaren kontrako tratamendu bat gutxienez egitea urtean, ezti erleen gaixotasunen kontrako programa nazionala ezarri eta arautzen duen maiatzaren 19ko 608/2006 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

b) Erantzukizun zibileko asegurua izatea.

Bosgarrena.–Eskatutako betebeharrak frogatzeko modua.

Aurreko oinarrian aipatzen diren betebeharrak frogatzeko, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzailea erlezaintzako ustiategi baten pertsona fisiko edo juridiko titularra denean:

–Jardueraren memoria laburra eta horren aurrekontua.

–Eskatzailearen IFKren edo IFZren fotokopia.

–Administrazio publikoetan xede bererako beste laguntzarik eskatu eta jaso ez izanaren adierazpena.

–Barroasiaren kontrako tratamendua gutxienez urtean behin egitearen justifikazio dokumentala, eta erantzukizun zibileko asegurua formalizatua edukitzea.

b) Eskatzailea erlezainen elkarte bat bada:

–Entitatearen nortasun juridikoa frogatzen duten agiriak, lehenago aurkeztu ezik.

–Laguntzaren xede den jarduketari ekiteko erabakiaren frogagiria.

–Elkartea osatzen duten erlezainen zerrenda. Datu base batean fitxategi informatiko bat emanen da, non, gutxienez ere datu hauek agertuko baitira: sozietatearen izena, IFZ/IFK, ustiategiaren zenbakia eta bertako erlauntzen zentsua.

–Jardueraren memoria laburra eta horren aurrekontua.

–Administrazio publikoetan xede bererako beste laguntzarik eskatu eta jaso ez izanaren adierazpena.

–Barroasiaren kontrako tratamendua gutxienez urtean behin egitearen justifikazio dokumentala, eta erantzukizun zibileko asegurua formalizatua edukitzea.

c) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: “Nik, ..............., nire izenean (edo .......................en izenean) baimena ematen diot Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzen deialdia tramitatzeko prozeduran, nik (edo ordezten dudan entitateak) zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbehar guztiak eguneratuak ditudala egiaztatzeko”.

Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

1. 2014an eskaerak aurkezteko epea foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2014ko maiatzaren 31n amaituko.

2. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari zuzenduko zaizkio eta Departamentuko Erregistroan aurkezten ahalko dira. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahal dira. Erregistro Orokor Elektronikoan ere aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren bitartez.

3. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da.

4. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskabidearekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.

Zazpigarrena.–Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidean tramitatuko da.

2. Balorazio irizpideak: lehentasun hurrenkera honi jarraikiz emanen dira laguntzak:

1.–Erlezaintzako programa nazional horretako laguntzei dagokienez, batik bat bigarren oinarriko a) eta d) puntuetarako ezarritakoa den bezainbatean, nortasun juridiko propioa duten erlezainen elkarteek eta erlezaintzako kooperatibek aurkeztutako eskaerek lehentasuna izanen dute gainerako pertsona fisikoek edo juridikoek aurkeztutakoen gainetik.

2.–Erlezain elkarteen eskaeren kasuan, bazkide gehien dituzten elkarteek izanen dute lehentasuna.

3.–Gainerako eskaeretan, erlezain gazteenek izanen dute lehentasuna, gazteenetik zaharrenerako hurrenkeran.

3. Azken onuradunak une horretan esleitzeke dagoen zenbatekoaren pareko laguntza jasoko du. Aipatu diren balorazio eta leheneste irizpideak aplikatu ondoren ematen den laguntza aurrekontuan behar beste diru egonez gero emanen litzatekeena baino txikiagoa bada, diruz lagundutako eta kontzesioan sartutako jarduketa lerro bakoitzerako laguntzen proportzioan murriztuko da.

Zortzigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaerak harturik, laugarren eta bosgarren oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten egiaztatuko da. Hala ez bada, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatuarekin bat, laguntzaren eskatzaileari jakinaraziko zaio zer akats atzeman den eskaeran edo zer egiaztagiri falta den haren tramitazioarekin jarraitu ahal izateko, eta 10 eguneko epea emanen zaio akats horiek zuzentzeko. Epe horretan akats horiek zuzentzen ez badira, eskaera atzera egintzat hartuko da, eta haren artxiboa jakinaraziko da organo administratiboaren ebazpenaren bidez.

2. Merkatuen Erregulaziorako Atalak eskaerak ebaluatuta, Nekazaritza Zerbitzuak ebazpenaren proposamena eginen du.

3. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du diru-laguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskabide ezetsi diren.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaera baliogarria behar bezala beterik aurkezten denetik hasita. Epea ebazpenik espresuki eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Bederatzigarrena.–Laguntzaren onuradunaren betebeharrak.

Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.

Hamargarrena.–Onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluak aipatzen dituen pertsona juridikoek edo entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasuna bete beharko dute, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituztenean eta honako bi inguruabar hauek gertatzen direnean:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren zehaztearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Behar denean, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

2. Aipatu inguruabarrak gertatzen badira, gardentasunerako betebeharraren mende dauden entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute, ebazpen honen III. eranskineko eredua erabiliz:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

3. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu ondoren aurkeztuko da Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta Nekazaritza Zerbitzuko Merkatuen Erregulaziorako Atalari zuzenduko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabete batekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

4. Informazio hori urtebetez eskura egonen da Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, 15 hilabeteko muga gainditu gabe informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskatutakoa gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.

5. Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du, ebazpen honen III. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

6. Entitateak ekitaldi berean ondoz ondoko diru-laguntzak jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzean, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

7. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamaikagarrena.–Diru-laguntzaren xedea bete dela justifikatzeko modua.

Onuradunek erlezaintzako produktuak ekoitzi eta merkaturatzeko baldintzak hobetu dituztela frogatu beharko dute, laguntza ematen den urtean, laguntzen lerroetako bakoitzean, eta hobekuntzari buruzko agiri guztiak aurkeztuko dituzte. Hautatzen diren erlezainei in situ eginen zaizkien ikuskapenetan egiaztatuko dira hobekuntzak.

1. a) “Laguntza teknikoa” lerrorako: ikastaroetan parte hartu duten erlezainen zerrenden, teknikarien kontratuen, aldizkari edo informazio foiletoen eta egindako gastu eta ordainketen fakturen bidez frogatuko da.

2. b) “barroasiaren kontrako borroka” lerrorako: barroasiaren kontra borrokatzeko erlezainei emandako produktuen banaketaren fakturen eta haien ordainagirien bidez frogatuko da.

3. c) “Trashumantzia arrazionalizatzea” lerrorako: erlauntzak identifikatzeko materialaren erosketa fakturen frogatuko da, eta trashumantziako erlauntzen berezko kalteetako aseguruak eta erantzukizun zibilekoa egiaztatuko dira..

4. d) “Erlezaintzako produktuen analisirako laborategiak sostengatzeko neurriak, erlezainei laguntzeko haien produktuak merkaturatzen eta balioztatzen” lerrorako: eztiaren analisiaren inguruko zerbitzuen kontratazioari dagozkion gastuen fakturen eta ordainagirien bidez frogatuko da.

Hamabigarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Diru-laguntzaren erdia 2014ra luzatutako 2012ko Nafarroako Gastuen Aurrekontuetako “Eztiaren ekoizpena eta merkaturatzea hobetzea. Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa (NBEUF)’’ izeneko 710001-71230-4700-414212 kontu-sailaren kargura ordainduko da, eta gainerako %50a, berriz, “Erlezaintzarako Berariazko Laguntza. 1234/07 E. 108. artikulua - 2014ko Programa” izeneko NBEUF 050215062320017 lerroaren kargura, egindako gastu eta ordainketak justifikatu ondoren.

2. Laguntzak kobratzeko, onuradunek laguntza ematen den urteko irailaren 5a baino lehen aurkeztu beharko dituzte, jardueran aritu izanaren adierazpenarekin batera, kontzesioaren aurreko urteko irailaren 1etik kontzesio urteko abuztuaren 31ra bitarteko gastuen fakturak eta frogagiriak.

3. Aurkezten den gastu justifikazioaren balidaziorako, exekuzio-gehikuntzak onartuko dira jarduketa lerro bakoitzeko, hasieran emandako laguntzaren %20 bitarte. Edozein modutan ere, ordaindu beharreko laguntzaren zenbateko osoa ez da kontzesioan zehaztutakoa baino handiagoa izanen.

Hamahirugarrena.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hori bateraezina izanen da jarduera beragatik jaso daitekeen beste edozeinekin, eta batez ere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1305/2013 (EE) Erregelamenduari dagokionez eman daitezkeenekin, Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programarekin bat.

Hamalaugarrena.–Kontrolak eta zehapenak.

1. Kontrol administratiboak eta tokian bertakoak eginen dira, Batzordearen 917/2004 (EE) Erregelamenduaren 4. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko langileek egiten dituzte kontrolak.

Laguntza eskaera guztiei kontrol administratiboak eginen zaizkie eta, bereziki, diruz lagundutako kostuen frogagiriak egiaztatuko dira. Kontrol administratiboekin batera, ikuskapen fisikoak eginen dira, tokian bertan; laguntzaren onuradunen diren erlezainen %2,5i eginen zaizkie, kontuan izan gabe eskaera erlezain batek edo erlezainen elkarte batek aurkeztu zuen.

2. Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzaren zatiaren araubide juridiko orokorraren erregulazioari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko da. Lege hori Europar Batasuneko funtsen kontura finantzatutako diru-laguntzei zuzenean aplikatzen zaizkien arauen osagarri izanen da.

3. Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, diru-laguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

4. Diru-itzultzeen, arau-hausteen eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2009 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Hamabosgarrena.–Onuradunen publizitatea eta informazioa.

1. Laguntza horien onuradunen datuak Nafarroako Gobernuaren Atariko katalogo zerbitzuan argitaratuko dira, Nekazaritzako politika bateratuaren finantziazioari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 111. artikuluarekin bat.

2. 95/46/EB Zuzentarauko baldintzekin bat, datu pertsonalak direnean, onuradunek bere eskubideei buruzko informazioa jasoko dute, datuak babesteko arauekin bat eta eskubide horiek erabiltzeko prozedura aplikagarriekin bat.

II. ERANSKINA

Erlezaintza laguntzeko eskaera (2014-2016ko hirurtekoa)
Urtea: ....................

Izena:

NANa:

Helbidea:

Herria:

PK:

Probintzia:

Telefonoa:

Faxa:

Helbide elektronikoa:

Entitate hau ordezkatuz:

Entitatearen izena:

IFK:

Helbide fiskala:

Herria:

PK:

Probintzia:

Telefonoa:

Faxa:

Helbide elektronikoa:

ESKATZEN DU:

Erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzen dituzten laguntzak jasotzea, Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien Programa Nazionalaren barrenean, 2014-2016 hirurtekoan, erlezaintzako ................ urterako, ..............(e)ko irailaren 1etik ..........(e)ko abuztuaren 31ra bitarte, biak barne, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduan eta Batzordearen apirilaren 29ko 917/2004 Erregelamenduan (EB) aurreikusiak.

Bankuko kontuaren identifikazio datuak

Entitatea:

IBAN

Aurkeztutako agiriak:

IFKren edo IFZren kopia.

Jardueraren memoria laburra eta horren aurrekontua.

Administrazio publikoetan xede bererako beste laguntzarik eskatu eta jaso ez izanaren adierazpena.

Laguntzaren xede den jarduketari ekiteko erabakiaren frogagiria.

II. ERANSKINA

(Jarraipena)

Erlezaintzako .......... urtean, ............(e)ko irailaren 1etik ...........(e)ko abuztuaren 31ra bitartean, biak barne, Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien 2014-2016ko Programa Nazionalean zehaztutako sostengu teknikoko lanak egiteko albaitaritzaren kontratazio teknikoa kontratatu izanaren egiaztagiria.

Elkartea osatzen duten erlezainen zerrenda. Datu base batean fitxategi informatiko bat emanen da, non, gutxienez ere datu hauek agertuko baitira: sozietatearen izena, IFZ/IFK, ustiategiaren zenbakia eta bertako erlauntzen zentsua.

Baimena Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuarentzat, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarenak bete direla egiaztatzeko.

Albaranak.

Fakturak.

Gastuen frogagiriak.

.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an.

Eskatzailea,

Sinadura: .................................

III. eranskina

Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpenaren eredua

.................................... jaunak/andreak,

NANa/IFZ: ............................................

Honako hau ordezkatuz: ......................

IFK: .......................................................

Helbidea (herria): ...................................................................................................

Ondoko aitorpena egiten dut 2014ko Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien Programa Nazionalaren barnean erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzen onuradun naizen aldetik.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen ditu (2013ko 187. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Foru dekretu horren 3. artikuluak ezartzen duenez, diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateak gardentasunera daude behartuta, inguruabar hauek gertatzen direnean:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

(Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira).

Aipatu foru dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, DEKLARATZEN DUT:

Ez dudala gardentasun betebeharrik (aipatu foru dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako).

................... (adierazi organo-emailea) emandako diru-laguntza dela-eta (izena), informazioa aurkeztu dut; beraz, ez da errepikatu beharrik, emandako datuak aldatu ez direlako.

Gardentasunaren betebeharra dut eta, horrenbestez, aitorpen honen eranskinean, 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako informazioa ematen dut, eta entitatearen urteko azken kontuen kopia eransten.

.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an

Sinadura: ..............................
Kargua: ................................................

Eskatzailearentzako argibide interesgarriak:

1.–Aitorpen hau eta kasuan-kasuan aurkezten den informazioa telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, eta Nekazaritza Zerbitzuko Merkatuen Erregulaziorako Atalari zuzenduko zaizkio.

2.–Aitorpen hau igortzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo argitaratzen den egunetik hasita, argitaratuz gero. Betebehar hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza ez da ordainduko.

3.–Entitate onuradunak ematen duen informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez eskuratzen ahalko da, argitaratzen denetik. Epe hori igarota, hura argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du eta, hala egiten ez badu, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du.

Iragarkiaren kodea: F1405892