83. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

84/2014 EBAZPENA, apirilaren 16koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiak emana, tituludunek Nafarroako enpresetan praktikak egiteko Nafarroa Beken 2014ko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena. Bekak Nafarroako 2013-2016 Nazioarteko Planaren barrenean kokatzen dira.

Nafarroako 2013-2016 II. Nazioarteko Planak, “Enpresa eta beste entitate batzuk nazioartekotzeko laguntza” izeneko 2. ardatzean, zenbait ekintza jasotzen ditu Nafarroako ETEei beren esportazio jardueretan laguntzeko. Ekintza horien artean, eta Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura organikoaren dekretuak zuzendaritza horren esku utzitako eskumenekin bat, “Nafarroaren jarduera ekonomikoa eta nafarrak nazioartera ateratzea” bultzatzeko asmoz, beka deialdiak egiten ahalko dira 2014an, unibertsitate-titulua duten pertsonek praktikak egin ditzaten, egoitza Nafarroan izanik, nazioartekotze proiektu sendo bat duten enpresetan.

Ekintza hori bi deialdiren bitartez gauzatzen da: bata, praktikak eskainiko dituzten enpresen zerrenda bat prestatzeko, eta bestea, praktika horiek eginen dituzten pertsona tituludunak aukeratzeko. Ildo horretan, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiak abenduaren 23an emandako 194/2014 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen praktikak egiteko tituludunak hartu nahi zituzten enpresak hautatzeko. Deialdia 2014ko 17. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 24koan. Beraz, pertsona tituludunak aukeratzeko deialdia egitea falta da.

Deialdi honetarako, Europako 2014-2020 Gizarte Funtsaren kofinantzaketa izan daiteke. Haren bidez %50eko kofinantzaketa-tasa espero da.

Aginduzko txostenak ikusi dira eta Kontu-hartzailetzaren oniritzia jaso da.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorritako txostenean egindako proposamena aintzat hartuz, Kontu-hartzailetzaren adostasuna izanik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskumenen indarrez,

EBATZI DUT:

Lehena.–Tituludunek Nafarroako enpresetan praktikak egiteko Nafarroa Beken 2014ko deialdia onestea, eta, helburu horrekin, 80.000 euroko gastua baimentzea, 2014ra luzatu den 2012ko Gastuen Aurrekontuko “Nafarroa Bekak. Nazioarteko Praktikak” izeneko 124001-16330-4809-146100 kontu-sailaren kargura finantzatuko dena (E-14/000092-01 PEP elementua. “Nafarroako enpresetan praktikak egiteko NNP bekak”). Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean heldu dira (ID 4640).

Bigarrena.–Ebazpen hau Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren Kontu-hartzailetzara, Idazkaritza Tekniko Nagusira, Kontabilitate Zentrora eta Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura igortzea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Laugarrena.–Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarrita dagoenarekin bat.

Iruñean, 2014ko apirilaren 16an.–Politika Ekonomikoaren eta Nazioartekoaren zuzendari nagusia, María Jesús Valdemoros Erro.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua
“Tituludunek Nafarroako enpresetan praktikak egiteko 2014ko bekak”

1. Datu pertsonalak eta harremanetarako datuak.

Izena

Lehen deitura

Bigarren deitura

NANa/IFZ/Pasaportea

Nazionalitatea

Jaioteguna eta jaioterria

Helbidea (kalea, zenbakia, solairua)

Probintzia

Herria

Posta kodea

Telefonoa (1)

Telefonoa (2)

Posta elektronikoa

2. Datu akademiko eta profesionalak.

Praktikak non egin nahi diren, entitate hartzaile horrek eskatutako titulazioari buruzko datuak:

Izena

Espezialitatea (halakorik bada)

Hiria

Herrialdea

Ikasketa-espedientearen batez besteko nota gaur arte (1-10 eskala):

Ikasketak noiz amaitu dituen (proiektua barne dela, halakorik bada):

3. Jasotako beste laguntzen edo diru-laguntzen gaineko aitorpena

Aitortzen dut honako laguntza edo diru-laguntza hauek jaso edo eskatu ditudala helburu bererako (Espainiako edo atzerriko edozein administrazio edo entitate publiko edo pribaturi eskatutakoak adierazi):

4. Aurkeztu beharreko agirien zerrenda:

Eskabide-orria, behar bezala betea.

NANaren edo pasaportearen fotokopia.

Erroldatze agiria.

Karnetetarako argazki bat.

Unibertsitateko ikasketa-espedientearen ziurtagiria edo kopia konpultsatua, ebaluatutako batez besteko nota 1etik 10era bitarteko eskalan agertu behar duena.

Unibertsitateko tituluaren kopia konpultsatua.

Atzerrian lan esperientzia duela egiaztatzeko agiria. Enpresaren ziurtagiria, egindako lanak eta kontratuaren iraupena adierazten dituena.

Ingeles mailaren ziurtagiria.

Beste hizkuntza batzuetan lortutako mailaren ziurtagiria.

Bestelakoa (adierazi):

Aurreko agiri guztiak jasotzen dituen artxibo elektronikoa.

5. Adierazpena, tokia, eguna eta sinadura

Adierazten dut Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetako bakar batean ere ez nagoela, deialdi honetan aurreikusitako salbuespenekin.

Eskabideak aurkeztearekin batera Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuari baimena ematen diot beharrezkoak diren erakundeetatik eta bekaren eskatzailearengandik informazioa biltzeko. Datuak bide elektronikoa erabiliz eskatu eta emanen dira. Modu honen bitartez ziurtatzen dut inprimaki honetan emandako informazioa fidagarria dela eta aplikazio horretan ageri diren adierazpenen egilea naizela. Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuari nire agiriak egiaztatzeko baimena ematen diot.

.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an. Eskatzailearen sinadura: .............................................

Datuen babesa:

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak aditzera ematen dizu agiri/orri/inprimaki honetatik ateratako datu pertsonalak eta erantsi diren gainerakoak fitxategi automatizatu batean sartuko direla, tratatzeko. Halaber, aditzera ematen zaizu datu horien bilketaren eta tratamenduaren helburua dela eskaeraren prozesua Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren bitartez kudeatzea, bai eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak emandako beka esleitu eta ordaintzeko prozesua kudeatzea ere.

Aipatu lege organikoan ezarritakoarekin bat, datuak ikusi, zuzendu, deuseztatu eta kontra egiteko eskubideak erabil ditzakezu, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari idazki bat igorriz.

ERANSKINA

Tituludunek Nafarroako enpresetan praktikak egiteko 2014ko beken oinarriak

I. KAPITULUA

Helburua, araudia eta aplikazio esparrua

1. artikulua. Xedea.

Ebazpen honen xedea da enpresetan praktikak egiteko beken deialdia arautuko duten oinarri arautzaileak ezartzea. Beka hauen bidez onuradunek Nafarroan egoitza duten enpresetan praktikak egitea bilatzen da, Nafarroako enpresa-sarearen eta, oro har, nafar gizartearen nazioartekotze prozesua errazteko.

2. artikulua. Araubide juridikoa.

Ebazpen honen babesean ematen diren bekek, ebazpenean bertan ezarritakoez gainera, arau hauek ere bete beharko dituzte: diru-laguntzen eta administrazio prozeduraren arloetako araudi sektorialeko xedapenak, eta orokorrean, aplikatu ahal zaien antolamendu juridikoaren xedapenak.

Gainera, laguntza hauetarako Nafarroako 2014-2020 Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa lor daitekeenez Nafarroako EGF 2014-2020 programa eragilearen bidez, arau hauek ere bete beharko dituzte bekek:

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsari eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsari buruzko xedapenak ezarri eta Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua indarrik gabe uzten duena.

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1304/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Gizarte Funtsari buruzkoa eta Kontseiluaren 1081/2006 (EE) Erregelamendua indarrik gabe uzten duena.

3. artikulua. Iraunaldia.

Ebazpen honetan ezarritako oinarri arautzaileak beken 2014ko deialdian bakarrik aplikatuko dira.

4. artikulua. Esparru materiala.

Ebazpen honetan aurreikusitako bekak Nafarroarekin lotura duten pertsonentzat dira. Hartzaileak, gainera, goi mailako tituludunak edo diplomadunak izanen dira ekonomia eta enpresa zientzien arloan, gizarte zientzien arloan, ingeniaritzan edo arkitekturan. Helburua da laneko praktikak egin ditzatela Nafarroan egoitza duten enpresetan, beren lanbide jarduera Nafarroako Foru Komunitatearen onerako gara dezaten eta, horrela, Nafarroako enpresak nazioartera ateratzen lagundu dezaten.

II. KAPITULUA

Beken finantzaketa, bateragarritasuna eta kudeaketa

5. artikulua. Beken finantzaketa.

1. Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrekontuko programetan aurreikusita dauden zuzkidurekin finantzatuko dira bekak.

2. Ekitaldi honetako aurrekontuetan dagoen diruak mugatuko du bekak ematea.

3. Beka hauetarako, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa izan daiteke, gutxienez %50ekoa.

6. artikulua. Beste laguntza batzuekiko bateraezintasuna.

Ebazpen honen bidez ematen diren bekak bateraezinak izanen dira funts publiko zein pribatuekin finantzatutako bestelako beka edo laguntzekin, jarduera bererako ematen badira. Nolanahi ere den, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura jakinarazi beharko dio onuradunak diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko bestelako laguntzak eskuratu dituela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9 d) artikuluan ezarri bezala.

Alabaina, beka jasotzea bateragarria da enpresa hartzaileak, bekadunak egindako lanaren truke, erabaki dezakeen beste edozein kontraprestaziorekin.

7. artikulua. Kudeaketa.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak kudeatu eta tramitatuko ditu bekak.

III. KAPITULUA

Onuradunak

8. artikulua. Onuradunak.

1. Onuraduntzat joko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, deialdi bakoitza egiten denean baldintza hauek betetzen dituztenak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa.

b) Gutxienez egoera hauetako batean egotea:

–Nafarroan jaioa izatea.

–Nafarroan erroldatua izatea gutxienez bost urte lehenagotik; horretarako, erroldaren ziurtagiri aurkeztu beharko da.

c) Lizentzia edo diploma mailako unibertsitate-titulu ofiziala izatea edo eskatua izatea, eta hura jasotzeko eskubideak ordainduak izatea (atzerriko unibertsitate batean lortutako goi mailako titulua izanez gero, Espainiako Hezkuntza Ministerioak ofizialki baliozkotua egon beharko du). Ekonomia eta enpresa zientzien arloko, gizarte zientzien arloko, ingeniaritzako eta arkitekturako tituluak baizik ez dira aintzat hartuko.

d) Unibertsitate-ikasketak –graduatu ondokoak ez– deialdia argitaratzen den egunaren aurreko bost urtean, gehienez, bukatuak izatea.

Ondorio horietarako bakarrik, ziurtagiri akademikoan agertzen den data izanen da ikasketen bukaerako data.

e) Ingeles maila altua izatea (gutxienez C1 edo balio bereko beste bat). Hizkuntz gaitasun hori titulu baten bidez egiaztatu beharko da. Titulurik ez badu, berariaz iragarriko den azterketa bat gainditu beharko du.

f) Atzerrian lan egin izana edo ikasi izana sei hilabetez gutxienez.

2. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritako egoeretako batean daudenek ezin izanen dute bekarik lortu.

3. Arestiko baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.

4. Diru-laguntza onartzeak berarekin ekarriko du onuraduna Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian eta Europako Gizarte Funtsa kudeatzeko agintaritzak argitaratzen duen zerrenda batean agertzea.

IV. KAPITULUA

Bekak

9. artikulua. Bekan sartutako kontzeptuak.

1. Beka bakoitzari 800 euro gordineko hileko soldata dagokio, lanaren ordainsari gisa eta Gizarte Segurantzaren ordainketak egiteko. 6 hilabetez ordainduko da gehienez.

2. Diru kopuru hori asteko gehienez 35 orduko lanari dagokio, eta, lanordu gutxiago eginez gero, proportzionalki gutxituko da.

10. artikulua. Beken baldintzak eta iraupena.

1. Bekek 6 hilabete iraunen dute, eta 2014ko abenduaren 20rako bukatuko dira beranduenik (egun hori barne).

2. Beka jasotzeak ez du lan harremanik sortuko ez Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuarekin, eta ez du inolako konpromisorik ekarriko onuraduna gero funtzionarioen edo lan-kontratudunen plantilletan sartzeko.

11. artikulua. Beken kopurua.

Bekak emanen dira baldin eta horretarako behar adinako kreditua badago aurrekontuan. Kreditu hori agortu arte emanen dira bekak.

V. KAPITULUA

Hastapena, tramitazioa eta ebazpena

12. artikulua. Laguntzak emateko prozedura.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin bat, norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira beka hauek.

2. Bekak emateko prozedurak ofizioz hasitako administrazio prozeduren arau orokorrei jarraikiz gauzatuko dira.

3. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak baloratuko ditu eskaerak. Deialdi bakoitzean jasotzen diren eskabide guztiak batera ebatziko dira, eta oinarri arautzaileetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten eta 18. artikuluan aurreikusten diren ebaluazio-irizpideen arabera baloraziorik handiena jasotzen duten izangaiei emanen zaizkie bekak. Gainera, buruz buruko elkarrizketa bat ere gainditu beharko dute.

13. artikulua. Eskabideak aurkeztea.

1. Eskabideak 1. eranskinean ageri den ereduaren araberakoak izanen dira.

2. Eskabideak, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari zuzenduak, Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan, erregistro lagungarrietan edo erregistro telematikoaren bidez aurkeztuko dira, deusetan galarazi gabe Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritakoa.

Eskaera erregistro lagungarri batean aurkeztuz gero, becasnavarra@navarra.es helbide elektronikora mezu bat igorriz jakinarazi beharko da.

14. artikulua. Aurkezteko epea.

1. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 20 egun baliodun iraganik bukatuko da.

2. Ez dira tramiterako onartuko epez kanpo aurkezten diren eskabideak eta, beraz, ez-onartutzat joko dira; hori interesdunei jakinaraziko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan ezarritako moduan.

3. Aurkezteko epea bukatu ondoren, ezin izanen dira eskaerak aldatu, salbu eta akats materialak, aritmetikoak edo izatezkoak zuzentzeko denean, eskatzaileek eskaerak bertan behera uzteko duten ahalmena baztertu gabe.

15. artikulua. Dokumentazioa.

1. Eskabideei dokumentazio hau erantsi beharko zaie:

a) Erantzukizuneko aitorpena, beste edozein administraziori edo erakunde publiko zein pribatu nazional edo nazioartekori eskatutako eta/edo haiek emandako beste diru-laguntza edo laguntza batzuei buruzkoa.

b) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoera debekatuetako bakar batean ere ez dagoela dioena.

c) Berariazko baimena, datuak Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren eta entitate parte-hartzaileen fitxategi informatikoetan sartu eta tratatzeko, gero foru agindu honetan aipatzen den bekaren kudeaketari aplikatzeko, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritako moduan.

(1. eranskineko eskabide-ereduaren araberakoa).

d) 8.1.b) artikuluan eskatutakoa betetzen dela egiaztatzen duen agiri ofiziala. Horretarako, agiri hauetako batek balioko du:

–NANa edo pasaportea.

–Nafarroako udalerri batean erroldatuta egotearen ziurtagiria.

e) Karnetetarako argazki bat.

f) Unibertsitateko ikasketa-espedientearen jatorrizko ziurtagiria edo kopia konpultsatua, ebaluatutako batez besteko nota 1etik 10era bitarteko eskalan agertu behar duena.

g) Unibertsitateko tituluaren kopia konpultsatua, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

i) 8.1 f) artikuluan ezarritakoa betetzen dela egiaztatzeko agiria. Horretarako, honako hauek onartuko dira:

–Atzerrian egindako ikasketen kasuan, lortutako titulu ofizialaren kopia.

–Lan esperientziaren kasuan, enpresaren agiri ofizial bat, egindako lanak eta kontratuaren iraupena azaltzen dituena.

j) Ingelesean eta, hala badagokio, beste hizkuntza batzuetan lortu duen mailaren jatorrizko ziurtagiria edo kopia konpultsatua.

2. Eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenek (behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako betebeharrak betetzen ez dituztenek deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

16. artikulua. Eskaeretako akatsak zuzentzea.

Eskaerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean okerra zuzen dezala; hala egin ezean, eskaera bertan behera utziko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42.1. artikuluak ezarritako moduan. Hala errekerimendua nola eskatutakoaren betetzea eskuragarri dauden baliabide elektronikoak erabiliz eginen dira.

17. artikulua. Tramitazioa.

Eskabideak jaso eta gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen dituen jarduketak eginen ditu ofizioz datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko, ebazpena eman aurretik.

18. artikulua. Ebaluazio irizpideak.

1. Bekak ebaluatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Ikasketa-espedientea (40 puntu).

b) Ikasteko edo lan egiteko atzerrian egindako egonaldien iraupena eta kalitatea (45 puntu). Atal honetako puntuak honela banatuko dira:

–2 urteko edo hortik beherako egonaldiak atzerrian: 20 puntu.

–2 urtetik gorako egonaldiak atzerrian: 40 puntu.

–Atzerrian egindako lana, izangaiaren ikasketa-profilarekin zerikusia duten lanpostuetan: 5 puntu.

c) Ingelesaz gain, beste hizkuntza batzuk jakitea (15 puntu). Beste hizkuntza bakoitzeko 5 puntu emanen dira, eta gehienez 3 hizkuntza baloratuko dira, honela:

–Beheko maila (A1-A2): 2 puntu.

–Maila ertaina (B1-B2): 4 puntu.

–Goi maila (C1-C2): 5 puntu.

19. artikulua. Hautapen prozesua.

1. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak izangaien hasierako hautapena eginen du aurreko artikuluan aurreikusitako ebaluazio irizpideen arabera.

2. Lehenbiziko iragazki horretan aukeratzen diren pertsonek, ingeles tituluren bat ere ez badute, hizkuntza horren gaineko proba bat gainditu beharko dute, ahozkoa eta idatzizkoa.

3. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak zerrenda bat prestatuko du hizkuntza proba gainditzen duten izangaiekin, puntuazioaren arabera ordenatua, eta prestakuntza-profilaren arabera banatuko ditu izangaiak. Horrela, profilen araberako zerrendak sortuko dira.

4. Enpresa hartzaile guztiek nahi duten profila eskatu beharko dute. Profil horretako zerrendan dauden izangaiei aurrez aurreko elkarrizketa bat egiteko deituko zaie, lortutako puntuazioari hertsiki segituz. Elkarrizketa Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko langileek eta enpresa hartzailearen ordezkari batek eginen dute. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak izangaiak proposatuko ditu enpresa bakoitzak dituen beharrak kontuan hartuz.

Beken deialdia eman gabe uzten ahalko da, erabat edo zati batean, egokia ikusten bada.

20. artikulua. Ebazpena, jakinarazpena eta berariazko onarpena.

1. Hautapen prozesua bukaturik, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak bekak lortzeko hautaturiko eta proposaturiko pertsonen zerrenda prestatuko du, enpresa hartzaileen izenekin batera. Proposamen hori Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiari igorriko zaio, eta hark bekak emateko ebazpena emanen du. Ebazpen horretan, onuradunez gain, deialdian ezarritako baldintza guztiak bete arren bekarik jaso ez duten pertsonak agertuko dira, baita baldintzetako baten bat ez betetzeagatik eskaera ukatu zaien pertsonak ere.

2. Beka emateko ebazpenean hauek azalduko dira:

a) Onuradunen datuak, enpresa hartzailea, egin beharreko lanak eta egonaldiaren iraupena.

b) Bekaren zenbatekoa.

c) Onuradunei ezartzen zaizkien baldintzak.

d) Onuradunek bekaren xedea betetzen dutela justifikatzeko epea eta modua.

3. Emandako beken gainean ebazteko eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez, deialdia ixten denetik hasita. Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskaerak ezetsitzat jo beharko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiak emandako ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5. Bekak emateko ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da, baita Europako Gizarte Funtsa kudeatzeko agintaritzak argitaratzen duen zerrendan ere.

6. Beka ematearen gaineko ebazpena berariaz onartu beharko du onuradunak hamar egun balioduneko epean, beka emateko banakako jakinarazpena egiten denetik aurrera.

7. Interesdunak epe horretan espresuki onartzen ez badu, ebazpenak indarra galduko du onartu ez duen horri dagokionez, espedientea artxibatu eginen da eta interesdunari horixe jakinaraziko zaio. Halakoetan, 19. eta 20. artikuluetako irizpideen araberako puntuazio hurrenkeran hurrengoa den izangaiari deituko zaio, beka onar dezan.

VI. KAPITULUA

Onuradunen betebeharrak

21. artikulua. Betebeharrak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan aurreikusitako betebeharrez gainera, laguntza jasotzen duenak betebehar hauek ere izanen ditu:

a) Beka onartzen duela idatziz jakinaraztea.

b) Beka emateko eskumena duen organoaren aurrean frogatzea prestakuntza programa probetxuz egin dela, beka emateko ebazpenean ezarritako moduan eta epean, bai eta agindu horretan eskatutako gainerako betebeharrak ere.

c) Europar Batasuneko aurrekontuarekin kofinantzatutako laguntza bat jasotzeagatik egin daitezkeen kontrolak onartzea; egiaztapen horiek Nafarroako Gobernuak, Estatuko edo Europar Batasuneko Administrazio Orokorrak edo eskumena duten beste kontrol-organo batzuek egiten ahal dituzte.

e) Jakinarazpenetarako adierazitako helbidearen eta harremanetarako datuen aldaketen berri ematea, arauei jarraikiz diruz lagundutako jarduera kontrolpean egon behar duen denbora guztian.

f) Prestakuntza programa probetxuz egitea.

VII. KAPITULUA

Beken ordainketa eta justifikazioa

22. artikulua. Beken ordainketa.

1. Bekak hilero ordainduko dira, hila bukaturik.

2. Azkeneko hileko saria atxiki eginen da harik eta onuradunak eskatzen zaion azken egiaztagiriak behar bezala eta epe barruan aurkeztu arte.

23. artikulua. Justifikazioa.

1. Beka hauen inguruabar guztien justifikazioa Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan ezarritakoari jarraikiz eginen da, haien jarraipenari buruz deialdian ezartzen diren xedapenen arabera.

2. Enpresetan aritzeko programak iraun bitartean egindako jarduerak justifikazio memoria baten bidez justifikatuko ditu onuradunak. Programa bukatutakoan prestatu beharko du memoria hori, eta, betiere, 2014ko abenduaren 15a baino lehen.

3. Tituluduna praktikaldia egoki egiten ari den jakiteko, tutoreak, hiru hilean behin, txosten bat eta, hilero, haren lana ontzat ematen duen idazki bat bidali beharko ditu Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura.

4. Beka ematen duen organo eskudunak zilegi izanen du behar diren prozedurak ezartzea onuradunen ikasketen eta lanaren jarraipena egiteko, eta beharrezkoak iruditzen zaizkion organo, batzorde edo adituak izendatzen ahalko ditu laguntzaren aplikazioaren jarraipena eta egiaztapena egiteko; halaber, egokia iruditzen zaion informazio osagarria eska dezake.

5. Laguntzaren xede diren jarduerak egin direla justifikatzeko agiri eta txosten teknikoak aurkeztu beharko ditu onuradunak.

VIII. KAPITULUA

Bekak itzultzea, zehapen araubidea eta erregistroa

24. artikulua. Laguntza itzultzea.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan aurreikusitako deuseztasun eta deuseztagarritasun kasuez gainera, bidezkoa izanen da jasotako dirua itzuli behar izatea eta berandutza interesak (laguntza ordaintzen denetik itzuli beharra erabakitzen den data artekoak) eskatzea, kasu hauetan:

a) Laguntza lortzearren, eskatutako baldintzetan gezurra esatea, edo laguntza lortzea galaraziko luketen datuak ezkutatzea.

b) Lantoki hartzailean lanean ez hastea, bidezko arrazoirik gabe prestakuntza programa uztea edo programa behar bezala ez aprobetxatzea. Horren ondorioetarako, hona hemen prestakuntza programa uzteko bidezkotzat hartzen diren arrazoiak:

–Enpresak ez betetzea prestakuntza programa.

–Lan-kontratu bat lortzea.

–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak bidezkotzat jotzen dituen bestelako zergati edo egoerak.

c) Justifikazio betebeharra ez betetzea edo behar adina ez justifikatzea.

2. Dirua itzultzeko prozedurak Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiak ebatziko ditu. Prozedura horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluko 6. eta 7. zenbakietan aurreikusita dagoenaren arabera tramitatuko dira.

25. artikulua. Zehapen araubidea.

Zehapen araubidea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan ezarrita dagoena izanen da.

Iragarkiaren kodea: F1405888