82. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

155/2014 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, 2014ko maiatzaren 25ean eginen diren Europako Parlamenturako diputatuak aukeratzeko hauteskundeetan, egun hartan jairik ez duten besteren konturako langileek botoa emateko duten eskubidea errazkiago erabiltzeko arauak ematen dituena.

Martxoaren 31ko 213/2014 Errege Dekretuaren bidez, 2014ko maiatzaren 25ean eginen diren Europako Parlamenturako diputatuak aukeratzeko hauteskundeetarako dei egin da. Hauteskunde prozesuen arau osagarriei buruzko apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuaren 13. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Gobernuak Nafarroan duen ordezkariarekin adostu ondoren, bidezko da egun horretan jairik ez duten langileen lan ordutegiari buruzko neurriak hartzea Nafarroako Foru Komunitatearen eremurako.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.–2014ko maiatzaren 25ean Europako Parlamenturako diputatuak aukeratzeko eginen diren hauteskundeetan, egun hartan jairik ez duten besteren konturako langileek botoa emateko duten eskubidea errazkiago erabiltzeko arau hauek ematea:

1.a Hautesle gisa parte hartzen duten langileendako baimen ordainduak:

a) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik lanean arituko ez diren edo lanean bi ordutik beheiti arituko diren langileak: kasu horietan ez dute baimen ordaindurako eskubiderik izanen.

b) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik bitik lau ordura bitartean lanean arituko diren langileak: bi orduko baimen ordaindua izanen dute.

c) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik lautik sei ordura bitartean lanean arituko diren langileak: hiru orduko baimen ordaindua izanen dute.

d) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik sei ordutik gora lanean arituko diren langileak: lau orduko baimen ordaindua izanen dute.

e) 2014ko maiatzaren 25ean beren ohiko bizilekutik urrun lan egin behar duten langileek edo, beste baldintza batzuk direla medio, egun horretan botoa emateko eragozpenak izanen dituztenek eskubidea izanen dute aurreko baimenaren ordez izaera bereko beste bat izateko. Horren helburua izanen da Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak, azaroaren 2ko 6/1992 Lege Organikoaren bidez aldatu zenak, 72. artikuluan adierazten duen Zentsuko inskripzioaren ziurtagiria norberak eskatzea. Baimen horren iraupena posta bulegoen irekitze ordutegiak ikusita kalkulatuko da, lehendik ezarritako irizpide berberen arabera.

Kasu horietan guztietan, lanaldi osoz ez aritzeko kontratatutako langileak izateagatik, horiek ohikoa baino laburragoa den lanaldia egiten badute, baimenaren iraupena egiten duten lanaldiaren eta enpresa berean lanaldi osorako kontratatuta dauden langileen ohiko lanaldiaren arteko proportzioaren arabera murriztuko da.

Enpresariari dagokio, lanaren antolamenduaren arabera, langileek botoa ematera joateko duten baimenaren epeak banatzea.

2.a Hauteskunde-mahaietako buru edo kide, ikuskari edo ahaldun diren langileendako baimen ordaindua.

Mahaiburuek, mahaikideek eta ikuskariek bozketen eguneko lanaldi osorako baimen ordaindua izanen dute, baita hurrengo eguneko lanaldiko bost ordutarako ere. Ahaldunei dagokien baimenak bozketen eguneko lanaldia hartuko du, ez gehiago. Atal honetan aipatutako egoeraren batean dagoen langileren batek hauteskunde egunaren bezperan gaueko txandan lan egin behar badu, enpresak, interesdunak berak eskatuta, txanda aldatu beharko dio, bozketaren egunaren aurreko gauean atseden har dezan.

3.a Apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuan adierazi diren eta aurreko ataletan azaldu diren baimenen ondoriozko lanaldi murrizketak ordainduak izanen dira eta, Langileen Estatutuaren 37.3 d) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hori frogatzeko boto eman izanaren ziurtagiria edo, hala balitz, kasuan kasuko hauteskunde-mahaiaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

2.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2014ko apirilaren 9an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

Iragarkiaren kodea: F1405470