82. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN

Larrialdi sozialean dauden pertsona edo familiendako diru-laguntza bereziak emateko oinarriak

Azkoiengo Udalak, 2014ko martxoaren 6an egin osoko bilkuran, Larrialdi sozialean dauden pertsona edo familiendako diru-laguntza bereziak emateko deialdia eta oinarriak onetsi zituen. Jarraian argitara ematen da testua.

Azkoienen, 2014ko apirilaren 4an.–Alkatea, Josefa Vidorreta Alfaro.

LARRIALDI SOZIALEAN DAUDEN PERTSONA EDO FAMILIENDAKO DIRU-LAGUNTZA BEREZIAK EMATEKO OINARRIAK

Azkoiengo Udalak badu bere bizilagunetako batzuek pairatzen dituzten egoeren berri; hain juxtu ere, haien oinarrizko premietan oinarriturik arautu dira diru-laguntza hauek; haien izaera puntuala eta subsidiarioa da, ez dira aldizkakoak, bestelako prestazio edo zerbitzuetatik moldaturik ez dauden biziraupen premiak asetzeko xedea dute, eta osagarriak izan ahalko dira gutxieneko errentak direla-eta eskuratzen direnekin, premia larriko egoerei kasu egiteko baitira.

Oinarriak onetsi dira arau hauek mugaturiko esparruan: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua ezartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta gainerako lege aplikagarria, baita aurrekontua betearazteko oinarrietan ezarritakoa. Bestalde, ez da bateraezintasunik, diru-laguntza hauek bereziak baitira, Diru-laguntzei buruzko Lege orokorrari buruzko 22.2.c) artikuluan ezarritakoarekin bat, aipatu diren arrazoi sozial, ekonomiko, humanitario eta interes publikokoengatik, edo haien deialdi publikoa trabatzen duten bestelako arrazoi behar bezala justifikatuengatik. Oinarriek zehaztasun hauek dituzte:

1. Xedea eta aplikazio esparrua.

Xedea da diru-laguntzak ematea norbanakoei edo familiei, larrialdiko egoerak zuzentzeko, banan-banan ebaluatzeko araubidean, betiere komunitatean dauden beste laguntza bideak agortu badituzte eta larrialdi sozialean daudela frogatzen badute.

Prestazioa biztanleriaren sektore jakin batendako da, ez biztanle guztiendako; hartzailea izateko, beraz, izan beharko dira gabezia frogatuak, ekonomikoak nahiz sozio-sanitarioak, eta zailtasun handiak izan beharko dira gizarteratzeko premia oinarrizkoak asetzeko; horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dira. Horrela bada, laguntza berezi hauen bidez sostengurako tresnak sortuko dira, gizarte zerbitzuen gizarte laneko profesionalen ekintzaren osagarri. Gizarteratzeko premia oinarrizko hauei eman nahi zaie sostengu: alojamenduari, elikadurari eta higieneari dagozkienak, laneratzeko prestakuntzako ekintza arautu gabeak egitea, zentzumenak galtzeagatik eguneroko bizitzako jarduerak egiteko baitezpadako elementuak eta osasun arrazoien ondoriozko lekualdatzeak. Orobat, beste kontzeptu berezi eta garrantzitsu batzuei ere eman nahi zaie sostengu, familia unitatean sor ditzaketen kalte konponezinengatik. 7. atalean haien deskribaketa egiten da, diruz lagundu ahal diren kontzeptuak jasotzen baititu.

Erantzukizun sozialetik abiatuta, horiekin Udalak esku artean izan nahi du tresna berariazko bat, deserrotzea eta gizarteko zokoratzea eragin edo biziagotu ahal dituzten egoerak arintzeko, eta ekintza profesionalerako eta sostengurako tresna bat izateko Udaleko gizarte zerbitzuek diseinaturiko gizarteratze prozesuetan.

2. Finantzabidea.

Diru-laguntzak finantzatzeko dirua urtero sartuko da aurrekontuan, 3130 48000 kontu-sailaren kargura.

Diru-laguntzak emanen dira baldin eta urte bakoitzean indarra duen aurrekontuan krediturik eskura badago.

3. Baldintzak eta betebeharrak. Bateragarritasuna.

3.1. Atal honetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dira eskabideak aurkezten diren unean, eta egoera hori mantendu beharko da diru-laguntza jasotzen den bitartean. Laguntza hauek biltzeko, hauek dira nahitaezko baldintzak:

a) 18 urte baino gehiago izatea eta legez burujabetua izatea edo, bestela, burujabetzeko legezko tramitea abiatu izana.

b) Eskatzaileak Azkoienen bizi beharko du egiazki eta bertan erroldaturik egon gutxienez ere urtebeteko antzinatasunarekin, eta laguntza jasotzen duen bitartean laguntzaren onuradun zuzenekoak eskakizun hori betetzen segitu beharko du, laguntza norbanakoarentzat denean. Udalak egiaztatuko du, udal erroldaren bidez, eskatzaileen erroldatze eta bizikidetze egoera.

c) Diru-laguntza zer premiatarako eskatzen den, huraxe asetzeko baliabide ekonomikorik ez izatea elkarrekin bizi den familia unitateko kide guztien artean (bizikidetzaren ziurtagiriaren bidez frogatuko da bizikidetza).

d) Ezinbestean eta nahi gabe ezbeharren bat pairatu izana. Hala nola:

–Diru-sarreren galera, elkarrekin bizi den familia unitatean jendea aldatzeagatik.

–Saria eskatzearen xede nagusia ez diren aparteko gastu frogatuak edo eritasunak direla eta, alternatiba baten zain egotea.

–Larrialdi egoerak, langabeziaren eta ezegonkortasun ekonomikoko bestelako egoeren ondorioz, hala nola banantzeak, eritasunak eta zor justifikatuak.

e) Oinarri hauetako baremo ekonomikoaren barnean egotea (Gizarteratzeko Errenta edo Oinarrizko Errenta).

f) Azkoiengo Udalarekiko betebehar fiskalak eguneratuak izatea.

g) Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 223. artikuluan aipatzen diren inguruabarretako bakar batean ere ez egotea.

h) Eskaera eta bere egoera ebaluatu ahal izateko eskatzen den dokumentazioa aurkeztu izana.

i) Familiaren ondarea gehienez ere 30.000 euro izatea, salbu eta familiaren etxebizitza eta lanean aritzeko ondasun higigarri eta higiezinak.

j) Diru-laguntza egindako zorrak ordaintzeko baldin bada, ez dira 6 hilabete baino lehenagokoak izan beharko, egin zirenetik eskaera aurkezten den arte.

Baldintza hauek oinarri hauetan xedatzen denaren arabera egiaztatu beharko dira, udal artxiboetan agertzen diren datuak izan ezik.

3.2. Onuradunek eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Organo emaileari frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta jasotako laguntza eskatu zen xederako erabiltzen dela.

b) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea, informazio hori udal agiritegietan ez dagoenean.

c) Hartutako dirua itzultzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua ezartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan aurreikusten diren kasuetan.

d) Onuradunen eta entitate laguntzaileen betebeharrak ezarrita daude Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 14 eta 15. artikuluetan. Azkoiengo Udalak, legezko prozedura bidezkoen bidez, behar diren frogapenak egin ahalko ditu emandako laguntzen xedeari eta aplikazioari buruz.

3.3. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna eta osagarritasuna:

a) Bateragarri deklaratzen dira kontzeptu beragatik beste erakunde publiko nahiz pribatuetatik biltzen diren beste laguntza batzuekin, betiere aldi berekoak ez badira.

b) Egoerak iraunez gero, interesdunek bestelako laguntza batzuk eskatu beharko dituzte, xede berdintsukoak, betiere baldintzak betetzen badituzte, beste administrazio publiko edo ente publiko batzuetan; horien artean aipatu behar dira Nafarroako Gobernuaren laguntza berezietan jasotzen direnak (etxebizitza eta beste).

4. Eskatzeko sistema, epeak eta dokumentazioa.

4.1. Eskaerak egiteko bideak.

Eskabidea inprimaki ofizialeko ereduaren arabera gauzatuko da; hura eskatzaileak sinatu beharko du, eta deialdi honen eranskin gisa argitaratzen den ereduari lotuko zaio.

Familia bakoitzak inprimaki bakarra bete beharko du, behar bezala betea eta sinatua. Harekin batera, oinarri hauetako baldintzen egiaztagiriak aurkeztuko dira.

4.2. Epeak.

a) Laguntzak eskatu ahalko dira oinarri hauetan aipatzen diren aparteko inguruabarrak gertatzen direnean.

b) Eskatzen den diru-laguntza eman bada, ez da besterik eskatu ahalko kontzeptu beragatik, harik eta 12 hilabete iragaten diren arte aitzineko diru-laguntza ordaindu den egunetik.

4.3. Agiriak.

Eskatzaileek behar den inprimakia bete beharko dute, eredu ofizialaren arabera, betiere betetzen badituzte oinarri hauetan biltzen diren baldintzak. Horretarako, fotokopia ekarri beharko dute, eta hura Azkoiengo Udaleko bulegoetan utzi behar den dokumentazioaren jatorrizkoarekin alderatuko da; beraz, nahitaez behar dira jatorrizkoa eta fotokopia:

4.3.1. Eskaera. Betea eta egokitua honekin batera doan eredura.

4.3.2. Datu pertsonalak (jatorrizkoa eta fotokopia). Eskatzailearen eta familia unitatea osatzen duten gainerako lagunen NANa edo IFZ.

4.3.3. Familiaren diru-sarrera guztien eta eskaerarekin batera zerrendatutako gastuen frogagiriak (jatorrizkoa eta fotokopia):

a) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, aitzineko ekitaldikoa, bizikidetza unitateko kideena. Egitera beharturik ez badaude aurkeztu beharko dute beharturik ez egotearen ziurtagiria, Foru Ogasunak luzatua.

b) Eskatzaileak espresuki jaso beharko du, eskaerari erantsitako orrian, aitzin urtean aitortutako diru-sarrerak larriki urritu badira, PFEZa aurkezteko egunetan ez aurreikusteko maneran, familia unitatean errentak eskuratzen zituzten kideetariko bat hil delakoz edo lanerako ezindurik edo langabe bilakatu delakoz, edo bereizi edo dibortziatu delakoz eta/edo urritze hori sorrarazi duen beste edozein inguruabar sozioekonomiko gertatu delakoz. Egoera horren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez.

c) Kasu guztietan, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Aitzin urteko PFEZaren aitorpenaren ale osoa.

–Azkeneko 3 nominak eta/edo INEMaren diru sariak jasotzearen egiaztagiriak, beste sarienak, mantenu-pentsioarena etab.

–Egungo diru-sarreren zinpeko aitorpena.

–Diru-laguntza etxebizitzarako baldin bada, etxebizitzagatik izandako gastuaren ziurtagiria, agiri ofizialen bidez egiaztatua, edo errentatzaileak edo kontratuaren titularrak sinaturiko frogagiria.

–Aurrekontu zehaztua edo egindako eskaerarekin ikusteko duten fakturak eta horien kopia konpultsatuak.

4.3.4. Familiaren egoera eta lanekoa (jatorrizkoa eta fotokopia):

a) Familia liburua, bere kide guztiekin, eta halakorik izan ezean, familia unitateko kideak eta haien jaiotegunak frogatzeko dokumentazio ofiziala. Erroldako izen ematea ofizioz egiaztatuko da.

b) Banantzea edo dibortzioa. Honela egiaztatuko da:

1) Izatezko banantzean, aurkeztuko da banantzeko eskaera aurkeztu izanaren ziurtagiriaren fotokopia, jatorrizkoarekin alderatua, edo notario agiria zein egoera hori erakusten duten beste agiri batzuk.

2) Banantzea legezkoa bada, edo dibortzioa, aurkeztu beharko dira hura xedatzen duten epai judizialen fotokopiak, jatorrizkoarekin alderatuak.

c) Ezkontzaz kanpoko seme-alabaren bat izanez gero, aitak aitortua, aurkeztu beharko da zaintza eta ardurari buruzko neurrien eta mantenu-pentsioaren fotokopia, jatorrizkoarekin alderatua. Halakorik izan ezean, demanda jarri izanaren ziurtagiria, edo egoera hori egiaztatzen duten beste dokumentu batzuk.

d) Lan bizitza eguneratuaren ziurtagiria.

4.3.5. Bestelako egoerak (jatorrizkoa eta fotokopia):

–Prestakuntza jarduera. Prestakuntza jardueraren batean ariz gero, egiten ari den jardueraren datak, ordutegiak eta egiten ari den edo egin nahi duen jardueraren izena. Orobat, frogatu beharko da diru-laguntza eskatzen den prestakuntzarako bide bakarra dela.

–Gizarteratzea (eskola nahiz lan arloan). Bereziki, agindutako osasun tratamenduetako gastuek lekua izanen dute, betiere nahitaezkoak badira (ikusmen galera, eguneroko bizitzako jarduera arruntak egiteko muga handiak sorrarazten duena, presako lekualdatzeak osasun arazo hagitz larriengatik...) eta estaldurarik ez badute osasun sisteman edo alor pribatuan (erakundeak, elkarteak, organizazioak, aseguruak...). Osasun txosten frogagarria eta aurrekontu xehakatua aurkeztu behar dira.

Aitzineko ataletan aipatzen den dokumentazioa izan ezean, eskatzaileek bidezko iruditzen zaizkien dokumentu eta ziurtagiriak ekarri ahalko dituzte diru, gizarte edo familiaren aldetik bizi duten egoera frogatzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio prozedura Erkideari buruzko Legean aurreikusiari jarraikiz.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Betiere aitzinetik ebazpena emanen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluak aurreikusiarekin bat.

5. Eskaerak baloratzeko irizpide ekonomiko/objektiboak.

5.1. Oinarri hauetako diru-laguntzen eskaerak baloratzeko, irizpide hauek baliatuko dira:

a) Bizikidetza unitateak behar bezainbat baliabide ekonomiko ez izatea Gizarteratzeko Errenta arautzen duen baremoan ezarritakoari jarraituz, eta eta sostengu sozio-familiarrik ez izatea (familiaren aldetik, erakunde publiko nahiz pribatuen aldetik, eta abar) egoerari buru emateko.

5.2. Irizpideak betiere lotuko zaizkie Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 8.3 c) artikuluan ezarritako printzipioei, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eragimenari dagokionez, eta, orobat, Azkoiengo Udalaren urte bakoitzeko aurrekontu orokorrak betearazteko oinarrietan jasotzen diren printzipioei.

5.3. Azkoien aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko langileek eginen dute deialdiaren kudeaketa, segimendua eta balorazioa, haren fase guztietan, baita aginduzko txostenak ere erreklamaziorik edo errekurtsorik izanez gero.

6. Organo eskuduna, ebazteko eta jakinarazteko epea.

6.1. Organo eskuduna: Tokiko Gobernu Batzarra, Azkoiengo Udaleko Gizarte Ongizate Batzordeak eskabideak berrikusi ondotik.

6.2. Ebazpena emateko epea. Kasu guztietan, lehentasuna emanen zaio espedientearen tramitazioari; ebazteko gehieneko epea 3 hilabete da eskaera erregistroan sartu denetik, kontuan harturik epe hori eteten ahal dela interesdunari eskatzen bazaio bere eskaerako akatsak zuzentzeko edo agiriak ekartzeko. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe iragan ondoan, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jo ahalko du, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 25.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

6.3. Jakinarazpena. Diru-laguntza emateko ebazpenak bukaera emanen dio administrazio bideari, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 58. eta 59. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz jakinaraziko zaio eskatzaileari.

7. Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak.

Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuei dagokienez, kontuan hartu beharra dago aitzinetik agortu behar izan direla Komunitatean diren beste bide batzuk, erakunde edo entitate publiko nahiz pribatuetatik. Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Alojamenduarekin, ohiko etxebizitzari eustearekin eta mantenuarekin ikusteko duten egoerak hartuko dira kontuan, ondoan deskribatzen diren baldintzetan.

Betiere kontuan hartu beharko da kontzeptu guztietarako ezarritako muga.

7.1. Alojamendua. Kontzeptu hauek sartzen dira:

a) Etxebizitzaren alokairua, etxebizitzaren hipoteka-mailegua ordaintzea edo etxebizitza partekatuan gela ordaintzea behin-behineko egoera denean, betiere eskatzailearen benetako eta ohiko bizitegia bada.

b) Etxebizitza berri baterako alokairu kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizitegia bada, hasierako ordainketa apartekoa dakarrenean eta diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketari aurre egiteko.

Kontzeptu honengatik emanen den gehieneko zenbatekoa izanen da bi hilabetekoa urtean.

7.2. Etxebizitza mantentzea. Diru saria ondoko zor motak ordaintzeko:

a) Argi, gas eta ur hornidurak, zerbitzua eteteko gaztigua dakarrenean eta puntuala denean.

b) Altak etxebizitzetako hornidura energetikoetako kontratuetan.

c) Ez dira jasotzen komunikazio eta informazio gastuak.

Kontzeptu hauengatik emanen den gehieneko zenbatekoa izanen da bi hilabetekoa urtean. Behar diren horniduren kontratuetan alta emateari dagokionez, argi, gas eta uraren kontratuetan alta emateko bezainbat emanen da, betiere orokorrean ezartzen den gehieneko diru muga kontuan hartuta.

7.3. Mantenua eta oinarrizko higienea. Familia unitateko kideen eguneroko elikadura eta higienearen (norberaren eta etxeko higienerako oinarrizko elementuak) alorreko premiak asetzeko diru saria. Kasu guztietan, ez dituzte beste erakunde publiko edo pribatuek beren gain hartu behar (elikagaien bankua etab.).

Kontzeptu honengatik, diru sariaren gehieneko zenbatekoa ondoko laukian agertzen da, sei hilabeteko saria izanen da, elkarren ondokoak izan ala ez izan, betiere orokorrean ezartzen den gehieneko diru muga kontuan hartuta.

BIZIKIDETASUN UNITATEA

EURO HILEAN

Lagun 1eko familia unitatea

100

2 laguneko familia unitatea

200

3 laguneko familia unitatea

275

4 lagun edo gehiagoko unitatea

350

Diru saria emanen da elikagaiak erosteko txartelen bitartez, gero horiek Azkoiengo dendetan elikagaiekin trukatzeko (txartelean zehaztuko dira dendak). Baleak Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean luzatuko dira, laguntza eman ondotik.

7.4. Diru-laguntzak jasoko dira prestakuntza eta laneko ingurunean funtzionamendu pertsonal integratua garatzeko behar diren elementuak (besteak beste, zentzumen arlokoak, entzumenari eta ikusmenari dagozkionak batik bat) eskuratzeko bidea emanen dutenak.

7.5. Eritasunaren ondoriozko gastuak, Osasunbideak igorririk nahitaez egin behar diren lekualdatze edo egonaldiek sorrarazten dituztenean.

7.4 eta 7.5 puntuetan adierazitako kontzeptuengatik ordainduko den diru muga aipatu kontzeptuen kostua izanen da gehienez, kostu hori ez badu Nafarroako Gobernuak edo beste batek bere gain hartzen, betiere orokorrean ezartzen den gehieneko diru muga kontuan hartuta.

7.6. Egonaldiak komunitate terapeutikoetan, haien kostua ez badu Nafarroako Gobernuak edo beste batek bere gain hartzen. Kontuan hartuko da zentro hauetako egonaldia urtekoa izaten ahal dela; beraz, bermatuko da gisa horretako egonaldia, gehieneko diru muga orokorra gainditzen badu ere.

7.7. Beste kontzeptu batzuk.

Aurreko ataletan jaso gabeko egoerak arintzeko, familia unitateari eragiten dioten kalte konponezinaren berezitasuna eta garrantzia kontuan hartuz.

8. Eskaeraren urteko gehieneko zenbatekoa. Diru-sarreren kalkulua.

8.1. Gehieneko zenbatekoa eskaera bakoitzeko. Eskaera bakoitzari aplikatu ahal zaion gehieneko zenbatekoa honela zehaztuko da:

a) Familia unitatearen baliabide ekonomikoak.

b) Kontzeptu bakoitzean ezarritako gehieneko zenbatekoa, baita guztietarako onartutako gehieneko muga, 1.000 euro izanen da oinarri hauek indarra duteneko lehen urterako.

c) Eman beharreko gehieneko zenbatekoa izanen da eskatutako kontzeptuagatik diru-laguntzatako eman daitekeen diru kopuruaren gainean halako ehuneko bat aplikatzearen ondorioa.

Ehuneko hori lortzeko oinarria izanen da bi hauen arteko zatidura: eskatzailearen eta familia-unitateko kideen baliabide ekonomikoak zati familia-unitate horren osaera dela-eta legokiokeen oinarrizko errentaren zenbatekoa. Horri dagokionez eta orokorrean, tarte hauek ezarri dira:

–Ateratzen den zatidura 1 edo gutxiago baldin bada, laguntzaren ehunekoa %100 izanen da.

–Zatidura 1 baino gehiago bada eta 2 edo gutxiago, aplikatu beharreko ehunekoa eragiketa honen emaitza izanen da: familia-unitate eskatzailearen kide kopuruari dagokion oinarrizko errenta bider 100 eta zati familia-unitate horren diru-sarrerak.

Diru-laguntzaren ehunekoa:

–Zatidura 2 baino gehiago bada ukatuko da eskatutako laguntza.

–Kontzeptu guztiengatik, gehienez ere ordaindu beharreko zenbatekoak ez du orokorrean ezarritako gehieneko diru muga gaindituko.

–Diru-laguntza hauek eskatzen dituzten familiak urte natural oso batean baliatu ahalko dira kontzeptu guztiengatik eta aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean; kontzeptu beragatik ezingo dute besterik eskatu harik eta 12 hilabete iragan arte aitzineko diru-laguntza ordaindu zenetik, salbu eta ailegatu ez badira diru-laguntzaren gehieneko mugara (ikus 4.2 eta 8.1.b atalak).

8.2. Familiaren errenta eta dagokion laguntza kalkulatzeko prozedura. Familia unitatearen diru baliabideak ezartzeari dagokionez, halakotzat hartuko da hilabeteko diru-sarrera guztien batura eta haren ondarea. Diru-sarreren balorazioa:

8.2.1. Laneko etekinen bidezko diru-sarrerak. Laneko etekinak dira elkarrekin bizi den familiaren (aita-ama, bikotekide, tutore, anai-arreba) norberaren kontura edo besteren konturako lanetik heldu diren diru-sarrera guztiak gehi sari eta pentsio aitortuak, diru publiko nahiz pribatuen kontura finantzatzen diren gizarte aurreikuspeneko araubideetan sailkatuak, dena zati hamabi eginik.

a) Aldizkakoak ez diren diru-sarreren kasuan, diru-sarreren kontua egiteko batez besteko diru-sarrerak kalkulatuko dira azken hiru nominetatik, pentsioaren ziurtagiritik edo beste edozein diru sari edo diru iturritatik abiatuta.

b) Enplegu egonkorra izanez gero, lanaren aldetik urtebeteko edo gehiagorako egonkortasuna duena, eskabidearen unean azken errenta aitorpena hartuko da kontuan. Dagokionean, familia unitateko edozein kideren pentsio, sari edo nominetatik heldu diren diru-sarrerak ere kontuan hartuko dira, azken errenta aitorpenean sartu ez badira.

8.2.2. Ondareko etekinen bidezko diru-sarrerak. Ondareko etenkitzat joko dira kapital higigarri nahiz higiezinetatik heldu direnak, ondoko atalean jasotzen diren salbuespenekin.

8.2.3. Diru baliabideen kontaketatik diru-sarrera hauek salbuetsiko dira:

–Ardurapeko seme-alabak izateagatik Gizarte Segurantzak ematen dituen sarien diru-sarrerak.

–Helburu zehatz baterako laguntza ekonomikoak, halakotzat harturik larrialdietako laguntzak, etxebizitza erosteko direnak, ikasketetarako bekak eta beste edozein, eman bada familia unitatearen premia zehatz bati aurre egiteko.

9. Ukatzeko arrazoiak.

Diru-laguntzak ukatu ahalko dira, ezarritako baldintzak beteagatik ere, inguruabar hauetarikoren bat gertatzen delarik:

a) Eskatutako laguntza ez izatea mahai gainean jarritako arazoa konpontzeko egokia.

b) Datuak faltsutzea edo ezkutatzea, eta horren ondoriozko zehapen espedientea.

c) Toki entitatearekin egindako zorrengatik, premiamendu bidez kobratzeko prozeduretan dauden partikularrak.

d) Ez da diru sorospenik emanen, zuzenean nahiz zeharka, legean aurreikusi gabeko salbuespen fiskalak, konpentsazioak edo toki ogasunarekin egindako zor murrizketak badira.

e) Kontzeptu beragatik eta aldi bererako, beste erakunde edo entitate publiko nahiz pribatuek finantzatu badituzte.

f) Halako kontzeptu baten inguruko diru-laguntzaren kronifikazioa; alde horretatik, diru-laguntza bi aldiz eman ahalko da gehienez kontzeptu beragatik, laguntza berria eskatzeko ezarritako epeak iragan ondoan.

10. Eskaeren ebazpena.

Eskabideen ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, organo eskudunak, Tokiko Gobernu Batzarrak, onetsi edo ukatu ondoan, betiere Azkoien aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak aldez aurretik nahitaezko txostena luzatu eta Azkoiengo Udaleko Gizarte Ongizate Batzordeak berrikusi ondotik.

Laguntza ekonomikoek ebazpenean zehazten den datatik aitzina izanen dute indarra.

Diru-laguntzak emanen dira baldin eta urte bakoitzean indarra duen aurrekontuan krediturik eskura badago.

11. Ordainketa.

Onetsitako laguntza ordainduko zaie hura jasotzeko izendatutako entitate edo pertsonei. Inola ere ez zaio ordainduko laguntza eskatu duen pertsonari edo onuradunari, baina bai kontabilizatuko dela laguntza hori onuradunaren izenean, ordainketa egin den kontua edozein delarik ere.

12. Laguntzen kontrola eta aplikazioa.

12.1. Kontrolaren araubidea. Diru-laguntzak baliogabetu ahalko dira baldin eta frogatzen bada:

a) Haien zenbatekoa ez dela erabili eman zirenerako.

b) Baldintzetariko bat edo batzuk betetzen ez dituzten pertsonei eman zaiela, edo ez dituztela behar bezala egiaztatu.

Hala behar badu, dirua itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan eta hurrengoetan xedatzen denarekin bat.

Azkoiengo Udalak nahiz Mankomunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek beretako hartuko dituzte eskaeren espedienteen ikuskapena egiteko eginkizuna, legeria aplikagarrian aurreikusten diren neurriak hartzeaz aparte zantzuak daudelarik laguntzen lorpena, xedea edo justifikazioa modu okerrean egin dela.

Aplikatu beharko da finantza kontrolerako prozedura, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 49. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusia.

12.2. Justifikazioa. Laguntzak justifikatzeko aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo diru-laguntzaren aplikazioa frogatzen duen pareko beste edozein frogagiri, merkataritzako trafiko juridikoan balio badu edo administrazioan eraginkortasuna badu; horiek tramitatuko dira, eta ordainketa eginen, kasu bakoitzean erabakitzen den zenbatekoan, aurrekontua betearazteko oinarrien eta aplikatzeko den gainerako araudien arabera.

Justifikazioa eginen da legez luzaturiko fakturen bidez; ontzat hartzen diren beste agiri batzuk tiketak dira, Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesteko maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak edo hura ordezten duenak onartzen dituen kasuetan. Orobat, agiri hauek aurkeztu ahalko dira, besteak beste (zerrenda hau ez baita itxia): Administrazio Publiko batek luzaturiko ordainketa gutuna; ordainagiriak, tributuak ordaintzeagatik edo tributuz kanpoko beste kontzeptu batzuengatik; konturako karguak; bankuen gordekinak; faktura luzatzea bidezkoa ez denean, kontabilitateko agiriak, kontabilitateko idazpenak errealitatearen irudi zehatza ematen duela frogatzen dutenak.

Frogagiriak aurkezteko 10 egun balioduneko epea izanen da diruz lagundutako kontzeptuei dagokien azken ordainketaz geroztik.

13. Dirua itzultzea eta ezeztatzea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat, honelakoetan laguntza osorik edo partez itzuli beharko da eta dagokion berandutza korritua ordaindu:

a) Diru-laguntza emateko oinarria izan zen gastua egin denik justifikatzen ez delarik.

b) Diru-laguntza lortzen delarik horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

c) Laguntza zertarako eman zen, beste baterako erabiltzen delarik.

d) Onuradunek betetzen ez dutelarik oinarri hauetan ezarritako betebehar edo baldintzetariko bat, orduan ulertuko baita diru-laguntzari uko egin diotela eta diru-laguntza ofizioz baliogabetu ahal izanen baita.

14. Indarraldia eta xedapen osagarriak.

Oinarri hauek indarra izanen dute organo eskudunak aldatzen edo indargabetzen ez dituen bitartean, ezarritako legezko prozedurarekin bat; horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta argitaratu ondoko egunean hartuko dute indarra.

15. Errekurtsoen araubidea.

Oinarri hauen kontra, baita hura betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen kontra ere, errekurtso hauetako edozein aurkeztu ahalko da, hautara:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina. Aitzinetik, eta hautara, berraztertzeko errekurtsoa ezar daiteke, hura eman zuen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo, bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Edo bestela, beste edozein, interesdunei bidezko iruditzen bazaie hura jartzea.

16. Onarpena eta interpretazioa.

1. Diru-laguntza eskatzeak berekin dakar haien oinarriak onartzea.

2. Udalari dagokio oinarrien interpretazioa.

17. Publizitatea.

Oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Oinarri hauei behar bezalako publizitatea emanen zaie, izan litezkeen onuradunek haren berri izateko biderik egokiena erabiliz. Publizitatea egiteko baliabide osagarriak erabili ahalko dira, hala nola Udalaren web orria, baita oinarrizko gizarte zerbitzuen eta Azkoiengo Udalaren iragarki oholak ere.

18. Datuen babesa.

1. Datu Pertsonalen Babesari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren (DBLO) 5. artikuluaren arabera, jakinaren gainean daude eskaeran erregistratu datu pertsonalak Datuak Babesteko Espainiako Agentzian inskribatua dagoen eta Azkoiengo Udalaren ardurapekoa den fitxategi batean sartuko direla, oinarri hauetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatu beharrez. Eskatzen diren datu guztiak beharrezkoak dira diru-laguntza eskaerari erantzuteko, eta deialdira aurkezteak berez dakar baimena ematea horiek eskuratzeko eta aztertzeko eta horien gaineko agiriak luzatzeko. Azkoiengo Udalari zuzendurik erabil daitezke datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak.

2. Bestalde, Azkoiengo Udalari baimena ematen zaio fitxategi automatizatuetan sartzen diren datu pertsonal, ekonomiko eta sozialak beste xede batzuetarako, hala nola estatistiketarako edo ikerketa zientifikorako, erabiltzeko, datu pertsonalak babestearen gaineko arloan indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz.

19. Arau-hausteak eta zehapenak.

Diru-laguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazio arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin eta doloa, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:

a) Diru-laguntza edo laguntza lortzea, horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.

b) Diru-laguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, errekerimendurik egin gabe.

c) Onuradunari egotzi ahal zaizkion arrazoiak direla eta, diru-laguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea.

d) Funts publikoei emandako erabilera ez justifikatzea.

Aipatu portaerak dituzten onuradunak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

Arau-hausteengatik isuna ezarriko da: gaizki lortu, gaizki aplikatu edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru, gehienez ere.

Gainera, Alkatetzak honako zehapen hauek ezarri ahalko ditu:

a) Laguntza eman duen administrazioaren diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea, bost urte arteko epean.

b) Laguntza eman duen administrazioarekin kontratuak egiteko debekua izatea, bost urte arteko epean.

Administrazio espedientearen bidez ezarriko dira zehapenak; eta interesdunari entzunaldia emanen zaio beti, erabakia hartu aitzin; Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatuaren arabera tramitatuko da espedientea.

Orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean (VI. titulua) diru-laguntzen arloan tipifikaturiko eginei eta ez eginei jarraituko zaie, eta zehatu ahalko dira, utzikeria hutsagatik.

20. Xedapen gehigarri bakarra.–Oinarri hauetan aipatzen diren zenbatekoak eta beste erakunde publiko batzuek finkatzen ez dituztenak urtero eguneratuko dira Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako argitaratzen duen iragan urteko KPIaren arabera (KPIaren aitzineko 12 hilabeteetako goiti-beheitia, urtebeteari dagokiona); halaber, 8.1 ataleko taulan LGSaz bildu diren aipamenek behar diren aldaketak izanen dituzte LGSa aldatzen delarik.

ERANSKINA

Norbanakoarendako diru-laguntza eskaera–Larrialdi sozialeko egoera

Datu guztiak bete behar dira.

Eskatzailearen datuak:

Izen-deiturak: .....................NAN/AIZ/Pasaportea ............

Helbidea: ....................................31500 Azkoien.

Telefonoak: ....................... / .................., Posta elektronikoa: ........................................ Egoera zibila: ............................

ESKATZEN DUT:

Guztira, zenbateko honetako diru-laguntza ...................................... euro, gastu hauek berdintzeko:

KONTZEPTUAK(1)

XEHETASUNAK(2)

ZENBATEKOA

Alojamendua

Etxebizitzari eustea

Mantenua eta oinarrizko higienea

Gizarteratzeko eta/edo laneratzeko sostengua

Bestelakoak

(1) X batez markatu dagokizun kontzeptua.

(2) Zehazki adierazi eskatzen dena, adibidez: 2 hilabeteko alokairua, ordaindu gabeko argiaren ordainagiri bat, .................. eurokoa.

Konpromisoa hartzen dut eskatzen zaidan dokumentazioa aurkezteko, agindutako epeetan.

Eskatzen dut deialdiari heltzea, haren arauak onarturik, eta aditzera ematen dut, erantzukizuna nirea izanik, eskaeran dauden datu guztiak egia-egiazkoak direla, deialdia arautzen duten oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen ditudala eta onuraduna izatea debekatzeko arrazoietan ez nagoela, indarra duten xedapenetan esaten denari jarraikiz.

Aitortzen dut aurkeztutako datuak egiazkoak direla eta laguntza berezien deialdian ezarritako baldintzak betetzen ditudala.

Oharra:

Azkoiengo Udalak administrazio eskudunen aitzinean bidezko diren egiaztapen lanak eginen ditu, interesdunek emandako informazioa benetakoa ote den, eta eskatutako baldintzak eta kontzesioaren ondoriozkoak betetzen ote dituzten egiaztatzeko. Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, 3 hilabete izanen da. Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko du eskatzaileak.

Datuen babesa:

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 5.1 artikuluan xedatuarekin bat, aditzera ematen da eskaeran erregistratu datu pertsonalak Datuak Babesteko Espainiako Agentzian inskribatua dagoen eta Azkoiengo Udalaren ardurapekoa den fitxategi batean sartuko direla. Eskatu diren datu guztiak beharrezkoak dira eskaerari erantzuteko; beraz, haien tratamendua baimentzen da aipatu xederako. Azkoiengo Udaleko Erregistro Orokorrari zuzendurik erabil daitezke datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak.

Azkoienen, 2014ko ........................aren ...........(e)an

Jakinaren gainean, sinaturik

AZKOIENGO UDALA.

Iragarkiaren kodea: L1405234