82. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, 2014ko apirilaren 16koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Plazaolaren trazadura zaharra Iruña-Irurtzun tartean berreskuratzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialeko aldaketa onesten duena. Sustatzailea Plazaola Turismo Partzuergoa da.

Nafarroako Gobernuak, 2013ko martxoaren 20an egin bilkuran, erabaki zuen Plazaolaren trazadura zaharra Iruña-Irurtzun tartean berreskuratzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala (UPrSa) aldatzeko espedienteari hasiera ematea, zein Plazaola Turismo Partzuergoak sustatua baita, eta hura jendaurrean edukitzea eta entzuteko tramitea ematea hilabete batean, planak zer udal mugape ukitzen dituen, udal horiei. Erabaki hori 2013ko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 8an.

UPrS hori Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen (2010eko 64. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 26koa).

Jendaurreko aldian ez da alegaziorik jaso.

Aurkeztutako proposamenaren xedea da udalez gaindiko proiektu sektorial hori aldatzea bi tarte hauetan:

1. Aitzoaingo Kontzejuan (Berriobeiti), Oronsuspeko auzoa eta Berriozar lotzen dituen tartean mota desberdineko trafikoek bat egitean arazoak sor litezkeenez, halakorik ez gertatzeko, proposamena da plataforma bat eraikitzea, egungo galtzadaren paraleloan joanen dena, motorrik gabeko ibilgailu eta oinezkoentzat soilik. Bestetik, Oronsuspeko auzoan aurreikusten da trazadura aldatzea eta Berriobeitiko katastroaren 16. poligonoko 42. eta 51. lurzatien artean dagoen jabari publikoko eremuan barna pasaraztea.

2. Saratsako Kontzejuan (Itza) trazaduraren aldaketaren helburua da, funtsean, trenbide zaharraren jatorrizko trazadura berreskuratzea, N-240A errepidearen paralelo, Saratsako herriguneko giroa ez aldatzeko, eta kontuan hartuta N-240A errepidearen inguruetako erabilera tertziarioak indarra galtzen ari direla. Horri esker, trenbidearen jatorrizko trazadura berreskuratu daiteke.

Aldaketarako bi proposamen horiek bermatzen dute trazaduraren jarraipena bere luzera osoan.

Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak, N-240-A errepidearen eta Saratsako zahar-etxearen ondotik pasatzen den bide berdearen sekzioa zehazteko 2013ko abenduaren 19an eskatu ondoan, irizten du zuzena dela puntu horretako aldaketa, eta ez du inolako determinaziorik ezartzen horri dagokionez.

2013ko abenduaren 19an, Plazaola Turismo Partzuergoak eskatu du presako izaeraren deklarazioa desjabetzearen ondorioetarako, baita azpiegituraren onura publikoa eta soziala ere. Ondorio horietarako, adierazten du, besteak beste, UPrSaren helburua ekarpen handia dela herritar askoren ongi izate sozial eta ekonomikorako, azpiegiturak aukera ugari eskaintzen baititu jolaserako eta kirolerako jarduerak egiteko, eta bultzatzen baitu ostalaritzarekin eta landa turismoarekin lotura duten jarduera ekonomikoak ezartzea.

Presako desjabetzeari dagokionez, partzuergoak zehaztu du Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak finantzatu eta zuzenduko dituela obrak, eta, finantziazio hori lortzeko, besteak beste, ezinbestekoa da partzuergo horrek lurrak eskuragarri izatea.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2014ko urtarrilaren 28ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Sustapeneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Plazaolaren Iruña-Irurtzun tarteko trazadura zena berreskuratzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Plazaola Turismo Partzuergoak sustaturikoa, aldatzeko espedientearen tramitazioa onestea.

2. Nolanahi ere, obren egikaritza baldintzatzen duten edo ukituta gelditzen diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egikaritzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetatik.

3. Onura publikokoa eta interes sozialekoa deklaratzea Plazaolaren Iruña-Irurtzun tarteko trazadura zena berreskuratzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Plazaola Turismo Partzuergoak sustaturikoa, baita presako izaera ere desjabetzearen ondorioetarako, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 45.4 artikuluan xedatuarekin bat.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura igortzea.

5. Erabaki hau Iruñerriko Mankomunitateari, Iruñeko, Berriobeitiko, Berriozarko, Itza Zendeako, Arakilgo eta Irurtzungo udalei, Saratsako eta Aitzoaingo kontzejuei eta Plazaola Turismo Partzuergoari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitu duela eta beraren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Iruñean, 2014ko apirilaren 16an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1405891