81. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

EKONOMIA, OGASUN, INDUSTRIA ETA ENPLEGU DEPARTAMENTUA. Iragarkia, ondasun higiezinak esleipen zuzenaren bidez besterentzeko.

Nafarroako Zerga Ogasuneko Derrigorrezko Diru-bilketaren Ataleko buruak iragarri du eskaintzak aurkezteko epea hasi dela ondotik adierazten diren ondasunak zuzeneko esleipenaren bidez saltzeko.

Tramite hori 2014ko maiatzaren 16an bukatuko da, baldin eta ondasunen esleipena aurretik ebatzi ez bada.

Interesdunei ohartarazten zaie besterentzeko prozesua, esleipena baino lehen eta edozein unetan, bertan behera geldituko dela baldin eta zorra, berandutza interesak eta prozedura kostuak ordaintzen badira.

Baldintza hauek gobernatuko dute ondasunen besterentzea:

1. Eskaintzak aurkezteko epea: 2014ko maiatzaren 5eko 11:30 arte, Nafarroako Zerga Ogasuneko Derrigorrezko Diru-bilketaren Ataleko bulegoetan (Karlos III.aren etorbidea, 4, Nafarroako Gorteen kaletik sartuta, 6. solairua). Eskaintzak 2014ko maiatzaren 5ean irekiko dira, 12:00etan, leku berean, 2. solairuan.

2. 407.580,82 eurotik beherako eskaintzak baztertu eginen dira.

3. Eskaintzak gutun-azal itxian aurkeztuko dira, eta barrenean datu hauek izanen dira:

–Eskaintza egiten duen pertsonaren edo entitatearen identifikazioa, behar denean jarduteko ahalordea frogatuz, IFZ/IFK, helbidea eta eskainitako zenbatekoa.

–81.516,16 euroko bermearen gordailua Nafarroako Foru Komunitatearen alde, bankuak libratu edo adostutako txeke baten bidez.

4. Behin gutun-azalak irekita, eskaintza handienetik abiatuko da, eta posturagileek 4.000,00 euroko kopurutan handitzen ahalko dituzte eskaintzak.

5. Higiezin baterako gutun-azal itxian aurkeztutako eskaintza bat baino gehiago berdinduta gelditzen badira diru-kopururik hoberenean, aurrena aurkeztu denari emanen zaio lehentasuna esleipenean, deusetan galarazi gabe ekitaldian eskaintzak hobetu ahal izatea.

6. Enkantearen mahaiak esleitu gabe uzten ahalko du ondasuna, aurkeztutako eskaintzak txikiegiak direla uste badu.

7. Esleipen-hartzaileak beharturik daude ekitaldian berean edo bost eguneko epean esleipenaren zenbatekoaren eta berme gordailuaren arteko aldea ematera.

8. Besterentzen diren ondasunek iragarki honen amaieran ageri diren zamak eta kargak izanen dituzte beren gain, eta espedientean ere jasota daude; indarrean jarraituko dute eta iraungitzean ez da errematearen prezioa aplikatuko. Iragan den denbora kontuan hartuz, zenbateko ziurtatuak aldaketak izaten ahal ditu.

9. Honako hauek esleipen-hartzailearen kontura dira:

–Ondasunen eskualdaketa kargatzen duten zeharkako zergak.

–Karga lehenetsi gabeak deuseztatzeko agindua Jabetza Erregistroan inskribatzearen ondoriozko gastu eta zerga guztiak.

–Udalaren zergak eta gastuak lurren balio gehikuntzaren gainean (gainbalioa).

10. Nafarroako Zerga Ogasunak bere gain du errematea izan ez duten ondasunak Foru Komunitateari esleitzeko eskatzeko eskubidea, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketari buruzko Erregelamenduaren 147. artikuluak eta hurrengoek xedatzen dutenari jarraikiz.

11. Esleitutako ondasunak erregistro publikoetan inskribatzen ahal direnean, lizitatzaileek espedientean jasotako jabetza tituluak nahikotzat eman beharko dituzte, ez baitute eskubiderik besterik eskatzeko.

12. Diru-bilketako erakunde honek ez daki enkanteko higiezinak efizientzia energetikoaren ziurtagiria duen. Horrenbestez, lizitatzaileek adierazi dute hura ezagutzen dutela eta eskualdatzailea salbuetsita dagoela ziurtagiri hori aurkezteko legezko betebeharretatik.

13. Iragarki honetan adierazten ez den guztian, egintza arautzen duten legezko edo erregelamenduzko xedapenek aginduko dute.

14. Jarraian azaltzen dira esleipen zuzenaren bidez besterendu nahi diren ondasunen ezaugarriak eta ondasunen gaineko lehentasunezko kargen ezaugarriak.

Diru-bilketa Zerbitzuko zuzendariak 2013ko otsailaren 28an emandako enkanterako erabakia eta ebazpena.

Lote bakarra.

Erregistrokoa.–Bakarra. Aitzoaingo 1105. finka, Iruñeko 3. Jabetza Erregistroko 3667. liburukia, 16. liburua, 78. orria. “Hostal-Gola” izeneko eraikina eta bere ondoko lurra, “Soto” izeneko antzinako mugartean kokatua, Iruña eta Donostia arteko errepide nagusiaren ondoan, Aitzoaingo 5,500 kilometroan; Aitzoaingo Gipuzkoako errepideko 30. zenbakia darama. Zenbait eraikinez osatua dago: etxe bat, jatetxe bat, hostal bat eta biltegirako hainbat eraikin. 3.636 metro koadroko azalera du tituluaren arabera eta 4.269 metro koadro, katastroaren arabera.

Katastrokoa: 23. poligonoko 453. lurzatia da.

Titulartasuna: Indibisoaren heren bat, konkista gisa, Manuel Yánez Lamelas jaunarena eta Rosa María Estaban Méndez andrearena da, erosita baitago, José Manuel Pérez Fernández Iruñeko notarioak 2002ko abenduaren 23an baimendutako eskrituraren arabera (protokolo zenbakia: 2181); beste heren bat, hori ere indibisoa, Ramón Yáñez Lamelas jaunarena da, titulu beraren ondorioz, eta gainerako zati indibisoa azken horrena da, Felipe Pou Ampuero Iruñeko notarioak 2003ko urtarrilaren 29an baimendutako eskrituran formalizatu zen erosketa dela medio.

–Tasazioaren balioa: 829.949,98 euro.

–Lehentasunezko zamarik ez da ageri.

Betearazi beharreko hipoteka: Ernesto Rodrigo Catalán Iruñeko notarioaren aurrean 2008ko urriaren 17an emandako eskrituraren bidez eratua (protokolo zenbakia: 2498), Iruñeko 4. Jabetza Erregistroan inskribatua 2008ko azaroaren 4an, 4. inskripzio gisa; diru-bilketako organoek onartu zuten 2008ko azaroaren 18an, aipatu inskripzioaren albo ohar batean jasotakoaren arabera.

Argibide gehiago nahi izanez gero, harremanetan jarri Derrigorrezko Diru-bilketaren Ataleko langileekin (telefono zk.: 848 427770, posta elektronikoa: recaudacion.ejecutiva@navarra.es).

Iruñean, 2014ko apirilaren 16an.–Derrigorrezko Diru-bilketaren Ataleko burua, Juana Larumbe Sola.

Iragarkiaren kodea: F1405998