2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
PUIU
Udalaren ordenantza fiskala, Agiriak luzatu eta tramitatzeko
tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Puiko Udalak, 2014ko otsailaren 17an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Agiriak luzatu eta tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.
Onespenaren erabakia 2014ko 38. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 25ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.
Puiun, 2014ko apirilaren 2an.–Alkate udalburua, Juan Cruz Edurza López.
ORDENANTZA FISKALA, AGIRIAK LUZATU
ETA TRAMITATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA
Xedapen orokorra
1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da ondoko arauetan xedatutakoaren babesean: Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikulua eta ondorengoak, eta martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duena; eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, tasei, prezio publikoei eta enbargaezintasunari buruzko gaiei dagokienez.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Alderdi batek eskaturik, Udal Administrazioak edo udal agintariek beren eskumeneko agiriak –5. artikuluan aipatuak– luzatzen dituzten dokumentuak tramitatzeagatik sortzen den udal jarduerak eratzen du zergapeko egintza.
Ordaindu beharra
3. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da norberaren intereserako, Udal Administrazioak edo udal agintariek euren eskumenekoak diren edo izan behar duten edozein agiri luzatzeko edo tramitatzeko eskatze hutsarekin.
Subjektu pasiboa
4. artikulua. Udal Administrazioak edo udal agintariek luzatzen dituzten edo beren eskumenekoak dituzten agiriak eskatu, sorrarazi edo haien onura jasotzen duten pertsona natural nahiz juridikoak dira subjektu pasiboak.
Tarifak
5. artikulua. Ordenantza honek tarifa hauek izanen ditu:
1.–Ziurtagiriak: 1,00 euro unitate bakoitzeko.
2.–Faxak: 1,00 euro unitate bakoitzeko.
3.–Lurzatien zedulak interneten: euro 1,00 bakoitzeko.
4.–Agiriak konpultsatzea: 0,30 euro unitate bakoitzeko.
5.–Fotokopiak:
–DIN A-4 eredua: 0,10 euro unitate bakoitzeko.
–DIN A-3 eredua: 0,10 euro unitate bakoitzeko.
6.–Zenbait tramite.
–Jarduera sailkatuak irekitzeko lizentziak: iragarkien zenbatekoa.
–Hirigintzako jarduketak, partikularrek sustatuak (plan partzialak, birzatiketak, xehetasun azterlanak, urbanizazio proiektuak, hiri unitateak zatitzea etab.): iragarkien zenbatekoa.
Kudeaketarako eta diru-bilketarako arauak
6. artikulua. Diru-bilketarako arau bereziak ezartzen dira, hain juxtu ere hauek:
a) Ziurtagiriengatik, fotokopiengatik, faxengatik, lurzatien zedulengatik, bandoen argitalpenagatik eta agirien konpultsagatik ordaindu beharreko tasak, horiek luzatzen diren unean ordaindu beharko dira udal bulegoan, eta hark kontuak emanen ditu.
b) “Zenbait tramite” izeneko atalari dagozkion tasak, iragarki ofizialen kostuaren parekoak, interesdunari behar den likidazioa egiten zaionean ordaindu beharko dira Udal Diruzaintzan.
Arau-hausteak eta zehapenak
7. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Xedatzen ez den orotan, honako hauek aplikatuko dira: Ordenantza fiskal orokorra; Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea; martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duena, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, tasei, prezio publikoei eta enbargaezintasunari buruzko gaiei dagokienez.
Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onetsi ondoan.
Hirugarrena.–Ordenantza honetan sartutako aldaketek indarra hartuko dute eta ondorio juridiko osoak sortuko dituzte, aldaketa behin betiko onetsi ondoan.
Iragarkiaren kodea: L1405057