81. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Diru-laguntzak banakako ebaluazio-araubidean emateko deialdia, enpresa-sortzaile gazteek enpresak eratu ditzaten

Iruñeko Udaleko Alkate jaunak diru-laguntzak banakako ebaluazio-araubidean emateko Deialdia onetsi zuen, 2014ko apirilaren 11an, enpresa-sortzaile gazteek enpresak eratze aldera.

Deialdi honen helburua enpresa-sortzaile gazteei diru-laguntzak banakako ebaluazio-araubidean diru-laguntzak emateko prozedura garatzea da, jarduera ekonomiko berriak eratu ditzaten, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoarekin bat, zeina deialdi honetan aurreikusi ez den orotan aplikatuko baita.

1.–Aurrekontua.

Deialdi honi 61.000 euro esleituko zaizkio, gehienez ere, Udalaren Aurrekontuko 90/45320/470000 kontu-sailaren kargura.

Diru-laguntzen zenbatekoak irizpide honekin bat banatuko dira:

Enpresak eratu eta abiatzeko gastu-inbertsioak zenbat jo eta horren %70eko gehienezko diru-laguntza ezarri da, 1.500 euroko mugarekin nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko, sozietate zibil eta sozietate irregularrentzat, eta 2.000 euroko mugarekin, nortasun juridikoa duten elkarteentzat.

2.–Diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua, eta onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen xedea eta helburua enpresa-sortzaile gazteek jarduera ekonomiko berriak Iruñeko Udalaren mugapean eratu eta abiatzeko izaten dituzten gastuak diruz laguntzea da.

Diru-laguntzen onuradun izan daitezke 2013ko urriaren 2tik 2014ko irailaren 30era bitarte (biak barne) jarduera ekonomiko berriak eratu dituztenak, baldin eta deialdi honen hirugarren klausulak ezartzen dituen baldintzak betetzen badituzte. Ondorio horietarako, JEZen alta noiz eman eta egun hori hartuko da jardueraren hasiera-datatzat.

Ez dute deialdi honen diru-laguntzarik jasoko jokoarekin, tabernekin edo antzekoekin loturiko jarduerek.

Deialdi honetatik kanpo geratuko dira aurretik jadanik bazegoen enpresa baten izen edo izaera juridikoaren aldaketaren ondorioz sorturiko enpresak edo horren kapital-gehikuntzaren edo egitura-aldaketaren ondorioz sortutakoak. Halaber, diru-laguntza hauetatik at uzteko zioa izanen da deialdi hau NAOn argitaratu baino bi urte lehenagoko epean jarduera berean edo antzekoan norberaren konturako jardun izana. Eskatzailea pertsona juridikoa edo sozietate bat izanez gero, baldintza hori partaide edo bazkide guztiek bete beharko dute. Orobat, Europako Batzordearen abenduaren 15eko 1998/2006 Araudian xedatutakoarekin bat bazter utzitako sektoreetako enpresak ez dira deialdian sartuko. Diru-laguntza hauetatik kanpo geratuko dira, baita ere, deialdi honen aurreko edizioren batean laguntza jaso duten jarduera ekonomikoak. Diru-laguntza hau behin bakarrik jasotzen ahalko da, eta, behin jasoz gero, ezin izanen da deialdira berriz aurkeztu.

Ez dira jarduera ekonomiko berritzat joko, deialdi honen ondorioetarako, 2013ko urriaren 2a baina lehenagotik jarduera ekonomiko batean arituta JEZen epigrafe berri batean alta ematen dutenak, hala hasierako jarduera ekonomikoari eutsita nola eutsi gabe.

Hona, onuradunen betebeharrak:

a) Diru-laguntza emateko oinarria izan den helburua betetzea, proiektua edo jarduera gauzatzea edo jokabidea hartzea. Horiek horrela, proiektuari 18 hilabetean zehar eutsi behar zaio, gutxienez, Jarduera Ekononomikoen gaineko Zergan alta eman eta hortik aitzina. Eta diru-laguntza aldatu edo itzularazteko aukera egonen da, betiere itxiera ezinbesteko arrazoiek eragin ez badute.

b) Organo emailearen aurrean justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta diru-laguntza zertarako den eta helburu hori bete dutela ere.

c) Organo emaileak egin beharreko egiaztapen guztiei men egitea, bai eta kontrol-organo eskudunek egiten ahal dituzten egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei ere men egitea, betiere udal-agiritegietan jaso ez eta aurreko jarduketetan eskatzen dieten informazio guztia eman beharko dutelarik.

d) Diru-laguntzaren xede diren jarduerak finantzatzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, organo emaileari horren berri ematea. Bestelako laguntza horiek lortu direla jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta, betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

e) Diru-laguntzetarako ebazpen-proposamena eman baino lehen egiaztatu beharra dute egunean dituztela hala tributu-betebeharrak nola Gizarte Segurantzarekikoak (aplikagarria izanez gero, egiaztatu beharko dute egunean dituztela nahitaezko mutualitateei ordaindu beharrekoak). Iruñeko Udalak bere kabuz egiaztatuko du Udalarekiko tributu-betebeharrak egunean dituztela.

Aurrekoa gorabehera, Udalak bere kabuz kitatzen ahal izanen ditu, aldez aurretik, diru-laguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntza horiekin, osorik edo parte batean, zor dituzten kopuruak konpentsatuta.

f) Kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak izan behar dituzte, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatzen ahal zaizkion merkataritzako eta sektoreko legeek ezarritakoekin bat, bai eta deialdiek edo ebazpenek egiaztapen- eta kontrol-eskumenak modu egokian gauzatuko direla bermatzeko galdatzen ahal dituzten egoera-orriak eta berariazko erregistroak ere.

g) Jasotako funtsak zertan aplikatu diren egiaztatzen duten agiriak –agiri elektronikoak barne– gordetzea, egiaztapen eta kontrol jarduketen xedea izan daitezkeen neurrian.

h) Behar bezalako publizitatea egitea, diru-laguntza jaso duten programak, jarduerak, inbertsioak edo jarduketak Iruñeko Udalak finantzatu dituela jakitera emate aldera. Udalak beretzat gordetzen du diru-laguntzak emateko ekitaldi publikoa egiteko aukera. Ekitaldi horretara onuradunak bertaratuko dira, edo, bestela, haiek eskuordetutako pertsonak.

i) Jasotako funtsak itzultzea, Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak horretarako zein kasu adierazi eta halakoetan.

3.–Diru-laguntzak eskatzeko bete behar diren baldintzak eta horiek egiaztatzeko bideak.

Jarduera ekonomiko berriak bigarren klausulan zehaztutakoaren arabera eratu dituzten eta baldintza orokorrak bete zein Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak ezarritako debeku-zioren batek ere ukitzen ez dituen pertsona fisikoek edo juridikoek eska ditzakete diru-laguntzak, betiere hauekin bat:

I. 18tik 35 urtera bitarte eduki (biak barne) eta unitate ekonomiko bat osatzen duten pertsona fisikoak.

II. Sozietate zibil, irregular, kolektibo edo komanditario bakunetan, sozietateko bazkideen bi herenek 18 urte beteak eduki eta 35 urteko adina ez gainditzea.

III. Kapital-sozietateen kasuan (sozietate anonimoak, erantzukizun mugatukoak edo akzio bidezko sozietate komanditarioak), kapital sozialaren bi heren gutxienez 18 urtetik 35era bitarteko bazkideek jartzea.

Aurreko kasu guztietan adinaren baldintza jarduera noiz hasi eta data horretan bete beharra dago. Ondorio horietarako, JEZen alta noiz eman eta egun hori hartuko da jardueraren hasiera-datatzat.

IV. Helbide fiskala eta negozioa Iruñeko udal mugapean edukitzea eta hala zerga- eta tributu-betebeharrak nola Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzea.

V. Iruñeko Udalaren Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emana izan beharko dute 2. klausulak ezartzen duen epean, hau da, 2013ko urriaren 2tik 2014ko irailaren 30era bitarte.

VI. Proiektuaren bideragarritasun-txostena eduki beharko dute, Iruñeko Udaleko Zerbitzu Orokorretako Alorreko ekonomialari batek edo, bestela, Iruñeko Udaleko Enpresak Sustatzeko Zerbitzuak edo antzeko zerbitzu batek ikus-onetsia. Bertan adierazi beharra dago, besteak beste, zenbat lanpostu sortu diren.

Diru-laguntza jasotzeko debeku-zio bakar batek ere ukitzen ez dituela eta galdatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko, xede horretarako emandako erantzukizuneko aitorpena aurkeztu behar da, bai eta deialdi honen 7. klausulan ezarritakoarekin bat eskabideari erantsi beharreko agiriak eta argibideak ere, betiere ezertan galarazi gabe aurkeztutako aitorpenak edo justifikazioak egiazkoak diren ikertzeko Administrazioak duen ahalmena.

Ez dira agiri bidez egiaztatu beharko udal-agiritegietan jasota dauden alderdiak.

4.–Diru-laguntzak bideratzeko eta haien gainean ebazteko organo eskudunak.

Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kirol Alorreko Idazkaritza Teknikoa izanen da diru-laguntzen inguruko prozedura bideratzeko organo eskuduna, eta bere kabuz egingo ditu ebazpen-proposamena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko jotzen dituen jarduketak oro.

Eskabideak zein hurrenkeratan sartu eta horri zorrotz jarraituta bideratu eta ebatziko dira.

Udaleko Zerbitzu Orokorretako Alorrak eta Gazteriaren Unitateak batera agiri guztiak egiaztatu ondoren, instrukzio-organoak ebazpen-proposamena eginen dio, behar bezala motibaturik, ebazteko eskumena duen organoari, hau da, Enplegu, Merkataritza, Turismo, Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kirol Alorrari.

Eskatzaileei prozedura bideratzeko beharrezko diren agiri guztiak galdatzen ahalko zaizkie, eta, halaber, diru-laguntzen gozamen egokia egiten dela bermatzeko baldintzak eta betebeharrak ezartzen ahalko dira.

5.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

Interesdunen eskaerak eskatzaileak sinatu beharreko eskabide baten bitartez egin behar dira, betiere deialdi honek ezarritako arauzko ereduarekin bat (I. Eranskina).

Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina hasiko da, eta 2014ko urriaren 15ean bukatuko, egun hori barne hartuta.

Eskabidearekin batera, deialdi honen zazpigarren oinarriak aipatzen dituen agiriak eta argibideak aurkeztuko dira.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean akatsa zuzen dezala edo behar diren agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

Eskabideak toki hauetako batean aurkeztu behar dira: Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Kondestablearen Jauregia - Kale Nagusia 2, beheko solairua), erregistro osagarrietan (Descalzos k. 72, 2. solairua; San Saturnino k. 2, beheko solairua; Iratxeko monasterioaren k. 2, beheko solairua; Armada etorbidea 2, 5. solairua; Zapatería k. 40, beheko solairua; Eslava k. 1, beheko solairua) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38. artikuluak aurreikusten dituen beste edozeinetan.

6.–Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Epe hori eskabidea bideratzeko organo eskudunaren erregistroan aurkeztu eta hortik aitzina kontatuko da.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igarotzen bada, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

7.–Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta argibideak.

Atxikitako ereduarekin bat aurkeztutako eskabideekin batera (1. eranskina), agiri hauek aurkeztu behar dira:

1. Eskatzailearen nortasuna egiaztatzen duten agiriak:

1.1. Pertsona fisikoak diren eskatzaileak:

–NANa edo hori arauz ordezkatzen duen agiria.

1.2. Sozietate irregularrak edo sozietate zibilak diren eskatzaileak:

–Sozietatea eratu izanaren egiaztagiria, betiere, dagokion erregistroan izena emanda.

–Eratutako jardueraren legezko ordezkarien NANa.

–Identifikazio fiskalaren agiria.

1.3. Aurrekoez besteko eskatzaileak diren pertsona juridikoak:

–Enpresaren eraketari buruzko eskritura, Merkataritzako Erregistroan edo dagokion erregistro ofizialean behar bezala izena emanda.

–Eratutako jardueraren legezko ordezkariaren NANa.

–Langile bazkide guztien NANa.

–Identifikazio fiskalaren agiria.

2. Eskatzaile mota bakoitzaren arabera eskatutako agiri horiez gain, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskatzaile guztiek:

a) Erantzukizuneko aitorpena, bertan adierazita eskatzaileak onuradun izateko betekizun orokorrak betetzen dituela eta ez duela ukitzen Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen zio bakar batek, ezta Deialdi honetan berariaz ezarritakoek ere. (I.1. Eranskina).

b) Eskatzaileak tributu-betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko ziurtagiria, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu departamentuak emana.

c) Ziurtagiria, eskatzaileak Gizarte Segurantzan alta emana duela eta harekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko. Sozietate zibil eta irregularren kasuan, kide guztiek aurkeztu beharko dute ziurtagiri hori.

d) Beste erakunde publiko eta pribatuei helburu bera lortzeko eskatutako diru-laguntzen gaineko aitorpena, hauek zehaztuta: eskatutako kopurua, erakundeen izena eta emandako zenbatekoa. Horretaz gain, bestelako erakundeei aurkeztu eta deialdi honetan parte hartzen duten unean ebazteke dauden laguntza-eskaerak aipatuko dituzte (I. 3. Eranskina: Jasotako diru-laguntzei buruzko aitorpena).

e) Dagokion Enpresa-plana aurkeztea, Toki Ogasuneko Alorreko ekonomialari batek ikus-onetsia, edo, bestela, Enpresak sustatzeko Iruñeko Udaleko zerbitzuak edo mota horretako beste zerbitzu batek. Bertan ezinbestean agertu behar da jarduera berriak zenbat lanpostu sortuko dituen.

f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea (udal-ereduarekin bat).

g) Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela justifikatzeko agiria, deialdi honen 12. oinarrian xedatutakoaren arabera.

Eskatutako agiriek originalak edo kopia konpultsatuak izan beharko dute, edo, bestela, indarrean dagoen legearekin bat kautoak diren kopiak.

Iruñeko Udalak bere kabuz egiaztatuko du eskatzaileak eguneratuak dituela Udalarekiko tributu-betebeharrak, bai eta JEZ delakoan alta emana duela 2. klausulan ezarritako epean, hau da, 2013ko urriaren 2tik 2014ko irailaren 30era bitarte.

Galdatutako agiriak Iruñeko Udalaren edo haren mendeko erakunde autonomoen eskuetan badaude, haien ordez erantzukizuneko aitorpena aurkezten ahalko da agiri horien indarraldiari buruz, eta bertan adierazi, noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu ziren edo, halakorik balitz, zeinek eman zituen edo zeinetan dauden jasota, betiere bost urte baino gehiago igaro ez badira, kasuan-kasuko prozedura bukatu zenetik. Aurrekoan xedatutakoa alde batera utzita, Udalak ezin badu agiriren bat eskuratu, eskatzaileei eskatzen ahalko die hura aurkezteko edo, bestela, agiria zein betekizuni dagokien eta horiek beste bide batzuk erabiliz egiaztatzeko, betiere ebazpen-proposamena egin baino lehen.

8.–Ebazpena jakinarazi edo argitaratzeko bidea.

Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta interesdunei jakinaraziko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluetan agindutakoarekin bat.

Diru-laguntzak emateko ebazpena Iruñeko Udaletxeko iragarki-taulan argitaratuko da, Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak xedatutakoarekin bat.

9.–Diru-laguntzen xede diren gastuak.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira diru-laguntzaren xede den jarduerarekin bat datozenak. Diru-laguntzaren xede diren gastuetan, eskuratze-kostua ezin izanen da inoiz izan merkatuko balioa baino handiagoa.

Deialdi honetan ezarritako justifikazio-aldia amaitu baino lehen ordaindutako gastua hartuko da egindako gastutzat.

Ondorio horietarako, diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira Iruñeko Udalaren mugapean jarduera ekonomikoa sortu eta abiatzeak eragindako gastuak oro.

Aldizkakotzat jo daitezkeen gastuei dagokienez, hau da, lokalen alokairuak (alokairu-fidantzak izan ezik), Gizarte Segurantzaren kuotak, elektrizitate-kontsumoa, telefonoarena eta antzekoak, diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira eta kontuan hartuko dira, baldin eta jarduera abiatu eta hortik aurrera lehen hiru hilabeteetan egindako gastuak badira.

Diru-laguntzak ez ditu ondoko gastuak estaliko: ez ondasunen erosketak ez beste hainbat gastu, deialdi honen bitartez diruz laguntzen diren jarduera ekonomikoak abiatzeko guztiz beharrezkoak ez badira, ezta enpresako bazkideen, zuzendarien, kudeatzaileen, jabeen edo senitartekoen erabilera pribatua xede izan dezaketen gastuak ere, hala nola telefono mugikorren, gasolinaren, autopista-sarien edo antzekoen fakturek eragindakoak, eta prestakuntza jarduerek sortutakoak.

Ondoko gastuak ez dira inoiz ere diru-laguntzen xedea izanen:

a) Banku-kontuetako zorrek eragindako interesak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak zein penalak.

c) Auzi-prozedurek eragindako gastuak.

d) Tokiko tributuak, baldin eta legeetan aurreikusi gabeko zerga-kentzerik, konpentsaziorik edo tokiko ogasunarekin hartutako zorrak gutxiagotzerik ekartzen badute.

Tokikoak ez diren tributuen gastuak diru-laguntzen xede dira diru-laguntzaren onuradunak gastu horiek zuzenean ordaindu baditu. Ondoko gastuak ez dira inoiz diru-laguntzen xedea izanen:

a) Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak. Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokionez, benetako kostuak eraginda onuradunak ordaindu dituen gastuen kopuruak izanen dira bakarrik diru-laguntzen xede, betiere kengarriak ez badira; izan ere, kengarriak izan badaitezke, onuradunak berreskuratzen ahalko ditu zergaren zenbatekoak. Onuradunak modu frogagarrian egiaztatu beharko du inguruabar hori.

b) Errentaren gaineko zerga pertsonalak.

10.–Diruz lagundutako jardueraren bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio, entitate edo pertsonengandik xede bererako diru-laguntzak eskuratzearekin, betiere horien zenbateko osoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez badu. Udala jabetzen bada onuradunak gehiegizko finantzaketa jaso duela hainbat entitatetatik, diruz lagundutako jardueraren kostuarekin alderatuta, gehiegizko kopuruak zenbat jo eta hori dena itzultzeko galdatuko dio onuradunari, Udalaren diru-laguntza guztira zenbat den eta muga horretaraino.

11.–Ordainketa.

Ordainketa onuradunak diru-laguntza justifikatu ondoren eginen da, betiere aldez aurretik ebazpena eman eta gero, diru-laguntzaren zenbateko osoa justifikatzeko dokumentazioarekin bat.

Ezin izanen zaizkie diru-laguntzak onuradunei ordaindu eguneraturik ez badituzte tributu-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak, edo diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek zorduntzat jotzen baditu. Aurrekoa gorabehera, Udalak bere kabuz kitatzen ahal izanen ditu, aldez aurretik, diru-laguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntza horiek, osorik edo parte batean, zor dituzten kopuruekin konpentsatuta.

Onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, osorik edo hein batean, justifikazio egokirik ez badute aurkezten edo azaroaren 17ko Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean edo Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrean aurreikusitako zioren bat gertatzen bada.

12.–Justifikazioa.

Ezarritako baldintzak bete direla eta diru-laguntza ematerakoan aurreikusitako helburuak lortu direla justifikatzeko, gastuen justifikazio-kontua aurkeztu behar da.

Justifikazio-kontua agiri hauek osatuko dute:

a) Diru-laguntzen xedea den jardueraren gaineko Ebaluazio-memoria (parekagarria, 7. 2.c oinarrian galdatutako enpresa-planarekin); bertan aitorpen xehekatua eginen da, diru-laguntzen bidez finantzatu diren jarduerei eta haien kostuei buruz. Memoriaren edukia honako hauek osatuko dute:

–Proiektuaren izena.

–Diru-laguntzaren xedea, aurkeztutako aurrekontu eta proiektuarekin bat.

–Egindako jarduerak eta erdietsi nahi ziren helburuen zein lortutako emaitzen deskribapena.

–Proiektua garatzean egindako aldaketak, halakorik balitz.

–Finantzabideen zerrenda: Diru-laguntzarekin finantzatu diren jardueren deskribapena, haien kostua adierazita, bai eta norbere funtsekin edo beste diru-laguntzekin finantzatu diren jarduerak ere aipatuta.

–Ondorioak.

b) Egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda izenpetua eta ordenan zenbakitua, kontzeptuen arabera ordenaturik eta zenbatekoen guztizkoa emanda (I. 5. Eranskina. Justifizioa).

c) Indarra duten legeekin bat gastua egiaztatze aldera baliorik duten egiaztagiriak, fakturak edo horien ordezkoak eta ordainagiriak, baita nominak, tributuak zein Gizarte Segurantzako kuotak eta, oro har, gastuak frogatzeko gainerako egiaztagiri baliokideak, trafiko juridikoan balioa dutenak edo indar administratiboa dutenak, betiere modu korrelatiboan ordenaturik eta zerrenda zenbakituan emandako ordena-zenbakiaren arabera.

Faktura jaulkitzen duen entitatea BEZatik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatu eta horretaz fede emateko.

Langileria gastuak soldata-kostuen gisara egiaztatzeko, beharrezkoa da agiri hauek aurkeztea: lan-kontratuaren kopiak, langileei dagozkien nominak, jasotzaileak sinaturik eta ordainduta daudela egiaztatuta, edo, bestela, bankuaren abonu-agiria, eta Gizarte Segurantzaren kotizazioei dagozkien ziurtagiriak.

d) Hartzekodunei ordaindu izana egiaztatzen duten ziurtagiriak. Ordaindu izana banku-zordunketa bidez egiaztatu behar da, behar bezala sinatutako hartu-agiri baten bidez edo, bestela, aurkeztutako fakturak ordaindu egin direla ziurtatzen duen beste agiri bat aurkeztuz.

Eskatutako agiriek originalak edo kopia konpultsatuak izan beharko dute, edo, bestela, indarrean dagoen legearekin bat kautoak diren kopiak.

13.–Jarduera funts publikoz finantzatu dela iragartzeko publizitatea.

Diru-laguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera diru-laguntzaren xede diren programak, jarduerak, inbertsioak eta ekintzak Iruñeko Udalak finantzatu dituela.

Onuradunak jardueraren berri emateko hartuko dituen neurriek bat etorri beharko dute diruz lagundutako xedearekin, hala formari nola iraupenari dagokienez. Horiek horrela, honako bide hauek hartzen ahal ditu hedapenak: Iruñeko Udalaren erakundearen irudia txertatzea edota jardueraren finantzaketa publikoa agerian uzten duten testuak paratzea karteletan, material inprimatuetan, baliabide elektroniko eta ikus-entzunezkoetan nahiz komunikabideetan egindako aipamenetan.

14.–Datu pertsonalen babesa.

Jasotako izaera pertsonaleko datuak babestuko dira, Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hori garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Aipatu legean xedatutakoa betez, jasotako datu pertsonalak Iruñeko Udalarena den fitxategi batean biltzen ahalko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalera zuzenduta gauzatzen ahalko dute eskatzaileek datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera joaz.

15.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, errekurtso hauek paratzen ahalko dira, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2014ko apirilaren 11an.–Alkatea, Enrique Maya Miranda.

I. ERANSKINA

Eskaera, erantzukizuneko aitorpena eta justifikazioa enpresa-sortzaile gazteek enpresak eratzeko diru-laguntzen deialdirako

Jn./And. .........................................................................................., bizitokia .................................., helbidea ......................................................................................., IFZ ....................., telefonoa ..............., helbide elektronikoa ............................................................................

Honako honen izenean:

Izena edo izen soziala ......................................................................, IFZ: ....................., helbidea .........................................., kalea ........................................................................, telefonoa ..............., faxa ..............., helbide elektronikoa* ............................................................................

* Baimena ematen du espresuki helbide elektronikoa erabiltzeko, jakinarazpenak jasotzeko bitarteko gisara.

AZALPENA:

Eskatzaileak enpresa-sortzaile gazteei jarduera ekonomiko berriak eratzeko diru-laguntzak banakako ebaluazio-araubidean emateko deialdiaren berri izan du.

ESKAERA:

Eskaera hau kontuan hartzea. Xede hori harturik, eskatutako agiriak atxikirik doaz, haien egiazkotasuna eskatzaileak ziurtatuta.

ADIERAZPENA:

1. Eskatzaileak betetzen ditu hala Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak ezarritako baldintza orokorrak nola deialdi honetan aurreikusitako berezko baldintzak, eta ez da aritu jarduera berean edo antzekoan norberaren konturako, deialdi hau baino bi urte lehenagoko epean.

2. Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako bakar batek ez du eskatzailea ukitzen, eta egunean ditu tributu-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak.

3. Udal-laguntza honen onuradun suertatuz gero, konpromisoa hartzen du deialdi honetan ezarritako eginbeharrak betetzeko.

Iruñean, .....(e)ko ................aren .........(e)an

(Sinadura)

IRUÑEKO UDALEKO JAUN ALKATE UDALBURUA.

Datuen babesa: Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betez, jakitera ematen dizugu deialdi honetarako eman dituzun datu pertsonalak diru-laguntza kudeatzeko baino ez direla erabiliko. Datu horiek Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan biltzen ahalko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalera zuzenduta gauzatzen ahalko duzu datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, betiere Erregistro Orokorrera joaz (Kondestablearen Jauregia-Kale Nagusia, 2 - 31001 Iruña).

2.–Nortasunaren justifikazioa (7. oinarria).

Aurkeztu beharreko agiriak:

7.1. Pertsona fisikoak diren eskatzaileak:

–NAN.

–Ziurtagiria, Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituztela egiaztatzeko.

–Eskatzaileak Ogasun Publikoarekiko betebeharrak egunean dituela ziurtatzen duen egiaztagiria, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu departamentuak emandakoa.

7.2. Sozietate irregularrak edo sozietate zibilak diren eskatzaileak:

–Sozietatea eratu izanaren egiaztagiria, betiere, dagokion erregistroan izena emanda.

–Eratutako jardueraren legezko ordezkarien NANa.

–Identifikazio fiskalaren agiria.

–Ziurtagiria, bazkide bakoitzaren izenean, Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituztela egiaztatzeko.

–Ogasun Publikoarekiko betebeharrak egunean dituztela ziurtatzen duen egiaztagiria, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu departamentuak emandakoa.

7.3. Pertsona fisikoak diren eskatzaileak:

–Enpresaren eraketari buruzko eskritura, Merkataritzako Erregistroan edo dagokion erregistro ofizialean behar bezala izena emanda.

–Eratutako jardueraren legezko ordezkariaren NANa.

–Langile bazkide guztien NANa.

–Identifikazio fiskalaren agiria.

–Ziurtagiria, enpresak Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko.

–Enpresak Ogasun Publikoarekiko betebeharrak egunean dituela ziurtatzen duen egiaztagiria, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu departamentuak emandakoa.

3.–Jasotako diru-laguntzei buruzko aitorpena (7. oinarria).

Eskatutako diru-laguntzaz bezainbatean, adierazten dut:

Ez dudala jaso inolako diru-laguntzarik nazioko zein nazioarteko beste administrazio publiko, entitate publiko eta pribatu edo partikularrek emanda, eskaera honen xedea betetze aldera.

Diru-laguntza hauek jaso ditudala nazioko zein nazioarteko beste administrazio publiko, entitate publiko zein pribatu edo partikularrek emanda, eskaera honen xedea betetze aldera.

Diru-laguntza eskatu dudala nazioko zein nazioarteko beste administrazio publiko, entitate publiko zein pribatu edo partikularrek emanda, eskaera honen xedea betetze aldera.

ENTITATEA

KONTZEPTUA

ESKATUTAKO ZENBATEKOA

ONARTUTAKO ZENBATEKOA

JASOTAKO ZENBATEKOA

(Milaka eurotan).

Datuak eguneratzeari dagokionez,

Konpromisoa hartzen dut aitorpen honetan zehaztutako diru-laguntzetan gerta daitekeen edozein aldaketaren berri Departamentu horri idatziz helarazteko, 15 eguneko gehieneko epean, behin jakinarazpena jaso eta hortik aitzina. Halaber, konpromisoa hartzen dut diru-laguntzaren bat zein entitate publikori eskatu eta horiei guztiei aurrekoaren berri emateko. Bai eta jarduera abiatu eta handik lehen 18 hilabete bitarte gerta daitekeen beste edozein aldaketarena ere. Jakitun nago halakoetan gerta daitekeela diru-laguntza aldatu edo itzuli behar izatea, betiere itxiera ezinbesteko arrazoiek eragin ez badute.

Iruñean, .....-ko ................-ren .........(e)an
(Eskatzailearen sinadura)

4.–Aurkezten diren beste agiri batzuk (7. oinarria).

4.1. Enpresa-plana, Zerbitzu Orokorretako Alorreko ekonomialariak edo Enpresak sustatzeko Iruñeko Udaleko zerbitzuak ikus-onetsia (planean adierazi beharko da zenbat lanpostu berri sortu diren).

Zenbat lanpostu berri sortu .....................

4.2. Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea (udal-ereduarekin bat).

5.–Justifikazioa.

5.1. Egindako gastuen eta jasotako diru-sarreren zerrenda (fakturak koadroan emandako hurrenkera eta zenbaki berarekin erantsi).

Zk.(1)

FAKTURAREN DATA

KONTZEPTUA ETA JAULKITZAILEA

ZENBATEKOA

1.

1

2

3

4

2.

5

6

7

8

3.

9

10

4.

11

12

13

5.

14

15

6.

16

17

18

ZENBATEKOA, GUZTIRA

(1) Fakturak gastuen kontzeptuka eta hurrenkera kronologikoan aurkeztuko dira.

Oharra: Behar izanez gero, lerro gehiago txerta daitezke ordainagirien zerrendan, “beste kontzeptu batzuk” gisara.

II. ERANSKINA

Irudiak erabiltzeko baimena

Ohorerako, Norberaren eta Familiaren Intimitaterako, eta Norberaren Irudirako Eskubidearen Babes Zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan eta Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, Iruñeko Udalak baimena eskatzen dizu, Enpresa-sortzaile gazteei jarduera ekonomiko berriak eratzeko diru-laguntzak emateko deialdia garatze aldera antolatutako ekitaldietan, bakarrik edo taldeka agertzen zaren irudiak argitaratzeko. Halaber, baimena eskatzen dizugu, izaera pertsonaleko zure datuak erabiltzeko.

Jn./And.: .............................................................................................

NAN: ...................................................................................................

BAIMENA:

Iruñeko Udalari baimena ematen diot Enpresa-sortzaile gazteei enpresak sortzeko diru-laguntzak emateko deialdia garatze aldera antolatutako ekitaldietan hartutako nire irudiak erabili eta Udalaren webgunean argitaratzeko.

Iruñean, 2014ko ...................aren ............................. (e)an

 Sin.:

(Interesduna)

NAN zk.: .......................................

Datuen babesa: Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betez, jakitera ematen dizugu deialdi honetarako eman dituzun datu pertsonalak diru-laguntza kudeatzeko baino ez direla erabiliko. Datu horiek Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan biltzen ahalko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalera zuzenduta gauzatzen ahalko duzu datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, betiere Erregistro Orokorrera joaz (Kondestablearen Jauregia-Kale Nagusia, 2 - 31001 Iruña).

Iragarkiaren kodea: L1405803