81. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

INTZA

Auzolanaren ordenantza. Behin betiko onespena

Intzako (Araitz) Kontzejuko Batzarrak, 2013ko urriaren 17an egin bilkuran, erabaki zuen Herritarren lana edo auzolana arautzen duen ordenantza hasiera batean onestea.

Erabakia 2013ko 206. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 24an, argitaratu zen, eta ez da erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu jendaurreko aldian. Intzako Kontzejuko Batzarrak, 2014ko martxoaren 19ko bilkuran, erabaki zuen “Auzolana arautzen duen ordenantza” behin betiko onestea eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluak ezartzen duenarekin bat.

Intzan (Araitz), 2014ko martxoaren 19an.–Kontzejuko burua, Maritxu Zabaleta.

AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da auzolana edo herritarren lana arautzea, Intzako Kontzejuaren mesederako egiten diren lan eta zerbitzuei dagokienez.

2. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau, lehenik, Intzako auzolanaren ohitura historikoaren bidez arautzen da; orobat, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 53, 54 eta 55. artikuluek xedatzen dutenaren bidez.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Bizilagun guztiak egonen dira auzolana egitera behartuta. Halaber, nahiz eta bertan ez bizi, Intzako Kontzejuan etxebizitza ur eta argi zerbitzuarekin duten guztiak.

Etxebizitza bakoitzeko pertsona batek egin beharko du auzolana, jabea zein den kontuan hartu gabe.

4. artikulua. Ezin izanen dute auzolana pertsonalki egin honako hauek:

a) Hamasei urtetik beherakoek.

b) Urritu fisiko, psikiko eta zentzumenezkoak.

c) Presondegietan giltzapetuak daudenak.

5. artikulua. Arautzea.

Intzako Kontzejua behartuta dago auzolanean aritzen direnek izan ditzaketen istripuen arriskuak estaltzera.

6. artikulua.

Herritarren lana edo auzolana urtean bost egunetan eginen da, gehienez; egunak ez dira ondoz ondokoak izanen. Oro har, jaiegun ez diren larunbatak izanen dira auzolana egiteko egunak, goizeko zortzietatik ordu biak arte, deialdian aurretik justifikatuta legokeen kasu bereziren batean izan ezik.

Auzolana egitera behartuta dagoen norbaitek, lan arrazoiak direla-eta ezin badu auzolanik egin ordu horietan, Kontzejuari jakinaraziko dio, auzolana beste ordutegi baterako deitzeko, horrela inolako bereizkeriarik sor ez dadin.

Beste lagun batek egin dezake auzolana, betiere horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez aritzeko prest bada.

Orobat, diru kopuru bat ordainduz libratu daiteke auzolanetik. 2013. urtean 40 euro izanen dira auzolaneko egun bakoitzeko. Auzolan eguna noiz den, hurrengo 30 eguneko epearen barnean ordaindu beharko da. Diru hori borondatezko ordainaldian pagatzen ez bada, derrigorrezko diru-bilketa erabiliko da %20ko errekarguarekin.

Urteko KPIarekin eguneratu daiteke diru kopuru hori.

7. artikulua.

Auzolan bakoitzeko lana Kontzejuko kideren batek edo Kontzejuak izendatutako pertsona batek zuzenduko du.

8. artikulua.

Intzako Kontzejuak behar adina auzolan berezi eginen ditu urtero, eta horietarako deia gutxienez 72 ordu lehenago eginen du, iragarki oholean agertuz edo, salbuespen gisa, bestelako bitarteko bat baliatuz.

Auzolanean arituko diren guztiek beren izena eman beharko diote, 48 ordu lehenago, zeregin horretarako izendatua den kontzejukideari, istripu aseguruan sartzeko.

Hori egin ezean, ez dira auzolanerako onartuko.

9. artikulua.

Intzako Kontzejuak, interesdunek eskatuta, auzolanetik libratzeko aukera emanen du obrak edo zerbitzuak beste bitarteko batzuk baliatuz egiten badira, hala nola garraioa, bestelako makina batzuen bidezko lanak, lantegietako lanak etab. Egindako lanak direla eta, ez da auzolanetik libratuko Kontzejuaren Auzolan Batzordeko ordezkariak ez badie oniritzia ematen auzolana egin aurretik.

Edozein modutan, beraienak diren tresnak eta/edo makinak jarri eta lan egiten dutenak haien egoeraren eta erabileraren arduradunak izanen dira, eta bermatu egin beharko da, betiere, tresna eta/edo makina horiek ongi erabiltzen ari direla.

10. artikulua.

Auzolanetik libratzen direnek ordaindutako diruaren bidez Intzako Kontzejuak biltzen duen diru kopurua auzolanen inguruko beharretan inbertituko da (istripu asegurua ordaintzea, materialak, makineria, erregaia, tresnak etab.).

AZKEN XEDAPENA

Lehena.–Modu osagarrian aplikatzekoak izanen dira, bidezko denean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta gainerako xedapenak.

Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako baldintzak betetakoan hartuko du indarra.

Intzan, 2013ko urriaren 17an.

Iragarkiaren kodea: L1405375