Iragarkia
81. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
713/2014 EBAZPENA, apirilaren 11koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, enplegu-zentro berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen barruan lanbide jarduerari laguntzeko unitateentzako diru-laguntzen deialdia onesten duena.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 20an eman 2782/2006 Ebazpenaren bidez, eta apirilaren 21eko 469/2006 Errege Dekretuaren babesean, enplegu-zentro berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen barruan lanbide jarduerari laguntzeko unitateentzako diru-laguntzen deialdia onetsi zen.
Laguntza horiek kudeatzean bildutako esperientziak dio zenbait aldaketa egin behar direla, laguntza horien eraginkortasuna eta eragimena hobetzeko.
Lan Merkatuaren Erreformarako Presako Neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legearen hamabigarren azken xedapenaren 3. puntuan adierazten da Espainiako Gobernuak enplegurako politika aktiboen estatu-neurrien lege-esparru berri bat arautuko duela, desgaitasuna duten pertsonak lan munduan sar daitezen laguntzeko. Araudi horretan ezarriko dira Estatu osoan aplikatu beharreko gutxieneko edukiak. Bitarte batean, autonomia erkidegoek desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu-politika aktiboen gainean hartzen dituzten neurrietan eta ekintzetan errespetatu beharko dira desgaitasuna duten pertsonak lan munduan txertatzeko estatu-neurrietan jasotzen diren eduki komunak, hots, urriaren 31ko 1542/2011 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Espainiako Enplegurako 2012-2014 urteetarako Estrategian aurreikusitakoak.
Horregatik guztiagatik, eta egoera berri hauetara egokitutako deialdia egiteko asmoz, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 18ko 2393/2013 Ebazpenaren bidez indarrik gabe utzi zen aipatutako irailaren 20ko 2782/2006 Ebazpena.
Nafarroako Gobernuak, 2014ko martxoaren 12an egindako bilkuran, erabaki du Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimentzea banakako ebaluazio-araubidean, lanbide jarduerari laguntzeko unitateentzako diru-laguntzak emateko, enplegu-zentro berezien egokitze pertsonal eta sozialerako zerbitzuen esparruan; izan ere, sistema hori egokiagoa da laguntza horientzat, non diru-laguntzaren egitate sortzailea kasu guztietan bera baita.
Azaldutakoarekin bat eta martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ebazpen honetako eranskinean biltzen diren oinarri arautzaileak onestea, baita enplegu-zentro berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen barruan lanbide jarduerari laguntzeko unitateentzako diru-laguntzen deialdia ere.
2. 900.000 euroko gastua baimentzea, 2014ra luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko 170001/15100/4709/241109 kontu-sailaren kargura (Enplegu plana. Enplegu-zentro berezientzako transferentziak eragiketa arruntetarako. PE EGIF Nafarroa CCI 2007ESO052PO009).
3. 2014ko eskaerak deialdi hau argitaratu eta ondoko hilabeteko epean aurkeztu behar dira. Kasu horretan, 2014ko urtarrilaren 1etik 2014ko urriaren 31ra bitarteko aldiari dagokion diru-laguntza eskatuko da.
4. 2014an, konturako ordainketen lehendabiziko epea urtarrilaren 1etik apirilaren 30era bitartekoa izanen da, eta ekainean eskatu behar da.
5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen honen kontra, administrazio bidea amaitzen ez baitu, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.
Iruñean, 2014ko apirilaren 11n.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Isabel García Malo.
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1.–Xedea.
1. Deialdi honek helburu du enplegu-zentro berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen barruan lanbide jarduerari laguntzeko unitateentzako diru-laguntzak arautzea, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren 43. artikuluan aurreikusiak (haren bidez, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haiek gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onetsi zen, egokitzeko zerbitzu horiek modernizatzeko tresna gisa).
2. Lanbide jarduerari laguntzeko unitateak dira enplegu-zentro berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen barneko talde multiprofesionalak. 2. oinarriko eginkizunak eta betebeharrak garatuz laguntzen dute zentro horietan desgaitasuna duten langileek lanpostu batean hastean edo hartan jarraitzean eta aurrera egitean dituzten oztopoak, trabak edo zailtasunak gainditzen. Orobat, horren barnean egonen dira gizarte, lan, kultura eta kirol inklusioa helburu dutenak.
2.–Lanbide jarduerari laguntzeko unitateen eginkizunak.
Aurreko oinarrian zehaztutako lanbide jarduerari laguntzeko unitateei atxikitzen zaizkien langileek ondoko eginkizunak izanen dituzte:
a) Desgaitasuna duen pertsonaren ahalmenak baloratu eta lanpostua aztertu ondoren, laguntza beharrak detektatu eta zehaztea, pertsona horrek bere lanbide jarduera bete dezan.
b) Beharrezko harremanak finkatzea desgaitasuna duten langileen familiaren eta gizartearen inguruarekin, horrek langileari sostengua eta adorea eman diezaion, lanpostu batean hasteari eta hartan egonkortasuna izateari dagokienez.
c) Behar adina prestakuntza programa garatzea, pertsonak lanpostura, teknologia berrietara zein produkzio prozesuetara egoki daitezen.
d) Banan banako laguntzak ematea pertsona bakoitzari bere lanpostuan.
e) Desgaitasuna duten langileen autonomia eta beregaintasuna bultzatu eta sustatzea, beren lanpostuetan batik bat.
f) Langile berriak enplegu-zentro berezira egokitzen laguntzea, horretarako beharrezko sostenguak emanez.
g) Enplegu-zentro bereziko langileei laguntzea lan enklabeetan hasteko prozesuan, baita lan merkatu arruntean eta autoenpleguan ere.
h) Zentroan desgaitasuna duten pertsonen endekapen prozesu posibleak detektatzea eta haietan esku hartzea, haren ondorioak saihestu eta apaltzeko.
3.–Azken jasotzaileak.
1. Laguntzeko unitateen azken jasotzaileak enplegu-zentro berezietan desgaitasuna duten langileak izanen dira, laneratzean eragozpen bereziak dituztenak. Horretarako, ondotik zehazten diren kasuetako batean egonen dira:
a) Garun-perlesia, eritasun mentala edo adimen desgaitasuna duten pertsonak, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua badute.
b) Desgaitasun fisikoa edo zentzumenezkoa duten pertsonak, %65eko edo hortik gorako desgaitasun aitortua badute.
2. Lanbide jarduerari laguntzeko unitateek oinarri honetako 1. puntuan sartuta egon ez arren enplegu-zentro berezian desgaitasuna duten beste langileei ere eman diezaiekete zerbitzua, baldin eta horrek ez badio kalterik ekartzen aurreko ataleko pertsonen arretari.
4.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta zenbatekoa.
1. Oinarri arautzaile hauetako diru-laguntzak erabiliko dira enplegu-zentro berezietan lanbide jarduerari laguntzeko unitateetako langileak mugarik gabe kontratatzearen ondoriozko jarduera finantzatzeko, 2. oinarrian zehaztutako eginkizunak betetzeko.
2. Diru-laguntza horien zenbatekoa 1.200 eurokoa izanen da urtean 3. oinarriko 1. puntuan zehaztutako desgaitasun mota eta maila duen langile bakoitzeko, enplegu-zentro bereziak mugarik gabe kontratatzen badu, edo aldi baterako kontratuaren bidez sei hilabete edo handik gora irauten duenean, muga izanik laguntza unitateen lan kostuak eta Gizarte Segurantzarenak.
1.200 euroko diru-laguntza proportzioan murriztuko da lanaldiaren arabera, kontratua lanaldi partzialekoa bada, bai eta pertsona hori kontratatuta dagoen denboraren arabera ere, diruz lagundutako epearen barnean.
3. Diru-laguntza emanen da baldin eta aurrekontuan horretarako diru erabilgarririk badago.
5.–Diru-laguntzen onuradunak.
1. Oinarri arautzaileotako diru-laguntzen onuradunak enplegu-zentro berezien entitate titularrak izan daitezke, baita zentro horiek ere, nortasun juridiko propioa dutenean, ondoko baldintzak beteta:
a) Hala inskribaturik egotea Nafarroako Foru Komunitateko enplegu-zentro berezien erregistro liburuan, Enplegu-zentro bereziei buruzko erregelamendua onesten duen abenduaren 4ko 2273/1985 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatuarekin bat, eta onura publikoaren eta ezinbestekotasunaren adierazpena edukitzea.
b) Enplegu-zentro berezietako plantillan 3. oinarriko 1. puntuan ezarritako desgaitasun mota eta maila dituzten langileak egotea.
c) Enplegu-zentro bereziek lanbide jarduerari laguntzeko unitateak edukitzea, 6. oinarrian ezartzen diren baldintzak beteta.
d) Unitate horiek desgaitasuna duten pertsona guztiei laguntzea, 3. oinarrian ezarri bezala.
2. Onuradunek, halaber, baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.
b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren debekuetariko batean ere ez egotea. Hori “erantzukizuneko aitorpen” baten bidez frogatu beharko du diru-laguntza eskatzen duen entitateak.
6.–Lanbide jarduerari laguntzeko unitateen osaera.
1. Laguntzeko unitateen osaerak ondoko moduluak errespetatu beharko ditu:
a) 3. oinarriko 1. puntuan zehaztutako desgaitasuna duten 15 langile bitarte, erdi edo goi mailako teknikari 1, edo balio bereko ezagutza eta/edo esperientzia duena, gutxienez lanaldiaren %20 badu, eta produkzioaren laguntzarako arduradun 1, lanaldi osoan aritzen bada, edo proportzioan dagozkionak, kontratazioa lanaldi partzialean egiten bada.
b) 16 langiletik 30era bitarte, erdi edo goi mailako teknikari 1, edo balio bereko ezagutza eta/edo esperientzia duena, gutxienez lanaldiaren %80 badu, eta produkzioaren laguntzarako 2 arduradun, lanaldi osoan aritzen badira, edo proportzioan dagozkienak, kontratazioa lanaldi partzialean egiten bada.
c) 31 langiletik 45era bitarte, erdi edo goi mailako 2 teknikari, edo balio bereko ezagutza eta/edo esperientzia dutenak, bata lanaldi osoan eta bestea, gutxienez, lanaldiaren %50 izanda, eta produkzioaren laguntzarako 3 arduradun, lanaldi osoan aritzen badira, edo proportzioan dagozkienak, kontratazioa lanaldi partzialean egiten bada.
d) 46 langiletik 60ra bitarte, erdi edo goi mailako 2 teknikari, edo balio bereko ezagutza eta/edo esperientzia dutenak, lanaldi osoan, eta produkzioaren laguntzarako 4 arduradun, lanaldi osoan aritzen badira, edo proportzioan dagozkienak, kontratazioa lanaldi partzialean egiten bada.
e) 61 langiletik 75era bitarte, erdi edo goi mailako 3 teknikari, edo balio bereko ezagutza eta/edo esperientzia dutenak, bi lanaldi osoan eta bestea, gutxienez, lanaldiaren %50 izanda, eta produkzioaren laguntzarako 5 arduradun, lanaldi osoan aritzen badira, edo proportzioan dagozkienak, kontratazioa lanaldi partzialean egiten bada.
f) 75 langiletik gora, lanbide jarduerari laguntzeko unitateko plantilla bat ezarriko da, aurretik adierazitako irizpideen arabera.
Atal honetan xedatuaren ondorioetarako, balio bereko ezagutzak eta/edo esperientzia izanen da laguntzeko unitatean bezalako eginkizunak gutxienez urte batez beteta edukitzea.
2. 3. oinarriko 1. puntuan zehaztutako desgaitasun mota eta maila dituzten langileen (zerbitzuaren onuradunak) kopuruak ez badu bat egiten modulu bakoitzeko mugekin, lanbide jarduerari laguntzeko unitateetako langileen dedikazioa proportzionala izanen da desgaitasuna duten langile kopuruarekin.
3. Unitate hori osatzen duten langileen lanpostuak hutsik gelditzen direnean arrazoi justifikatuengatik, horiek hilabeteko epean bete behar dira, aurretik ezarritako proportzionaltasuna mantentzeko.
7.–Eskaerak.
1. Entitate onuradunek martxoa baino lehenago eskatu behar dute aurreko urteko azaroaren 1etik urte horretako urriaren 31ra bitarteko aldiari dagokion diru-laguntza ematea.
Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.
2. Ahal dela, eskaerak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Erregistroan aurkeztuko dira. Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuko Erregistroaren beste edozein bulegotan ere aurkezten ahalko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz, barnean sartuta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoa (www.navarra.es web orritik du sarbidea eta sinadura elektronikoa eskatzen du).
Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, data eta tokia adieraz daitezen. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.
3. Diru-laguntza eskaerak eskabide ofizialean aurkeztuko dira, agiri hauekin batera:
a) Lanbide jarduerari laguntzeko unitateak eta hori osatzen dutenek bete beharreko eginkizunen deskripzio memoria.
b) Azken jasotzaileen zerrenda, kontratu mugagabea dutenak edo sei hilabeteko edo handik gorako kontratu aldi baterakoa dutenak, desgaitasun mota eta maila zehaztuta, eskaeraren aurreko urteko urriaren 31n zentroak kontratatuak badaude.
c) Diru-laguntzaren xedeko laguntzako unitateetan kontratu mugagabea duten langileen soldataren eta Gizarte Segurantzaren kostuei buruzko gastuen aurrekontua, diruz laguntzen den aldikoa, langileen arabera xehakatuta.
d) Ogasun Publikoarekiko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatearen egiaztagiria.
e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzearen aitorpena.
f) Helburu bereko beste laguntza batzuk, deialdi honetan zehazten direnekin bateragarriak, jaso izanaren aitorpena eta hura Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazteko konpromisoa.
4. Eskaerak adierazi diren betebeharrak bete ezean, dagokion instrukzio unitateak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.
5. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.
6. Halaber, eskaera aurkezteak berarekin dakar zentro bakoitzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea horrek erakunde eskudunei informazioa eska diezaien aipatu entitateek Ogasun Publikoarekiko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzeko.
8.–Instrukzioa eta diru-laguntza emateko prozedura.
1. Prozedura instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzua izanen da.
2. Eskaerak erregistroko sarrera-dataren hurrenkerari jarraikiz erantzunen dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.
3. Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak tramitatzeko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Emateko prozedura, berriz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.
4. Aurkeztutako eskabideen gaineko ebazpena Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari dagokio.
5. Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea ebazpena jakinarazi gabe iraganik, diru-laguntza eskaera ezetsi egin dela ulertzen ahalko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
6. Prozeduraren gaineko ebazpena administrazio prozedurari buruzko legerian ezarritako moduan jakinaraziko zaie interesdunei.
9.–Onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebeharrak dira, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoak eta, bereziki, honako hauek:
a) Diru-laguntza emateko oinarri izan den jarduketa egitea.
b) Jarduketa egin dela frogatzea, eta diru-laguntza ematean eta horren gainean ebaztean ezartzen diren betekizun eta baldintzak betetzen direla ere bai.
c) Diru-laguntza emateko unean kontuan hartutako inguruabar eta baldintzetan edozein aldaketa gertatuz gero, horren berri ematea, baita onuradunak bere gain hartutako konpromiso eta betebeharretan gertatutako aldaketen berri ere.
d) Nafarroako Enplegu Zerbitzuari idatziz jakinaraztea zer beste laguntza eskatu duen urte berean helburu bererako, eskatu eta 15 egun balioduneko epean gehienez.
e) Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.
f) Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egindako finantzaketaren publizitateari dagokionez, entitate onuradunak dokumentuetan, prentsako iragarkietan eta zabalkunderako edo informaziorako materialean beti adierazi beharko ditu programaren izena eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren/Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala, “Nafarroako Enplegu Zerbitzuak/Nafarroako Gobernuak finantzatutako programa” testuarekin batera.
g) Gardentasunerako betebeharrak:
g.1) Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa hain justu, betiere Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta honako bi inguruabar hauek ematen badira:
1) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
2) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Horretarako, bi inguruabarrak betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, telematika bidez Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoa baliatuz, ondotik aipatzen den informazioa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, aurkeztu beharko dute, diru-laguntza ematen zaiela dioen ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan bildutakoa izanen da.
–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren zehaztearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.
g.2) Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak ematen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.
10.–Diru-laguntza ordaintzeko modua, epeak eta justifikazioa.
1. Ordainketa modu hauetako edozeinetan eginen da:
a) Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera aldez aurretik justifikatuta, jarduera osorik gauzatu ondoren.
Kasu horretan, onuradunak aurtengo abenduaren 15 baino lehen aurkeztu beharko du espedientearen likidazioa egiteko behar den dokumentazio osoa.
b) Konturako ordainketen bidez, hiru hilean behin, emandako diru-laguntzaren %25 ordainduta. Hiruhilekoak honela zehaztuko dira:
–Azaroaren 1etik urtarrilaren 31ra bitarte.
–Otsailaren 1etik apirilaren 30era bitarte.
–Maiatzaren 1etik uztailaren 31ra bitarte.
–Abuztuaren 1etik urriaren 31ra bitarte.
Ondorio horietarako, enplegu-zentro bereziek martxoan, ekainean eta irailean eskatuko dute aurreko hiruhilekoari dagokion diru-laguntza ordaintzea. Horretarako, ordainketa eskaera bakoitzarekin, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute:
–Laguntzeko unitateek egindako jarduerari buruzko txosten bat.
–Laguntzako unitateetan hiruhilekoan lanak egin dituztenen zerrenda.
–Hiruhilekoan plantillan izandako aldaketen jakinarazpena (desgaitasuna duten pertsonak, diru-laguntza honen azken jasotzaileak alegia, eta laguntzako unitateetako teknikariak eta arduradunak).
Konturako ordainketa hil horietan eskatzen ez bada, ulertuko da zentroak dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa azken likidazioa egitean jaso nahi duela.
Zentroek abenduaren 15era arte izanen dute azken hiruhilekoko ordainketa eskatzeko (abuztuaren 1etik urriaren 31ra bitartekoari dagokiona), eta diru-laguntzaren azken likidazioa egiteko. Horretarako, eskaerarekin batera, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dute:
–Laguntzako unitateek diru-laguntzaren xedea den aldian egindako jardueren deskripzio memoria.
–Lan kostuak eta Gizarte Segurantzarenak justifikatzen dituen ziurtagiria, urte osoko teknikarien eta arduradunen nominekin eta gizarte aseguruekin batera (azaroaren 1etik urriaren 31ra bitarte).
–Diru-laguntza honen jasotzaileen zerrenda, diruz laguntzen den epean egiten dituzten egunak eta lanaldiak xehakatuta.
–Lan kontratuen kopiak teknikarien eta arduradunen altekin (diruz laguntzen den aldikoak).
Epe horretan eskatzen ez badira azken hiru hilekoko ordainketa eta diru-laguntzaren azken likidazioa, atzerapeneko egun bakoitzeko, 100 euro kenduko dira azken likidaziotik.
Nolanahi ere, entitateak abenduaren 31rako aurkezten ez badu azken likidazioa egiteko dokumentazioa, entitateak ordaindutakoa itzuli beharko du, kasuan kasuko berandutza interesekin batera.
2. Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar badu, 9. oinarriko g) letran aipatu dokumentazioa diru-laguntza ematen zaiola jakinarazi eta hilabetean telematika bidez aurkeztu izana frogatu beharko du, edo Foru Komunitateko Administrazioaren zein organori aurkeztu dion adierazi, organo horrek emandako diru-laguntzaren onuradun izateagatik. Informazio hori eman izana ez da frogatu beharrik izanen, hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuta bada.
Betebehar hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza ez da ordainduko, konturako ordainketak barne.
3. Ebazpena onetsita eginen dira ordainketak, organo kudeatzaileak proposamen txostena egin ondoren.
11.–Aurrekontuko zuzkidura.
Oinarri hauetan aurreikusitako diru-laguntzak, urtero, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan programa horiek kudeatzeko onesten den kontu-sailaren kargura finantzatuko dira.
12.–Bateragarritasuna.
1. Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.
2. Diru-laguntzen zenbatekoak ez du inola ere gaindituko, ez bakarrik ez beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batean, 4. oinarriko 1. puntuan zehazten diren lanaren eta Gizarte Segurantzaren kostuak.
13.–Betebeharrak ez betetzea eta laguntzak itzultzea.
1. Jarduketak burutzen ez badira edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdian berariaz aipatu betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutza-interesak ordaintzeko eskatzea.
2. Zehazki, enplegu-zentro bereziak ez badu teknikari edo arduradun bat ezarritako epean ordezten, 50 euro itzuli beharko ditu ordezpen horretan atzeratzen den egun bakoitzeko.
3. Halaber, emandako diru-laguntza osoa itzuli beharko da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak ezartzen dituen betebeharrak betetzen ez badira.
4. Dirua itzultzeko prozedurak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen II. tituluan ezarritakoari jarraituko dio.
14.–Zehatzeko prozedura.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen menpe egonen dira deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.
15.–Publizitatea.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzak argitara emanen ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.
16.–Ordezko araudia.
Oinarri arautzaileotan aurreikusten ez den orotan, honakoak aplikatu beharko dira: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea eta hura garatzeko araudia.
17.–Errekurtsoak.
Oinarri arautzaile hauen eta aplikazio egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.
Iragarkiaren kodea: F1405644
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
