2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
EZKABARTE
Ezkabarteko hilerrietan ehorzteko zerbitzua arautzen
duen ordenantza. Behin betiko onespena
Ezkabarteko Udalak, 2014ko otsailaren 6an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Ezkabarteko hilerrietan ehorzteko zerbitzua arautzen duen udal ordenantza.
2014ko 37. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturik, otsailaren 24an, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta argitara ematen da behar diren ondorioak izan ditzan.
Ezkabarten, 2014ko otsailaren 8an.–Alkatea, Pedro María Lezaun Esparza.
UDAL ORDENANTZA, EZKABARTEKO
HILERRIEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 25. artikuluarekin eta Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 29, 30 eta 39. artikuluarekin bat, Kontzejuen eskumena da hilerriak zaintze eta mantentzea. Eskumen hori Ezkabarteko Udalarena da eta Anozko, Ezkabako eta Garruesko toki entitate babestuetan.
2. artikulua. Ezkabarteko Udalak, osoko bilkuran erabakita, onetsi zuen kontzejuen ehorzteko zerbitzua bere gain hartzea, horrela eskatzen badiote. Eskaera hori Kontzejuko gobernu organoek egin behar dute eta modu frogagarrian jakinarazi Ezkabarteko Udalari.
3. artikulua. Udalak bere ardurapean izanen du ehorzteko zerbitzua, babespeko kontzejuena, eta bertze kontzejuena ere bai, hala erabakita Udalaren esku uzten badute. Kontzejuek, betiere, kontzejuen hilerriak zaintzeko eta mantentzeko eskumena erabiltzen segituko dute.
4. artikulua. Ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira hilerrietan, legezko tramiteak bete badira, eta zerbitzu horrengatik tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira.
5. artikulua. Hona hemen zergapeko egintza:
–Lurrean ehorzteko zerbitzua egiteagatik.
–Horma-hilobian ehorzteagatik.
–Hobitik ateratzeagatik.
6. artikulua. Lurpean ehorzteko zerbitzua eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, izanik horiek pertsona fisiko nahiz juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare bereizia eratzen duten entitateak.
7. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.
8. artikulua. Aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak aitzinetik ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek egun baliogabea dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
TARIFEN ERANSKINA
Tasa
–Lurrean ehorzteko zerbitzua egiteagatik: 300 euro.
–Horma-hilobian ehorzteagatik: 250 euro.
–Hobitik ateratzeagatik: 200 euro.
Iragarkiaren kodea: L1405346