1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
670/2014 EBAZPENA, apirilaren 3koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak tramitatutako zenbait diru-laguntzatarako deialdien oinarri arautzaileak aldatzen dituena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatua aplikatu beharrez. Foru Dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen ditu.
Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legeak ezartzen du, bederatzigarren xedapen gehigarrian, diru-laguntzen oinarri arautzaileak egokitu behar direla gardentasun betebeharretara, erregelamenduz ezarri bezala.
Betebehar hori garatzeko, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak ezartzen du zein diren beharrezko subjektuak eta baldintzak, betebehar horiek konplitzeko.
Ondorio horietarako, 6. artikuluak zehazten du ezen, diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileek berariaz bildu behar dituztela foru dekretu horren 4. eta 5. artikuluetan aurreikusitako betebeharrak, baita 3. artikulua ez betetzearen ondorioak ere.
Hori dela eta, bidezkoa da egun Nafarroako Enplegu Zerbitzuan indarra duten oinarri arautzaileak aldatzea, 59/2013 Foru Dekretuan xedatura egokitzeko.
Azaldutakoarekin bat eta martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ebazpen honen 2. atalean zehazten diren oinarri arautzaileak aldatzea, eta honela dioen azken oinarri bat gehitzea:
“Azken oinarria–Onuradunen gardentasun betebeharrak:
1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa hain justu, betiere Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta honako bi inguruabar hauek ematen badira:
a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Horretarako, bi inguruabarrak betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, telematika bidez Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoa baliatuz, ondotik aipatzen den informazioa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, aurkeztu beharko dute, diru-laguntza ematen zaiela dioen ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan bildutakoa izanen da.
–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Atal honetan ezarritako mugak gainditzen diren zehaztearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.
2. Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak ematen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.
3. Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar badu, oinarri honetako letran aipatu dokumentazioa diru-laguntza ematen zaiola jakinarazi eta hilabetean telematika bidez aurkeztu izana frogatu beharko du, edo Foru Komunitateko Administrazioaren zein organori aurkeztu dion adierazi, organo horrek emandako diru-laguntzaren onuradun izateagatik. Informazio hori eman izana ez da frogatu beharrik izanen, hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuta bada, non ez diren datuak aldatu.
4. Betebehar horiek betetzen ez badira, emandako diru-laguntza ez da ordainduko, aurrerakinak eta konturako ordainketak barne.
5. Emandako diru-laguntza osoa itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan xedatuarekin bat, betetzen ez badira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak ezartzen dituen betebeharrak.”
2. Aldaketa honek ondoko oinarri arautzaileei eragiten die:
a) Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan inbertsioak eginez enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 22ko 641/2013 Ebazpenak onetsiak.
b) Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkideak eginez enplegua sustatzeko diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 29ko 682/2013 Ebazpenak onetsiak.
c) Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan haietan ondorengoak sartuz eta haiek ekonomia sozialeko enpresa bihurtuz enplegua sustatzeko diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 10eko 763/2013 Ebazpenak onetsiak.
d) Interes orokorreko zerbitzu sozialak egiteko langabeak kontratatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeei diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 5eko 483/2012 Ebazpenaren bidez onetsiak.
e) Enplegurako lantegi eskolak eta sustapen eta garapen unitateak egiteko diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 15eko 388/2013 Ebazpenaren bidez onetsiak.
f) Nekazaritzako enplegu plana ezarri eta sustatzeko diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 28ko 416E/2013 Ebazpenaren bidez onetsiak.
g) Desgaitasuna dutenak lan merkatu arruntean sartzeko diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 16ko 795/2013 Ebazpenaren bidez onetsiak.
h) Desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan betetzen dituzten lanpostuen soldata-kostuaren diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 22ko 642/2013 Ebazpenaren bidez onetsiak.
i) Gizarteratzeko eta laneratzeko zentroei diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 11ko 573/2013 Ebazpenaren bidez onetsiak.
j) Desgaitasuna dutenek lan merkatu arruntean enplegu lagundua lortzeko diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 13ko 1558/2008 Ebazpenaren bidez onetsiak.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera aplikatu beharko zaizkie ebazpen honen 2. atalean ezarrita dauden betebeharrak emandako diru-laguntzei.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honen kontra, administrazio bidea amaitzen ez baitu, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.
Iruñean, 2014ko apirilaren 3an.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, María Isabel García Malo.
Iragarkiaren kodea: F1405115