1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2014ko apirilaren 9an hartua, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan aipatzen diren zorpetze-eragiketak egitea xedatzen duena, 221.142.200 euro gehienez.
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluak xedatzen du Foru Komunitatearen zorpetzea mota hauetakoa izaten ahalko dela:
a) Mailegu edo kreditu eragiketak.
b) Zor publikoaren baloreen jaulkipena.
c) Finantza tresnekiko bestelako eragiketak.
Halaber, aipatutako 13/2007 Foru Legeak, 64. eta 66. artikuluetan, xedatzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, zorpetze-eragiketak erabakitzea, baldin eta foru lege baten bidez baimendu badira.
Nafarroako Gobernuak 2013ko abenduaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez, hainbat arau eman ziren Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorren luzapena 2014ko ekitaldian betearazteko, eta 4. atalean ezarri zen zorpetze-eragiketak formalizatzen ahalko direla, Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 19/2011 Foru Legearen (luzapenean indarrean baitago) 13. artikuluan ezartzen den muga gainditu gabe, Nafarroako Foru Komunitateak eta Estatuak haien artean gauzatzen ahal dituzten bestelako akordioak galarazi gabe. Eragiketa horien muga gisa, 2014ko abenduaren 31ko saldo bizia ezin izanen da izan 2014ko urtarrilaren 1ekoa baino 282.957.085 euro handiagoa. Horietatik, 102.476.000 euro Nafarroan abiadura handiko trena ezartzeko obren finantzazioari dagozkio
Aurreikuspen hori gauzatzeko, beharrezkoa da halako zorpetze-eragiketak egiteko bide ematen duen erabaki bat onestea.
Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan aipatzen diren zorpetze-eragiketak egitea, 221.142.200 eurokoak gehienez, Nafarroako Aurrekontu Orokorrean aurreikusitako defizita, 180.142.200 eurokoa (BPGaren %1), finantzatzeko helburuz, baita muga-egunera iritsitako enpresa publikoen 41.000.000 euro berriro finantzatzeko ere.
2. Zenbateko horren barrenean, gauzatzen diren baloreen jaulkipenek Nafarroako Zorraren ohiko izendapena eta ezaugarriak izanen dituzte, eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
3. Erabaki honetan bildutako finantza-eragiketetarako, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren esku uzten dira Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 66.1 artikuluaren c) eta d) letretan aipatzen diren eskumenak, lege horren 66.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.
4. Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren foru agindu baten bidez, baloreen jaulkipenen baldintza guztiak eta gainerako finantza-eragiketen ituntzea zehaztuko dira. Horretarako, ahalmena ematen zaio aipatu kontseilariari erabaki hau betearazteko behar diren neurriak hartu eta ebazpenak eman ditzan.
5. Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak.
6. Erabaki hau Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Atalera igortzea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2014ko apirilaren 9an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.
Iragarkiaren kodea: F1405500