Iragarkia
77. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 22a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZABALTZA
Zabaltzako Kontzejuko herrilurretako aprobetxamenduak
arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena
Zabaltzako Kontzejuko Batzarrak, 2010eko abuztuaren 24an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Zabaltzako Kontzejuko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. (Iragarkia 2010eko 122. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 8an).
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsi da. Hona hemen haren testua:
Zabaltzan, 2014ko martxoaren 30ean.–Kontzejuko burua, Emilio Izu Aizcorbe.
ORDENANTZA, ZABALTZAKO KONTZEJUKO HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Zabaltzako Kontzejuko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko arauak ezartzea.
2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.
II. TITULUA
Administrazioa eta xedapen egintzak
5. artikulua. Herrilurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Zabaltzako Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan. Herri ondasunen inguruan Zabaltzako Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Zabaltzako Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.
Herri ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, karga horiek ezartzera eraman zuten xedeak edo lagapenaren edo kargaren baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako. Halakorik gertatuko balitz, kargatutako ondasuna Zabaltzako Kontzejuaren ondarera itzuliko litzateke herri ondasun gisa.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuan ezarritako prozedura erabiliko da.
III. TITULUA
Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea
7. artikulua. Zabaltzako Kontzejua herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.
8. artikulua. Zabaltzako Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratu ahalko du herrilurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herrilurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.
9. artikulua. Zabaltzako Kontzejuak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta.
10. artikulua. Zabaltzako Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.
11. artikulua. Zabaltzako Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aitzinetik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Zabaltzako Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko. Zerbait interpretatzeko hartzen diren erabakiak berehala betearaziko dira, hirugarrenek epaileengana joz bidezko deklarazioa lortzea ukatu gabe.
13. artikulua. Zabaltzako Kontzejuak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimenaren txanda izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Zabaltzako Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.
IV. TITULUA
Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
14. artikulua. 1. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:
–Laborantzarako herrilurren aprobetxamendua.
–Herrilarreen aprobetxamendua.
–Etxerako egurraren aprobetxamendua.
–Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak.
2. Nolanahi ere, Zabaltzako udal mugapeko administrazio espedienteek (lurzati berrantolamendukoek, konparaziorako) arestian aipatutako aprobetxamenduak uki ditzakete, eta hortaz, errentan emanen dira baldin eta herrilurrak benetan eskuragarriak badira.
15. artikulua. 1. Orokorrean, Zabaltzako herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
1.1. Adinez nagusia izatea, edo adingabe burujabea nahiz epaile bidez gaitua.
1.2. Zabaltzako Kontzejuaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez ere bi urteko antzinatasunez.
1.3. Zabaltzan, urtean bederatzi hilabetez bederen jarraian bizitzea.
1.4. Zabaltzako Kontzejuarekin inolako zor fiskalik ez izatea.
2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat.
Nolanahi ere, familia unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek edo pentsiodunek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.
3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Larragetako Kontzejuaren osoko bilkurak argituko ditu, banan-banan.
16. artikulua. Herrilurrak itxi ahal izateko ezinbestekoa izanen da aldez aurretik Zabaltzako Alkatetzak idatzizko baimena ematea. Herrilurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inolaz ere batera itxi.
17. artikulua. Aprobetxamenduak ezin izanen dira onuradunen artean trukatu interesdun nahiz ukituek aldez aurretik eskabide bateratua egin eta euren adostasuna erakutsi eta Kontzejuaren baimena izan ezean.
18. artikulua. Kontzejuak baliorik gabe utz dezake herrilurraren esleipena, osotara nahiz zati batekoa, zuhaitzak landatzea zein Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak sustatzen dituenetan, baldin eta onuradunaren herrilurretako aprobetxamenduei, behin-behinekoz zein behin betikoz, eragiten badiete. Hori egin baino hiru hilabete lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari.
Aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.
19. artikulua. Aprobetxamenduaren errentamenduarengatik ordaindu beharreko lur-saria urtero eguneratuko da aprobetxamenduaren lehen urtetik aurrera, kontsumoko prezioen igoera gehituz eta metatuz (KPI), hain zuzen ere prezio horri aplikatuz erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitako portzentaje-indizea.
II. KAPITULUA
Laborantzako herrilurren aprobetxamendua
20. artikulua. Betiere 14.2 artikuluan aipatzen den benetako eskuragarritasunak baldintzaturik ere, Zabaltzako laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modu ezberdinetan eginen dira:
a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.
b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.
c) Enkante publikoan esleitzea edo Zabaltzako Kontzejuak zuzenean ustiatzea.
Zabaltzako Kontzejuak laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.
Hiru moduetako edozeinetan, Zabaltzako Kontzejuak N.P.B.ren eskubideak beretzat gordeko ditu eta bera izanen da laguntzak eskatzeko izapideak eginen dituena. Errentatzaileak laboreak ereingo ditu, Nekazaritza Politika Bateratuak laguntzak kobratzeko ezartzen duenari jarraituz.
1. ATALA
Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak
21. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrera osoak soldataren azpitik egon.
2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.
3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz finkatuko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan edukitzea, abeltzaintzarako edo industriarako lurrak edukitzea, hirilurraren gaineko kontribuzioa, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita gisako izaera duen beste edozein datu ere.
Baldintza ekonomikoak baldin badira lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendua emateko oinarria, baldintza horiek mantendu beharko dira esleipenak indarra duen bitartean.
22. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honetan, ereduko lotearen azalera behar den tenorean zehaztuko du Zabaltzako Kontzejuak.
23. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendu modu honetarako finkatu baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Larragetako Kontzejuak interesdunen gogoa betez eta indarra duen legeriari jarraikiz konponduko du arazoa.
24. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea zortzi (8) urtekoa izanen da.
25. artikulua. Aprobetxamendu modu honetan, herrilurren onuradunek hurrengo lur-sariak ordainduko dituzte (2010ari dagozkion zenbatekoak, gero eguneratzeko oinarri):
–Lehorreko lurrak, hondartza aldea: 36,30 euro/erregua/urtea.
–Lehorreko gainerako lurrak: 72,60 euro/erregua/urtea.
Zenbateko horiek lehen urterako proposatutako lur-sariari dagozkio, eta ordenantza honetako 19. artikuluan zehaztutakoari jarraituz eguneratuko dira.
26. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.
Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek, banan-banan, 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.
27. artikulua. Araudi honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen-hartzaileak edo haren familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen.
Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Zabaltzako Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.
Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Kontzejuaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik ezin bada egin, ondoko artikuluan xedatzen dena aplikatuko da.
28. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epearen barrenean, Zabaltzako Kontzejuak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez.
Zabaltzako Kontzejuak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egoki juzgatzen dituen agiriak eskatuko ditu.
Beren laborea apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.
29. artikulua. Zabaltzako Kontzejuak egoki juzgatzen dituen egiaztapenak egin ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.
Honelakoetan ulertuko da lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki lantzen:
–Nekazaritzako makineria izanik, esleituta dituen herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.
–Udal zerbitzuen, herrilurren alorra atxikirik duen udal batzordearen edo Alkatetzaren txostenaren arabera, esleitutako lurzatiak lantzen ez dituztenean, ordenantza honetako 26, 27 eta 28. artikuluei jarraituz.
–Pertsona fisikoen gaineko errenta aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez dituztenean.
–Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenean.
2. ATALA
Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak
30. artikulua. Lurzatiak lehen atalean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, soberan geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateko titularrak diren herritarren artean.
31. artikulua. Aprobetxamendu modu honetan, Kontzejuak behar den tenorean zehaztuko du lotearen azalera.
32. artikulua. Esleipen epea 24. artikuluan adierazitako bera izanen da.
33. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herrilurrak hartzen dituzten onuradunek ordaindu beharreko lur-saria izanen da enkanteko prezioaren %90.
–Lehorreko lurrak, hondartza aldea: 36,30 euro/erregua/urtea.
–Lehorreko gainerako lurrak: 72,60 euro/erregua/urtea.
Zenbateko horiek lehen urterako proposatutako lur-sariari dagozkio, eta ordenantza honetako 19. artikuluan zehaztutakoari jarraituz eguneratuko dira.
34. artikulua. Esleipen hartzaileak zuzenean landu beharko ditu lurrak. Horretarako, 26, 27, 28 eta 29. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.
3. ATALA
Enkante publikoan esleitzea edo Kontzejuak zuzenean ustiatzea
35. artikulua. Zabaltzako Kontzejuak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan, laborantzako lurra soberan baldin badago, jendaurreko enkantean eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanez.
Hasierako prezioa 25 euro/erregua izanen da.
Herrilurretako aprobetxamenduen enkanteetan, eman gabe gelditzen badira, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egiten ahalko dira, hasierako prezioa %10 eta %20 merkeago, hurrenez hurren. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean esleitzen ahalko da, baina prezioa ez da azken enkantearen hasierako prezioa baino merkeagoa izanen.
Enkantea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan iragarriko da, enkantearen eguna baino hamabost egun natural lehenagotik gutxienez ere.
Herrilurretako aprobetxamenduen bigarren eta hirugarren enkanteetarako, berriz, aski izanen da Zabaltzako Kontzejuaren iragarki oholean iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bost egun lehenago gutxienez ere.
Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Zabaltzako Kontzejuak zuzenean ustiatu ahalko du.
4. ATALA
Esleitzeko prozedura
36. artikulua. Zabaltzako Kontzejuak osoko bilkuran hala erabaki eta Kontzejuko iragarki oholean ediktua paratu ondotik, hamabost (15) egun naturaleko epea irekiko da, beren burua eskubideduntzat jotzen dutenek herrilurretako lurzatien esleipena eska dezaten. Eskaria Kontzejuak onesten duen ereduan gauzatu beharko da.
37. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogagiri baliogarria, honako hauen gainean:
a) Zabaltzako bizilaguna izatea, gutxienez ere bi urteko antzinatasunez, eta bertan bizi izatea urtean bederatzi hilabetez bederen.
b) Zabaltzako Kontzejuarekin inolako zor fiskalik ez izatea.
c) Azken ekitaldiko errenta aitorpena eta, hala behar badu, ondare aitorpena ere bai.
38. artikulua. Batzarrak edo Alkatetzak proposatuta, Kontzejuak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du esleipen era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.
Ordenantza honetako 15, 21 eta 26. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzailerik ez bada, Kontzejuak, osoko bilkuran, ordenantza honetako 20 b) eta c) artikuluan ezarritako esleipen moduen artean esleituko ditu herrilurren aprobetxamenduak.
39. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda Kontzeju honen iragarki oholean paratuko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.
40. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, haiei buruzko ebazpena emanen du eta esleipen modu bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko.
41. artikulua. Esleipena zozketaz eginen da, lehentasuna duten aprobetxamenduetarako lehendabizi, eta, horren ondotik, herritarrendako esleipen zuzenekoetarako, gisa honetan:
1. Modu batean zein bestean onartutakoen behin betiko zerrendetan zenbakiak jarriko dira.
2. Herrilurretako lurzati bakoitzari dagokion zenbakia jarriko zaio.
3. Ondoren, zakutik aterako da zenbaki bat, eskaera egin duten herritarrei dagokiena, eta beste bat lurzatiei dagokiena, eta horrela segituko da bukatu arte.
4. Lurzatien zozketa amaitutakoan, Kontzejuaren iragarki oholean argitara emanen da esleipen hartzaile berrien zerrenda eta zein lurzati duten herrilurretan.
III. KAPITULUA
Herrilarreen aprobetxamendua
42. artikulua. Kontzejuaren belarrak arautuko dira.
43. artikulua. Larreen aprobetxamenduaren errentamenduarengatik ordaindu beharreko lur-saria urtero eguneratuko da aprobetxamenduaren lehen urtetik aitzina, kontsumoko prezioen igoerarekin (KPI).
44. artikulua. Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea zortzi (8) urtekoa izanen da.
45. artikulua. Aprobetxamendua modu zuzenean eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua, lagapena eta besteen aziendak sartzea. Hala ere, Udalak besteen aziendak sartzeko baimena eman dezake, Ondasunen Erregelamenduaren 194. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
45. bis artikulua. Herrilarreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da:
a) Herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez.
b) Antzinako ohiturari jarraikiz.
c) Enkante publikoaren bidez esleituz.
Aprobetxamendua, bai herritarrendako esleipen zuzenaren bidezkoa, bai enkante bidezkoa, eginen da ordenantza honen 30 eta 31. artikuluetan laborantzako herrilurrendako ezarri diren baldintza beretan, eta bertako 3. eta 4. ataletan ezarritako prozedurari jarraituz.
46. artikulua. Aprobetxamendua modu zuzenean eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua, lagapena eta besteen aziendak sartzea. Hala ere, Udalak besteen aziendak sartzeko baimena eman dezake, Ondasunen Erregelamenduaren 194. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen ari ulertuko da kasu hauetan:
a) Toki entitatearen zergetan beren aziendei edo abeltzaintza jarduerari baja ematen dietenak.
b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean abeltzaintzako etekinak aitortzen ez direnean, egin beharra izanda.
c) Bazkalurren jabe izanik ere, haiek hirugarrenei errentan emanda dituztenek.
d) Eskatu arren, ondoko agiriak ezarritako epean aurkezten ez badira: zuzeneko aprobetxamendua egiaztatzen duten agiriak, hala nola, artzainen Gizarte Segurantzako egiaztagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bestelakoak.
47. artikulua. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen goiti-beheitien arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak (KPI) kontuan hartuz.
Esleipenaren prezioa aprobetxamenduaz baliatzen hastean ordainduko da.
IV. KAPITULUA
Etxerako egurraren aprobetxamendua
48. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoan, Zabaltzako Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.
49. artikulua. Zabaltzako Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.
50. artikulua. Egur loteak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.
51. artikulua. Egurra banatzerakoan Zabaltzako Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da eta diru aldetik apalenak diren familia unitateei lehentasuna emanen die.
52. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Zabaltzako Kontzejua irizpide objetiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 21. artikuluan islatzen den bezala.
53. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Zabaltzako Kontzejuak aurrekontu arruntean.
54. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Kontzejuko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.
55. artikulua. Esleipenaren prozedurari dagokionez, ordenantza honetan zer agindu, huraxe egin beharko da.
V. KAPITULUA
Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak
56. artikulua. Ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, ehizaren aprobetxamendua 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko arauari eta xedapen osagarriei jarraikiz eginen da eta, betiere, Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen arabera.
57. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Zabaltzako Kontzejuak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen dira. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.
VI. KAPITULUA
Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan
58. artikulua. Zabaltzako Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xedea baldin badute:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herrilurra hobetzea.
c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.
V. TITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
59. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira laboreekin zerikusia duten gertakari hauek:
1. Esleituriko lurzatiak pertsonalki ez lantzea.
2. Esleituriko lurzatien %80 bederen ez lantzea.
3. Herrilurrak udal esleipenik gabe lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, larre utziak edo beste norbaiti esleituak izan.
4. Lur-sarien edo erregelamendu bidez ezarritako bestelako tasen zenbatekoak ezarritako epeetan ez ordaintzea.
5. Nekazaritzako lanak erregelamendu honek baimentzen ez dituen aroetan egitea, larreen ustiapenaren kaltetan.
6. Beste lurzatietatik bereizteko ezpondak lantzea.
7. Bideak nahiz altxonbideak lantzea.
8. Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.
9. Erregelamendu honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.
60. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:
–1, 2, 4 eta 5. arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da.
–8.arengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.
–Gainerako arau-hausteengatik, esan nahi baita, 3, 6 eta 7. zenbakiengatik, egindako kaltearen halako 5etik 10era bitarte ordainaraziz zehatuko dira. Balio hori zehazterik ez badago, 60tik 12.000 euro bitarteko zehapena ezarriko da (10.000 eta 2 milioi pezeta). Gainerako arau-hausteengatik, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 225, 226, 227 eta 228. artikuluekin bat (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 178. artikuluari jarraituz, egungo legeen araberako zehapena ezarriko da.
Zehapenak ezartzeaz gain, arau-hausleari egotzi ahal zaizkion kalte-galerak ere ordaindu beharko ditu; horiek modu egokian eskatuko zaizkio.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Bakarra. Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, kontra egiten dioten xedapen edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak badira.
Iragarkiaren kodea: L1404708
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
