77. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UNTZUE

Udal ordenantza, Untzuen etxebizitzak eraiki eta zaharberritzeko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Untzueko Udalak, 2014ko otsailaren 25ean egindako osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Untzuen etxebizitzak eraiki eta zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Onespenaren erabakia 2014ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 10ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Untzuen, 2014ko apirilaren 3an.–Alkatea, José Luis Irisarri Galar.

Udal ordenantza, Untzuen etxebizitzak eraiki eta zaharberritzeko laguntzak arautzen dituena

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da Untzueko Udalak honako hauei laguntza emateko ezarritako diru-laguntzak arautzea:

1) Zaharberritze edo eraberritze obrak, Untzueko udal mugapearen barnean dauden eraikinetan.

2) Eraikin eta etxebizitza berriak eraikitzea, autosustapenez, bizitegi gisa erabiltzeko, Untzueko udal mugapearen barnean.

2. artikulua. Kontzeptua.

Etxebizitza baterako diru-laguntza jaso ahal izateko, eraikinak familia unitatearen bizilekua beharko du izan eta familiaren ohiko etxea; barnean sartzen dira, halaber, bigarren bizileku direnak.

Araudi honen ondorioetarako, etxebizitzaren eraikin nagusia eta eranskinak eraikuntza bakartzat joko dira.

3. artikulua. Bazterketak.

Ez dute diru-laguntzarik jasoko jabeak zuzenean ekarritako materialek, agiri bidezko frogabide normalizatua ez badute.

4. artikulua. Onuradunak.

Udalak diru-laguntza emanen die, aurrekontuen mugen barnean, laguntzaren xede den eraikinaren jabeei (pertsona fisikoei) eta/edo sustatzaileei, Udalean laguntza eskaera aurkezten duten unean erroldatuta badaude eta beren etxebizitzaren eraberritze, sendotze eta eraikitze obrak egiten badituzte.

5. artikulua. Dokumentazioa.

Laguntzak tramitatzeko, aurreko artikuluetan eskatutakoaz gain eta Untzuen egiazki bizitzeaz gain, eskabidea aurkeztu beharko da Udalean, zein urtetan bukatu den inbertsioa, urte hartan, edo hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen. Eta, eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek:

–Laguntzaren eskabidea.

–Nortasun agiri nazionala.

–Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga ordaindu izanaren agiriaren kopia.

–Obra akaberaren ziurtagiria, teknikari eskudunak sinatua.

–Banketxea eta kontu zenbaki osoa, laguntza kontu horretan ordaintzeko.

–Laguntzaren xedeko higiezinaren jabetzaren eskritura edo, jabe ez diren sustatzaileen kasuan, higiezinaren titularraren onarpen idatzia, haren nortasun agiri nazionalaren fotokopiarekin batera.

Laguntzak eskuratu ahal izateko, nahitaezkoa izanen da proiektu ikus-onetsia edo memoria baloratua eta behar diren udal lizentziak aurkeztea. Laguntza emateko ezinbestekoa izanen da lehen okupazioko udal lizentzia lortzea.

Era berean, ordenantza honetan ezarritako laguntza ekonomikoak tramitatzeko, indarra duen araudi orokorrari jarraituko zaio, hartan xedatzen baitira etxebizitzen zaharberrikuntza babesteko tramitazio baldintzak; orobat, aplikagarriak diren gainerako arauei jarraituko zaie.

6. artikulua. Diru-laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntza hauek emanen zaizkio frogatutako inbertsioari:

a) Norberaren etxebizitza berria eraikitzeagatik-sustatzeagatik, eskuratutako etxebizitzaren balioaren %2ko diru-laguntza emanen da, gehienez ere hiru mila euro (3.000 euro).

b) Barneko eta/edo kanpoko eraberritze obrak, fatxadak zaharberritu eta birgaitzekoak eta teilatuak sendotu eta eraberritzekoak egiteagatik, egindako inbertsioaren %2ko diru-laguntza emanen da, gehienez ere mila eta bostehun euro (1.500 euro).

7. artikulua. Laguntzak ematea.

Udalak, eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, haiek sailkatu eta behar diren diru-laguntzak emanen ditu, ordenantza honetan xedatutakoari jarraikiz finkatuko dituelarik zenbatekoak.

Espedientea erabat osaturik dagoenean eta egindako inbertsioa behar bezala frogatzen denean ordainduko dira laguntzak.

Ikusten bada eskatzaileak ordenantza honetan ezarri diren baldintzetakoren bat ez duela betetzen, diru-laguntza lortzeko eskubidea galduko du, eta zilegi izanen da beste era bateko egintzak abiaraztea.

Ekitaldi ekonomikoren batean aurrekontuko kontu-saila aski ez bada eskaerei erantzuteko, ordenantza honetan hasiera batean aurreikusitako zenbatekoen barnean, doitu eginen da diru-laguntzen zenbatekoa, ekitaldi honetarako aurrekontuetan ezarritako kopurua eskaeren artean hainbanatuz.

Halaber, aurreko lerroaldean aipatu egoera gertatzen bada, Udalak egokia iruditzen zaion kopurua gehitzen ahalko dio aurrekontuko kontu-sailari, beharrezkotzat jotzen badu eta bere egoera ekonomikoak hori aholkatzen badio.

8. artikulua. Betebeharrak.

Udalak edozein unetan eska diezaieke datu edo agiri gehiago eskatzaileei, espedientea argitzeko; horretarako, hogeita hamar eguneko epea emanen die, eskatutako agiriak aurkezteko. Epe hori eskatzaileak aipatu agiriak aurkeztu gabe iragaten bada, espedientea artxibatu eginen da, beste inolako tramiterik gabe.

Araudi honetan zehaztutako baldintzak betetzen ez badira, onuradunak emandako datu edo argibideetan faltsukeriarik edo itxuragabekeriarik baldin badago eta laguntzak emateko eta ordaintzeko gertaerak edo inguruabar erabakigarriak ezkutatzen badira, emandako diru-laguntzak deuseztatzen ahalko dira, eta jasotakorik bada, hura itzuli egin beharko da.

9. artikulua. Diru-laguntzaren kalkulua.

Inbertsioa zenbatu eta diru-laguntza kalkulatzerakoan, ez dira kontuan hartuko laguntzaren eskatzaileak jasandako BEZa eta dagokion EIOZa.

10. artikulua. Udalaren konpromisoa.

Untzueko Udalak bere aurrekontuetan laguntzak ordaintzeko kontu-saila jartzen badu soilik eskatzen ahalko dituzte interesdunek ordenantza honetan aurreikusitako laguntzak.

11. artikulua. Diru-laguntzak ematen hasteko eguna.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta indarra hartu ondoren udal erregistroan aurkezten diren eskaerei aplikatuko zaie.

Iragarkiaren kodea: L1405137