1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
276/2014 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, 2014an nekazaritzako kooperatibei enpresa kudeaketako planetarako laguntzak emateko deialdia onesten duena.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 27ko 355/2008 Foru Aginduaren bidez, nekazaritzako kooperatibei enpresa kudeaketako planetarako laguntzak emateko arauak ezarri ziren, eta 2008rako deialdia onetsi zen. Foru agindua 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 28an.
Aldez aurretik, arau hori Europako Batzordeko Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi zitzaion. Organo horrek Espainiako agintariek 2008ko irailaren 1ean igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela adierazi, eta aipatu arau proiektua erregistratu zuen, XA332/2008 zenbakiarekin.
Arauaren indarraldia ezarri zen laguntza horietarako 2006ko abenduaren 15eko Batzordearen 1857/2006 (EE) Erregelamenduaren bidez, indarra hartu zuenetik 2013ko abenduaren 31 arte, hain zuzen.
Batzordearen 2013ko azaroaren 7ko 1114/2013 (EB) Erregelamenduak 1857/2006 (EE) Erregelamendua aldatu du haren aplikazio aldiari dagokionez, 2007ko urtarrilaren 1etik 2014ko ekainaren 30 arte aplikatzen ahalko baita.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren urriaren 8ko 349/2013 Foru Aginduak 355/2008 Foru Agindua aldatu du eskaerak aurkezteko epeari dagokionez.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, lehenik, organo eskudunak diru-laguntzari buruzko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarrita dituenean, salbu eta lehenagotik ezarrita badaude.
Aurreko horretan oinarrituta, ebazpen honen bidez, 2014ko ekitaldirako deialdia egin da nekazaritzako kooperatibei laguntzak emateko, enpresak kudeatzeko planetarako, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 27ko 355/2008 Foru Aginduan aurreikusitako arauak aplikatuko dira.
Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharra ere jasotzen du ebazpen honek, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluan aipatu pertsona juridikoek edo entitateek Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako diru-laguntzak dituztenean eta aurreikusitako inguruabarrak daudenean; orobat, onuradunak informatzeko duen betebeharra beteko ez balu nolako ondorioak izanen lituzkeen jasotzen du.
Ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nekazaritzako kooperatibei laguntzak emateko 2014ko deialdia onestea, enpresak kudeatzeko planetarako. Laguntza horiei Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren ekainaren 27ko 355/2008 Foru Aginduan (Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren urriaren 8ko 349/2013 Foru Aginduaren bidez aldatua) aurreikusitako arauak aplikatuko zaizkie.
2. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau argitaratzen denetik hasita.
3. Ebazpen honetatik datozen konpromisoei aurre egiteko, 48.000,00 euroko gastua baimentzea, 2012ko ekitalditik 2014ra luzatutako Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Nekazaritzako kooperatibentzako laguntzak, enpresak kudeatzeko planetarako” izeneko 720004 72230 4701 413106 kontu-sailaren kargura.
4. Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluak aipatzen dituen pertsona juridikoak edo entitateak badira, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasuna bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituztenean eta honako bi inguruabar hauek ematen direnean:
a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren zehaztearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:
Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.
Behar denean, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.
Aipatu inguruabarrak gertatzen badira, gardentasunerako betebeharraren mende dauden entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.
Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu ondoren aurkeztuko da Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabete batekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.
Informazio hori urtebetez eskura egonen da Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskatutakoa gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.
Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.
Entitateak ekitaldi berean ondoz ondoko diru-laguntzak jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzean, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2014ko apirilaren 8an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Juan Pablo Rebolé Ruiz.
Iragarkiaren kodea: F1405502