77. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Deialdia, 2013-2014ko denboraldian (urria-maiatza) kirol-eskolak antolatu dituzten Nafarroako kirol federazioei eta Iruñeko kirol klubei diru-laguntzak emateko

Iruñeko Udaleko Alkate jaunak deialdi hau onetsi zuen, 2014ko martxoaren 4ean, 2013-2014ko denboraldian (urria-maiatza) kirol-eskolak antolatu dituzten Nafarroako kirol-federazioei eta Iruñeko kirol-klubei diru-laguntzak emateko.

Deialdi honen helburua 2013-2014ko denboraldian (urria-maiatza) kirol-eskolak antolatu dituzten Nafarroako kirol-federazioei eta Iruñeko kirol-klubei diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko prozedura garatzea da, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoa gauzatze aldera, zeina 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2006ko otsailaren 17koan, argitaratu baitzen.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotan, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra aplikatuko da.

1.–Aurrekontua.

Deialdi honi 230.000 euro esleitu zaizkio, gehienez ere, Udalaren Aurrekontuko 90/45220/482090 kontu-sailaren kargura.

Onuradun bakoitzari eman beharreko diru-laguntza 8. eta 9. oinarrietan xedatutakoa aplikatzetik aterako da; inola ere ezin izanen du gainditu izandako defizitaren %100, eta 55.000 euroko muga egonen da eskola bakoitzeko.

2.–Diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua, eta onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen xedea eta helburua diru-laguntzak ematea da 2013-2014ko denboraldian (urria-maiatza) hurrengo paragrafo honetan ezarritako baldintzekin bat kirol-eskolak antolatu dituzten Nafarroako kirol-federazioei eta Iruñeko kirol-klubei. Diru-laguntzak jarduerek sortutako gastuen parte bat ordaintzera bideratuko dira, eta eskabidea aurkeztu eta 3. oinarrian jasotako baldintzak betetzen dituzten entitateei emanen zaizkie.

Jarduerek baldintza hauek bete beharko dituzte, eta bete ezean eskaerak ez dira onartuko:

1. Jarduerek Nafarroako Kirolari buruzko 15/2001 Foru Legean, uztailaren 5ekoan, eta deialdi honen klausuletan ezarritako printzipio eta lehentasunen araberakoak izan behar dute.

2. Jardueren hartzaileek adingabeak izan behar dute, 6 eta 14 urte bitartekoak, salbu eskolaren ezaugarri bereziak direla-eta 3. Eranskineko 2. fitxan behar bezala justifikaturiko kasuetan.

3. Jarduerak Iruñeko Udalaren mugapean egitea edo, beste lekuren batean eginez gero, izena eman duten ikasle gehienak Iruñean erroldaturik izatea (betekizun hori betetzen dela ulertuko da ikasleen %80 Iruñean erroldaturik dagoenean; portzentaje hori lortzen ez bada, onuradun izan daitezke baina diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko ez da kontuan hartuko betekizun hori betetzen ez duten ikasleen kopurua).

4. Jarduera 2013-2014ko denboraldian (urritik maiatzera) egitea.

5. Kirol-eskolak irekiak izatea, batere diskriminaziorik gabe, baldintza berdinetan herritar guztientzat, eta parte-hartzaileei kobratzen zaizkien kuotak, halakorik izatekotan, 45 euro baino gehiagokoak ez izatea ikastaro eta pertsona bakoitzeko, Nafarroako Kirol Egokituen Federazioaren kasuan izan ezik, zeinaren kasuan, eta bere ezaugarri bereziak kontuan hartuta, 90 euro-koa izaten ahalko baita ikasle eta ikastaroko, laguntza-monitoreak kontratatzeak eta kirol-instalazioak alokatzeak dakartzaten gain-kostuak estaltze aldera.

6. Oro har, gehienez ere 25 ikasle izanen dira modulu bakoitzeko, txirrindularitza, xake, ping-pong, pilota, piraguismo, padel eta triatloi kirol-modalitateetan izan ezik (kirol horien ezaugarriak direla-eta, gehienez ere 15 ikasle izanen dira) eta Nafarroako Kirol Egokituen Federazioaren kasuan (gehienez ere 12).

7. Kasuan kasuko kirol-eskola dagokion Federazioak ere deialdi honi helduta antolaturik ez egotea.

Berariaz deialdi honetatik at daude honako kirol-eskola hauek:

1. Iruñeko Udaleko alor beraren edo beste alor baten beste deialdi batean udal diru-laguntzen xede diren edo izan daitezkeenak.

2. Iruñeko Udaleko beste edozein alorrek emandako berariazko diru-laguntza bat jaso behar dutenak.

3. Aurten beste udal-programen eskutik finantzamendua jasotzen duten edo jaso dezaketenak; Iruñeko Udalarekin lankidetza-hitzarmena edo administrazioko kontratua sinatua dutenak.

Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, honako hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Diru-laguntza emateko oinarria izan den helburua betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo horretarako jarrera hartzea.

b) Organo emailearen aurrean justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta diru-laguntza zertarako den eta helburu hori bete dutela ere.

c) Organo emaileak egin beharreko egiaztapen guztiei men egitea, bai eta kontrol-organo eskudunek egiten ahal dituzten egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei ere men egitea, betiere udal-agiritegietan jaso ez eta aurreko jarduketetan eskatzen dieten informazio guztia eman beharko dutelarik.

d) Diru-laguntzaren xede diren jarduerak finantzatzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, organo emaileari horren berri ematea. Bestelako laguntza horiek lortu direla jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta, betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

e) Diru-laguntzetarako ebazpen-proposamena eman baino lehen egiaztatu beharra dute egunean dituztela hala tributu-betebeharrak nola Gizarte Segurantzarekikoak.

Iruñeko Udalak bere kabuz egiaztatuko du Udalarekiko tributu-betebeharrak egunean dituztela.

Aurrekoa gorabehera, Udalak bere kabuz kitatzen ahal izanen ditu, aldez aurretik, diru-laguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntza horiek, osorik edo parte batean, zor dituzten kopuruekin konpentsatuta.

f) Kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak izan behar dituzte, behar bezala ikuskatuak izan ere, onuradunari kasuan-kasuan aplikatzen ahal zaizkion merkataritzako eta sektoreko legeek ezarritakoekin bat, bai eta deialdiek edo ebazpenek egiaztapen- eta kontrol-eskumenak modu egokian gauzatuko direla bermatzeko galdatzen ahal dituzten egoera-orriak eta berariazko erregistroak ere.

g) Jasotako funtsen aplikazioaren egiaztagiriak gordetzea, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan baitaitezke.

h) Behar bezala iragartzea diru-laguntzaren xede diren programak, jarduerak, inbertsioak eta ekintzak Iruñeko Udalak finantzatu dituela, betiere Deialdi honen 16. klausulan aurreikusitakoarekin bat.

i) Jasotako funtsak osorik edo parte batean itzultzea, Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak horretarako zein kasu adierazi eta halakoetan:

–Diru-laguntza zein xedetarako eman eta hori bete ez bada.

–Diru-laguntza horretarako beharrezkoak ziren baldintzak bete gabe lortzen bada, betiere horren errua onuradunari egozten ahal bazaio.

–Jaso diren funtsak zertarako erabili diren justifikatzeko betebeharra bete ez izana.

–Diru-laguntza gehiago jasotzea aldi berean, salbu horiek bateragarriak badira.

–Onuradunek jarduerak egiteko jaso dituzten eta bateragarriak diren diru-laguntzek egin beharreko jardueren kostuaren muga gainditzen badute, muga hori zenbatean gainditu eta hainbeste itzuli behar dute.

–Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzen badira edo horiek betetzen ez badira.

–Oinarri honetan aipatzen diren egiaztapenei oztopo jarri edo haiek egiten uzteari uko egin izana.

Diru-laguntza itzularazteko ebazpena organo emaileak emanen du, behin espedientea instruitu eta gero, betiere aplikagarriak diren lege orokorrekin bat. Itzuli beharreko kopuruak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira, eta, horiek biltzeko, diru-bilketarako indarra duten arauetan xedatutakoa aplikatuko da.

j) Datuak jasotzean legezko prebentzioak betetzea, Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 4., 5. eta 6. artikuluetan zein diru-laguntza eskatzeko ereduari atxikitako 5. Eranskinean jasotakoarekin bat.

3.–Onuradunak diru-laguntzak eskatzeko bete behar diren baldintzak eta horiek egiaztatzeko bideak.

Baldintza orokorrak betetzen dituzten eta Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak ezarritako debeku-zioren bakar batek ere ukitzen ez dituen kirol-federazioek eta kirol-klubek eska ditzakete diru-laguntzak, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

3.1. Legearekin bat eraturik egon eta beren izaera juridikoarengatik dagokien Erregistroan izena emanda izatea, betiere indarra duten legeekin bat betekizun hori eska badaiteke.

3.2. Irabazi-asmorik gabekoak izatea.

3.3. Egoitza nahiz zergetarako helbidea Iruñean edukitzea.

3.4. Iruñeko Udalarekiko tributu-betebeharrak egunean izatea. Udalak bere kabuz egiaztatuko du hori, eta egoeraren berri adieraziko du egoki den eginbidearen bitartez. Era berean, diru-laguntzarako proposamena egin aurretik, bere kabuz egiaztatuko du ez duela Udaleko Diruzaintzara itzuli beharreko zenbatekorik.

3.5. Eguneratuak izatea tributuei nahiz Gizarte Segurantzari buruzko betebeharrak.

3.6. Iruñeko Udalarekin lankidetza-hitzarmenik sinaturik ez edukitzea, ezta Udalak egindako kontratu baten esleipendun izatea ere, diru-laguntza zein proiektutarako eskatu eta horretarako, eta Iruñeko Udaleko beste edozein alorren diru-laguntzarik ez jasotzea jarduera hori bera gauzatzeko.

Onuradunek aipatu baldintzak betetzen dituztela eta diru-laguntza jasotzeko inongo debeku-ziok ukitzen ez dituela justifikatzeko, 4. klausulan galdatzen diren agiriak aurkeztu behar dituzte. Ez dira agiri bidez egiaztatu beharko udal-agiritegietan jasota dauden alderdiak. Aipatutako baldintzak betetzen ez dituzten eskabideak ez dira onartuko.

4.–Eskabideen eta agirien aurkezpena.

Interesdunen eskaerek deialdi honek 1. eranskin gisara ezarritako arauzko ereduarekin bat etorri behar dute, eta eskatzaileak sinatu beharreko arauzko eskabide baten bitartez egin behar dira. Eskabideek entitatearen legezko ordezkariak edo sinatzeko eskumena duenak sinaturik egon behar dute, behar bezala beterik, eta honako agiri hauekin batera aurkeztu beharko dira:

a) Entitate eskatzailearen nortasuna egiaztatzeko agiriak (Estatutuak eta IFZ), betiere izaera juridikoa dela-eta dagokien Erregistroan izena emana dutela, eta entitatearen ordezkariaren NANa.

b) Erantzukizuneko aitorpena (eskabide-orriari atxikia, I. eranskin gisara), eskatzaileak deialdi honetan galdatutako baldintzak betetzen dituela eta Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako batek ere ez duela ukitzen egiaztatzeko.

c) Erantzukizuneko aitorpena (eskabide-orriari atxikia, I. eranskin gisara) eskatzaileak hala tributu-betebeharrak nola Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazita, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak xedatutakoarekin bat.

Horretarako, edozein unetan eta, edonola ere, diru-laguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, aipatu betebehar horiei dagozkien egiaztagiriak –Administrazio eskudunak emanak– eskatuko zaizkio onuradunari, betiere ezertan galarazi gabe aurkeztutako aitorpenak edo egiaztagiriak ikertzeko Administrazioak dituen ahalmenak.

Iruñeko Udalak bere kabuz egiaztatuko du kasuan-kasuko onuradunak egunean dituela Udalarekiko tributu-betebeharrak, eta egoeraren berri adieraziko du egoki den eginbidearen bitartez. Era berean, diru-laguntza emateko proposamena egin aurretik, bere kabuz egiaztatuko du ez duela Udaleko Diruzaintzara itzuli beharreko zenbatekorik.

d) 2. eranskina: entitatearen identifikazioa eta egin beharreko jardueraren deskribapena.

e) 3. eranskina: 1. eta 2. fitxak, behar bezala beteta. 2.aren kasuan, fitxa bat bete behar da ikasle-modulu bakoitzeko.

f) “Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea”, ereduarekin bat (6. eranskina), diru-laguntzaren zenbatekoa zein banku-kontutan sartu behar den jakiteko.

g) Beste hainbat administrazio, entitate edo pertsona publiko zein pribaturi helburu bera lortzeko eskatutako diru-laguntzen zerrenda, halakorik balitz, honako hauek zehaztuta: eskatutako kopurua, entitateen izena eta emandako zenbatekoa.

Eskatutako agiriez gain, entitateak nahi beste agiri aurkezten ahalko ditu bere proiektuaren berri emateko.

Baldin eta a) eta f) puntuetan galdatutako agiriak Iruñeko Udalaren edo haren mendeko erakunde autonomoen eskuetan badaude, eta haietan aldaketarik izan ez bada, haien ordez erantzukizuneko aitorpena aurkezten ahalko da, eta bertan adierazi noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu ziren edo, halakorik balitz, zeinek eman zituen edo zeinetan dauden jasota. Edozein kasutan, ezin izanen dira bost urte baino gehiago igaro dagokien prozedura amaitzen denetik.

Aurrekoan xedatutakoa gorabehera, Udalak edo haren mendeko erakunde autonomoek ezin badute agiriren bat eskuratu, eskatzaileei eskatzen ahalko diete hura aurkezteko, edo, bestela, agiria zein betekizuni dagokien eta horiek beste bide batzuk erabiliz egiaztatzeko, betiere ebazpen-proposamena egin baino lehen.

Agiri horiei gehitu beharko zaizkie deialdi honen 13. klausularekin bat aurkeztu beharreko egiaztagiriak.

5.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

Diru-laguntzetarako eskabideak eta agiri frogagarriak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina aurkezten ahalko dira, 2014ko ekainaren 20a bitarte, ondoko tokietan: Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Kondestablearen Jauregia - Kale Nagusia 2, behea), erregistro osagarrietan (Descalzos k. 72, 2. solairua; San Saturnino k. 2, beheko solairua; Iratxeko monasterioaren k. 2, behea; Armada etorbidea 2, 5. solairua; Eslava k. 1, behea; eta Zapatería k. 40, behea) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38. artikuluak aurreikusten dituen beste edozeinetan. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

Aurkeztutako agiriek ez badituzte betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen ditzala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

6.–Antolamendua eta instrukzioa.

Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kirol Alorreko Idazkari Teknikoa izanen da diru-laguntzak emateko prozedura bideratzeko organo eskuduna, eta bere kabuz egingo ditu ebazpen-proposamena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko jotzen dituen jarduketak oro.

Ebazpen-proposamena instrukzio-organoak emanen du, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena kontuan harturik, eta ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio.

Hona Balorazio Batzordea osatuko duten kideak:

Batzordeburua: Gazteria eta Kirol Alorreko Zinegotzi Berezia.

Batzordekideak: Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kirol Alorreko zuzendaria.

Kirol-koordinatzailea.

Idazkaria: Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kirol Alorreko letradua edo zuzenbidean lizentziaduna.

7.–Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hortik aitzina hasiko da kontatzen.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igarotzen bada, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

Iruñeko Udaleko Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kiroleko zinegotzi delegatuari dagokio diru-laguntzak emateko prozedura ebaztea.

Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta interesdunei jakinaraziko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluetan agindutakoarekin bat.

Diru-laguntzak emateko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara, eta honako datu hauek adieraziko ditu: deialdia, diru-laguntza zein aurrekontu-programari eta -kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren xedea.

8.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

Diru-laguntzetarako deialdi honen eskaerak baloratzeko irizpide hauek erabiliko dira:

1. Oinarri hauen 1. eta 3. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzea.

2. Baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, 9. oinarrian ezarritako koadroa aplikatuko da diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko; zenbateko horri kenduko zaio ikasleei izena emateko kuotak kobratzetik lorturiko diru-sarrerak -45 euro ikasle eta ikastaroko, eskola bakoitzak kobratzen duen zenbateko zehatza gorabehera-, eta kontuan hartuko da, baita ere, 1. klausulan ezarritakoa.

Emandako diru-laguntza honako hauetarako erabiliko da: alde batez edo osorik finantzatzeko aipatu 9. artikuluan diru-laguntzaren xedetzat jotako gastuak, jarduera egiteak sortutakoak.

Eskaerek 1. oinarrian esleitutako aurrekontua gainditzen badute, diru-laguntzen onuradunen artean hainbanatuko da, kirol-eskola bakoitzean, aurreikusitako zenbatekoa, betiere eskatzaile bakoitzari aplikatuta, behetik jota, esleitutako aurrekontuak zenbatean gainditu eta horrenbesteko portzentajea.

9.–Diru-laguntzen xede diren gastuak.

Diru-laguntzak kontzeptu hauetarako eskatzen ahalko dira:

–Emandako eskola-ordu bakoitzak 14,00 euroko diru-laguntza jasoko du, gehienez ere, eta diruz lagundutako orduen kopurua ondoko eragiketaren emaitza izanen da: ikasle kopuru osoa zati eskola bakoitzari modulu bakoitzeko egotzitako ikasle-kopurua, bider eskola-orduak (gehienez ere 96).

–Jardueraren koordinazioa ikasle-kopuruaren arabera lagunduko da diruz, betiere honako taularekin bat:

  • 1.500 ikasle baino gehiago: 1.803,04 euro.
  • 1.250 eta 1.500 ikasle bitarte: 1.652,78 euro.
  • 1.000 eta 1.250 ikasle bitarte: 1.502,53 euro.
  • 750 eta 1.000 ikasle bitarte: 1.352,28 euro.
  • 500 eta 750 ikasle bitarte: 1.202,02 euro.
  • 250 eta 500 ikasle bitarte: 1.051,77 euro.
  • 100 eta 250 ikasle bitarte: 901,52 euro.
  • 100 ikasle baino gutxiago: 0 euro.

–Kirol materiala erostea diruz lagunduko da, 10 ikasleko 40,00 euro emanda.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira kasuan kasuko kirol-eskolaren programa garatzeko benetan egindakoak, baldin eta deialdi honetan ezarritako justifikazio-aldia amaitu baino lehen benetan ordaindu badira. Diru-laguntzaren xede diren gastuetan, eskuratze-kostua ezin izanen da inoiz izan merkatuko balioa baino handiagoa.

(*) Diru-laguntza jaso dezakeen gastu bakoitzaren zenbatekoa, banan-banan hartuta, 18.000 eurotik gorakoa denean –ekipamendu ondasunen horniduraren kasuan edo aholkularitzako zein laguntza teknikoko enpresen zerbitzuen kasuan–, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko dizkie hornitzaileei dena delako zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa bere gain hartu baino lehen, salbu, diru-laguntza jasotzekoak diren gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori egin dezaketen behar adina entitaterik ez bada edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada. Aurkeztutako eskaintzen artean bat hautatzeko, eragimen eta ekonomia printzipioei egin behar zaie men, eta eskaintzarik merkeena hautatzen ez bada, memoria batean berariaz justifikatu behar da hartutako erabakia. Eskaintzak, bestalde, justifikazioari erantsiko zaizkio, edo, bestela, diru-laguntzaren eskabideari.

10.–Azpikontratazioa.

Diru-laguntzen xede diren jarduerak azpikontratatzen ahal dira, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 30. artikuluarekin bat. Federazio eta klubek, programak betetze aldera, kanpoko eragileen laguntza jasotzen ahalko dute, hala nola ikastetxe, kirol-elkarte zein kirol-izaera duen beste edozein entitaterena.

11.–Finantzaketa eta diruz lagundutako jardueraren bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Deialdi honen diru-laguntzak Iruñeko Udaleko beste edozein alorretakoekin baino ez dira izanen bateraezin; aitzitik, beste edozein administraziok, entitatek edo pertsonak xede bera harturik emandakoekin batera eskura daitezke.

Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen diru-laguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa. Udala jabetzen bada onuradunak gehiegizko finantzaketa jaso duela hainbat entitatetatik, diruz lagundutako jardueraren kostuaz bezainbatean, gehiegizko kopuruak zenbat jo eta hori dena itzultzeko galdatuko dio onuradunari, Udalaren diru-laguntzak guztira zenbat egin eta horrenbesteraino.

12.–Ordainketa.

Diru-laguntza honek sustatzen dituen jarduerak egin izanaren agiri frogagarriak aurkeztu ondoren eman eta ordainduko dira diru-laguntzak, 13. klausularekin bat.

Diru-laguntzak ezin izanen zaizkie onuradunei ordaindu horiek ez badituzte tributu-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik, edo diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek zorduntzat jotzen baditu. Aurrekoa gorabehera, Udalak bere kabuz kitatzen ahal izanen ditu, aldez aurretik, diru-laguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntza horiekin, osorik edo parte batean, zor dituzten kopuruak konpentsatuta.

Diru-kopurua kobratu izanak entitate bakoitzaren kontabilitate- edo erregistro-liburuan agertu behar du, betiere halakorik izatera behartuta izanez gero.

13.–Justifikazioa.

Jardueraren agiri frogagarriak diru-laguntzaren eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira.

Ezarritako baldintzak bete eta deialdian aurreikusitako helburuak lortu direla justifikatzeko, diru-laguntzaren eskabideari honako hauek erantsi beharko zaizkio: emandako eskola-orduen kopuruaren araberako gastua adierazten duten fitxak, emandako eskola-orduen egiaztagiriak (monitoreek sinaturik) eta ikasle-kopuruaren araberako koordinazioaren egiaztagiriak (3. eranskineko 1. eta 2. fitxak eta 4. eranskina), eta kirol materiala erosteari dagokion zenbatekoen justifikazio-kontua (kontu horretan, dirua jaso duen jarduera dela-eta aitortzailearen erantzukizunaren pean egindako gastuak oro justifikatu behar dira -ez bakarrik diru-laguntzaren zenbatekoaren adinakoa-, gastuen zuzeneko egiaztagiriak aurkeztuta). Fakturak eta gainerako egiaztagiri baliokideak aurkeztu behar dira, betiere trafiko juridikoan balioa edo indar administratiboa dutenak, diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatze aldera.

Justifikazio-kontua agiri hauek osatuko dute:

a) Ebaluazio-memoria, diru-laguntzen xedea den jardueraren gainean; bertan xehetasunez aitortuko dira diru-laguntzen bidez finantzatu diren jarduerak eta haien kostua.

Memoriak gutxienez eduki hauek jasoko ditu:

–Programaren edo proiektuaren izena.

–Diru-laguntzaren xedea, aurrekontuarekin eta aurkeztutako proiektuarekin bat.

–Egindako jarduketak eta erdietsi nahi ziren helburuen zein lortutako emaitzen deskribapena.

–Proiektua edo jarduera garatzean egindako aldaketak.

Finantzabideak zerrendatuta: Diru-laguntzarekin finantzatu diren jardueren deskribapena, haien kostua adierazita, bai eta norbere funtsekin edo beste diru-laguntzekin finantzatu diren jarduerak ere aipatuta.

b) Egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda izenpetua eta ordenan zenbakitua, kontzeptuen arabera ordenaturik eta zenbatekoen guztizkoa emanda.

c) Maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak (uztailaren 4ko 96/2005 Foru Dekretuak aldatua) aipatzen dituen egiaztagiriak, fakturak edo horien ordezkoak eta ordainagiriak, baita nominak, tributuak zein Gizarte Segurantzako kuotak eta, oro har, gastuak frogatzeko gainerako egiaztagiri baliokideak, trafiko juridikoan balioa dutenak edo indar administratiboa dutenak, betiere modu korrelatiboan ordenaturik eta zerrenda zenbakituan emandako ordena-zenbakiaren arabera. Agiri horien fotokopiak egin eta zerbitzu kudeatzaileak konpultsatu eta adostuko ditu; gero, jatorrizkoak interesdunei itzuliko zaizkie. Agiri jatorrizkoak edo horien kopia konpultsatuak entitate onuradunak gorde beharko ditu, gutxienez lau urtean.

Aurrekoaz gain, honako baldintza hauek bete beharko dira:

d) Faktura jaulkitzen duen entitatea BEZetik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatu eta horretaz fede emateko.

e) Hartzekodunei ordaindu izana egiaztatzen duten ziurtagiriak. Ordaindu izana banku zordunketa bidez egiaztatu behar da, behar bezala sinatutako hartu-agiri baten bidez edo, bestela, aurkeztutako fakturak ordaindu egin direla ziurtatzen duen beste agiri bat aurkeztuz.

Nafarroako Kirol Egokituen Federazioaren kasuan, aurrekoaz gain, ezarritako moduan aurkeztu beharko ditu laguntza-monitoreek emandako orduen gaineko egiaztagiriak eta kirol-instalazioak alokatzeari dagozkionak, betiere horien zenbatekoa nahikoa izanen delarik 45 euro-ren eta benetan ordaindutako kuotaren arteko aldea estaltzeko.

14.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 52. artikuluari eta hurrengoei eginen zaie men.

15.–Jarduera funts publikoz finantzatu dela iragartzeko publizitatea.

Diru-laguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera diru-laguntzaren xede diren programak, jarduerak, inbertsioak eta ekintzak Iruñeko Udalak finantzatu dituela.

Onuradunak jardueraren berri emateko hartuko dituen neurriek bat etorri beharko dute diruz lagundutako xedearekin, hala formari nola iraupenari dagokienez; eta horiek horrela, ondoko bideak hartzen ahal ditu hedapenak: Iruñeko Udalaren erakunde-irudia txertatzea, jardueraren finantzazio publikoa agerian uzten duten testuetan, karteletan, material inprimatuetan eta baliabide elektroniko eta ikus-entzunezkoetan, edota aipamenak egitea hedabideetan.

16.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri hauen eta haiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, errekurtso hauek paratzen ahalko dira, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2014ko apirilaren 10an. Enrique Maya Miranda, Alkatea.

1. ERANSKINA

Deialdia, 2013-2014ko denboraldian (urria-maiatza) Kirol-Eskolak antolatu dituzten Nafarroako Kirol Federazioei eta Iruñeko Kirol Klubei diru-laguntzak emateko

IDENTIFIKAZIO DATUAK:

Entitate antolatzailea:

Kirol-modalitatea:

Helbidea: .......................................................... IFZ:

Telefonoa: ................ Telefonoa mugikorra: ............. Faxa:

Helbide elektronikoa:

AZALPENA:

Eskatzaileak 2013-2014ko denboraldian (urria-maiatza) kirol-eskolak antolatu dituzten Kirol Federazioei eta Klubei diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdiaren berri izan du.

ESKAERA:

Eskaera hau kontuan hartzea. Xede horretarako, honako hauek ADIERAZTEN DITU:

–Deialdi honetan galdatzen diren baldintza guztiak betetzen ditu.

–Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako bakar batek ere ez du eskatzailea ukitzen.

–Tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean ditu.

Sinadura

Iruñean, 2014 ..(e)ko ..............aren .........(e)an

2. ERANSKINA

Entitate eskatzaileari eta egindako jarduerari buruzko informazioa

Entitate antolatzailea: ................................. IFZ:

Helbidea:

Telefonoa: .................................. Telefono mugikorra:

Helbide elektronikoa:

Entitatearen legezko ordezkaria (izen-abizenak):

Proiektuaren deskribapena

Sinadura

Iruñean, 2014 ..(e)ko ..............aren .........(e)an

3. ERANSKINA

1. fitxa

Kirol eskola:

Koordinatzaile arduraduna:

Tel.: .......................... Tel. mugikorra:

Ikasleen moduluen eta monitore arduradunen zerrenda

(Koadro bat bete modulu bakoitzeko)

MONITOREA IZEN-DEITURAK

ESKOLAK ZEIN ZENTROTAN EMATEN DITUEN

ESKOLA-EGUNAK ETA ORDUAK

PREZIOA ESKOLA BAKOITZEKO

Sinadura

Iruñean, 2014 ..(e)ko ..............aren .........(e)an

2. fitxa

KIROL ESKOLA:

Koordinatzaile arduraduna:

Tel.: ................................... Tel. mugikorra:

Jarduera zein zentro edo lekutan egiten den:

Monitore arduraduna: ...............Tel.: ..........Tel. mugikorra:

Eskola-egunak eta -orduak

Parte hartzen duten ikasleen zerrenda

IZEN-ABIZENAK

HELBIDEA ETA TELEFONOA

JAIOTZE-DATA

Fitxa hau bete beharko da 12, 15, 20 edo 25 (kirolaren arabera) ikasleko modulu bakoitzeko.

Sinadura

Iruñean, 2014 ..(e)ko ..............aren .........(e)an

4. ERANSKINA

Nafarroako Federazioa / Kirol Elkartea:

Izen-deiturak: ................................. NAN:

2013-2014ko ikasturtean ........... eskola-ordu eman ditut, guztira, .................................. ikastetxean/zentroan, orduko ...... euro jasota, ............. Kirol Eskolaren programan.

Guztira ..................... euro jaso dut.

Sin.:

5. ERANSKINA

Galdatu beharreko segurtasun neurriak

Oinarrizko maila.

Ondoko puntuetan, Iruñeko Udalak Fitxategiaren Arduradun diren entitateendako ezarritako kontrol-helburuak adierazten dira, Izaera Pertsonaleko Datuen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzeko berme gisa, fitxategi eta trataera automatizatuei zein ez-automatizatuei aplikagarri zaizkien segurtasun neurriei dagokienez. Neurri horiek Oinarrizko Mailakotzat jotako datuetarako galdatu beharrekoak dira, eta laguntzak jasotzen dituzten entitateek hartu behar dituzte, datuen trataeraren arloan.

Fitxategi eta trataera automatizatuei aplikagarri zaizkien segurtasun neurriak, oinarrizko mailakotzat hartutako datuei dagokienez, abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuaren 1. Sekzioko III. Kapituluko VIII. Tituluan arautu dira.

1. Arau hauek laguntzak jasoko dituzten entitateek biltzen ahal dituzten datu pertsonalak oro ukitzen dituzte, edozein euskarri motatan bilduta ere, bai eta tratamenduaren ondorioz eskuratu eta gordailutako guztiak ere.

2. Halaber, ukitzen dituzte, baita ere, aldi baterako sortzen ahal diren fitxategiak oro, zeinak behin haiek sortzera behartu duten helburuetarako beharrezkoak izateari utzi eta ezabatuko baitira, halako moduz non ezinezko izanen baita geroago horiek berreskuratzea.

3. Komunikazio-sareen bitartez datu pertsonalak eskuratzeko galdatu beharreko segurtasun neurriek datuak tokian-tokian eskuratzeko galdatzen den adinako segurtasun maila bermatu behar dute.

4. Laguntza jaso duten entitateek bere gain hartzen dituzte datuen segurtasuna bermatze aldera hartu beharreko segurtasun neurriak, arauak eta prozedurak argitara emateko eta datuen tratamenduan zuzenean edo zeharka esku hartzen duten pertsona guztien artean zabaltzeko ardura, halako moduz non ekidinen baita datuak aldatu, galdu edo baimenik gabe tratatu edo eskuratzea. Halaber, Sekretua gorde beharraren gaineko informazioa emanen du; izan ere, Sekretua gorde beharra derrigorrezkoa da, legeak hala agindurik.

5. Erabilitako informazio-sistema, prozesatutako datuen ezaugarriak eta horiek biltzen dituen euskarriaren izaera nolakoa, halako segurtasun neurriak hartu beharko dira. Hasieratik aitzina gerta litekeen edozein aldaketa edo eguneratzek berekin ekarriko du laguntzak jasoko dituzten entitateek hartutako segurtasun neurriak egokitzea.

6. Laguntzak jaso dituzten entitateek bere gain hartzen dute erantzukizuna, zerbitzua eman bitartean datuen tratamenduan esku-hartzen duten pertsonek orok ezagut ditzaten hala helburuak eta haien eginkizunen norainokoa nola sortutako betebeharrak, bete behar diren arauak eta horiek ez betetzeak dakartzan ondorioak.

7. Laguntzak jaso dituzten entitateek Gertakariak Erregistratzeko sistema bat ezarriko dute, eta bertan honako hauek agertuko dira:

–Gertakariaren data eta ordua.

–Gertakari mota.

–Jakinarazpena egiten duenaren identifikazio-datuak.

–Gertatutakoaren ondorioak.

8. Funtzionamenduan atzemandako anomaliak edo okerrak oro berehalakoan jakinarazi beharko zaizkio Iruñeko Udalari, baldin eta haiek datu pertsonalen segurtasunean eragiten badute edo eragin badezakete.

9. Laguntzak jaso dituzten entitateek beharrezko neurri prebentiboak edo zuzentzaileak hartuko dituzte hala gertakari hori konponduko dela bermatzeko nola datuen segurtasunaren gaineko ondorioak eta arazoak berriz gertatzeko aukera ezabatzeko edo minimizatzeko.

10. Zerbitzua emateko tratamenduaren faseren batean parte-hartzea beharrezkoa duten pertsonek bakarrik izanen dituzte eskura datu pertsonalak, fitxategiak eta horiei lotutako baliabideak.

11. Laguntzak jaso dituzten entitateek erabiltzaileen mapa bat izanen dute, eta bertan zehazturik izanen dute erabiltzaileetan zein irits daitekeen baliabide babestuetako zeinetara, eta sartzeko baimendutako bide mota ere. Sartzeko baimenak ezartzeko oinarri bakarra erabiltzaileari esleitutako eginkizunetatik datozen beharrak izanen dira, halako moduz non bermatuko baita datu eta baliabideetarako irismena murriztua izatea.

12. Laguntzak jaso dituzten entitateek sistemetara sartzea duten erabiltzaileak baimentzeko mekanismoak ezarriko dituzte, erabiltzailearen identitatea segurtasun osoz egiaztatzeko, identitate faltsutuak eta sarrera ez baimenduak ekidite aldera.

13. Laguntzak jaso dituzten entitateek beharrezko segurtasun neurriak hartuko dituzte, baimentzeko prozesuak seguruak direla bermatzeko. Berariazko segurtasun- eta kontrol-neurriak hartuko dira, erabiltzaileen pasahitzen kalitatea gordetzeko eta haien esleipena, hedapena eta biltegiratzea segurtasunez kontrolatzeko.

14. Laguntzak jaso dituzten entitateek baliabideetara sartzeko kontrol mekanismo bat ezarriko dute, halakoa ezen erabiltzaileen sarrera baimendutako baliabideetara murriztuko baitu, betiere ezarritako baimenekin bat. Sarrera logikoaren kontrola administratzeko arduradunak identifikatuko ditu eta bakarrik horretarako izendatutako pertsonek eman, aldatu edo deuseztatu ahalko dute datu eta baliabideetarako sarrera, eta. betiere, ezarritako segurtasun irizpideekin bat.

15. Datu pertsonalak dituzten euskarriak oro –hala oinarri-datuak nola diru-laguntzaren xedea den tratamendua osatzen duten prozesuetatik datozenak– inbentariatu eginen dira, eta fisikoki identifikatu, edozein momentutan hauen berri izan ahal izateko moduan:

–Kokapen fisikoa.

–Edukia.

–Biltzen duten informazioaren sentsibilitate- eta konfidentzialtasun-maila.

16. Laguntzak jaso dituzten entitateek behar diren segurtasun neurriak hartuko dituzte honako hauek bermatzeko:

–Euskarriaren eta haren edukiaren babesa, betiere eskuragarritasuna bermaturik.

–Kontrola, euskarrietara eta, ondorioz, horiek biltzen dituzten datuetara iristeko.

17. Udalak eta laguntzak jaso dituzten entitateek beharrezko segurtasun-neurriak hartu behar dituzte datu pertsonalak biltzen dituzten euskarriak elkartrukatzean, euskarrien eta biltzen duten informazioaren osotasuna eta datuen konfidentzialtasuna babesteko egin beharreko joan-etorri guztietan. Fitxategiaren Arduradunak zehaztuko du, kasuan-kasuan, zein baldintzapetan eginen den lekualdaketa.

18. Laguntzak jaso dituzten entitateen ardura da kontrolatzea haien tutoretzapean dauden euskarriak ez direla inongo kasutan eramanen haiek prozesatzeko edo biltegiratzeko izendatutako instalazioetatik kanpora, Fitxategiaren Arduradunak horren berri izan gabe eta horretarako baimenik eman gabe.

19. Laguntzak jaso dituzten entitateek Fitxategiaren Arduradunaren jarraibideen arabera bakarrik tratatuko dituzte datuak, eta Arduradunak ez ditu datuok aplikatuko edo erabiliko diru-laguntzaren xede den jardueraz besteko inongo helburutarako. Ez die beste pertsonei jakitera emanen, ezta datuak kontserbatzeko ere.

Behin diru-laguntzaren xede den jarduera amaitu eta gero, deuseztatu beharko dira hala datu pertsonalak nola tratamenduaren xede izaki datu pertsonalen bat biltzen duen edozein euskarri edo agiri. laguntzak jaso dituzten entitateek datuak beste xede batera bideratu, horiek jakinarazi edo diru-laguntzaren xede den jardueraren klausulek ezarritakoaren kontra erabiltzen badituzte, tratamenduaren erantzuletzat ere joko dira, eta pertsona gisara egindako arau-hausteak direla eta erantzun beharko dute.

6. ERANSKINA

L1405506_0.pdf

Iragarkiaren kodea: L1405506