77. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORKOIEN

Aholkularitza teknikoa emateko lanpostu bat, aldi baterako eta lanaldi partzialean oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia

Udalak hau erabaki du 2014ko martxoaren 26ko osoko bilkuran:

1. Aholkularitza teknikoa emateko lanpostu bat, aldi baterako eta lanaldi partzialean oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onestea.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea deialdiaren eta haren oinarrien iragarkia, argitara dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Orkoienen, 2014ko martxoaren 31n.–Alkatea, Carlos Arroniz Loyola.

Deialdia, aholkularitza teknikoa emateko lanpostu bat, aldi baterako eta lanaldi partzialean oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Orkoiengo Udalari aholkularitza teknikoa emateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea du helburu deialdi honek.

1.2. Lan-kontratua izanen da eta sei hilabete iraunen du.

Kontratuak hilabeteko probaldia izanen du. Hura iraganik eta organo eskudunaren iritziz eman zaizkion egitekoak betetzeko gai ez bada, kontratua deuseztatutzat joko da.

1.3. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean eta Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan B mailari dagokion lansaria izanen du lanpostuak, eta Orkoiengo Udaleko lan baldintzei buruzko akordioan jasotzen diren osagarriak, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta eginen zaio.

1.4. Lan araubidea lanaldi erdikoa izanen da (20 ordu astean, 4 egunean), eta zerbitzuaren beharretara egokituko. Administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.5. Deialdi honen ondorioz izendatzen den lagunak bere mailari eta kategoriari eta deialdian eskatzen diren ikasketei dagozkien eginkizun eta lanak eginen ditu, zehatz-mehatz, hauek:

–Legeak ezartzen dituen epeetan lizentzia eskaeren gaineko txostenak egitea, horietan barne direla itxiturak, lurzatiketak, eraikuntzak, eraispenak etab.

–Legeak ezartzen dituen epeetan, lehen aldiz okupatzeko lizentziei buruzko txostenak aitzinetik egitea; horretarako, behar diren agerraldiak egin beharko ditu obretan.

–Udal obren eta emandako lizentzien segimendua eta kontrola.

–Jendeari harrera egitea kontsulta teknikoak egin nahi dituelarik.

–Udal teknikari gisa esku hartzea hirigintzako legezkotasunari buruzko espedienteetan, baita hirigintzaren arloan atzematen diren arau-hausteen instrukzioan ere.

–Txostenak egitea jardueren espedienteetan eta irekitzeko lizentziak eta lehen aldiz erabiltzeko lizentziak ematean.

–Segimendua egitea udal ordenantzak betetzen ote diren.

–Epaimahaietan eta kontratazio mahaietan parte hartzea.

–Aholkularitza ematea kontratazio espedienteetan.

–Eta, oro har, Udalak eskatzen dizkion guztietan, bere lanbide-trebakuntzaren barnean sartzen bada.

1.6. Lanpostua bete gabe utz dezake epaimahaiak, izangaietatik bakar batek ere lanpostuan aritzeko behar bezalako jakintza mailarik, gaitasunik edo prestakuntzarik ez duela iritziz gero.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.

c) Lanpostuan aritzeko gaitasuna ematen duen titulazio ertaina edukitzea; arkitekto teknikoa, aparejadorea, etxegintzako ingeniaria.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Gidabaimena edukitzea, gutxienez B motakoa.

2.2. Hirugarren oinarrian ezarria izan ezik, arestiko betebeharrak, azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak egiaztatu beharko ditu, deialdi honen 9. oinarriak xedatzen duen eran eta epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunerako, hautabide osoan izendapen eguna arte bete ere.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Orkoiengo Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, 30 egun naturaleko epearen barnean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Aipatu eskabideak deialdian argitaratutako I. ereduari lotuko zaizkio, eta horiekin batean agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.

b) Eskatutako tituluaren fotokopia, konpultsatu ahal izateko jatorrizko agiriarekin batera aurkeztuko baita, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Lehiaketaldian izangaiak baliatu nahi dituen merezimenduen jatorrizko agiriak edo kopia kautotuak.

d) Izangaiaren gidabaimenaren fotokopia; gutienez B motakoa behar du.

3.2. Minusbaliatuek ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar ditzaketen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, haien beharrik izanez gero. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bururatutakoan, Orkoiengo Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta horien gaineko ebazpena eman ondoan, Orkoiengo Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. oinarria.–Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Orkoiengo Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Jesús María Unzué Ozcoidi.

1. mahaikidea: Silvia Barbarin Gómez, arkitektoa.

Ordezkoa: izendatu beharrekoa.

3. mahaikidea: Orkoiengo Udaleko langileen ordezkari bat.

Ordezkoa: Orkoiengo Udaleko langileen ordezkari bat.

Idazkaria: Orkoiengo Udaleko idazkaria, hizpidea duela baina botorik gabe, hark eskuordetutako laguna.

5.2. Epaimahaia hautaprobak egin baino lehen eratuko da eta bere eraketak eta jarduketak balio izateko gutxienez ere kideen gehiengo osoa beharko da elkartu.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez baitira ariko, horietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizioa. Ondotik, epaimahaiak garaiz jarriko ditu ikusgai hurrengo probak egiteko iragarkiak Udalaren iragarki oholetan.

6.3. Oposizio-lehiaketako gehieneko balorazioa 125 puntu izanen da; haietarik, 25 puntu lehiaketaldiari dagozkio eta 100 puntu oposizioaldiari.

7. oinarria.–Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 25 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:

A.–Laneko esperientzia (25 puntu gehienez):

A.1) Nafarroan dauden toki entitateetan hirigintzako aholkularitzan egindako zerbitzuak, horietarako aipatu titulazioaren jabetza eskatzen bazen: 5 puntu, urte bakoitzeko.

A.2) Bertze administrazio publikoetan eta/edo enpresa publiko nahiz pribatuetan hirigintzako aholkularitzan egindako zerbitzuak, horietarako aipatu titulazioaren jabetza eskatzen bazen: puntu 1 urte bakoitzeko, eta gehienez ere 6 puntu.

B.–Bertze merezimendu batzuk (gehienez ere 10 puntu).

B.1) Hobekuntzarako ikastaro, ikastaro txiki edo mintegiak, 14 ordu edo gehiagokoak badira, lanpostuari dagozkion gaietan: 0,5 puntu ikastaro bakoitzeko. Atal honek aipatzen dituen ikastaroak ikastetxe ofizialek eta ikastetxe aitortuek emanak izan beharko dute.

B.2) Euskaraz jakitea: C1 maila: 10 puntu, B2 maila: 6 puntu, B1 maila: 4 puntu.

7.2. Lehiaketaldia bururatutakoan, Orkoiengo Herriko Etxeko iragarki oholean argitara emanen da izangai bakoitzak lortutako puntuazioa.

8. oinarria.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioan 100 puntu lortu ahal izanen dira gehienez eta ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: idatziz argitu beharko dira, gehienez ere bortz orduko epean, lanpostuarekin ikusteko duen kasu praktiko bat edo gehiago, II. eranskineko zerrendan agertzen diren gaien gainean. Ariketa honetan gehienez ere 95 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutienez ere 50 puntu behar dira; bazterturik geldituko dira ariketa honetan 50 puntu baino gutiago eskuratzen duten izangaiak.

–Bigarren ariketa: proba psikoteknikoak izanen dira, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko lantaldeak prestatuak. Ez dira baztergarriak izanen eta haietan izangaiek eginkizunetan aritzeko duten gaitasuna baloratuko da. Ariketa honetan gehienez ere 5 puntu lor daitezke.

8.2. Oposizioaldiko ariketa bakoitza bururatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu Herriko Etxeko iragarki oholean, azterketa gainditu duten izangaien zerrenda, haien kalifikazioekin, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den ere.

Probetarako dei bakarra eginen da eta Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute izangaiek. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

9. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendatzeko proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa bururatuta, epaimahaiak probak gainditzen dituztenen zerrenda eginen du, puntuazio handienetik txikienerako ordenan antolatua, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratako puntuazioak batuta. Zerrenda Orkoiengo Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratuko da.

9.2. Epaimahaiak puntuazio handiena atera duen izangaia izendatzeko proposamen loteslea eginen dio Orkoiengo Udaleko alkateari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

9.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hamabortz egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren Erregistro Orokorrean:

1.–Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez dela izan adierazten duena.

2.–Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena. Izangaiak minusbaliotasunen bat alegatzen badu, egiaztagiri bat aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana, non azalduko baitute bateragarriak direla hura eta deialdi honetako xede den lanpostua.

9.4. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, izangai izendatuak errandako agiri horiek aurkezten ez baditu, ezin izanen da izendatu, eta beraz jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik legokiokeen erantzunbeharra galarazi gabe.

9.5. Aitzineko atalean azaldutakoa gertatuz gero, Mankomunitateko buruak hutsunea beteko du gainditu dutenen zerrendan, 9.1 atalean aipatzen den horretan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin. Harekin ere aurreko ataletan adierazi den bezalaxe jokatuko da.

10. oinarria.–Kontratuaren formalizazioa.

10.1. Hautapen prozesua bururaturik, eta izangaiak aitzineko 9.3 oinarrian aipatutako agiriak ekarririk, behar den lan kontratuaren formalizazioa eginen da.

11. oinarria.–Izangai guztien puntuazioaren behin betiko zerrenda behin-behineko kontratazioetarako erabili ahal izanen da, zereginen pilaketa, bajak, oporrak edo gerora sortutako arrazoiak gertatzen direlarik.

12. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta aplikazio egintzen kontra ondoko errekurtso hauetakoren bat paratzen ahalko da, hautara:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri aitzinetik emanik; edo bertzenaz,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo bertzenaz,

c) Berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu edo aplikazio egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Orkoienen, 20...(e)ko ...............aren ...(e)an

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ..................., adinez nagusia, NAN zk. (edo nortasun agiri baliokidea): ............., sorteguna: .........., sorterria: ............. (..............), nazionalitatea: ........., egungo bizitokia: ................. (.............), karrika: ................, zenbakia: .......... posta kodea: ......................, telefonoa: .………………......,

Honako hau adierazten dut:

Eskatzen dudala Orkoiengo Udaleko hirigintzako aholkulari izateko lanpostu bat, aldi baterako eta lanaldi partzialean, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea.

Ez dudala lanpostuan aritzea eragozten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunetarik batere.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan eta ez nagoela ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badudala deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioaren gordekina. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Minusbalioa dudala eta, horrenbertzez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dudala, adierazten ditudan arrazoiengatik (Bertze orri batean, minusbalioaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

Horrenbertzez:

Eskabide hau onartu eta, beraz, Orkoiengo Udaleko hirigintzako aholkulari izateko lanpostu bat, aldi baterako eta lanaldi partzialean, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

(Eguna eta sinadura)

ORKOIENGO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Kontratazio administratiboa Nafarroan. Administrazioarekin kontratatzeko baldintzak; gaitasuna eta kaudimena, sailkapena eta bermeak. Baldintza-agiriak. Interesdunen proposamena eta dokumentazioa. Publizitatea. Esleitzeko prozedurak.

2.–Kontratazio administratiboa Nafarroan. Esleipen moduak: enkantea eta lehiaketa. Kontratuak betetzea, aldatzea eta etetea.

3.–Kontratazio administratiboa Nafarroan. Prezioen berrikustea. Kontratuen iraungipena: betetzea, suntsiaraztea eta baliogabetzea. Lagapena eta azpikontratazioa.

4.–Nafarroako toki entitateen ondasunak: Kontzeptua, sailkapena eta araubide juridikoa. Kalifikazio juridikoa. Alterazioa. Atxikipena. Eskurapenak. defentsa, kontserbazioa eta berreskuratzea. Erabilera eta aprobetxamendua. Besterentzea eta kargak ezartzea.

5.–Administrazio egintza: kontzeptua, elementuak, motak eta beharkizunak. Administrazio ebazpen eta egintzen jakinarazpena. Administrazio egintzaren deuseztasuna eta deusezgarritasuna. Isiltasun administratiboa.

6.–Administrazio prozedura eta hura arautzen duen legea. Aplikazio eremua eta printzipio orokorrak. Interesdunak. Administrazio prozeduren gaineko xedapen orokorrak: hasiera ematea, ordenatzea, instruitzea, bururatzea eta betearaztea.

7.–Bide administratiboko errekurtsoak: kontzeptua eta motak. Errekurtsoa paratzeko zilegitasuna. Errekurtsogai izan daitekeena. Inpugnatzeko arrazoiak egintza administratiboetan. Aipamen berezia gora jotzeko errekurtsoari buruz, Nafarroako Auzitegi Administratiboaren aurrean.

8.–Nafarroako Toki Administrazioa. Antolaketa eta administrazioa. Toki entitate motak. Antolaketa eta funtzionamendua, eskumenak. Toki korporazioetako kideak.

9.–35/2002 Foru Legea, abenduaren 20koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa. Haren oinarriak eta edukiaren azterketa. Hura garatzen duten erregelamenduak.

10.–Ingurumenaren gaineko araudia, Nafarroan aplikatu beharrekoa: Europako Batasuneko, Estatuko eta Nafarroako legeria.

11.–Hirigintzako lizentziak, bereziki obra lizentziak.

12.–Orkoiengo Hirigintzako Plan orokorra, haren edukia.

13.–Segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa. Aplikatu beharreko arauak. Koordinatzailearen betebeharrak, sustatzailearenak eta enpresa esleipen-hartzailearenak.

14.–Proiektuak. Proiektua prestatzeko faseak. Proiektua osatzen duten agiriak. Haien idazketa.

15. gaia.–Eraikuntzaren Kode Teknikoa.

16.–Lantaldeen koordinazioa eta obren antolakuntza.

17.–Teknikariaren lanak gauzatzea toki administrazioan.

Iragarkiaren kodea: L1404749