Iragarkia
77. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
691/2014 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, toki entitateentzako eta haien menpeko edo haiei loturiko entitateentzako diru-laguntzak arautzen dituena, ekintzailetza bultzatzen duten zerbitzuak eman ditzaten.
Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren 1999ko uztailaren 15eko Aginduak, toki garapena sustatu eta I+E gisa sailkatutako proiektu eta enpresak bultzatuko dituzten diru-laguntza publikoak emateko oinarriak ezartzen dituenak, II. tituluan arautzen du enplegurako eta toki garapenerako eragileen figura: toki korporazioetako edo toki administrazio baten menpeko edo hari loturiko entitateetako langile gisa definitzen ditu, enpresa jarduera sortzearekin zerikusia duten enplegu politika aktiboak sustatzen eta ezartzen laguntzea izanik haien eginkizun nagusia. Ministerioaren agindu horrek haien eginkizunak ere ezartzen ditu, ekintzailetza sustatzera zuzenduak, proiektu ekintzaileak bultzatzera, bai enpresa eratu aurretik bai eratuta dela, funtzionamenduaren lehen etapetan; orobat, eragile horien kontratazioari aplikatuko zaion diru-laguntzen araubidea eta haien jarduerari loturiko beste kontu batzuk ezartzen ditu.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzaren maiatzaren 30eko 2187/2005 Ebazpenaren bidez, aipatu Ministerio Agindua garatu zen, eta gure erkidegoan figura horrentzako laguntzen araubideak dituen berezitasunak ezarri ziren.
Egia izanik urte hauetan guztietan enplegurako eta toki garapenerako eragileen figura garrantzitsua izan dela Nafarroako eskualdeetan toki garapena sustatzeko, egia ere bada zenbait eskasia atzeman direla politika aktibo horren funtzionamenduan, aldaketaren baten beharra baitzuen aplikatzen zaion laguntza araubidean.
Bestetik, Nafarroako I. Ekintzailetza Plana onesteak arlo horretan egindako politika publikoak berrikustea ekarri du, enpresaburuen sarea handitu, indartu eta egonkortzea helburu izanik. Helburu horretarako, koordinatuta eta Nafarroako eskualde guztietara iritsiko diren eragileen sarea osatu gogo du planak eta, horretarako, enplegurako eta toki garapenerako eragileak kontratatzeko diru-laguntzak berritu nahi dira.
Hori ikusita, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 12ko 2895/2012 Ebazpenaren bidez, eraginik gabe utzi zen maiatzaren 30eko 2187/2005 Ebazpena, lehen aipatua.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Horren arabera, besteak beste, beharrezkoa da deialdia eta oinarri arautzaileak ezartzea, eta horregatik onetsi behar da deialdi hau.
Azaldutakoarekin bat eta martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Toki entitateentzako eta haien menpeko edo haiei loturiko entitateentzako diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak, ebazpen honen I. eranskinean agertzen direnak onestea, ekintzailetza bultzatzen duten zerbitzuak eman ditzaten.
2. 396.200 euroko gastua baimentzea, 2014ra luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Enplegu Plana. Toki garapena sustatzeko programak. EGF 2007ES05UPO001” izeneko 15100 170001 4819 241105 kontu-sailaren kargura (biltegi zentraleko zenbakia: 4644).
3. 2014. urteko ekitaldirako aurkezten diren eskaerentzat, hilabetekoa izanen da haiek aurkezteko epea, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita.
Orobat, 2014. urteko ekitaldirako aurkezten diren eskaerei ez zaie 4. oinarriko 3. atala aplikatuko.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta, haren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Nafarroako toki entitateek zilegi izanen dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita. Hori ez da eragozpen izanen Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2014ko apirilaren 9an.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, María Isabel García Malo.
I. ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. Xedea.
Ekintzailetza bultzatzen duten zerbitzuak emateko baldintza eta beharkizunak arautzea da oinarri hauen xedea Nafarroako eskualde hauetan: Mendialdean, Erdialdean, Lizarrerrian eta Erriberan.
Eskualde bakoitzeko udalerriak II. eranskinean jaso dira.
2. Entitate onuradunak.
1. Nafarroako toki entitateek eta haien menpeko edo haiei loturiko entitateek jasotzen ahalko dituzte oinarri arautzaile hauetan jasotako diru-laguntzak, baita ekintzailetza bultzatzeko zerbitzuak ematen dituzten partzuergoek, irabazi asmorik gabeko elkarteek eta fundazioek ere, zerbitzu horiek eskualde osoan emanez gero.
Ondorio horietarako, toki entitateek eta beste administrazio publiko batzuek erabat osatu beharko dituzte partzuergo, elkarte eta fundazioak edo, gutxienez ere, gehiengoa izanen da haien parte-hartzea.
2. Eskuarki, entitate onuradunek beharkizun hauek bete beharko dituzte:
–Legez eratuak egotea.
–Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuta izatea.
–Diru-laguntzak jasotzeko aukera galtzea dakarren ebazpen irmo baten bidez zehatua ez izatea.
–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako beharkizun orokorrak.
3. Gainera, berariazko beharkizun hauek bete beharko dituzte:
–Onuradunak izanez gero, Ekintzailetza Bultzatzeko Nafarroako Sareari atxikitzea, laguntza eman eta bi hilabeteko epean gehienez ere, eta sare horri atxikitzeko hitzarmenean ezarritako betebehar guztiak betetzea.
–Bere eskualdeko lurralde osoan egitea ekintzailetza bultzatzeko zerbitzuak.
–Oinarri hauetan bere eskualderako ezarrita den enplegurako eta toki garapenereko eragileen gutxieneko lanaldi kopurua izatea.
4. 1. oinarrian ezarritako eskualde bakoitzean entitate bakar bati emanen zaio diru-laguntza, eta eskualdeka ezarriko da entitate onuradunen lehentasuna.
3. Egin beharreko jarduketak.
Oinarri hauen ondorioetarako, ekintzailetza bultzatzen duten zerbitzuak izateko, jarduketa hauek guztiak edo batzuk jasotzen dituzten ekintzaileentzako zerbitzuak izan beharko dira:
a) Eskualdean negozio aukerak bilatu eta identifikatzen dituzten jarduerak.
b) Ekintzaileak eskualdean identifikatu eta atzematea.
c) Ekintzailetzarako gogoa sustatzen duten sentsibilizazio eta hedapen ekintzak.
d) Ekintzailearen arretarako zerbitzuak. Hauexek dira arreta zerbitzu horien barrenean eman beharreko zerbitzuak:
d.1) Harrera, informazio eta elkarrizketa zerbitzuak, diagnostikorako, hau da:
–Banako espedientea irekitzea.
Lan merkatuaren ezaugarriei eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskaintzen dituen zerbitzuei buruzko informazioa.
–Enpresa bat sortzeko administrazio tramiteei buruzko informazioa.
–Enpresa batek izan ditzakeen forma juridikoei buruzko informazioa.
–Laguntza eta hobariei buruzko informazioa.
–Aholkularitza zerbitzuei eta sareko beste zerbitzu batzuetara bideratzeko aukerei buruzko informazioa.
d.2) Aholkularitza zerbitzuak:
–Negozio-ideia hautatzea.
–Negozio-ideiaren araberako forma juridiko egokienak.
–Finantzaketa-iturriak.
–Enpresaren plana eta bideragarritasun ekonomiko-finantzarioari buruzko azterlana.
e) Prestakuntza ekintzak ekintzailetzarako.
f) Funtzionamenduaren lehen etapetan eratutako enpresa berriak bultzatzea era honetan:
–Aholku ematea enpresa-kudeaketaren gainean.
–Sareko zerbitzuetara bideratzea.
–Lankidetza eta lankidetza sareak sustatzea enpresen artean.
Ondorio horietarako, bi urtetik behera eratuta dauden enpresak funtzionamenduaren lehen etapetan egonen dira.
4. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagun daitezkeen gastuak.
1. Oinarri arautzaile hauei jarraituz, diruz lagunduko dira onuradunek kontratatuak dituzten enplegurako eta toki garapenerako eragileen soldaten kostuak eta enpresaburuaren Gizarte Segurantzako kotizazioaren kostuak, eta gehienez ere 28.300 euro urtean lanaldi osorako kontratatuta dagoen eragile bakoitzeko. Lanaldi txikiago baterako kontratatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa proportzioan gutxituko da.
Diruz laguntzen ahal diren kostuetatik espres kanpo daude lan kontratuaren bukaerako kalte-ordaina, hartu ez diren oporrak, ordu osagarriak eta egin eta kobratu diren aparteko orduak, baita, soldatatik kanpokoak izanik, langileak egindako gastuen edo bestelakoen ordaina diren gainerako kostuak ere, konparazio batera, lokomozio gastuak, joan-etorrietako dietak, ostatu-lekuetako egonaldia, eta abar.
2. Hauxe da eskualde bakoitzean diru-laguntza jasoko duten enplegurako eta toki garapenerako eragileen lanaldien kopurua:
–Mendialdean: 5,5 lanaldi.
–Erdialdean: 2,5 lanaldi.
–Lizarrerrian: 2,5 lanaldi.
–Erriberan: 3,5 lanaldi.
Ondorio horietarako, lanaldi osorako kontratatuta den langile batek urtean guztira dituen ordu kopuruari esaten zaio lanaldia.
3. Enplegurako eta toki garapenerako eragileek urte osoan egon beharko dute kontratatuta.
5. Enplegurako eta toki garapenerako eragileek bete beharreko baldintzak.
Entitateek kontratatzen dituzten AEDLek lizentzia, diploma edo graduaren titulua izan beharko dute, ahal dela Zuzenbidean, Enpresa Zientzietan, Ekonomia Zientzietan edo EAZn; gainera, prestakuntza berezia izan beharko dute gai hauetan: toki garapena, administrazio zuzenbidea, merkataritzakoa, lanekoa, zergakoa eta finantzakoa, enpresako ekonomia eta kudeaketa eta ekintzailetza.
Berariazko prestakuntzarik ez badute, entitateak konpromisoa aurkeztu beharko du, gehienez ere bi urtean bere AEDLak gai horietan prestatzeko. Konpromiso hori betetzen ez bada, penalizazio bat izanen da 10. oinarrian ezarritako moduan, ez da diru-laguntzarik izanen AEDL horrentzat hurrengo deialdietan eta dirua itzuli beharko da, 15. oinarrian ezarritako moduan.
6. Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak, urtero, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan lehen aipatu jarduketak kudeatzeko onesten den kontu-sailaren kargura finantzatuko dira.
7. Eskaeren aurkezpena eta ekarri beharreko dokumentazioa.
1. Eskaerak azaroan aurkeztuko dira urtero. Eskaerak, ahal delarik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan, baita Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez ere, www.navarra.es web-gunetik abiatuta (sinadura elektronikoa behar da).
Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.
Eskaerak adierazitako epeaz kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
2. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.
3. Halaber, eskaera aurkezteak berarekin dakar entitate bakoitzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea horrek erakunde eskudunei informazioa eska diezaien aipatu entitateek Ogasun Publikoarekiko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzeko.
4. Oinarri hauetan ezarritako diru-laguntzen onuradun izan nahi duten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web-gune ofizialean (www.navarra.es) eskura daitekeena.
b) Entitatea eratzeko eskritura edo akta; estatutuak erantsiko zaizkio, non ez den toki entitate bat.
c) Diru-laguntzak emateko prozeduretan pertsona juridiko baten izenean eta hura ordezkatuz diharduen pertsona fisikoaren nortasun agiri nazionala eta, horrekin batera, Administrazio Publikoaren aurrean jarduteko eman zaion ahalorde aski eta iraunkorraren eskritura, salbu eta ordezkatzeko ahalmena estatutuetan edo beste arau batzuetan ageri bada.
d) Eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituela frogatzen duten agiriak.
e) Helburu bererako beste administrazio publiko batzuei eskaturiko edo horiek emaniko diru-laguntzak azalduko dituen erantzukizuneko aitorpena, edo horrelakorik eskatu ez duela dioen adierazpen espresa, hala bada; orobat, helburu bererako diru-laguntza edo laguntza eskaera berriak eta lortzen diren laguntzak hamabost eguneko epean Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrean idatziz jakinarazteko konpromisoa ere.
f) Erantzukizuneko aitorpena, ez duela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan jasotako debekurik urratzen, eta ez dela ebazpen irmo baten bidez zehatua izan diru-laguntzak lortzeko aukerarik gabe geldituta.
g) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik inoiz jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia.
h) Erantzukizuneko aitorpena, eskualdeko lurralde osoari arreta emateko konpromisoa bere gain hartzen duela. Entitate bat baino gehiago elkarrekin aurkeztuz gero, egindako elkartzea arautzen duen hitzarmena aurkeztuko da.
i) Ekintzailetzari laguntzeko eman beharreko zerbitzuaren memoria, honako hauek jasoko dituena, gutxienez ere:
–Zerbitzuaren eremu geografikoa, zenbat egoitzatan ematen den arreta eta bakoitzean zer jarduketa egin gogo diren zehaztuta.
–Zerbitzuaren aurrekontu xehakatua eta kofinantzaketaren portzentajea.
–Kontratatuta edo kontratatzeko diren AEDLen tituluak eta prestakuntza, eta haien curriculuma.
–Zer ordutan emanen diren zerbitzuak egoitza bakoitzean.
–Ekintzaileak bilatzeko eta haiei arreta emateko eredua.
–Aurreikusitako jarduketa mota eta kopurua.
–Ekintzailetza bultzatzeko entitateak dituen baliabide materialak eta giza baliabideak.
–Entitatearen esperientzia.
–Kalitatearen ziurtagiriak, halakorik bada.
j) Gainera, toki entitateak izanez gero, honako hauek aurkeztu beharko dira:
j.1) Organo eskudunak proiektua onesteko hartutako erabakiaren ziurtagiria.
j.2) Dagokion organoaren ziurtagiria, diru-laguntzarik gabe gelditzen den zatia finantzatzeko prestasuna adierazten duena.
8. Prozeduraren instrukzioa.
Prozedura instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzua izanen da.
Instrukzio organo horrek, espedienteak ikusita eta aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, txostena egin dezala eskatuko dio Balorazio Batzordeari, egindako ebaluazioaren emaitza azaltzeko.
Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena lotzailea izanen da. Kide hauek izanen ditu:
–Mahaiburua: Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuko zuzendaria.
–Epaimahaiko kidea: Enplegua Sustatzeko Ataleko burua.
–Idazkaria: Enplegua Sustatzeko Ataleko teknikari bat.
Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuak, Balorazio Batzordearen ebaluazioa eta txostena ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.
9. Laguntzak emateko prozedura.
Laguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da I. eranskinean ezarritako eskualdeetako bakoitzean, eskualde horietako bakoitzean aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko asmoz, hurrengo oinarri arautzailean ezarritako balorazio-irizpideen arabera.
10. Balorazio irizpideak.
1. Proiektuak baloratzeko irizpide hauek aplikatuko dira:
a) Proiektuaren kalitate teknikoa: 60 puntu arte.
Atal honetan honako hauek hartuko dira kontuan: entitateak ekintzaileei eskaintzen dizkien ordutegia eta egoitzak (10 puntu arte), txostenean adierazitako AEDLen prestakuntza eta curriculuma (14 puntu arte), ekintzaileak bilatu eta haiei arreta emateko ereduaren kalitatea (10 puntu arte), entitateak jarritako baliabide materialak eta giza baliabideak (13 puntu arte) eta 3. oinarrian adierazitakoetatik zenbat jarduketa eginen diren (13 puntu arte).
b) Entitatearen esperientzia: 10 puntu arte.
Ekintzaileei 7 urtetik gora zerbitzuak eman izana frogatzen duen esperientzia: 10 puntu.
Ekintzaileei 3 urtetik gora eta 7 urte arte zerbitzuak eman izana frogatzen duen esperientzia: 5 puntu.
Ekintzaileei urtebetetik gora eta 3 urte arte zerbitzuak eman izana frogatzen duen esperientzia: 2 puntu.
c) Entitateak proiektua kofinantzatzea: 10 puntu arte.
–Proiektuaren kostu osoaren %5aren eta %15aren arteko kofinantzaketa: 5 puntu.
–Proiektuaren kostu osoaren %15etik gorako kofinantzaketa: 10 puntu.
d) Kalitatearen ziurtagiriak: 5 puntu.
Kalitatearen ziurtagiriak, EFQM, Berdintasunerako Plana, etab. izateagatik, profesionaltasuna eta ematen den zerbitzuaren kalitatea bermatzen dutenak edo etengabeko hobekuntza prozesuan jarraitzen dutela.
2. Ondoko penalizazio hauek hartuko dira kontuan balorazioan, entitate eskatzaileak parte hartu duen azken deialdian diruz lagundutako zerbitzuen kudeaketari buruzkoak:
–Beren AEDLak 5. oinarrian aurreikusitako gaietan, gehienez ere 2 urtean, prestatzeko konpromisoa ez betetzeagatik: 15 puntu.
–Ekintzailetza bultzatzeko Nafarroako Sareari atxikitzeko hitzarmenean aurreikusitako betebeharrak ez betetzeagatik: 15 puntu.
3. Diru-laguntza lortu ahal izateko, gutxienez 40 puntu lortu beharko dira. Gehienez 85 puntu lortzen ahalko dira.
11. Prozedura ebaztea.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, behar den ebazpena eman eta jakinaraziko du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean gehienez. Epea ebazpena jakinarazi gabe iraganik, diru-laguntzaren eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.
Administrazio ebazpenak alderdi hauek jasoko ditu gutxienez:
–Entitate onuradunen zerrenda.
–Onetsi, ukatu eta onartu ez diren eskaeren zerrenda eta ukatzeko edo ez onartzeko arrazoiak, aurrekontuko diru-izendapen eskasiagatik ukatu direnak espres adierazita.
–Lortutako puntuazioa.
–Onuradun bakoitzari eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa.
–Guztira emandako diru kopurua.
12. Onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diru-laguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako moduan eta epeetan egitea. Zehazki, ekintzailetza bultzatzeko Nafarroako sareari atxikita egon beharko du diru-laguntzak dirauen epean, eta sare horren zerbitzuen gutunean konpromiso hartutako zerbitzuak eman beharko ditu.
b) Eskaeran adierazitakoaren arabera eman beharreko zerbitzuaren ezaugarrietakoren batean gorabeherarik dakarren edozein aldaketaren berri ematea Nafarroako Enplegu Zerbitzuari. Zerbitzua bukatu aurretik eskatu beharko dira aldaketak eta, aldez aurretik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren adostasuna izan beharko dute.
c) Diruz lagundutako jarduera finantzatzen duten beste laguntza, diru-sarrera edo baliabideak lortu izanaren berri ematea Nafarroako Enplegu Zerbitzuari. Horren berri jakin bezain laster jakinaraziko du, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
d) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zor guztiak kitatuak izatea.
e) Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzaren gainean eskatzen dion informazio guztia ematea.
f) Entitatearen arreta hartzen dutenen zerrenda igortzea, hiru hilean behin, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, arreta hori hartzen dutenen izen-deiturak, haien NANak eta hartu dituzten zerbitzuak adierazita.
g) Onuradunek, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete behar dituzte.
h) Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egindako finantzaketaren publizitateari dagokionez, entitate onuradunak dokumentuetan, prentsako iragarkietan eta zabalkunderako edo informaziorako materialean beti adierazi beharko ditu programaren izena, jarduera edo/eta funtzionamendua eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren/Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala, “Nafarroako Enplegu Zerbitzuak/Nafarroako Gobernuak finantzatutako programa/jarduera/funtzionamendua” testuarekin batera.
i) Gardentasunerako betebeharrak:
i.1.) Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa hain justu, betiere Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta honako bi inguruabar hauek ematen badira:
1) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
2) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Horretarako, bi inguruabarrak betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, telematika bidez Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoa baliatuz, ondotik aipatzen den informazioa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, aurkeztu beharko dute, diru-laguntza ematen zaiela dioen ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan bildutakoa izanen da.
–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren zehaztearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.
i.2.) Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak ematen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.
13. Diru-laguntzaren ordainketa.
1. Diru-laguntza modu hauetako baten bidez ordaintzen ahalko da:
a) Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera aldez aurretik justifikatuta, jarduera osorik gauzatu ondoren.
b) Emandako diru-laguntzaren %50eko konturako ordainketa bat egitea, onuradunak hala eskatuta. Memoria tekniko edo gastuen ordainagirien bidez justifikatutako zenbatekoa ordainduko da.
2. Diru-laguntzaren gainerakoa edo hura erabat ordaintzeko, onuradunak, abenduaren 31 baino lehen, egin dituen jarduerei buruzko txostena aurkeztu beharko du, baita lan-kontratudunen nominen, gizarte aseguruen eta PFEZri egindako ordainketak ere. Txosten horretan, gutxienez ere, arreta hartzen duten lagun kopurua, guztira sortutako enpresen kopurua, haien identifikazioarekin batera, eta guztira emandako zerbitzuen kopurua adierazi beharko dira.
Gainera, onuradunak exekuzioaren azken txosten ekonomikoa aurkeztu beharko du, baita atal honetan aurreikusitako dokumentuak ere, diruz lagundutako jarduera egin eta hurrengo urteko martxoaren 1a baino lehen.
Dokumentu guztiak agirien bidez eta euskarri digitalean aurkeztu beharko dira.
Aipatu dokumentazioa berrikusi ondoren, espedientea itxiko da likidazio ebazpen egokiaren bidez.
3. Onuradunak gardentasunerako betebeharra bete behar badu, 11. oinarriko h) letran aipatu dokumentazioa diru-laguntza ematen zaiola jakinarazi eta hilabetean telematika bidez aurkeztu izana frogatu beharko du, edo Foru Komunitateko Administrazioaren zein organori aurkeztu dion adierazi, organo horrek emandako diru-laguntzaren onuradun izateagatik. Informazio hori eman izana ez da frogatu beharrik izanen, hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuta bada.
Betebehar hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza ez da ordainduko, konturako ordainketak barne.
4. Ebazpena onetsita eginen dira ordainketak, organo kudeatzaileak proposamen txostena egin ondoren.
14. Jarraipena eta kontrola.
Entitate onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak, bidezko diren finantza kontrolekoak, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko kontu-hartzailetzarenak, Comptos Ganberaren legedian ezarritakoak eta legez bidezko diren gainerako egiaztatzeak.
15. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira helburu bererako ematen ahal diren bestelako laguntza edo diru-laguntzekin. Edozein kasutan, haien diru kopurua ez da egindako jarduketaren %100 baino handiagoa izanen.
16. Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.
1. Jarduketak burutzen ez badira edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdian berariaz aipatu betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutza-interesak ordaintzeko eskatzea.
2. Laguntza ematen duen ebazpenean ezarritako epean justifikatu ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da eta aurreratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, berandutza interesak barne.
3. Diru-laguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazten ez bazaio, zerbitzu horrek ebazpena emanen du diru-laguntza osoa itzuli behar dela erabakiz, berandutza interesak barne.
4. Halaber, emandako diru-laguntza osoa itzuli beharko da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak ezartzen dituen betebeharrak betetzen ez badira.
5. Onuradunak diru-laguntzaren baldintzen aldaketa jakinarazi eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartzen badu, azken horrek aldaketa baino lehen jasotako diru guztia edo parte bat itzultzeko eskatzen ahalko du, baina berandutzako interesak eskatu gabe.
6. AEDLak 5.oinarrian aurreikusitako gaietan, gehienez ere 2 urteko epean, prestatzeko konpromisoa betetzen ez bada, hartutako diru-laguntzaren %20a itzuli beharko da, berandutzaren korrituak barne direla.
Ekintzailetza bultzatzeko Nafarroako sareari atxikitzen ez bazaio edo sare horri atxikitzeko hitzarmenean aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badira, edo zerbitzuen gutunean ezarritako zerbitzuak eman gabe utzi, hartutako diru-laguntzaren %20a itzuli beharko da, berandutza korrituak barne.
17. Arau-hausteak eta zehapen araubidea.
Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.
18. Publizitatea.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzak argitara emanen ditu Nafarroako Enpleguaren Atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.
19. Ordezko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.
Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea eta hura garatzen duen araudia ere aplikagarriak dira.
20. Oinarri arautzaileen eta haiek garatzeko egintzen aurkako administrazio errekurtsoak.
Oinarri arautzaile hauen eta haiek garatzeko egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Nafarroako toki erakundeek zilegi izanen dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita. Hori ez da eragozpen izanen Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
II. ERANSKINA
Mendialdea
Abaurregaina, Abaurrepea, Oibar, Altsasu, Anue, Agoitz, Araitz, Arakil, Arano, Arantza, Arbitzu, Artzibar, Areso, Aria, Aribe, Arruazu, Atetz, Bakaiku, Basaburua, Baztan, Bera, Bertizarana, Betelu, Auritz, Burgi, Kaseda, Gazteluberri, Donamaria, Elgorriaga, Elizondo, Eratsun, Ergoiena, Erroibar, Eslaba, Espartza Zaraitzu, Esteribar, Etxalar, Etxarri Aranatz, Ezkaroze, Ezkurra, Ezporogi, Galipentzu, Galoze, Garaioa, Garde, Garralde, Goizueta, Goñerri, Gorza, Uharte Arakil, Ibargoiti, Igantzi, Imotz, Irañeta, Irurtzun, Izaba, Ituren, Iturmendi, Itzagaondoa, Itzaltzu, Jaurrieta, Xabier, Labaien, Lakuntza, Lantz, Larraun, Leatxe, Leitza, Lekunberri, Lerga, Lesaka, Ledea, Lizoain, Longida, Irunberri, Elo, Nabaskoze, Otsagabia, Odieta, Oitz, Olaibar, Olazti, Ollaran, Orbaitzeta, Orbara, Oronze, Orotz-Betelu, Petilla de Aragón, Erromantzatua, Erronkari, Orreaga, Zare, Saldias, Zangoza, Doneztebe, Sartze, Sunbilla, Ultzama, Untzitibar, Urdazubi, Urdiain, Urraulgoiti, Urraulbeiti, Urroz, Urrotz-Hiria, Urzainki, Uztarroze, Luzaide, Bidankoze, Hiriberri Aezkoa, Esa, Ziordia, Zubieta, Zugarramurdi.
Erdialdea
Adios, Añorbe, Artaxoa, Artazu, Barasoain, Beire, Berbintzana, Biurrun-Olkotz, Caparroso, Zarrakaztelu, Eneritz, Garinoain, Girgillao, Larraga, Legarda, Leotz, Melida, Mendigorria, Miranda Arga, Murillo el Cuende, Murillo el Fruto, Muruzabal, Obanos, Erriberri, Oloritz, Orisoain, Pitillas, Gares, Puiu, San Martin Unx, Santakara, Tafalla, Tirapu, Ukar, Uxue, Untzue eta Uterga.
Lizarrerria
Abaigar, Abartzuza, Aberin, Aguilar Kodes, Allin, Allo, Ameskobarrena, Antzin, Andosilla, Aranaratxe, Aras, Arellano, Armañantzas, Arroitz, Aiegi, Azuelo, Barbarin, Bargota, Cabredo, Carcar, Zirauki, Desoio, Deikaztelu, El Busto, Esprontzeda, Lizarra, Etaiu, Eulate, Genevilla, Gesalatz, Iguzkitza, Lana, Lapoblación, Larragoa, Elizagorria, Legaria, Lerin, Lezaun, Lodosa, Los Arcos, Lukin, Mañeru, Marañón, Mendabia, Mendaza, Metauten, Mirafuentes, Morentin, Mues, Murieta, Nazar, Oko, Olexoa, Oteitza, Piedramillera, Jaitz, Santsol, Sartaguda, Sesma, Sorlada, Torralba del Río, Torres del Río, Deierri, Viana, Villamayor de Monjardín, Villatuerta, Zuñiga.
Erribera
Ablitas, Arguedas, Azagra, Barillas, Buñuel, Cabanillas, Cadreita, Cascante, Castejón, Cintruénigo, Corella, Cortes, Faltzes, Fitero, Fontellas, Funes, Fustiñana, Martzilla, Milagro, Monteagudo, Murchante, Azkoien, Ribaforada, San Adrián, Tutera, Tulebras, Valtierra, Alesbes.
Iragarkiaren kodea: F1405403
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
