1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
660/2014 EBAZPENA, martxoaren 28koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, enplegu autonomoa sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 27ko 1516/2009 Ebazpena aldatzen duena.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 27ko 1516/2009 Ebazpenaren bidez, enplegu autonomoa sustatzeko diru-laguntzak ematea arautu zen.
Bitarte honetan zenbait inguruabar izan dira, laguntza horien oinarrietakoren bat aldatu beharra justifikatzen dutenak; oinarriak interpretatzeko segurtasun juridikoaren eta haien efizientziaren hobekuntzarekin dute zerikusia, eraginkorrak izan daitezen enpresa berriak sortzeko.
Azaldutakoarekin bat, eta martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 27ko 1516/2009 Ebazpena, enplegu autonomoa sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituena, era honetan aldatzea:
1.1.–“Onuradunak” izeneko 2. oinarria aldatzea, honela erredaktatzeko:
“Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietako batean enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dauden langabeak izanen dira programa honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak, Nafarroako Foru Komunitatean langile autonomo gisa edo beren kontura lan egiten hasi eta Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubidean edo lanbide elkargoen mutualitatean kidetzen direnean.”
1.2.–“Onuradunaren betebeharrak” izeneko 4. oinarria aldatzea, honela erredaktatzeko:
“Diru-laguntza hauen onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako beharkizun orokorrak eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako gainerakoak bete beharko dituzte.
Gainera, diru-laguntza emateko arrazoia den jarduera egin beharko dute, Gizarte Segurantzan edo horren pareko batean kidetuta egon beharko dute eta diruz lagundutako aktibo finko materialak hiru urtez, gutxienez ere, etengabe mantendu beharko dituzte. Hori betetzen ez badute, jasotako diru-laguntza guztiak itzuli beharko dituzte, berandutza korrituak barne, non ez den onuradunaren heriotza, ezintasun iraunkor osoa, erabatekoa edo baliaezintasun handia gertatzen.
Betebeharrak erabat betetzetik nabarmen hurbil dagoenean eta frogatzen denean onuradunak bere konpromisoak betetzera bideratutako jarduketa izan duela, hau da, jarduerari 18 hilabetetik gora eutsi diola etengabe, bidezkoa izanen da jasotako diru-laguntzak itzultzea, hiru urte egiteko falta den denboraren proportzioan, berandutza korrituak barne direla”.
1.3.–“Onuradunek bete beharreko baldintzak” izeneko 7. oinarriaren 1.b) atala aldatzea, era honetan erredaktatzeko:
“b) Langabezian eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietako batean enplegu eskatzaile gisa inskribatuta egotea jarduera hasten duen unean. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du baldintza hori betetzen dela.”
1.4.–“Diru-laguntzen zenbatekoak eta haiek emateko baldintzak” izeneko 8. oinarriaren 1.b) atala aldatzea, era honetan erredaktatzeko:
“b) Diru-laguntza hau eskuratu ahal izateko, onuradunak etengabe langabezian eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietako batean inskribatuta egon beharko du Gizarte Segurantzan dagokion araubide berezian kidetu eta aurreko 3 hilabetean gutxienez ere, desgaitasunak dituzten pertsonen eta genero indarkeriaren biktima diren emakumeen kasuan izan ezik, orduan, jarduera hasten den egunean, langabezian eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietako batean inskribatuta egotea bakarrik beharko baita.”
1.5.–“Diru-laguntzen zenbatekoak eta haiek emateko baldintzak” izeneko 8. oinarriaren 1.c) atala aldatzea, era honetan erredaktatzeko:
“c) Diru-laguntza hau emateko, onuradunak diru-laguntzaren xedeko jarduera ezartzeko behar diren aktibo finko materialetan edo softwarean inbertitu beharko du, gutxienez ere 12.000 euro (BEZa kanpo). Inbertsio horien faktura eta ordainketa datak jarduera hasi baino sei hilabete lehenagotik eskaera aurkezten den egunaren artekoak izanen dira. Desgaitasunak dituzten pertsonen eta genero indarkeriaren biktimak izan diren emakumeen kasuetan, inbertsioaren zenbatekoak ez du lehen aipatu gutxienekoa izan beharko, eta diru-laguntza inbertsio justifikatuaren %100ekoa izanen da gehienez, ezarririk dagoen gehieneko zenbatekoa gainditzen ez bada.
Ibilgailuetako inbertsioen kasuan, industria edo merkataritzarako ibilgailuak izaten ahalko dira laguntzen xede, alegia:
–Fitxa teknikoan 03, 04, 06, 10 edo 31rekin hasten ez diren sailkapen kodeak dituzten ibilgailu guztiak.
–Gidatzen irakasteko egokituta dauden autoeskolako ibilgailuak.
–Bidaiarien zerbitzu publikorako diren autoak, horretarako administrazio-baimena dutela.
–Gaixoak edo istripu izandakoak eramateko bereziki egokitutako ibilgailuak.
1.6.–“Onuradunek bete beharreko baldintzak” izeneko 8. oinarriaren “Diru-laguntza finantzarioa” izeneko 2.b) atala aldatzea, era honetan erredaktatzeko:
“b) Maileguak jarduera hasi baino sei hilabete lehenagotik eskaera aurkezten den eguna arte formalizatu beharko dira. Diru-laguntza jaso ahal izateko, maileguek baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Dagokion finantza entitateak adieraziko du interes tasa, eta inola ere ezin izanen dira eman diruz lagundutako maileguak, baldin eta interes tasa handiagoa bada eragiketa honen emaitza baino: 1,75 puntu gehituta kontratuaren edo polizaren dataren aurreko 7 egun naturaletako edozeini dagokion urte baterako Euribor tasari.
–Edonola ere, emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez ditu onuradunen interes tasak ehuneko 0,5etik behera jaitsiko.
–Diru-laguntzaren eskatzailea izanen da maileguaren titular bakarra.”
1.7.–“Onuradunek bete beharreko diru-laguntzak” izeneko 8. oinarriaren “Diru-laguntza finantzarioa” izeneko 2.c) atala aldatzea, era honetan erredaktatzeko:
“c) Diru-laguntza hau emateko, onuradunak diru-laguntzaren xedeko jarduera ezartzeko behar diren aktibo finko materialetan edo softwarean inbertitu beharko du, gutxienez ere 5.000 euro (BEZa kanpo). Inbertsio horien faktura eta ordainketa datak jarduera hasi baino sei hilabete lehenagotik eskaera aurkezten den egunaren artekoak izanen dira. Eskatzen den maileguaren zenbatekoa ere gutxienez 5.000 eurokoa izanen da. Desgaitasunak dituzten pertsonen eta genero indarkeriaren biktimak izan diren emakumeen kasuetan, inbertsioaren zenbatekoa txikiagoa izaten ahalko da.
Ibilgailuetako inbertsioen kasuan, industria edo merkataritzarako ibilgailuak izaten ahalko dira laguntzen xede, alegia:
–Fitxa teknikoan 03, 04, 06, 10 edo 31rekin hasten ez diren sailkapen kodeak dituzten ibilgailu guztiak.
–Gidatzen irakasteko egokituta dauden autoeskolako ibilgailuak.
–Bidaiarien zerbitzu publikorako diren autoak, horretarako administrazio-baimena dutela.
–Gaixoak edo istripu izandakoak eramateko bereziki egokitutako ibilgailuak”.
1.8.–“Onuradunek bete beharreko baldintzak” izeneko 8. oinarriaren “Laguntza teknikorako diru-laguntza” izeneko 3.b) atala aldatzea, era honetan erredaktatzeko:
“b) Diru-laguntza hori dena batera emanen da. Edonola ere, onuradunak hartutako laguntza teknikoko zerbitzu guztiak izanen dira diru-laguntzen xede, baldin eta jarduera hasi baino sei hilabete lehenagotik eskaera aurkezten den data arte burutu badira oso-osorik, aurreko a) letran ezarritako gehieneko zenbatekoa arte.”
1.9.–“Onuradunen bete beharreko baldintzak” izeneko 8. oinarriaren “Prestakuntzarako diru-laguntza” izeneko 4.b) atala aldatzea, era honetan erredaktatzeko:
“b) Diru-laguntza hori dena batera emanen da. Edonola ere, onuradunak hartutako laguntza teknikoko zerbitzu guztiak izanen dira diru-laguntzen xede, baldin eta jarduera hasi baino sei hilabete lehenagotik eskaera aurkezten den data arte burutu badira oso-osorik, aurreko a) letran ezarritako gehieneko zenbatekoa arte.”
1.10.–“Instrukzioa, tramitazioa eta ebazpena” izeneko 9. oinarriaren 2.h) atala aldatzea, era honetan erredaktatzeko:
“h) Establezimenduko diru-laguntzaren eta diru-laguntza finantzarioaren kasuetan:
–Enpresa proiektuaren memoria, eginen den jarduera, finantza plana eta egitekoak diren inbertsioen plana jasotzen dituena.
–Benetan ordaindutako fakturen jatorrizko agiria eta kopia eta frogatako antzeko balioa duten bestelako kontabilitate agiriak, eginiko inbertsioak frogatzen dituztenak. Faktura bakoitzari ordainagiria erantsiko zaio, hau da, bankuko transferentziak edo bankuko karguak edo kontu laburpenak. Txekea ez da onartuko ordainagiri gisa.
–Bigarren eskuko ondasunen kasuan, peritu independente batek luzaturiko ziurtagiri baten bidez frogatu beharko da ekipamenduen prezioa ez dela merkatuko balioa edo antzeko ekipamendu berri baten kostua baino handiagoa, eragiketarako behar diren ezaugarri teknikoak dauzkatela eta aplikatzekoak diren arauak betetzen dituztela. Halaber, saltzailearen aitorpena ere erantsiko da, non egiaztatuko baitu ez direla diruz lagundu aurreko 10 urteetan, erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, edo aurreko 7 urteetan, gainerako ondasunen kasuan.
1.11.–“Instrukzioa, tramitazioa eta ebazpena” izeneko 9. oinarriaren 2.j) atala aldatzea, era honetan erredaktatzeko:
“j) Laguntza teknikorako eta prestakuntzarako diru-laguntzen kasuetan:
–Egindako jardueren memoria (jarduerak egin dituen entitateari buruzko txosten deskribatzailea; kaudimen profesionala, edukia eta jarduerak noiz egin ziren frogatuko dira).
–Benetan ordaindutako fakturen jatorrizko agiria eta kopia, edo frogatako antzeko balioa duten bestelako kontabilitate agiriak, kontratuak edo benetan egin diren gastuen bestelako frogagiri batzuk. Faktura bakoitzari ordainagiria erantsiko zaio, hau da, bankuko transferentziak edo bankuko karguak edo kontu laburpenak. Txekea ez da onartuko ordainagiri gisa.”
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera Langile Autonomoen Araubide Berezian edo Lanbide Elkargoen Mutualitatean kidetzen diren eskaeretan izanen dituzte ondorioak aldaketa hauek.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen honen kontra, administrazio bidea amaitzen ez baitu, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.
Iruñean, 2014ko martxoaren 28an.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, María Isabel García Malo.
Iragarkiaren kodea: F1404630