77. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZARRAKAZTELU

Udal ordenantza, zakurrak eta etxeko beste animalia batzuk edukitzeari buruzkoa. Behin betiko onespena

Zarrakazteluko Udalak, 2012ko azaroaren 29an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Zakurrak eta etxeko beste animalia batzuk edukitzea arautzen duen udal ordenantza. Erabaki hori 2012ko 247. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 20an.

Zarrakazteluko Udalak, 2013ko martxoaren 26an egin osoko bilkura arruntean, ordenantza hori aldatzea onetsi zuen, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak erregistratzeko fitxategia sortzeko. Erabaki hori 2013ko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 8an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zarrakaztelun, 2014ko martxoaren 24an.–Alkatea, Constantino Alfaro Cortes.

UDAL ORDENANTZA, ZAKURRAK ETA ETXEKO BESTE ANIMALIA BATZUK EDUKITZEARI BURUZKOA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek zakurrak eta etxeko beste animalia batzuk edukitzea arautzen du, bateragarria izan dadin pertsonen eta ondasunen higienearekin, osasun publikoarekin, lasaitasunarekin eta segurtasunarekin. Orobat, animaliei behar bezalako babesa eman nahi die.

Arreta berezia jarri zaie arriskutsuak izan daitezkeen animaliei eta araudi zorrotzagoa aplikatu zaie, eduki ahal izateko baldintzei dagokienez.

Ordenantza hau aplikatuko da ezertan ukatu gabe indarrean den legediak ezartzen duena babestutako espeziei, animalien osasunari eta haien garraioari buruz.

2. artikulua. Organo eskudunak.

Udal ordenantza honetan araututako gaietan eskumena duten udal organoak hauek dira:

1. Udaleko Osoko Bilkura.

2. Udaleko alkatea edo berak eskuordetzen duen organoa.

3. Udaleko beste edozein gobernu organo, Osoko Bilkuraren edo Alkatearen berariazko eskuordetzarekin, generikoa edo berezia izan, ordenantza honen aplikazio eremuan jarduten duena.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau Zarrakazteluko herrian aplikatuko da.

4. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Gainerako Administrazio Publikoei oro har esleitutako ahalmenak ezertan ukatu gabe, ordenantza honetan ezarritakoaren aurkako arau-hausteak Alkateak zehatuko ditu, edo hark espresuki eskuordetzen duen organoak. Horretarako, kontuan hartuko dira arau-haustearen graduazioa, osasun publikorako arriskua, herritarren arteko lankidetzan ez aritzea, elkarbizitzako oinarrizko arauei mespretxu egitea edo arau-haustearen larritasun maila zehaz dezaketen bestelako inguruabarrak.

Arau-haustearen izaeragatik, delitua egin dela susmatzen bada, horren berri emanen zaio Instrukzioko Epaitegiari.

5. artikulua. Definizioak.

–Lagun egiteko animaliak: Pertsonek oro har etxean dituzten animaliak dira, batez ere lagun egitekoak. Horixe da animaliak edukitzeko arrazoi nagusia, irabazi asmorik edo salerosketa asmorik gabe; orobat, ikusmen urritasuna duten pertsonak lagundu, gidatu eta haiekin ibiltzen direnak.

–Errentako animaliak: Pertsonekin bizi ez arren, haiek mantendu, hazi edo gizentzen dituztenak, elikagaiak eta bestelako onurak lortzeko.

6. artikulua. Betebeharrak.

Lagun egiteko animalia baten jabeak eta/edo edukitzaileak betebehar hauek ditu:

1. Higiene eta osasun baldintza onetan edukitzea, nahitaezkoa den edozein tratamendu ematea bere kontura eta albaitariaren aldetik behar duen arreta eta laguntza egokia ematea.

2. Alojamendu egokia ematea, arrazaren edo espeziearen arabera.

3. Egoki garatzeko behar duen elikadura nahikoa ematea.

4. Animalia babestea beste animalia edo pertsonen erasoetatik, arrisku egoeretatik, eta desorotasun eta eragozpenetatik.

5. Animaliak beste pertsona edo beste animalia batzuei egin ahal dizkien erasoak saihestea, bai eta eragin ditzakeen bestelako kalte edo eragozpenak ere.

6. Kasuan kasuko animalia edukitzeko beharrezkoak diren baimenak edo lizentziak lortzea.

7. Animalia dagozkion erregistroetan inskribatzea, ordenantza honetan eta indarra duen araudian xedatutakoaren arabera.

8. Hirigunean animalia lotuta eta kontrolatuta eramatea. Debekatuta dago edozein kasutan animalia libre edo erdi-libre ibiltzea hirigunean.

9. Animaliaren gorotzak biltzea bide eta espazio publikoetan. Behar diren neurriak hartzea animaliak ez dezan libratze edo pixik egin atari, portal edo portxeetan.

II. KAPITULUA

Etxeko animaliak edukitzeko arauak

7. artikulua. Etxebizitzetan eta bestelako esparru pribatuetan.

Animaliak etxebizitzetan eta esparru pribatuetan edukitzeko tokiak higiene, osasun eta segurtasun baldintzak bete beharko ditu, bai animaliarentzat bai harekin bizi direnentzat eta baita bizilagunentzat ere, eta ez die inola ere arriskurik edo eragozpenik eragingo pertsonei.

Ukuiluko hegaztiak, untxiak, usoak eta bestelako animaliak etxean hazi ahalko dira, bai terrazetan, patioetan edo teilatu lauetan, baldin eta haien bizitokiak, instalazioen egokitasunak eta animalia kopuruak ahalbidetzen badute, kontuan hartuta higienea eta osasuna, bizilagunentzat eragozpenik edo arriskurik ez egotea, ez eta animalientzat beraientzat ere; orobat, aplikatzekoa den ingurumenari eta sektoreari buruzko araudiaren eta indarrean den hirigintzako planeamenduaren menpe izanen da.

Udal agintariek, ofizioz edo salaketa baten ondorioz, kasu bakoitzean egoki juzgatzen dutena erabakiko dute, betiere txosten tekniko eskudunei jarraituz eta etxebizitzan egindako bisiten ondorioz. Bizilagunek bisita horiek erraztu beharko dituzte. Horren ondotik ikusten bada ezin direla animaliak etxebizitzan edo esparru pribatuan eduki, segurtasunagatik eta osasungarritasunagatik, edo bizilagunen lasaitasuna eta deskantsua eragozten direlako, jabeari errekerimendua eginen zaio animaliak atera ditzan. Bere kabuz egiten ez badu, dagokion zehapen espedientea irekiko zaio eta bidezko zehapenak ezarriko, animaliaren edo animalien kanporatzea barne. Edonola ere, Udalaren esku-hartzeak eragindako kostuak animaliaren jabeari ordainaraziko zaizkio.

8. artikulua. Osasun arloko kontrola.

Lagun egiteko animalien edukitzaileak edo jabeak izanen dira arduradunak animaliei legeak ezarritako kontrol eta segimenduak egiteko. Amorruaren kontrako txertoa nahitaezkoa izanen da zakur eta katu guztientzat, indarrean den foru araudiari jarraituz.

9. artikulua. Animalien erasoak.

Zakur, katu edo beste animalia batek hozkatutako pertsonak berehala emanen die horren berri osasun zerbitzuei eta/edo Udalari, tratamendua eman diezaioten, animalia aztertu ondotik hala egitea komeni bada.

Pertsonei hozka edo eraso egin dieten animalien jabeak behartuta daude erasotutako pertsonari, haren legezko ordezkariei eta hala eskatzen duten agintariei animaliaren datuak ematera.

Animalia deslaia bada edo jabea ezezaguna badu, erasotako pertsonak eta udal zerbitzuak elkarrekin lan eginen dute animalia harrapatzeko.

10. artikulua. Abandonatzea edo lagatzea.

Zakurren edo bestelako animalien jabeek ez badute haiek edukitzen jarraitu nahi, horren berri emanen diote udal agintaritzari eta honek kudeatuko du haren bilketa. Eskabidea bideratu arte, jabea bere animaliaren kargu eginen da. Sortzen diren gastuak jabearen kargura izanen dira. Betebehar hau ez betetzeak zehapena ekar dezake.

11. artikulua. Arauak espazio publikoetan.

Animaliak bide eta espazio publikoetan ibili ahalko dira beraien jabeen gidaritzapean, edo haiek eskuordetutako pertsonekin, baldin eta ez badute arriskurik sortzen gainerako oinezkoendako eta animaliendako.

Debeku da etxeko animaliak, araudiarekin bat lotuta badira ere, haur-parkeetara sartzea.

Zakur guztiak uhalaz lotuta joanen dira eta dagokien identifikazioarekin. Arriskutsutzat jotzen diren arrazako zakurrek muturrekoa jarrita ibili beharko dute, metro bateko uhal sendo eta luzaezinarekin eta adin nagusiko pertsonek gidatuta. Ikusteko desgaitasuna duten pertsonen gida-zakurrek ez dute muturrekorik beharko edonon daudela ere.

Animalia gidatzen duen pertsonak, kasu guztietan, animaliak bide eta espazio publikoetan egiten dituen libratzeak bildu beharko ditu, eta portal, portxe edo ateetan pixik egin ez dezan zainduko du.

12. artikulua. Identifikazioa eta inskripzioa, Lagun egiteko animalien udal erregistroan.

Zakur eta hudoak, bai eta erregelamenduaren arabera lagun egiteko animalia direnak, banaka identifikatuak izan beharko dute albaitariak jarritako mikrotxip bidez, jaio eta hiru hilabeteko epearen barrenean, gehienez ere, edo eskuratu eta hilabeteko epean. Mikrotxipa jartzea nahitaezkoa izanen da eta jabearen kontura eginen da.

III. KAPITULUA

Animalia arriskutsuak eta arriskutsuak izan daitezkeenak edukitzea

13. artikulua. Definizioa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat hartzen dira:

Basa faunakoak izanik, lagun egiteko animalia gisa erabiltzen direnak, eta, beren oldarkortasuna gorabehera, pertsonen eta beste animalia batzuen bizitza edo osotasun fisikoa arriskuan jartzeko edo ondasunetan kalte nabarmenak egiteko gaitasuna duten espezieak edo arrazak.

Halaber, arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat joko dira hurrengo atalean sartu diren zakurrak.

1.–Arraza hauetakoak:

–American Staffordshire Terrierra.

–Staffordshire Bull Terrierra.

–Mallorkako ausiki-zakurra.

–Fila brasildarra.

–Kanarietako ausiki-zakurra.

–Bullmastiffa.

–American Pitbull Terrierra.

–Rottweillerra.

–Bull Terrierra.

–Bordeleko dogoa.

–Tosa inua.

–Dogo argentinarra.

–Arraza horien arteko gurutzaketak, genealogia maila edozein delarik ere.

2.–Aurreko horien arteko gurutzaketak edo beste arraza batzuekin egindakoak, antzeko tipologia lortzeko:

–20 kg baino gehiago.

–60 eta 80 cm arteko perimetro torazikoa.

–Buru handia eta lepo motza.

–Gihar sendoak.

–Masailezur handia eta ahozulo sakona.

–Erresistentzia eta izaera handikoa.

3.–Pertsona edo animaliei hozka egin dien edozein zakur oldarkor, erasoa jakinarazi bada edo frogatu ahal bada. Kasu horretan, animaliaren bizitokiko Udalak erabakiko du animalia hori arriskutsua izan daitekeen ala ez, betiere irizpide objektiboei jarraituz, bai ofizioz bai alde batek eskaturik, eta animaliaren jabea entzun ondotik eta albaitari ofizialaren txostena ikusi ondotik, edo albaitari ofizialik ez bada, animalia bizi den probintziako Albaitarien Elkargo Ofizialak izendatu eta arlo horretan berariazko prestakuntza frogatua duen albaitariarena. Aipatutako txostenaren kostua Albaitarien Elkargo Ofizialak zehaztuko du eta animaliaren jabeak ordainduko.

4.–Erasotzeko trebatutako zakurrak.

14. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia.

Arriskutsutzat hartutako lagun egiteko edozein animalia edukitzeko aldez aurretik administrazioaren lizentzia eskuratu beharko da. Lizentzia hori Zarrakazteluko Udalak emanen du, eskatzaileak bere bizitokia udalerrian duenean.

Lizentzia lortzeko, eskabidea aurkeztu beharko da, eredu ofiziala erabiliz, bai eta honako baldintza hauek betetzen direla frogatzen duten agiriak ere:

1. Adinez nagusia izatea.

2. Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenaren ondorioz. Inguruabar horiek aurrekari penalen ziurtagiriaren bidez frogatuko dira.

3. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa izatea. Baldintza hori beteko da zentro baimendu batek luzatutako gaitasun psikologikoaren ziurtagiria edo txostena aurkeztuta.

4. Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak edukitzeko lizentziaren kasuan, berariazko ikastaro bat gainditu beharko da, arriskutsuak izan daitezkeen zakurren oinarrizko trebakuntzari buruzkoa. Ikastaro hori behar bezala onartutako Albaitarien Elkargo Ofizial batek antolatua beharko du izan, edo baita zakurrak babesteko elkarte batek edo zakurrak hazteko eta trebatzeko federazio edo elkarte batek.

5. Erantzukizun zibileko aseguru bat sinatu beharko da, 120.000 eurokoa gutxienez, arriskutsuak izan daitezkeen animaliek hirugarrenei sortzen dizkieten kalte pertsonal eta materialetarako.

6. Zarrakazteluko Udalak ezartzen duen tasa ordaintzea.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko administrazio lizentzia bost urterako izanen da, ematen den egunetik hasita, eta interesdunak eskaturik, udal organo eskudunak berritu ahalko du, epea bukatu baino lehen, iraupen bereko hurrengo epeetarako.

Lizentzia indarrik gabe geldituko da, titularrak 2. atalean ezarri diren baldintzetako edozein betetzeari uzten dionean.

Lizentzia eskuratzeko frogatutako datuetan aldaketarik bada, titularrak hamabost eguneko epea izanen du, aldaketa gertatzen den egunetik hasita, edo, kasua bada, horren berri izaten denetik hasita, lizentzia eman duen Udalari jakinarazteko. Udalak inguruabar hori Lagun egiteko animalien udal erregistroan jasoko du.

Indarra duen administrazio lizentziari buruzko esku-hartzea, etenaldia edo kautela-neurria, judizialki edo administratiboki erabakia, beste lizentzia bat ez emateko edo lizentzia ukitua ez berritzeko arrazoi izanen da, neurri hori indarrik gabe uzten ez den bitartean.

15. artikulua. Erregistroa.

Zarrakazteluko Udalak Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistro bat sortuko du, eta hartan, ezinbestean, honako datu hauek jasoko dira:

–Legezko erantzulea den jabearen datu pertsonalak eta kontakturako helbidea.

–Animaliaren ezaugarriak, hura identifikatzen laguntzen dutenak.

–Animaliaren ohiko bizilekua.

–Gizakiekin batera edo bestela biziko den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

Lizentziaren titularrak aurreko lerroaldean aipatzen den inskripzioa eskatu beharko du, hamabost eguneko epearen barnean, hura eskuratzen den egunetik hasita, edo, bestela, nahitaez inskribatu behar diren animaliak bere zaintzapean dauden egunetik hasita. Orobat, 15 eguneko gehieneko epean, Erregistroan inskribatutako animalien arduradunek honako hauek jakinarazi beharko dituzte:

–Bizitokiz aldatu badira, aldaketa hori iraunkorra edo hiru hilabetetik gorakoa bada.

–Animalia antzutu, gaixotu edo hil bada.

–Animaliaren jokabidearekin edo egoerarekin ikustekorik duen edozein inguruabar garrantzitsu. Horrek ez du eragotziko, Administrazioak, ofizioz, bere bitartekoen bidez edo beste agintari batzuk jakinarazita, bai eta partikularrek salatuta ere, biltzen dituen datuak idatziz jasotzea.

–Urtero Udaleko Erregistroan datu hauek aurkeztuko ditu: ziurtagiria, nahitaezko aseguruen eta ordenantza honetan ezarritakoen ordainketak eguneratuak dituela frogatzen duena. Orobat, albaitariaren azterketen eta nahitaezko txertoen ziurtagiriak ere. Horiek guztiak ordenantza honi nahiz goi mailagokoei dagokienez.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliek bere bizitzan izan dituzten intzidentziak, agintari administratibo edo judizialek ezagutzen dituztenak, animalia bakoitzaren erregistro orrian jasoko dira. Orri hori animaliaren heriotzarekin itxiko da.

Animalia saldu, eskualdatu, donazioan eman edo hil dela jakinarazi beharko zaio Udaleko Erregistroari, gertatu eta hamabost eguneko epean, eta hala jasoko da erregistroan dagokion orrian.

Animalia ebatsi edo galdu dela jakinarazi beharko zaio Udaleko Erregistroari, gertatu eta 24 orduko epean, bai eta bidezko agintariei ere (Guardia Zibila, Foruzaingoa).

Animalia bakoitzaren erregistro orrietan, animalia osasunaren ziurtagiria agertuko da, agintari eskudunak emana, eta hark urtero ziurtatuko du animaliak ez duela bereziki arriskutsu bihur dezakeen eritasun edo nahasterik.

Erregistroaren ardura duten agintariek berehalakoan jakinaraziko diete agintari administratibo edo judizial eskudunei erregistroan jasotako edozein inguruabar, balora dezaten eta, kasua bada, kautelazko edo prebentzioko neurriak har ditzaten.

Animaliaren titularrak ez badu artikulu honetan ezarritakoa betetzen, dagokioan zehapen administratiboa jasoko du.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan honako datu hauek jasoko dira:

Erregistro mota:

–Jabearena:

  • Izena.
  • Identifikazio agiria (NAN, IFK, pasaportea).
  • Helbidea.
  • Telefonoa.
  • Helbide aldaketa.
  • Jabe aldaketa.

–Zakurrarena:

  • Izena.
  • Inskripzio eguna.
  • Jaiotze eguna / Heriotza eguna.
  • Mikrotxip zenbakia, albaitaria eta ezarri zuten tokia.
  • Arraza, sexua, arrazaren araberako pisua.
  • Helbidea.
  • Identifikatzeko bestelako markak.
  • Helburua: lagun egitea, ehiza, zaintza eta babesa, salmenta, bestelakoak.
  • Identifikaziorako ziurtagiri ofizialaren inprimaki zenbakia.
  • Jabeari arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia eman zitzaion eguna.
  • Arriskutsua izan daitekeen animaliatzat hartzeko arrazoia:
  • Zakurra 42/2008 Dekretuaren eranskinean agertzen diren arrazetakoa izatea.
  • Administrazio eskudunak hala adierazi duelako.
  • Animalia otsailaren 12ko 42/2008 Dekretuaren 3. artikuluan jasotako espezie batekoa izatea.
  • Jokabide oldarkorraren aurrekariak dituelako.
  • Erasorako trebatua izan delako.
  • Beste edozein arrazoi, zein den adierazita.

16. artikulua. Segurtasun neurriak erremu publikoetan.

1. Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak bide publikoetan eta erabilera publikoko toki eta espazioetan ibili ahalko dira, oro har, baina ezingo dira inola ere adingabeen aisialdi eremuetan sartu.

2. Gainerako basa animaliak, heziak izan arren, ezingo dira kalean ibili.

3. Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak bide publikoetan gidatzen eta kontrolatzen dituen pertsona adinez nagusia izanen da eta aldean eramanen du hura edukitzeko baimena ematen dion lizentzia administratiboa, bai eta animalia arriskutsua izan daitekeen zakur gisa identifikatzen eta erregistratzen duen agiri autonomikoa (RAIRA).

4. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien garraioa eginen da animalien ongizateari buruzko berariazko araudiari jarraituz, eta egoerak eskatzen dituen neurriak hartuko dira, pertsonen, ondasunen eta bestelako animalien segurtasuna bermatzeko, garraioan eta zamalanak egin bitartean.

17. artikulua. Segurtasun neurriak eremu pribatuetan.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak dituzten instalazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte, haiek kanpora atera ez daitezen:

a) Paretek eta hesiek behar besteko garaiera eta sendotasuna izanen dute, animaliaren presioari, pisuari eta ekinaldiei eusteko.

b) Ateek behar besteko sendotasuna eta erresistentzia izan beharko dute instalazio osoarena bermatzeko, animaliak ireki edo lekutik atera ez ditzan.

c) Kanpoaldetik seinalea bistan jarri beharko da, arriskutsua izan daitekeen animalia dagoela ohartarazteko.

IV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapen araubidea

18. artikulua. Zehapen prozedura.

Zehapen prozedura izanen da legez araututako zehapen ahalmenaren printzipioen araberakoa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien arloko estatuko eta erkidegoko araudia eta ordenantza honetan ezarritako xedapenak betetzen ez direnean zehapenak ezarriko dira, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean aurreikusitako arau-hauste eta zehapenen araubideari jarraikiz eta, subsidiarioki, horretan aurreikusia ez dagoen orotan, azaroaren 24ko 11/2003 Legea aplikatuko da.

19. artikulua. Arau-hausteak.

1. Hona hemen arau-hauste arinak:

a) Animaliaren galera ez salatzea.

b) Ez saihestea animaliak eraso egitea edo edozein deserosotasun eta eragozpen sortzea pertsonei eta beste animalia batzuei edo besteen ondasunetan kalteak eragitea.

c) Kasuan kasuko animalia edukitzeko beharrezkoak diren baimenak edo lizentziak ez lortzea.

d) Animalia deslaiei edo abandonatuei elikagaiak ematea, bai eta bestelakoei ere, ondorioz eremu publikoetan, orubeetan edo higiezinetan eragozpenak, kalteak edo osasungaiztasun guneak sortzen badira.

e) Animaliek bide eta espazio publikoak zikintzen uztea eta lagun egiteko animaliak bide publikoetan egindako libratzeak berehalakoan ez biltzea.

f) Edozein espezietako animalia hilak eremu publikoan abandonatzea.

g) Ordenantza honetako betebeharren kontrakoa den edo debekuak hausten dituen beste edozein jarduketa, arau-hauste larri edo oso larri gisa sailkatuta ez badago.

2. Hona hemen arau-hauste larriak:

a) Animaliei tratu txarra ematea, mina, sufrimendua edo ezintasunik ez dakarten lesioak eraginez.

b) Aplikatu beharreko araudian aurreikusitako nahitaezko txertaketak eta tratamenduak ez egitea.

c) Animaliak higiene eta osasun baldintza egokietan edo aplikatu beharreko araudian finkatutako baldintzetan ez edukitzea.

d) Animaliei albaitariaren aldetik behar duten laguntza ez ematea.

e) Animaliak hazi eta merkaturatzea behar diren baldintzak bete gabe.

f) Animalien borroketara joatea.

g) Kalez kaleko salmentan aritzea, baimendutako instalazio, feria edo merkatuetatik kanpo.

h) Gaixorik dauden animaliak saltzea, jakinaren gainean egon arren.

e) Agintari eskudunek edo haien agenteek eskatzen dituzten datu eta argibideak emateari uko egitea edo eman nahi ez izatea, baita argibide okerrak edo dokumentazio faltsua ematea ere.

j) Arau-hauste arin bat baino gehiago egitea 3 urteko epean, ebazpen irmo baten bidez halakotzat jo bada.

k) Animalia ate, portal edo portxeetan libratzea edo pixa egitea.

3. Hona hemen arau-hauste oso larriak:

a) Animaliei tratu txarrak ematea, baliaezintasuna edo heriotza eraginez.

b) Animaliak abandonatzea.

c) Animaliak mutilatzea helburu estetiko hutsengatik, albaitariek egindakoak salbu.

d) Elikagai pozoituak uztea espazio eta toki publikoetan, salbu eta enpresa baimenduek erabiltzen dituztenak izurriteak kontrolatzeko.

20. artikulua. Zehapenak.

Aurreko artikuluan aipatutako arau-hausteei isun hauek ezarriko zaizkie:

100 eurotik 500 eurora bitarte, arau-hauste arinak.

501 eurotik 2000 eurora bitarte, arau-hauste larriak .

2001 eurotik 30.000 eurora bitarte, arau-hauste oso larriak.

21. artikulua. Zehatzeko eskumena.

1. Aurreko ataletako zehapenak ezartzeko eskumena izanen dute:

a) Nekazaritza eta Arrantza Departamentuak, errentako eta esperimentazioko animaliei dagozkien arau-hauste guztietan.

b) Barne Departamentuak, lagun egiteko animaliei dagozkien zehapen oso larri eta larriak ezartzeko.

c) Zarrakazteluko Udalak, lagun egiteko animaliei edo pertsonei dagozkien zehapen arin edo larriak ezartzeko.

22. artikulua. Zehapenak mailakatzea.

Zehapenen mailakatzea eginen da irizpide hauei jarraituz:

Arau-hausteak gizartean edo osasunean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

Irabazteko asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin ekonomiko atera den.

Animaliari eragindako kaltearen garrantzia.

Arau-hausteetan berrerortzea.

Arau-haustearen gaitzespen mailan eragina izan dezakeen beste edozein, izan aringarri izan astungarri.

23. artikulua. Datu pertsonalen fitxategia sortzea.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistro bat sortzeak datu pertsonalen bilketa eta tratamendua eskatzen du eta horiek Udalaren ardurapeko fitxategi batean erregistratzea. Ondorioz, ondoko ezaugarriak eta egitura dituen fitxategi bat sortu beharra dago:

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroa.

–Xede eta erabilera aurreikusiak: arriskutsuak gerta daitezkeen animalien zentsua izatea, halako animaliak edukitzeko lizentzia ematea eta lizentzia hori emateari dagokion tasa kobratzea.

–Datuak nondik eta nola biltzen diren: interesdunek emanen dituzte, lizentzia idatziz eskatzean.

–Norbanako eta talde ukituak: udalerrian bizi diren animalia arriskutsuen jabeak.

–Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Identifikazio datuak: izen-deiturak, helbidea, IFZ, imagina, telefonoa.

Ezaugarri pertsonalen datuak.

Osasunarekin ikusteko duten datu pertsonalak (gaitasun fisikoa eta psikikoa).

Datu ekonomikoak, finantzarioak eta aseguruenak.

–Tratamendurako erabilitako sistema: papera.

–Datuen komunikazioa: ez dago aurreikusia.

–Organo arduraduna: Zarrakazteluko Udala.

–Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Zarrakazteluko Udala.

–Segurtasun maila: handia.

Datu Pertsonalen Babesari buruzko 15/1999 Legearen 20. artikuluan ezarritakoari jarraituz, fitxategia sortuko da xedapen orokor baten bidez eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Lehen xedapen gehigarria.

Ordenantza honetan espresuki aurreikusten ez den orotan honako hauek aplikatuko dira:

–Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzearen gaineko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta lege hori garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua (azaroaren 30eko 1570/2007 Errege Dekretuak aldatua).

–Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; Ingurumena Babesteko Jarduera Sailkatuen Kontrolari buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legea; Animaliak babesteari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea; Itsuendako gida-zakurrak arautzen dituen apirilaren 4ko 7/1995 Foru Legea eta animalien osasunari, ingurumenari eta animalien ekoizpenari buruzko xedapen orokorrak nahiz aplikagarriak diren gainerako guztiak.

Bigarren xedapen gehigarria.

Alkateari edo hark espresuki eskuordetzen duen organoari ahalmena ematen zaio ordenantza hau interpretatu, garatu eta aplikatzeko garaian beharrezkoak diren agindu eta xedapen guztiak emateko.

Hirugarren xedapen gehigarria.

Ordenantza honetan araututako jardueren titularrek sei hilabeteko epea izanen dute araudi honetara egokitzeko, udal bandoa argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laugarren xedapen gehigarria.

Ordenantza fiskal honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako izapideak bete ondoan hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1404361