2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
AZAGRA
Aldaketa, Gizalegezko jokaeren sustapena eta espazio publikoen babesa arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena
2014ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 14an, Azagrako Udalak osoko bilkuran hartutako erabakia, hasiera batez onesten zuena Gizalegezko jokaeren sustapena eta espazio publikoen babesa arautzen dituen ordenantzaren zenbait artikulutan aldaketa egiteko espedientea.
Jendaurreko epea iragan baita alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onespena argitaratzen da indarra har dezan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Ordenantzaren 28, 29 eta 30. artikuluek idazketa hau izanen dute:
28. artikulua. Arau-hauste oso larriak.
Oso larriak dira ondokoa eragiten duten arau-hausteak:
a) Herritarren bizikidetza modu larri, berehalako eta zuzenean trabatzea, bertze pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez; betiere, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Legearen IV. kapituluan aurreikusitako motetan sailkatu ezin diren jokaerak badira.
Betiere, arau-hauste oso larria izanen da asotsak egitea, 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga 10 dezibeletan (dBA) baino gehiagotan gainditzen bada.
b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.
c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.
d) Zerbitzu publiko baten hornidura, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak modu larrian hondatzea.
e) Eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea. Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei haientzat prestatutako tokian iragan daitezen nahita eta modu larrian galaraztea, baimenik izan gabe.
f) Eremu publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri nahiz higiezin, modu larrian hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunean eragindako nahasmenduen ondorioz ez direnean. Betiere, arau-hausteak dira jokabide hauek:
1.–Seinale publikoak hautsi edo erauzi edo haietan pintaketak egin edo kalteak sortzea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.
2.–Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak nahita edo erru larria izanda erretzea.
3.–Eremu publikoan eta parke eta lorategietan dauden zuhaitzak hautsi edo deusetarako ez direla uztea.
g) Ordenantza honetan aipatu diren animaliekin anker jokatu, tratu txarrak eman edo eraso fisikoak egitea, baita haiek abandonatzea ere.
h) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako ekintzak edo hutsegiteak, pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala arriskuan jartzen dutenak.
i) Larrialdiko zerbitzuak bidegabeki eta maltzurkeriaz mugiaraztea.
j) Herriko argien edozein sistema nahita itzaltzea.
k) Errespetua galtzea, hutsegite oso larria baldin bada, edo desobeditze oso larria, agintaritzako agenteek debekatu ondoan norbaitek arau-hauste oso larria egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondoan agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.
l) Urtebetean hiru arau-hauste larri edo gehiago egitea.
29. artikulua. Arau-hauste larriak.
Arau-hauste larriak honako hauek dira:
a) Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, bertze pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, betiere herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian aurreikusi gabeko jokaerak badira.
Betiere, arau-hauste larria izanen da asotsak egitea, 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga 3 - 10 dezibeletan (dBA) gainditzen bada.
b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu larrian trabatzea bertze pertsona batzuei. Nolanahi ere, arau-haustea izanen da bide edo eremu publikoetan terrazak edo mahaitxoak jartzea Udalaren baimenik gabe.
c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu larrian trabatzea.
d) Zerbitzu edo eremu publiko bateko ondasunak modu larrian hondatzea.
e) Osasungarritasun edo apaindura publikoa modu larrian trabatzea. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:
1.–Estolderia-sarera edo eremu edo espazio publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ibiltzea eragozten dutenak edo osasungaiztasun arriskua sortzen dutenak.
2.–Eremu publikoan janariak edo edariak saltzea, Udalaren baimenik gabe.
f) Oinezko edo ibilgailuen ohiko joan-etorriak nahita eragoztea haientzat prestatutako lekuetan.
g) Errespetua galtzea, hutsegite oso larria baldin bada, edo desobeditze oso larria, agintaritzako agenteek debekatu ondoan norbaitek arau-hauste oso larria egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondoan agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.
h) Arau-hauste arina egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo bertze batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu larria eragitea.
i) Ikuskaritza lana oztopatzea, udal ordenantza honetako nahiz gainerakoetako aginduen kontra arau-haustea eginda. Honi dagokionez, nork bere nortasuna adieraztean datu faltsuak ematea edo nork bere nortasuna adierazteari uko egitea oztopatzetzat joko dira, Udalak kanpoko baliabideak erabili behar baditu hura ikasteko.
j) Edozein motatako eskaintza edo jokoa, dirua edo ondasunak jokatzea ekartzen badute.
k) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.
30. artikulua. Arau-hauste arinak.
Arau-hauste arinak honako hauek dira:
a) Herritarren bizikidetza modu arinean trabatzea, bertze pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez; betiere, herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian aurreikusi gabeko jokaerak badira. Betiere, arau-hauste arina izanen da:
1.–Asotsak egitea, 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga 3 dezibeletan (dBA) baino gutxiagoan gainditzen bada.
2.–Espazio publikoetan lagun egiteko animaliak eramatea uhal edo kateaz lotu gabe, horretarako baimenik izan ezean.
3.–Eremu publikoan su egitea.
b) Zerbitzu edo eremu publikoa erabiltzeko eskubidea modu arinean trabatzea bertze pertsona batzuei. Betiere, arau-hauste arina izanen da:
1.–Bide edo espazio publikoetan terrazak edo mahaitxoak paratzea, udal baimenik izan gabe.
2.–Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea baimenik gabe.
3.–Eremu edo espazio publikoetan terrazak edo mahaitxoak instalatzea, baimendu baino leku handiagoa okupatuta.
4.–Baimenik gabe kanpatzea.
5.–Espazio publikoetan edozein elementu jartzea, baimenik gabe. Halaber, autoak espazio publikoetan garbitu edo konpontzea.
c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu arinean trabatzea. Betiere, arau-hauste arinak dira:
1.–Iturri edo urmael publikoetan bainatzea.
d) Zerbitzu edo eremu publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea. Betiere, arau-hauste arina izanen da:
1.–Edozein ondasun edo espazio publikotan pintaketak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.
2.–Zuhaitz, landare eta lorategi publikoetan kalteak sortzea.
e) Osasungarritasun edo apaindura publikoak modu arinean trabatzea. Betiere, arau-hauste arina izanen da:
1.–Eremu publikoak lagun egiteko animalien gorotzez zikindu eta ez garbitzea.
2.–Propaganda edo publizitatea zabaltzea, ordenantza honetan ezarritakoa hautsita.
3.–Eremu publikoan pixa, kaka edo listu egitea.
4.–Eremu publikoan zaborra edo bertze edozein elementu bota edo bertan uztea.
5.–Oihu egitea, trabak sortzeko modukoa baldin bada.
6.–Ibilgailuak abandonaturik uztea, jendearen higiene, osasun eta segurtasunerako arriskutsuak izaten ahal badira.
f) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako eginak eta ez eginak, aitzineko artikuluetan aurreikusi ez direnak.
g) Baimen baten baldintzak ez betetzea, betiere sailkapen larriagorik merezi ez badu.
h) Udal ordenantza honetako edo gainerakoetako aginduen kontra arau-haustea egin ondoan nork bere nortasuna zuzen adierazteari uko egitea, horrek zailtasun arina badakar.
i) Errespetu falta edo desobeditze arina, agintaritzako agenteek debekatu ondoan norbaitek arau-hauste arina egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondoan agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.
Azagran, 2014ko martxoaren 31n.–Alkatea, Ismael Pastor Murgui.
Iragarkiaren kodea: L1404740