Iragarkia
77. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
150/2014 FORU AGINDUA, martxoaren 24koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, larrialdietako ekintza humanitario espezializatuaren arloko diru-laguntzetarako deia egiten duena 2014rako.
Krisi egoerei aurre egiteko gaitasun txikia duten populazio ahuletan naturak edo gizakiak eragindako hondamendien kopuruak gora egin izanak nazioartearen erantzun humanitario azkar eta espezializatua eskatzen du. Nafarroako erakundeak, gure Foru Komunitatearen gizarte kontzientziari adi, funtsak bideratzen ari dira Garapenerako Laguntza Ofizial gisa, zehazki, laguntza humanitariorako eta larrialdietarako, giza tragedia horien ondorioak gutxitzeko eta herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrean laguntzeko ekarpen solidario gisa.
Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren arloko printzipioak, helburuak eta bitartekoak ezartzen ditu, besteak beste. 14. artikuluan adierazten da funts publikoak ere erabiliko direla garapenerako lankidetzako ekintzak sustatzeko, eta, zehazki, 13. artikuluan adierazten da lankidetzaren modalitateetako bat laguntza humanitarioa dela, larrialdi egoeran edo berehalako arriskuan dauden populazioei laguntzeko eta horiek berregokitzeko laguntza ekonomiko gisa.
Nafarroako Lankidetzaren II. Plan Zuzentzaileak (2011-2014) bere egiten ditu “Good Humanitarian Donorship - Dohaintza Humanitario Egokiaren” printzipioak. Izan ere, printzipio horrek adierazten du, besteak beste, eraginkortasun, eragimen eta profesionaltasun handieneko baldintzetan aritzeko moduko esperientzia eta gaitasuna duten entitateak izan behar direla ekintza humanitario hori aurrera eramanen dutenak; eta hori bateragarria da gauzak borondatez edo arrazoi altruistek bultzatuta egitearekin.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, betebeharrak eta erantzukizunak, baita diru-laguntzak esleitu, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.
Horrenbestez, beharrezkoa da urteko deialdi baten bidez ezarri eta finkatzea ekintza humanitario espezializatuko proiektuak 2014an gauzatzeko diru-laguntzak arautuko dituzten oinarriak, diru-laguntza horietan publizitate, gardentasun, lehia, objektibotasun, berdintasun, kontrol eta bereizkeriarik ezaren printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eragimenaren printzipioa, eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko orduan berdintasun eta eraginkortasun printzipioa ere.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak, 11/2012 Foru Dekretuaz aldatuak, emandako ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Lehendabizikoa.–Ekintza humanitario espezializatuaren arloko diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak onestea, 2014rako.
Bigarrena.–Guztira 240.000,00 euroko gastua baimentzea, 2014. urtera luzatu den 2012. urteko gastuen aurrekontuko “Nazioarteko larrialdietarako laguntzak” izeneko 900004 91630 4819 143103 kontu-sailaren kargura.
Hirugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Laugarrena.–Foru agindu hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora eta Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.
Bosgarrena.–Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2014ko martxoaren 24an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.
I. ERANSKINA
Larrialdietako ekintza humanitario espezializatuaren
arloko diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak, 2014rako
Lehena.–Xedea eta helburua.
1. Gizarte Politiketako Departamentuak 2014rako diru-laguntzak banatzeko deialdi bat egin du, nazioarteko lankidetzan espezializatuta diren garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE aurrerantzean) garapen bidean diren herrialdeetan ekintza humanitarioaren arloan egindako esku-hartzeak finantzatzeko.
2. Deialdi honen ondorioetarako, ekintza humanitariotzat hartuko dira populazioen aldeko jarduketa ez-baztertzaileak, bereziki, garapen bidean diren herrialdeetako populazio ahulenen aldekoak. Laguntza hau hondamendi naturalek edo giza jatorria duten gatazkek eragindako mugako egoeretarako da, eta haien oinarrizko helburua da ukitutako pertsonen eta erkidegoen oinarrizko eta berehalako beharrei erantzutea. Honako hauek dira helburuak:
a) Larrialdiko fasean, laguntza eta babesa ematea hondamendien biktimei, izan hondamendi naturalak edo gizakiak sortuak, eta hondamendien zuzeneko ondorioen biktima direnei, oinarrizko ondasunak eta zerbitzuak emanez, bizirik jarrai dezaten bermatzeko eta ukitutako pertsonen sufrimendua arintzeko.
b) Krisi humanitario kronikoetan, behar den laguntza eta sorospena ematea ukitutako populazioei, bereziki, populazio horiek ezin dutenean sorospenik jaso beren agintariengandik, edo inongo aginterik ez dagoenean.
Jarduketa hauen bidez, ondoko ondasun eta zerbitzuen hornidura eginen da, zuzenean, presaz eta berehalakoan:
a) Osasun zerbitzuak: osasun laguntza herritarrentzat, hondamendi naturalak, gatazka armatuak eta endemia, pandemia eta epidemien gorakadak daudenean. Arreta psikosozialeko esku-hartzeak ere sartzen ahal dira, gatazka armatu edo hondamendi natural baten eraginpeko populazio ahulenaren kaltea arintzearren.
b) Hezkuntza zerbitzuak: kalitateko hezkuntza emateko helburuz larrialdietan edo krisi kronikoetan, eragina izan dezan krisiaren ondorio psikosozialean, eta haurrak izan daitezen onuradun nagusiak.
c) Elikagaien banaketa eta nutrizioa, elikadura arloko segurtasuna bermatzeko, gaizki elikatutako populazioan bereziki.
d) Ura eta saneamendua, herritarrek edateko ura, behar den kopuruan eta kalitatekoa, izan dezaten.
e) Elikagaiez bestelako elementuak banatzea, higieneko kit-ak eta herritarrek bizirik irauteko oinarrizko babes egiturak, batez ere herritar desplazatu eta errefuxiatuentzat.
3. Garapen bideko edo trantsizioko herrialde edo lurraldetzat hartuko dira ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordearen (GLP) onuradunen egungo zerrendan daudenak.
4. Esku hartzeko proposamenean jarduketaren proposamen orokor bat aurkeztuko da, eta, bertan, hondamendi egoera baten aurrean erantzuteko estrategiak, akordioak eta erabili beharreko prozedurak jasoko dira; alegia, hondamendi horrek larri kaltetutako jendearen behar humanitarioei erantzuteko erabiliko direnak. Gizarte Politiketako Departamentuaren eta entitate onuradunen artean erabakiko da nola jokatu aurrera eramaten diren misio jakinetan, larrialdi edo krisi egoerak gertatzen diren unean.
Bigarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria.
Helburu horietarako, guztira, 240.000,00 euro bideratuko dira, “Nazioarteko larrialdietarako laguntzak” izeneko 900004-91630-4819-143103 kontu-sailaren kargura, 2014ra luzatutako 2012ko gastuaren aurrekontutik.
Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.
Deialdi honen xede diren diru-laguntzak hartu ahal izateko garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) betebehar hauek izanen dituzte:
a) Pertsona juridikoak izatea, legez eratuak bere izaera juridikoaren arabera, eta inskribatuak egotea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan.
b) Entitatearen egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatean izatea.
c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdi honen xedeko diru-laguntzen onuradun izan.
d) Plan estrategikoa edo antzeko dokumenturen bat, ekintza humanitarioari buruzkoa, edukitzea, eta nazioarteko ekintza humanitarioa izatea erakundearen helburua, estatutuetan hala berariaz jasota.
e) Berariazko esperientzia frogatzea laguntza humanitarioko eta larrialdietako ekintzetan, deialdiaren dataren aurreko zortzi urteetatik azkeneko seietan, eta gutxienez 12 ekintza eta bi milioi euroko kudeaketa.
f) Xedeko tokian bazkide edo kontraparte bat izan dezakete, jarduketa gauzatzeaz arduratuko dena. Bazkideak pertsona juridikoa izan beharko du, herrialde onuraduneko legediaren arabera.
Laugarrena.–Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.
Diru-laguntzak hartu ahal izateko, entitateek aurkezten dituzten ekintza humanitarioko esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Deialdiaren 1. oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetako printzipioei egokitzea.
b) Zeharkako kostuak ez dira izanen esku-hartzearen kostu osoaren %10etik gorakoak.
c) Jarduketak 2014. urtean gauzatuko dira, laguntza emateko ebazpenaren egunetik aurrera.
d) Gehienez ere 120.000,00 euro emanen dira.
Bosgarrena.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.
1. Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, Estatukoek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.
2. Emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, esku-hartzearen kostua.
Seigarrena.–Eskaerak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Entitate bakoitzak eskaera bat aurkezten ahalko du gehienez.
3. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusian (Iruñeko Abejeras kalea, 1; 31007 edo González Tablas kalea, 7; 31005) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako tokietan; azken kasu horretan, Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari egun berean jakinaraziko zaio, posta elektronikoaren bidez (servcoopdes@navarra.es), eskaera igorri dela. Eskaerak posta bulegoen bidez aurkezten badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, eguna eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu baino lehen.
Zazpigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.
Entitate eskatzaileek inprimaki ofizial batean eginen dute eskaera, eta dokumentazio hau gehituko diote:
A) Entitate eskatzailearen agiriak:
a) Hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada). Agiri horiek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute:
a.1) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKEen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean.
a.2) Hirugarren oinarriaren c) atalaren arabera onuradun izatea galarazten duten arrazoirik ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.
a.3) Plan estrategikoa edo antzeko dokumentua, ekintza humanitarioari buruzkoa.
a.4) Entitatearen estatutuak.
a.5) Ekintza humanitarioko eta larrialdietako esku-hartzeen zerrenda, azken zortzi urteetakoa, ekintza bakoitzaren zenbateko ekonomikoa zehaztuta.
b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek ekintza humanitarioan parte hartuz gero, langile horien izenen zerrenda eta proiektuan egin beharreko eginkizunak eta haien lanaren iraupena aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizuneko aitorpena, beren lana proiektuaren esparruko zereginekin bateragarria dela dioena.
c) Dirua transferentziaren bidez jasotzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako diru-laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada.
B) Baloraziorako dokumentazioa:
b.1) Jarduteko proposamena, inprimaki ofizialean, paperean zein euskarri informatikoan.
b.2) Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, segurtasun protokoloak dituela dioena, kontingentzia eta ebakuazio planak barne, eta protokolo horiek bere langileei aplikatzen zaizkiela, bai atzerriratuei bai bertakoei.
b.3) Azken 4 urteetako bakoitzeko kontuak.
b.4) Dokumentazio grafiko, tekniko eta ekonomikoa (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak, lurren peritazioa eta abar), eta eskaeraz ongi jabetzeko beharrezkotzat jotzen den bestelako dokumentazioa.
C) Diru-laguntza emanez gero, esku-hartzearen gaineko dokumentazioa:
c.1) Esku-hartzearen memoria tekniko eta ekonomikoa, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan.
c.2) Esku-hartzearen kokapenaren mapa zehatz bat.
c.3) Dokumentazio grafiko, tekniko eta ekonomikoa (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak, lurren peritazioa eta abar), eta esku-hartzeaz ongi jabetzeko beharrezkotzat jotzen den bestelako dokumentazioa.
c.4) Ekintza tokiko bazkide batek gauzatuz gero, eta hirugarren oinarriko f) atalean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada), edo dokumentazioaren edukia aldatu bada. Tokiko bazkidearen dokumentazioa Administrazioak baldin badu, dokumentazio hori zer espedienteri erantsi zitzaion, haren zenbakia adierazi beharko da:
–Estatutuak.
–Legezko eraketaren sinestamendua, proiektuaren onura hartzen duen herrialdeko berezko legeen araberakoak.
–Legezko ordezkariaren sinestamendua.
Tokiko bazkidea administrazio publiko bat bada, dokumentazio horren guztiaren ordez, administrazio horren legezko ordezkaria nor den eta administrazio horrek esku-hartzean parte hartzen duela frogatzen duen agiria aurkezten ahalko du.
Zortzigarrena.–Diru-laguntza emateko prozedura eta prozeduraren instrukzioa.
1. Norgehiagokako prozedura erabiliko da diru-laguntzak emateko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan aurreikusitako moduan.
2. Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzua izanen da instrukzio organoa. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko betebeharrak betetzen direla eta eskaerak ofizioz baloratuko ditu, oinarri hauen arabera.
3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondotik aipatzen diren kasuetan interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren:
a) Eskaeran identifikazio datuak ez jasotzea, dela eskatutako diru-laguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.
b) Zazpigarren oinarriaren A, b.2 eta b.3 ataletan aipatzen den dokumentazioan akatsak izatea.
c) Laugarren oinarrian aipatutako esku-hartzearen baldintzetan akats materialak izatea.
d) Aurrekontua aldatzea eskatzen duten arazoak (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautatu ezin diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo desbideratze horiei aurre egiteko.
e) Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 70. artikuluan aurreikusitako edozein.
Gainerako kasu guztietan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagozkion guztietan, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.
Bederatzigarrena.–Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.
1. Eskaerak zein bere aldetik baloratuko dira, 0tik 100 puntura arteko eskalan, hurrengo irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta, eta eskaeraren inprimakian eskatzen den informazio guztiari jarraituz.
1.1. Entitate eskatzaileak erakunde aldetik duen gaitasuna (70 puntu gehienez).
A) Gaitasun estrategikoa: (40 puntu gehienez).
–Ekintza humanitarioaren plan estrategikoaren edo antzekoaren analisia (40 puntu gehienez).
–Proposamena plan estrategikoan sartzearen justifikazioa (5 puntu gehienez).
–Esku-hartzearen eremua aukeratzeko erabilitako irizpide nagusiak (10 puntu gehienez).
–Segurtasunerako protokoloak, toki eragileekin koordinatzekoak eta ekintza humanitarioarekin lotutako beste batzuk izatea eta haien funtsa. (10 puntu gehienez).
B) Jarduteko gaitasuna eta finantza-gaitasuna (30 puntu gehienez).
–Larrialdietarako ekipamendu teknikoa eta eskura dauden beste baliabide batzuk (6 puntu gehienez).
–Larrialdietan erreakzionatzeko batez besteko denbora eta larrialdiari erantzuteko baliabideak (6 puntu gehienez).
–Azkeneko 8 urteotan ekintza humanitarioaren arloan izandako esku-hartzeak (6 puntu gehienez).
–Ekintza humanitarioaren arloan, entitate eskatzaileak azken 8 urteotan kudeatu dituen funtsen bolumena (6 puntu gehienez).
–Nafarroan duen ezarpena (6 puntu gehienez).
1.2. Proposamen orokorraren kalitate teknikoa: (30 puntu gehienez).
–Dohaintza Humanitario Egokiaren Printzipioekin nola egokitzen den (5 puntu gehienez).
–Nafarroako Lankidetzaren II. Plan Zuzentzailearen zeharkako ikuspegiekin nola egokitzen den (5 puntu gehienez).
–Esku hartzeko metodologia; beharren identifikazioa: pertsona onuradunak identifikatu eta hautatzea (5 puntu gehienez).
–Tokiko gaitasunak identifikatu eta indartzea (5 puntu gehienez).
–Toki erakunde eta agintariak koordinatu eta indartzea (5 puntu gehienez).
–Arriskuen analisia (5 gehienez).
2. Diru-laguntzaren eskaera aintzat hartua izateko, esku-hartzeak gutxienez ere 60 puntu lortu beharko ditu.
3. Diru-laguntza eskatutakoa adinakoa izanen da, eta entitate bakoitzari diru-laguntza bakarra emanen zaio esku-hartze bakoitzeko.
4. Positiboki baloratzen diren programetarako eskatutako zenbateko guztiek aurrekontuetan horretarako dagoen dirua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta diru-laguntzak muga horretaraino banatuko dira. Prozedura horren arabera diru-laguntza eskuratzen ahal duen azken proiekturako eskatutako diruak hura finantzatzeko gelditzen den zenbatekoa gainditzen duenean, diru-laguntza proposatuko da haren kontzesioa efizientea bada, eta kasu horretan eskaera berregiteko eskatuko da, helburua eta ezaugarriak aldatu gabe, proiektuaren konpromisoak eta baldintzak eman daitekeen diru-laguntzara egokitzeko. Aldaketa eginda, aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta, halakorik badago, hasiera batean antzeko baldintzetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino. (eskaeran kofinantzaketarako adierazitako ehuneko bera mantenduko da).
5. Bi eskaerak azken puntuazio bera badute, proposamen orokorraren kalitate teknikoaren atalean puntuazio handiena duena hobetsiko da lehentasun ordenan.
Hamargarrena.–Baloratzeko epeak eta ebazpena.
1. Instrukzio organoak eskaeren balorazio txostena igorri beharko du haiek aurkezteko epea bukatu eta hilabeteko epean, gehienez ere.
2. Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio deialdia ebaztea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenen ondorioz. Foru dekretu hori urriaren 17ko 111/2012 Foru Dekretuak aldatu zuen.
3. Ebazpen horretan honako hauek agertuko dira: diru-laguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkion, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.
4. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta sei hilabetean ebazpen espresik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat joko dira.
Hamaikagarrena.–Jakinarazpena.
Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.
Hamabigarrena.–Diru-laguntzaren aurrerakinak.
Gardentasun betebeharra bete ondoren, diru-laguntzaren ordainketa aurreratua eginen da. Betebehar hori deialdi honen hamazazpigarren oinarri arautzailean eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarrita dago.
Hamahirugarrena.–Diru-laguntzaren justifikazioa.
1. Entitate onuradunek jarraipenaren txostena aurkeztu beharko dute 2014ko azaroaren 30a baino lehen, baita azken txostena ere esku-hartzea(k) bukatu eta hiru hilabeteko epean; bi kasuetan, esku-hartzearen gauzatzeari buruzko txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko dute, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan; inprimakia Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuan eskuratzen ahal da, edo Nafarroako Ataritik (www.cooperacion.navarra.es) deskargatu. Diru-laguntzak ematen dituen administrazioak esku-hartzea gauzatzeko epe luzeagoa baimenduz gero, kasuan kasuko baimenean xedatutakoak aginduko du.
2. Txostenek justifikazio-kontuaren itxura izanen dute, eta gastua justifikatzen duten agiriekin batera aurkeztuko dira. Hurrengo elementu hauek jasoko dituzte:
a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizuneko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.
b) Txosten teknikoa esku-hartzearen betetze mailari buruz, eredu ofizialaren araberakoa, lorturiko helburuak eta emaitzak eta eginiko jarduerak zehaztuko dituena gutxienez; horren guztiaren egiaztagiriak erantsiko dira.
c) Esku-hartzearen diru-sarreren eta gastuen balantzea; bertan, jarduera finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrera, diru-laguntza edo laguntza publiko zein pribatuen zerrenda zehaztua agertuko da, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.
d) Gastu guztien zerrenda, jardueraren eta gastu motaren arabera sailkatuta. Gastu bakoitzean honako hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, egiaztagiriaren zenbakia eta data, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan. Zerrendarekin batera, aurrekontua gauzatzeari buruzko memoria zehaztua aurkeztuko da.
Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko. Horrek laginen bidez berrikusten ahalko ditu. Egiaztagiriak fakturak izanen dira, eta halakorik ezean, banku-laburpenak, ordainagiriak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Egiaztagiri horiek, betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte eta ordainketa egin dela frogatu beharko dute. Gastuak Espainian gertatuz gero, frogagiriak jatorrizkoak izanen dira; gainerakoan, fotokopiak, tokiko bazkideak edo kontraparteak behar bezala frogatuak. Frogagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira.
e) Truke tasak frogatzen dituen bankuko dokumentuak.
f) Onetsitako aurrekontua eta gauzatutakoa erkatzen dituen taula, desbideratu dena adierazita.
g) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatze edo martxa onaren berri emateko.
3. Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuak, diruz lagundutako jardueraren behar bezalako justifikazioa egiaztatu ondoren, diru-laguntzari buruz dagokion administrazio espedientea itxiko du, eta horren berri emanen zaio entitate onuradunari.
4. Tokiko bazkidea nazioarteko erakunde bat bada, Espainiak izenpetutako nazioarteko akordio edo itunetan legez ezarritako moduan eman beharko ditu kontuak.
Hamalaugarrena.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak kontu-sail hauetan sartzeko modukoak izanen dira:
A) Zuzeneko gastuak:
a.1) Azpiegiturak konpontzea larrialdi fasean.
a.2) Larrialdiko laguntza humanitarioarekin lotutako ekipamenduak, materialak eta hornidurak.
a.3) Langileen arloko gastuak.
a.4) Bidaiak, ostatua eta dietak. Esku-hartzea gauzatzeko behar diren langileen joan-etorriekin eta esku-hartzearen onura hartzen duen populazioaren joan-etorriekin lotutako gastuak dira.
B) Zeharkako gastuak.
Proiektuaren zeharkako kostuengatik %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio diru-laguntzari. Zeharkako kostuak dira entitate onuradunaren gastu administratiboak (langileen gastuak, egoitzetakoak, bulegoko materialenak eta bestelako ohiko gastuak) eta esku-hartzeari jarraipena egitearen ondoriozkoak, helburu hori duten bidaiak barne.
Gastuak frogatzeko hamaikagarren oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio, salbu eta egiaztatzen zailak diren gastuak badira. Hala gertatuz gero, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekin duen lotura eta arau orokorren arabera justifikatzea ezinezkoa izatearen arrazoiak. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki gauzatu dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru-kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo diru-laguntzaren %3 gaindituko.
2. Diru-laguntzen xedeko gastuak ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik gorakoak izanez gero eta Europar Batasunaren barnean kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.
3. Ondoko gastu hauek ez dute inola ere diru-laguntza jasoko:
–Protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrera ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.); hegazkin edo tren gastuen kasuan, turista-klasean edo antzekoan egiten direnek soilik izanen dute diru-laguntza.
–Zeharkako zergak, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal direnean, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.
Hamabosgarrena.–Azpikontratazioa.
Entitate onuradunak edo tokiko bazkideak azpikontratazioa egiten ahal du hirugarrenekin esku-hartzearen zati bat gauzatzeko, diruz lagundutako aurrekontuaren %15eraino gehienez, betiere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamaseigarrena.–Betebeharrak.
Esku-hartze jakin baterako diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Esku-hartzea gauzatzea eskaeran, egin beharreko lanen agirian edo agirietan eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan. Gauzatzeko epea aldatu edo epe barrenean betetzea zailtzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 49. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritako moduan jokatuko da.
b) Gizarte Politiketako Departamentuaren baimena eskatzea eta hura lortzea diru-laguntzaren xede den ekintzan aldaketak egiteko, ekintza hori burutzen ari den bitartean herrialdean edo entitate onuradunaren egoitzan ekintza garatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak gertatzen direnean; funtsezko aldaketatzat joko dira helburuak, emaitzak, xedeko populazioa, kokagunea eta tokian tokiko bazkidea ukitzen dituztenak, baita diru-laguntza jaso duten kontu-sailen arteko aldaketak ere, orotara emandako diru-laguntzaren %20 baino gehiago egiten dutenak. Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.
c) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza hartu ondoren edozein erakunde publiko edo pribaturi helburu bererako eskatu eta horrek emandako diru-laguntzen zenbatekoa jakinaraztea. Jakinarazpen hori azken justifikazio txostenean egin beharko da.
d) Organo emaileari betebeharrak eta baldintzak bete direla, diru-laguntzaren xedeko jarduera egin dela eta diru-laguntza hartzeko helburua lortu dela justifikatzea, deialdi honen hamahirugarren oinarrian aipatzen den azken txostenaren bidez. Justifikatutako zenbatekoa diru-laguntzaren zenbateko aurreratua baino txikiagoa izatera, erabili ez diren funtsak itzuliko dira, organo kudeatzaileak emandako ordainketa gutunaren bidez.
e) Diru-laguntzak emateko ebazpenaren proposamena egiten denean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak izatea.
f) Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 25., 27. eta 28. artikuluetan lankidetzako langileei eta bolondresei buruz jasotako betebeharrak betetzea.
g) Nafarroako Gobernuari proiektuaren zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako iritzi publikoa garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.
h) Proiektuaren zabalkunde eta publizitate guztietan diru-laguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan. Diru-laguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du, eta berdin ikusteko moduan.
i) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, bai eta kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamahirugarren oinarriaren 2. atalean aipatzen diren gastu-egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) idatz-zatia urratu dela.
j) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.
k) Hartutako funtsak itzultzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hamaseigarren eta hamazazpigarren oinarrietan jasotako kasuetan, eta Gizarte Politiketako Departamentuak baimendutako esku-hartzeetarako aurreratutako funtsak agortzen ez diren kasuetan.
l) Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetuz gero, onuradunek ondasunak diru-laguntzaren helbururako erabili beharko dituzte, gutxienez ere hamabost urterako, erregistro publikoan inskribatu beharreko ondasunak izanez gero, edo hiru urterako, bestelako ondasunak izanez gero.
m) Diru-laguntzen aurrerakinak ezin badira berehala igorri xedeko herrialdera, entitate esleipen-hartzaileak ezin izanen ditu funts horiek utzi kanpoko gorabehera kontrolaezinen mende, eta inbertsioak bakarrik onartuko dira funtsak ez transferitzeko zergatikorik bada, inbertsioak arriskurik ez badu eta bermaturik badago.
n) Soberako funtsak itzultzea, Gizarte Politiketako Departamentuak baimendutako esku-hartzeetan aurreratutako funtsak agortzen ez diren kasuan.
Hamazazpigarrena.–Gardentasunerako betebeharrak.
Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasunerako betebeharra bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek suertatzen badira:
a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen direnetz zehaztearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.
b) Behar denean, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.
Aipatu inguruabarrak gertatzen badira, gardentasunerako betebeharraren mende dauden entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu ondoren aurkeztuko da Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo argitaratzen den egunetik hasita, argitaratuz gero.
Informazio hori urtebetez eskura egonen da Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, 15 hilabeteko muga gainditu gabe informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskatutakoa gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.
Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.
Entitateak ekitaldi berean ondoz ondoko diru-laguntzak jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzean, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hemezortzigarrena.–Ez-betetzeak.
1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, hartutako dirua itzuli beharko dute diru-laguntzen onuradunek.
2. Diru-laguntza emateko aintzat hartutako inguruabar, betebehar eta baldintzak hamaseigarren oinarrian aipatzen den baimen administratiboa izan gabe aldatuz gero, ez-betetzetzat hartuko da.
3. Hamahirugarren oinarrian aipatzen den azken justifikazio-txostena epe barrenean aurkezten ez bada, ez-betetzea izanen da.
4. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honen arabera:
–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.
–Aurretik baimen administratiboa eduki gabe eginiko aldaketen zenbatekoa eta munta.
–Frogatutako arrazoirik gabe egindako aldaketa ez-funtsezkoen kopurua eta munta.
–Txostenak epetik kanpo aurkezten direnean, zenbat egun iragan diren.
5. Aurreko atalean ezarritakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.
Hemeretzigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.
1. Deialdiaren eta haren oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.
2. Ebazpenaren aurka (berariazkoa edo ustezkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Gizarte Politiketako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.
Hogeigarrena.–Aplikatu beharreko arauak.
Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen (apirilaren 6ko 4/2010 Foru Legeak aldatua) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak dira aplikatzekoak.
Iruñean, 2014ko martxoaren 24an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.
Iragarkiaren kodea: F1404509
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
