77. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABAIGAR

Ordenantza, Bide publikoen eta finketako sarbideen erabilera arautzen dituena

Abaigarko Udalak, 2014ko otsailaren 4an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Abaigarko bide publikoen eta finketako sarbideen erabilera arautzen dituen ordenantza. Hori 2014ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 14an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Abaigarren, 2014ko apirilaren 1ean.–Alkatea, Alvaro Pérez de Aransolo Fernández.

ORDENANTZA

Abaigarko landabide publikoen sarea Abaigarko herritar guztien ondarea da eta berebiziko garrantzia du udal mugapeko mendi eta landak zaintzeko eta haietara iristeko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Landabideak gero eta gehiago erabiltzen direnez, haien erabilera arautu beharra dago, hiru xede lortzearren:

–Abaigarko natur ondarearen balioak begiratzea.

–Erabiltzaile guztien erabilera orekatua bultzatzea.

–Erabiltzeko maneran mantentzea.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Abaigarko mugapean, bide publikoetarako, mendi pistetarako eta finketako sarbideetarako arauak ezartzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Abaigarko udal mugapeko bide publiko guztiei aplikatuko zaie ordenantza hau.

3. artikulua. Definizioak eta bide motak.

Bide publikoa da jabari eta erabilera publikoa duena, jendeak, ibilgailuak eta animaliak ibiltzeko egin direnak, baita zerbitzu egiteko edo eginkizunen bat betetzeko haien atal diren espazio eta elementuak.

Ordenantza honi dagokionez, honela sailkatzen dira bide publikoak:

a) Lurzatien berrantolamenduko bideak: lurzatiak berrantolatzeko prozesuen ondorioz sortzen direnak; dagokien planimetrian agertzen dira.

b) Gainerako bideak: mugapeko beste bideak, katastroko planimetrian agertzen baitira, baita bi metro zabal baino gutxiago direnak ere, erabilera eta eginkizun desberdinetako bidezidor zaharrak, lasterbideak eta turismorako bidezidorrak barne.

c) Mendi bide nagusiak: arboladietara edo larreetara iristeko sarbideak, normalean hermendiaren gainean mugarrien lerrotik kanpora egoten direnak, eta erabiltzen direnak mendialde handietara ailegatzeko nahiz inguruko herriekin komunikatzeko. Erabilera asko izaten dituzte: basogintza, abeltzaintza, turismoa, ehiza etab.

d) Bigarren mailako mendi pistak: mendian izaten dira eta sare nagusiaren osagarri dira, eta mendi, oihan berri, belai eta bertze zenbait tokitara ailegatzeko aukera ematen dute.

c) Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute, gehienetan zura ateratzea edo norbanakoen lurzatietan sartzea. Anitzetan noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta denbora luzez ez dira ibilgailuak sartzekoak.

4. artikulua. Erabilera komun orokorra.

Orokorrean, bideak erabil daitezke udalerrian dauden nekazaritza, abeltzaintza, oihangintza, industria edo aisiako jarduera guztietarako; betiere, ordenantza honetan ezarritako mugekin.

Erabilera arrunt eta orokor hori muga daiteke 3,5 Tm baino gehiagoko pisua duten ibilgailuendako, zoruaren egoerari, ur ibilguen gaineko pasabide goratuei eta drainatzeko diren azpiegiturei begiraturik, eta kasu bakoitzerako gehieneko tona kopurua ezarriz.

Halaber, halako urtaro batzuetan erabilera mugatu ahalko da, hezetasuna eta zoruen egoera direla-eta, zoruan kalte egiteko arriskua dagoenean.

5. artikulua. Bigarren mailako pistetan, egurra ateratzeko bideetan eta bide-adarretan ibiltzeko debekua.

Espresuki debeku da ibilgailu motordunak ibiltzea baimenik gabe, bai erabilera partikularrekoetan bai nekazaritzako, abeltzaintzako, oihangintzako edo bestelako jarduera baimenduekin ikusteko dutenetan.

Salbuespenez, baimenak eman ahalko dira bide hauek erabil daitezen mendiak ustiatu eta zaintzeko eta barnean diren nekazaritzako ustiategietarako.

Hura emateko eskumena alkate udalburuarena da, interesdunak aitzinetik eskaera eginda, ibilgailuak erabilitzeko premia arrazoiturik.

Baimenak puntualak izan ahalko dira edo bestela epe eta tarte jakin batzuetan ibiltzeko.

6. artikulua. Pisu mugak. 12 tona baino gehiagoko edukiera duten ibilgailuendako baimena.

Abaigarko barruti honetako bideetan barna ibiltzeko pisu muga gehienekoa 12 Tm da.

Aurreko lerroaldean adierazitako karga muga gainditzen duten ibilgailuek Abaigarko Udalaren baimena beharko dute.

Ibilgailu astun horiei lizentzia emateko, fidantza baten gordailua egin beharko da betiere; zainketak zer arrisku duen, horrenbestekoa izanen da haren zenbatekoa. Fidantzaren gordailua egiteko hamabost eguneko epea egonen da onartzen denetik; hala egiten ez bada, bertan behera geldituko da.

Fidantza eratzeak ez du lizentziaren titularra libre utziko bere gain hartzetik bideetan eragin ditzakeen kalteak, konponketaren kostua haren zenbatekoa baino gehiago bada.

Alkate udalburuak emanen du baimen hori.

7. artikulua. Zur aprobetxamenduen ustiapena eta garraioa.

Zur aprobetxamendu publikoen kasuan, erabili beharreko ibilgailu bakoitzari emanen zaio, aitzineko artikuluetan adierazitako baldintzetan, haien tona kopuruaren arabera eta ustiapena egiteko behar den denboran.

Mendi pribatuetako zur aprobetxamenduak izanez gero, baimena emanen da aprobetxamendu publikoetarako esan denari jarraikiz eta, gainera, jabea beharturik egonen da sari bat ordaintzera ateratzen den zur tona bakoitzeko, pistetako mantentze lanetarako. Sari horren ordainketak ez ditu berdinduko zura ateratzeagatik sor litezkeen gehiegizko kalteak.

8. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Ordenantza honen debekuetatik salbuesten dira erakunde eta ente publikoen ibilgailuen ibilia beren egitekoan ari direnean, hala nola polizia, suhiltzaile, mendizain eta abarrena.

Inguruabar berezietan, eskaera arrazoitua aitzinetik eginda eta kasu zehatzetarako, aitzineko lerroaldean aipatu ez bezalako egoerak ere hartu ahalko dira kontuan.

9. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Oro har, bide guztietan barna ibiltzeko, gehieneko abiadura 20 kilometro/ordua da, hiru ardatzeko edo gehiagoko ibilgailuendako, eta 30 kilometro/ordua, gainerako ibilgailuendako.

Nolanahi ere, abiadura behar adina mantsotu beharko da tarte maldatsu eta arriskutsuetan, ibilgailu bereziak, ibilgailu motelak eta animalia taldeak hurbiltzen direnean, eta aske dabilen aziendaren eta oinezkoen ondoan, istripurik eta trabarik izan ez dadin, are gehiago idorraldietan, hautsa metatzen baita, bideetako goiko geruza desagertu ez dadin. Bide horietan ezartzen diren trafiko seinaleak errespetatuko dira beti.

Abaigarko mendiko pistetan, bi metro baino gutxiagoko bideetan eta egurra ateratzeko guztietan, abiadura handiena 15 kilometro/ordua izanen da.

10. artikulua. Debekuak.

a) Baimendua baino pisu handiagoa duela ibiltzea edo dagokion baimenik gabe, hala behar den eremuetan.

b) Arekak eta bideak hondatzea.

c) Nekazaritza lanetan aritzean, bideak itzulia egiteko erabiltzea.

d) Ezpondak hondatzea, lubetaren lurra erauzita.

e) Arbolak landatzea edo finken itxiturak egitea, bidearen kanpoko ertzetik hiru metroko zortasun eremua gorde gabe, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluan xedatuarekin bat.

f) Lasto metak eratzea areketatik, finken sarreretatik eta bideen mugetatik 8 metro baino gutxiagora. Haiek egiteko, Udalaren baimena beharko da. Lasto fardoak bide hurbilenetik perpendikularrean paratuko dira, nahitaez.

g) Bide, areka eta erretenetan harriak edo nekazaritzako hondarrak utzirik, azpiegiturak berezko dituen eginkizunak trabatzea.

h) Nekazaritzako lanak hurbil egitean edo finkan sartzean bideetako areka eta hustubideetara lurra botata, azpiegiturak berezko dituen eginkizunak trabatzea.

i) Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak beste bide edo lurzatietako sarbideetara ateratzea; zuzenean erretenetara eramatea baizik ez da baimentzen.

j) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

k) Nekazaritzako hondakinak bide, areka edo hustubideetan erretzea.

l) Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

m) Udal mugapeko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo hein batean trabatzea.

ñ) Lehiaketak eta lasterketak, bai eta pasealarientzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat arriskugarri gerta daitezkeen gidatzeko manera muturreko guztiak. Salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak egiteko.

o) Sarbideak egitea finketara, Udalaren baimenik gabe.

11. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Hauek dira finken erabiltzaile eta/edo jabeen betebeharrak:

a) Finken sarbideetan, areka gaineko pasabideak paratu, aldatu eta zabaltzeko baimena eskatzea. Eragiketa horiek partikularraren kontura eginen dira; hormigoizko hodiak jarriko dira, 40 cm-ko diametrokoak, gutxienez; ahoak hormigoiz hartu beharko dira. Lurzatietako sarbideak zenbateko zama jasoko duten kontuan izanda eginen dira, eta 6 metro zabal izanen dira, gutxienez. Jabeak, sarbidea egindakoan, Udalari jakinaraziko dio, ikuskatu eta oniritzia eman diezaion.

Udalaren baimenik gabe eta arau honen aurka areka gaineko pasabidea eginez gero, ohartaraziko da 15 eguneko epean legeztatu dadin. Ez bada epe horretan legeztatzen, Udalak desegiteko aginduko du eta gastuak partikularrari egotziko zaizkio.

b) Finketan sartzeko areka gaineko pasabideak erabiltzeko maneran edukitzea.

12. artikulua. Organo eskuduna.

Alkatetza-Udalburutzak izanen du eskumena ordenantza honetako aginduen aurkako arau-hausteak zehatzeko.

13. artikulua. Salaketak.

Polizia agenteen salaketek, bide zirkulazioaren zaintza eta kontrol lanetan ari direnean, frogaren balioa dute, izan litezkeen froga guztiak ekarri beharko badituzte ere salaketaren egitateen gainean. Horrek ez du deusetan ukatuko salatuek ere beren defentsan frogak ekarri edo izendatu ahal izatea.

14. artikulua. Preskripzioa.

Arau-hausteen preskripzio epea hiru hilabete da arau-hauste arinetarako eta sei hilabete arau-hauste larrietarako.

Preskripzio epea egitateak gertatzen diren egunetik hasten da kontatzen. Preskripzioa etenen da administrazioaren edozein jarduketagatik, salatuak horren berri badu edo salatua nor den edo non bizi den jakitea helburua badu eta, zein dependentziatan sortzen den, hortik kanpoko proiekzioarekin egiten bada. Preskripzioak jarraipena izanen du prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egotzi ahal ez zaizkion arrazoiengatik.

Zehapenen preskripzio epea urtebete izanen da, dagokion zehapena ezartzeko ebazpena irmo bilakatu eta biharamunetik hasita.

Interesduna jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak preskripzioa etenen du eta berriz ere epea iraganen da, prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egotzi ahal ez zaizkion arrazoiengatik.

15. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteak izanen dira, indarrean diren xedapenetan ezarritakoez gain, ordenantza honetan xedatutakoa urratzea, Udalak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoa ez betetzea, eta ordenantza honetan ezarritako baimenak ez eskatzea.

Arau-hauste arinak izanen dira: Ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako ekintza edo omisioak, baita Udalak edo alkateak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoaren kontrakoak ere, eta ordenantza honetan aurreikusitako baimenak ez eskatzea.

Arau-hauste larria izanen da:

–Ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako ekintza edo omisioa, gainera, udal ondasunei 300 euro baino gehiagoko kaltea egiten diena.

–Bide baten ezaugarriak bestelakotzea, planimetria berariazkoan islaturik gelditzen den bezala.

–Berrerortzea (2 arau-hauste arinengatik zehatua izatea).

16. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honen arau-hausteak egindako arau-haustearen larritasunaren arabera zehatuko dira, honela:

Arau-hauste arinek 200 euroko zehapena ekarriko dute.

Arau-hauste larriek 300,00 euroko zehapena ekarriko dute.

Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarriari jarraituz.

Isunen dirua eta kalte-ordainak biltzeko, premiamendu bideari ekinen zaio, borondatez ordaintzen ez bada.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, indarrean diren legezko xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan ezarritako epea bukatu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L1404871