77. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluak martxoaren 25ean hartua, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an hartutako Erabakia aldatzen duena. Erabaki horren bidez erakunde horrek zuzenean edo zeharka ematen dituen zerbitzuen prezio publikoen araubidea eta zenbatekoak ezarri ziren.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 7.e) artikuluaren arabera, gizarte zerbitzuen hartzaileek “zerbitzuaren kostua finantzatzen lagundu behar dute, horretarako ahalmen ekonomikoa dutenean eta arauetan hala ezartzen denean”.

Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak gizarte zerbitzuen hartzaileek prestazio bakoitzean izanen duten partaidetzaren araubidea ezartzen du.

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen uztailaren 25eko 74/2012 Foru Dekretuaren 6.d) artikuluak agentzia horren Gobernu Kontseiluari esleitzen dio, besteak beste, sistema publikoko zentroak eta zerbitzuak erabiltzeko prezio publikoen araubidea onestea.

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an hartutako Erabakiaren bidez, erakunde horrek zuzenean edo zeharka ematen dituen zerbitzuen prezio publikoen araubidea eta zenbatekoak ezarri ziren.

Mendekotasunerako Zerbitzuen Zuzendariordetzak egindako txostenean adierazi du beharrezkoa dela onetsitako erabaki hartan aldaketa batzuk egitea, honako hauek, labur esanda: 4. artikuluan aurreikusitako esku-hartze arloetan, bermatutako prestazioak jasotzeko eskubiderik ez dutenen kasuan, egoitzako arreta jasotzeko aldi baterako egonaldiei aplikatu beharreko tarifa aldatzea; desgaitasunaren arloko idatz-zatiari atal bat gehitzea, eta zentro berekien eta itunduen erabiltzaileen garraioari buruzkoari beste atal bat; 5.2.e) artikuluaren (l) atalean zehaztapen bat eranstea; 180.000 euroko edo hortik gorako higiezinen kapitala duten erabiltzaileen diru-ekarpena kalkulatzeko 10. artikuluan adierazten den formula aldatzea, interesdunek dokumentazio ekonomikorik aurkezten ez duten kasuetarako atal berri bat gehituz; eta, azkenik, aurreko sistemako plazak (mendekotasunaren sistema) baliokidetzeko xedapen iragankor bakarrean jasotako tarifa aldatzea.

Horrenbestez, eta Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren estatutuek emandako eskudantziak erabiliz, Gobernu Kontseiluak,

ERABAKI DU:

1. 4. artikuluaren 1.1. a), 2.1.a), 2.2.a), 3 a) atalak aldatzea (atal horiek guztiak, esku-hartze arloetan, bermatutako prestazioak jasotzeko eskubiderik ez dutenek egoitzako arreta jasotzeko aldi baterako egonaldiei buruzkoak dira), 4. artikuluaren 2. atalari (desgaitasuna duten pertsonen arloa) 3. azpiatala gehitzea, eta 4.b) atalari (zentro berekien eta itunduen erabiltzaileen garraioari buruzkoa) beste atal bat gehitzea. Hona hemen:

4. artikulua. 1.1.a), 2.1.a), 2.2.a) eta 3.a). “Sendatu bitarte egoitzan aldi baterako sartzen diren pertsonen kasuan, beren mendekotasun maila dela-eta bermatutako prestazioak jasotzeko eskubiderik ez dutenean, eta prozesu akutua izateagatik haien mendekotasun maila baloratzerik ez dagoenean, mendekotasun moderatuari dagokion tarifa aplikatuko da.”

4.2.2.3. artikuluak.

“Udako oporraldian, zentroak uzten badio zerbitzua emateari hilabetez, zerbitzuaren erabiltzaileak ez du denbora tarte horretako tarifa ordaindu beharrik izanen, kontratuaren kasuan kasuko klausula agirietan ezarritakoarekin bat.”

4.4.b) artikulua. Erabiltzaileak zentro berekietara edo itunduetara eramatea.

–Zentroak programatu ez dituen ekitaldiak, edo presakoa ez den arretarako edo beste erabilera batzuetarako: 3,68 euro erabiltzaileko (joan-etorria).

–20 kilometrotik gorako distantziak: egindako kilometro kopurua (joan-etorria) bider 0,20 euro.

–Zentro berekiek programatutako jardueretara eramatea, Gurutze Gorriaren garraioa erabiliz: egindako kilometro kopurua (joan-etorria) bider 0,88 euro.

2. 5.2. e) artikuluaren (l) atala aldatzea, pertsona bakarreko familia unitateen berezitasuna sartuz, honela:

“Ezarritako tarifa aplikaturik, erabiltzailearen esku uzten den diru kopurua ez da urtean 3.223,44 euro baino txikiagoa izanen. Pertsona bakarreko familia unitate bat denean, erabiltzaileak bere esku izanen duen diru kopurua Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa adinakoa izanen da.”

3. 10. artikulua aldatzea, 180.000 euroko edo hortik gorako higigarrien kapitala duten erabiltzaileen banakako ekarpenari dagokionez. Hortaz, hauxe xedatzen da:

“180.000 euroko edo hortik gorako higigarrien kapitala duten erabiltzaileen banakako ekarpena honela kalkulatuko da: zerbitzuaren kostua ken erabiltzailearen desgaitasun mailarako ezarritako babes maila txikiena finantzatzeko Estatuak egiten duen ekarpena, betiere bi kontzeptu horien aldea ez bada haren desgaitasun mailarako ezarritako prezio publikoa baino baxuagoa. Irizpide hori aplikatuko da hala plaza publikoetako erabiltzaileen ekarpena kalkulatzeko nola plaza itunduetakoena, are zerbitzuari lotutako prestazioaren onuradunentzat ere, horrelako prestazioak arautzen dituen Gizarte Politiketako kontseilariaren urtarrilaren 31ko 78/2014 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat.

Erabiltzaileak edo haren legezko ordezkariak bere gaitasun ekonomikoa baloratzeko behar den dokumentazio ekonomikoa aurkezten ez badu, eta Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren errekerimenduari erantzuten ez badio, erabiltzailearen ekarpena aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz kalkulatuko da.”

4. Xedapen iragankor bakarra aldatzea, egoitzan sartzeko sistema zaharraren arabera laguntza behar dutenen plazei aplikatu beharreko tarifei dagokienez, honela:

“Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zuen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak indarra hartu aurretik egoitza batean sartutako erabiltzaileentzat, prestazio bermatu baterako eskubidea frogatzen ez badute, egoitzan sartzeko erabilitako irizpidearen araberako tarifak mantenduko dira (baliatzen ahal den erabiltzailea/laguntza behar duen erabiltzailea), eta mendekotasunik gabeari/mendekotasun moderatua duenari dagozkion tarifekin berdinduko dira, non eta erabiltzailearen mendekotasun maila ez den aplikatzen zaion tarifari dagokiona baino handiagoa.

5. Erabaki honen bidez onetsitako tarifak, salbuespenak eta onurak, erabiltzaileen onerako direnez, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira, erabaki honen 3. puntuan jasotako aldaketa izan ezik, horrek 2014ko apirilaren 1etik aurrerako ondorioak izanen baititu.

6. Erabaki hau Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari eta Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2014ko martxoaren 25ean.–Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluko burua, Mariano Oto Vinués.

Iragarkiaren kodea: F1404730