77. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

122/2014 EBAZPENA, martxoaren 24koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, jendaurreko irakurketa adierazkorraren I. lehiaketarako deialdia onesten duena Nafarroako ikastetxeetako ikasleentzat, 2013-2014 ikasturterako.

Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuak aurkeztutako txosten batean jendaurreko irakurketa adierazkorraren lehiaketarako deialdi bat onestea proposatzen da Nafarroako ikastetxeetako ikasleentzat.

Deialdiaren xedea da ikastetxeetan boz gorako irakurketa adierazkorra sustatzea eta eskola-ume irakurleak animatzea irakurtzen dituzten liburuetako pasarte maiteenak konpartitzera.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Jendaurreko irakurketa adierazkorraren I. lehiaketarako deialdia onestea Nafarroako ikastetxeetako ikasleentzat, I. eranskineko oinarriekin bat.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau igortzea Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Gaztelaniaren eta Lurralde Lankidetzaren Atalera, Hezkuntzako Parte-hartzearen, Irakasleentzako Arretaren eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zerbitzura eta Hezkuntzako Parte-hartzearen, Irakasleentzako Arretaren eta Bizikidetzaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Deialdi honen eta beronen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2014ko martxoaren 24an.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.

I. ERANSKINA

Jendaurreko irakurketa adierazkorraren I. lehiaketa. 2013-2014 ikasturtea

Boz gorako irakurketa ahozko komunikazioaren aldaeratzat hartzen ahal da. Jendaurreko boz gorako irakurraldia jarduera soziala da. Izan ere, irakurleak zentzu bat ematen dio idatzizko testu bati entzuleek testuak kontatzen eta proposatzen duen oro dasta dezaten.

Jendaurreko ekitaldi horretan, entzulearen eta testuaren arteko bitartekaria da irakurlea; kalitatez aritzeko, irakurleak ongi ulertu behar du testua eta ongi interpretatu jendaurrean, eta entzuleek, berriz, entzuteko jarrera ona izan.

Bereziki ikastetxeetan irakurketa adierazkorra sustatzeko eta eskola-umeak pasarte maiteenak konpartitzera animatzeko, eta konbentziturik komunikazio ekintza soil horrek onura handiak ekar diezazkiekeela irakurle eta entzuleei, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak deia egiten du jendaurreko irakurketa adierazkorraren I. lehiaketarako, oinarri hauekin bat.

Oinarriak

Lehenbizikoa.

Gaztelaniazko testuen jendaurreko irakurketa adierazkorraren I. lehiaketan parte hartzen ahal dute 2013-2014 ikasturtean Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo bi etapak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztiek.

Bigarrena.

Bi kategoria ezartzen dira:

–A) kategoria: Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleak.

–B) kategoria: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren kurtsoko ikasleak.

Hirugarrena.

Lehiaketak bi fase izanen ditu:

–Lehena: ikastetxeko fasea.

–Bigarrena: autonomia erkidegoko fasea.

Ikastetxeko fasean lehiaketa horretan parte hartu nahi duten ikastetxeek ikasle bana hautatu beharko dute, autonomia erkidegoko fasean ordezkari izateko.

Horretarako, ikastetxeek proba egokiak eginen dituzte eta jendaurreko irakurketa adierazkorraren teknika hobekien menperatzen duela erakusten duen ikaslea hautatuko dute, haientzat egokien diren irizpideak erabiliz.

Lehiaketan parte hartzen duten ikastetxeetako bakoitzean epaimahai bat eratuko da. Hiru irakaslek osatuko dute, gutxienez, eta probak koordinatu, gainbegiratu eta ebatziko ditu.

Lehiaketan parte hartzen duten ikastetxeek 2014ko apirilaren 30a baino lehen bukatu beharko dute hautapena, bai eta ikasle hautatua eta hura prestatzen duen irakaslea inskribatu ere, II. eranskinaren araberako inskripzio-eskabidea Hezkuntza Departamentuko erregistrora bidaliz, edo Nafarroako Gobernuaren erregistroko beste edozein bulegotan, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Inskribatu diren ikastetxe guztiek autonomia erkidegoko fasean parte hartuko dute. Fase horretan, epaimahaiak inskribatuak deituko ditu jendaurreko irakurketaren kanporaketa-saio batera edo, kategoria bakoitzean inskribatutako ikastetxe kopuruaren arabera, hainbat saiotara, gehienez ere 10 ikasle hautatzeko kategoria bakoitzean, finalean arituko direnak.

2014ko maiatzaren 30ean, irakastorduetan eta zehaztuko den toki batean, finala izanen da eta epaimahaiak bere erabakia plazaratuko du.

Laugarrena.

Bai kanporaketa-probetan nola finalean, parte-hartzaileek bi testu irakurriko dituzte: bat norberak hautatua eta bestea epaimahaiak. Azken hau irakurraldia hasi baino 30 minutu lehenago emanen zaie. Testuak edozein literatura-generotakoa izan daitezke eta, gehienez ere, 5 minutuz irakurtzeko modukoak.

Bosgarrena.

Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak, behar den unean, hautespen epaimahaiko kideak izendatu eta mahaiburu eta idazkari lanetan arituko direnak zehaztuko ditu. Idazkariak probaren eduki eta emaitzen akta eginen du.

Seigarrena.

Autonomia erkidegoko fasean parte hartzen duten ikasleek eta haiek prestatzen dituzten irakasleek ziurtagiri bat jasoko dute lehiaketan parte hartu dutela egiaztatzeko.

Zazpigarrena.

Hiru sari ezartzen dira kategoria bakoitzean: tablet pc bana lehen hiru sailkatuentzat, bai eta haiek prestatzen dituzten irakasleentzat ere.

Zortzigarrena.

Lehiaketa honetan parte hartuz gero, oinarri hauek oso-osorik onartuko dira. Epaimahaiak ebatziko du oinarrietan aurreikusten ez dena, eta parte hartzaileek onartuko dituzte haren erabakiak.

II. ERANSKINA

Jendaurreko irakurketa adierazkorraren I. lehiaketaren autonomia erkidegoko fasean inskribatzeko fitxa

1.–IKASLE ESKATZAILEAREN DATUAK

Deiturak:

Izena:

NANa:

Jaioteguna:

Telefonoa:

Helbidea:

Herria:

P.K.:

2013-2014 ikasturtean zer ikastetxetan matrikulatua:

2.–IKASTETXEAREN ETA IRAKASLE ARDURADUNAREN DATUAK

Ikastetxearen izena:

Herria:

P.K.:

Telefonoa:

Ikastetxearen helbidea:

Irakasle arduradunaren izen-deiturak:

Datu horiek dauzkan ikasleak jendaurreko irakurketa adierazkorraren I. lehiaketaren autonomia erkidegoko faseko probetan (2013-2014 ikasturtekoak) parte hartu nahi du.

....................... (e)n, 2014ko ...................aren ........(e)an.

(Sinadura)

............................................ jaunak/andrea, .....................................(e)ko ........................................ ikastetxeko idazkaria.

ZIURTATZEN DU:

............................. ikaslea.

hautatu duela ikastetxe honek, jendaurreko irakurketa adierazkorraren I. lehiaketaren autonomia erkidegoko faseko probetan (2013. urtekoak) parte hartzeko.

............................. irakasleak.

aipatu ikaslea prestatu duela lehiaketan aritzeko.

....................... (e)n, 2014ko ...................aren ........(e)an

(Sinadura eta zigilua)

Iragarkiaren kodea: F1404518