1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
111/2014 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana. Horren bidez Oinarrizko Hezkuntzan eta Erdi eta Goi Mailako Heziketa Zikloetan hezkuntza itunak aldatzeko arauak ematen dira, 2014-2015 ikasturterako.
Ekainaren 29ko 356/2011 Ebazpenaren bidez (157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 9koa), hezkuntza itunak onetsi ziren, lau urterako, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Hezkuntza Berezian eta Lanbide Heziketan, otsailaren 22ko 54/2011 Ebazpenak emandako arauei jarraikiz (53. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 17koa); hurrengo ikasturterako, maila horien hezkuntza ituna aldatu zen uztailaren 17ko 251/2012 Ebazpenaren bidez (181. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 13koa), eta gero irailaren 25eko 374/2012 Ebazpenak hura aldatu zuen (215. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 2koa); 2013-2014 ikasturterako uztailaren 3ko 591/2013 Ebazpenaren bidez aldatu ziren (146. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 31koa).
Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 46. artikuluak aipatzen du zilegi izanen dela Hezkuntza Departamentuarekin hezkuntza ituna sinatu duten ikastetxeetan unitate kopurua aldatzea, hezkuntzarako eskubideari bermabide egokia eman ahal izateko.
Hori guztia gogoan, bada, oraingo itunak aldatzeko irizpideak finkatu eta prozedurak zehaztu behar dira.
Horregatik guztiagatik eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluaren bidez emandako ahalmenez baliatuz,
EBATZI DUT:
1.–Oinarrizko Hezkuntzan eta Erdi eta Goi Mailako Heziketa Zikloetan hezkuntza itunak aldatzeko arauak onestea 2014-2015 ikasturterako, honako oinarri hauei jarraikiz:
1. Hezkuntzarako Eskubideari buruzko Lege Organikoarekin, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoarekin eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduarekin bat, ikastetxe pribatuek eskaera aurkezten ahalko dute Hezkuntza Departamentuan, sinatutako hezkuntza itunak aldatzeko, edo Oinarrizko Hezkuntzako eta Lanbide Hezkuntzako itun berriak sinatzeko, 2014ko maiatzaren 15a baino lehen.
Eskaerak Ikastetxeen Erregistroan ikastetxe bakoitzeko titular gisa ageri direnek sinatuko dituzte. Titularra pertsona juridiko bat baldin bada, haren ordezkaritza duenak sinatu beharko du eskaera. Ordezkaritza agirien bidez frogatu beharko da.
Hezkuntza itunak aldatzea eta berriak sinatzea.
2. Hezkuntza Itunei buruzko Erregelamenduaren 46. artikuluak xedatzen duenaren arabera, zilegi izanen da, ikastetxeko titularrak eskatuta edo Hezkuntza Administrazioak berak ofizioz eskatuta, hezkuntza ituna aldatzea, itundutako unitate kopurua handitu edo gutxitzeko.
3. Ikastetxeak berak eskatu badu itundutako unitate kopurua aldatzea, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari zuzenduko zaio eskaera, ebazpen honen lehenbiziko atalean esan den epean, eta gutxienez honako datu hauek izanen ditu:
a) 2014-2015 ikasturterako osotara eskatzen diren unitate kopurua.
b) Eskatu den aldaketa justifikatzen duten arrazoiak eta, hala bada, eskatzen diren unitateak hezkuntza mailako kurtsoen artean banatzeko proposamena.
c) Titularraren aitorpena, frogatzeko ituna onestea ekarri zuten baldintzak jarraitzen dituela betetzen ikastetxeak, eta ituna ukitzen ahal dituen aldaketak agertzeko.
4. Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak ofizioz hasiko ditu unitate itunduen kopurua aldatzeko prozedurak, ebazpen honen lehenbiziko atalean ezarritako epeak bukatu ondoren, eskatu ez badute ere, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren bosgarren tituluan ezarritako inguruabarrak izaten diren ikastetxeetan. Eraginpeko ikastetxeen titularrei prozedura hasi dela jakinaraziko zaie, hurrengo ikasturtean egin gogo diren aldaketen berri izan eta bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten, 10 egun naturaleko epean.
5. Itundutako unitate kopurua aldatzeko kontuan hartuko diren irizpideak Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 46. artikuluan ageri direnak izanen dira. Otsailaren 18ko 47/2011 Ebazpenean (57. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 23koa) finkaturiko ratioa bete beharko da. Ebazpen horretan itunduriko unitateko ikasleen gutxieneko bataz besteko erlazioa zehazten da, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduko 16. artikuluan xedatu bezala.
6. Oro har, gela bakoitzeko gehieneko ikasle kopuruari dagokionez, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren artikulu hauetan ageri den kopurua errespetatuko da: 11. artikuluak Lehen Hezkuntzarako ezartzen duena eta 16. artikuluak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako ezartzen duena. Halaber, aintzat hartuko dira Hezkuntzaren esparruan gastu publikoa arrazionalizatzeko presako neurriei buruzko apirilaren 20ko 14/2012 Errege Lege Dekretuaren 2. artikulua eta Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 46.6 artikulua.
Unitate iragankorren hezkuntza itunak.
7. Ikastetxe batek unitate itunduren bat salbuespenezko eta aldi bateko baimenarekin baldin badu, zilegi izanen du sinaturik daukan ituna mantentzeko eskatzea.
8. Ituna mantentzeko eskaerak, zazpigarren atalak aipatzen dituenak, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, ebazpen honen lehenbiziko atalean aipatzen diren epeetan.
Itunak aldatzeko eta berriak sinatzeko prozedura.
9.1. Itunak aldatzeko edo berriak sinatzeko eskaerak jaso ondoren, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak ebaluatu eginen ditu eskaerak, ebazpen honetan eta aplikatzekoa den legerian finkatu diren irizpideen arabera.
9.2. Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak zilegi izanen du eskatzaileak aurkeztu dituen eskaera eta alegazioen gaineko txostenak eta balorazioak eskatzea, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiari.
9.3. Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak, hala behar denean, erakutsi eginen die espedientea eskatzaileei eta epe bat finkatuko du, beren eskubideen alde bidezkoa iruditzen zaiena alega dezaten.
9.4. Eskaeren gaineko ebaluazioa ikusirik eta eskatzaileak aurkeztu dituen alegazioak aztertu eta baloratu ondoren, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak proposamen bat eginen du itunak aldatzeko eskaeren gainean.
9.5. Horrekin batera, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak, ikastetxeetako titularrek aurkeztutako alegazioak kontuan harturik, eta, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiak txostenak eta balorazioak egiten badituzte, haiek ere kontuan harturik, proposamen bat eginen du Hezkuntza Administrazioak ofizioz abiatu dituen hezkuntza itunen aldaketen gainean, eta, kasua bada, interesdunei espedientea erakusteko eta beren eskubidea babesteko bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak aurkezteko epea finkatuko du.
10. Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak egiten duen proposamena Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari igorriko zaio, ikastetxe itunduen finantzaketarako aurrekontuan dauden baliabideak kontuan harturik.
11. Ebazpen honen babesean egiten diren hezkuntza itunen aldaketak eta itun berriak eginbide baten bitartez formalizatuko dira, eta eginbide hori hezkuntza ituna formalizatzeko agiriari erantsiko zaio. Eginbide hori, batetik, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak eginen du, Hezkuntza Administrazioaren izenean, eta, bestetik, ikastetxeko titularrak edo legezko ordezkariak; ordezkaritza agiri bidez frogatu beharko du.
12. Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren ebazpena, hezkuntza ituna aldatuko duena, interesdunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezezkoa baldin bada, arrazoiak eman beharko dira.
2.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
3.–Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
4.–Ebazpen hau igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari, Eskolatzearen Batzorde Nagusiko buruari eta Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko otsailaren 21ean.–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Iñigo Huarte Huarte.
Iragarkiaren kodea: F1405597